111. zk., 2023ko ekainaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (223 KB - 11 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2785
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Uraren Euskal Agentziak Ollerietan (Legutio, Araba) ur-emarien neurketa-estazioa eraikitzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2022ko azaroaren 29an, Uraren Euskal Agentziak Legutioko (Araba) udalerrian Ollerietako ur-emaria neurtzeko estazioaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urtarrilaren 16an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende dago, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan jasota datozen kasuen artean dagoelako, lege horretako II. E eranskineko 3. puntuan datorren proiektu bat denez gero: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».
Proiektuaren xedea da ur-emaria neurtzeko estazio bat eraikitzea Undabe ibaiaren beheko tartean, Ollerietako auzoan, Legutioko udal-mugartean, Natura 2000 Sareko Gorbeia kontserbazio bereziko eremua (ES2110009) zati batean ukitzen duen gune batean.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ollerietako (Legutio, Araba) ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:
A) Proiektuaren xedea da ur-emaria neurtzeko estazio bat eraikitzea Undabe ibaiaren beheko tartean, eremu horretan ez baitago datu hidrologikoak biltzeko beste azpiegiturarik. Estazioan parametro hidrologikoak, meteorologikoak eta uraren kalitatekoak neurtuko dira. Uholdeei eta uraldiei aurre egiteko alarma goiztiarreko sare bat ezartzeko esparruan garatzen da proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Prebentziorako Plan Integralean jasota dagoena.
B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Ollerietan ur-emarien neurketa-estazio bat eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Undabe ibaiaren beheko tartean ur-emaria neurtzeko estazio bat eraikitzeak lurzoruaren 1.996 m2-ko okupazio iraunkorra dakar, eta aldi baterako 1.125 m2-ko okupazioa. Proiektuak, guztira, 2.216,50 m3 induskatu beharko direla aurreikusten du, eta 1.866,47 m3-ko soberakin-bolumena izango dela. Lur-mugimenduak hiru eremutan egingo dira: bideratze-eremuan, etxolan eta sarbidean. Indusketatik ateratako lur-soberakinak obran bertan berrerabiliko dira, eta soberakinak baimendutako zabortegi batera bideratuko dira. Zehazki, proiektuak proposatzen du Gardelegikora (Vitoria-Gasteiz) eta/edo Saratxo auzokora (Amurrio) bidaltzea.
Ur-emaria neurtzeko estaziorako, diseinu-irizpide gisa 0,30 m edo gutxiagoko isuri-altuera ezartzen da, arrainak bertatik igaro ahal izan daitezen. Sistemak behar bezala funtziona dezan, ibaia bideratzen da estaziotik 10,21 metroko luzeran, ibaian gora, eta ubideratze horri jarraipena ematen zaio 10,79 metroko luzeran, ibaian behera. Hala, koltxoi indargetzaile bat eratzen da, arrain igaroa errazten duena. 500 urteko errepikatze-denborako uraldia proiektatutako ezponden barnean geratzen da jasota.
Undabe ibaiaren ibilguan egin beharreko lanetarako, lehorrean lan egiteko ur-hesiak eraikitzea aurreikusten da, betiere ur-fluxua mantenduz. Ibilguko lanak agorraldian egingo dira.
Edukiera-etxola Undaberen ezkerraldean eraikiko da, 3,5 x 3 m-ko oinplanoko barne-neurriekin. Bertan, estazioak funtzionatzeko behar diren ekipoak egongo dira. Etxolaren zabalguneak aparkaleku eta maniobragune bana izango ditu, eta perimetro-itxitura bat izango du. Elektrizitatea hornitzeko, eguzki-energia fotovoltaikoa instalatuko da edukiera-etxolaren estalkian.
Ur-emaria neurtzeko estaziora iristeko, 3,50 metroko zabalerako bide berri bat egingo da, N-240 foru-errepidetik. Horretarako, sarbideaz gain, abiadura aldatzeko errei bat diseinatu da, aipatutako errepidearekin lotzeko. Proiektuak N-240an kaltetutako tarteko drainatze-sarea egokitu du. Obra honetan kaltetuak izan diren zerbitzu bakarrak N-240 errepidearen azpiegiturarekin zerikusia dutenak dira.
Obrako instalazio osagarrietan honako hauek sartzen dira: bilketak, etxolak, edukiontziak eta garbigunea, dekantagailua, unitate elektrogenoa, gurpilak garbitzea, upelak garbitzea eta makineria-parkea.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektua Undabe ibaiaren beheko tartean kokatzen da, Ollerietako auzoan, Legutioko udal-mugartean, eta Natura 2000 Sareko Gorbeia kontserbazio bereziko eremuarekin (ES2110009) bat egiten du gune batean; izan ere, ur-emaria neurtzeko estazioa proiektatzen den Undabe ibaiaren ibilgua da naturagune babestu horrekiko muga. Proiektuaren eremuan dauden ibilguak Undabe ibaia eta errekasto txiki baten ibaiadarra dira, zeina eremutik 100 m behera dagoen. Undabe ibaia LAGeko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartuta dago.
Ebroko Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroari dagokionez, proiektua Urrunagako urtegiko ur-bilketaren eremuaren barruan dago, zeina mantenugaien ekarpena jasan dezakeen eremutzat hartzen baita.
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko habitaten kartografiak (GeoEuskadi) Batasunaren intereseko hiru habitat daudela adierazten du: Ulex Sp. (KOD. EB 4030) espeziea nagusi den txilardi atlantikoa, ur-bazterreko lizardi eurosiberiarra (KOD. EB 91E0*) eta sega-belardi atlantikoak, bazkarako erabiltzen ez direnak (KOD. EB 6510). Ingurumen-dokumentuaren arabera, GeoEuskadin kartografiatutako Batasunaren intereseko habitatetatik haltzadia baino ez da geratzen Undabe ibaiaren inguruan. Ibaiaren eskuinaldeko harri-lubeten eremua «baso-landaketak (alertzeak)» gisa dago jasota GeoEuskadin.
Proiektuaren esparruan ez dago kudeaketa-plana duten fauna-espezie mehatxatuentzako banaketa- eta/edo interes-eremurik, nahiz eta «Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean» jasotako eremu batetik hurbil dagoen. Bestalde, ur-emaria neurtzeko estazioak muga egiten du hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremuen Gorbeiako sektorearekin. Ingurumen-dokumentuaren arabera, zebra-muskuiluak (Dreissena polymorpha) daude Undabe ibaian.
Proiektuaren esparruan ez da identifikatu ingurumen-arrisku nabarmenik, ez eta katalogatutako ondare kulturaleko elementurik ere. 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren orbana proiektatutako ezponden barnean geratzen da jasota.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu adierazgarrienak obra-fasean gertatuko dira, honako arrazoi hauengatik: lur-mugimenduak; ibaiaren ibilguan egindako jarduketak; bide-sarea egokitzea edukiera-etxola berrira iristeko eta etxola bera eraikitzea. Horiek honako hauei eragingo diete: edafologiari, egun dauden lurzoruak bertatik kentzen direlako eta birkokatu beharreko soberakinak sortzen direlako; landarediari eta Batasunaren intereseko habitatei (natura-intereseko landaredi-unitateak honako hauek dira: haltzadi kantauriarra 526 m2-tan, zeinetatik proiektuak 210 m2 lehengoratzea aurreikusten duen, eta 350 m2 harizti azidofilo edo harizti misto atlantikoaren unitatean); hidromorfologiari; azaleko uren kalitateari eta arrainen faunari.
Undabe ibaiertzak estaltzen dituen haltzadia BIL 91E0* kodea duen «Haltzadia edo ur-bazterreko lizardi eurosiberiarra» habitatari dagokio. Kasu honetan, gainera, lehentasunezko intereseko habitata da, 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera. Proiektuak 313 m2-ko eragina izango du intereseko habitat horretan, okupazio iraunkorragatik, eta 213 m2-koa, aldi baterako okupazioagatik. Halaber, haltzadi hori kendu beharko da, ur-emaria neurtzeko estazioaren inguruan eta Undabe ibaiaren ezkerraldean lurra berregokitzeko.
Gainera, proiektuaren eremuak Natura 2000 Sareko Gorbeia KBEa ukitzen du (ES2110009). Ingurumen-dokumentuan, Natura 2000 Sarearen gainean izandako ondorioen ebaluazioa jasota dago, eta, horren arabera, proiektuak ez du eragin nabarmenik KBEaren funtsezko elementuetan eta kontserbazio-helburuetan.
Ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen du proiektuak, ingurumen-dokumentuan proposatzen diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartzen diren heinean, ez duela arriskuan jartzen Gorbeia KBEaren (ES2110009) balioetako bakar bat ere, eta, horrez gain, proiektuak lotura duela lekuaren kudeaketarekin.
Harri-lubetak eraikitzeko ur-hesiak egiteak eta ibilguaren ohantzearen hondeaketan urak ur-hesien edo behin-behineko hodien bidez desbideratzeak aldatu egingo du, aldi baterako, arrain-faunaren eta ornogabeen habitata. Ekintza horien ondorioz, faunaren habitataren kalitatea gutxitu egingo da obren fasean. Proiektuaren ondorioak minimizatzeko, obrak agorraldietan egingo dira.
Beste inpaktu batzuk ere gertatuko dira, hala nola ibilgura solido esekiekin kargatutako urak joatea edo obretan erabilitako makineriak ustekabeko isurketak egitea.
Obrek irauten duten bitartean, hau da lurrak mugitzean, makinak erabiltzean eta ibilgailuekin lan egitean, airearen kalitatea jaitsi egingo da, partikula esekiak eta partikula kutsatzaileak ugarituko baitira, eta zarata handitu egingo da.
Aurreikuspenen arabera, obren inpaktuak ez dira garrantzitsuak izango, izan ere, eragin-eremua txikia da, eta obrak egikaritzeko denbora laburra. Horrez gain, ur-masaren egoera ekologikoa ere ez da kaltetuko.
Ur-emaria neurtzeko estazio berrirako sarbidea eta haren zati bat proiektatzen diren lurzatian dozenaka gereziondo daude, lerrokadura erregularretan landatuta. Ur-emaria neurtzeko estazioa egitearen ondorioz, fruta-arbola horietako 6 galduko dira guztira: 5 zuhaitzeko lerrokadura bat N-240 errepideko sarbidean eta beste zuhaitz bat ur-emaria neurtzeko estazioko etxolaren inguruko zabalgunean. Gainera, ekialderago dagoen bigarren lerrokadura bat obrak aldi baterako okupatzen duen eremuan egongo da; dena den, ahal den neurrian, ez kentzeko ahalegina egingo da.
Ingurumen-dokumentuak baloratu du zer kalteberatasun duen proiektuak istripu larri edo hondamendien aurrean, eta, kontuan hartuta zer izaera duen jarduketak, zer neurri txikiak hartzen dituen eta zer arrisku gutxi eragiten dituen, proiektua oso kalteberatasun txikikotzat jotzen da. Ibaian behera dagoen giza populazioarentzat, berriz, proiektuak eragin positiboa izango duela aurreikusten da, estazio berria EAEko uholdeen alerta-sarean sartuko baita.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenak ondorioztatzen duenez, modu iraunkor eta puntualean eragingo zaie habitat eta espezieei, eta eragin horiek, Ebazpen honetan adierazten diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betez gero, onargarriak izango dira. Halaber, adierazten du jarduketek ez dutela eragin nabarmenik KBE osoan, ez kontserbatu beharreko funtsezko elementuetan, ez eta naturagunearen osotasunean ere, betiere ezarritako neurriak hartzen badira.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ollerietako (Legutio, Araba) neurketa-estazio berria eraikitzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obra ES2110009 Gorbeia KBEaren eremuan garatzen da, eta, ondorioz, Gorbeia (ES2110009) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuan ezarritako helburuak, jarraibideak eta araudiak bete beharko ditu.
– Lanen ingurumen-jarraipen egokia egiteko, gutxienez bi aste lehenago jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuari lanekin hasiko dela.
– Ibai-bazterreko zuhaitz-espezieei dagokienez, ahalik eta gutxien kenduko dira, ezinbestekoak bakarrik. Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren baimena eskuratu beharko da.
– Kasu bakoitzean, obrak egiteko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak in situ balizatu beharko dira aldez aurretik. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, azpiegiturek okupatzen ez duten obren eremu osoa lehengoratuko da, bai Parke Naturalaren barruan, bai haren babes-eremu periferikoan desjabetutako finketan, HIC 91E0*-ko berezko espezieekin. Zaharberritze-proiektua Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzura bidaliko da, ados egon dadin.
– Proiektuak ibaiertzeko landarediari egindako kaltea zuzentzeko («ibai-sistema» elementuaren parte dira haltzadi kantauriarrak, ur-emaria neurtzeko estazio berria kokatuko den Undabeko tartean daudenak bezala, Batasunaren intereseko habitat gisa (Kod. 91E0*), eta ibai-sistemari buruzko martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuan jasotako kontserbazio-helburuak ikusita [ibai-sistemaren dibertsitate ekologikoa eta funtzio bioklimatikoa bermatuko duen ibaiertzeko igarobide jarraitua lortzea]), haltzadia lehengoratzeko ingurumen-dokumentuan aurreikusitako azalera handitu behar da, eta, horrela, lehengoratutako azken azalerak, gutxienez, obrak egitean ezabatutako ur-bazterreko landarediaren azaleraren berdina izan beharko du. Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, ur-emaria neurtzeko estazioa dagoen lurzatian berriz landareztatu beharko da, BIL 91E0* eremuko ibaiertzeko basoaren 20 metroko zerrenda lehengoratzeko.
– Obrak hasi aurretik, adituek eraginpeko eremuan ibaiertzetako egoera aztertuko dute, jakiteko ea habiak edo gordelekuak dauden, eta, hala izanez gero, horren berri emango diote KBEa kudeatzen duen organoari, kasuaren arabera jarduteko jarraibideak eman ditzan.
– Ibilguko lanekin hasi aurretik, eta KBEaren organo kudeatzaileak hala zehazten badu, arrantza elektrikoak egingo dira eragindako zatian dagoen arrain-fauna kentzeko eta tarte seguru batera eramateko, eragin-eremutik ibaian gora.
– Obrak egiteko ezinbestekoa den azalera bakarrik erabiliko da lanerako. Lurzorua erabiltzea eragiten duten lanak eta instalazioak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek eta tresnek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Obren zuzendaritzak onartu beharko du non egongo diren zehazki eremu horiek, egokitzapen-lanak hasi baino lehen eta ingurumen-inpaktu gutxiena sortzeko irizpideak kontuan hartuz.
– Obren egikaritze-fasean egin daitezkeen bilketak zehaztutako lurzati landatarraren barruan kokatuko dira beti, eta beti eremu sentikorrak saihestuko dira, hala nola ibaiertzak, hezeguneak edo istilak, eremu higroturbosoak, zuhaixka-formako heskaiak, hormatxoak edo harriz-kumuluak, etab.
– Gaur egun dauden sarbideak erabiliko dira, eta debekatuta dago Parke Naturalaren/KBEaren eta Eremu Periferikoaren mugen barruan bide berriak irekitzea, aldez aurretik dagokion baimena eskatu gabe.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
– Sedimentuei eusteko hesiak jarri behar dira lur-mugimenduak aurreikusten diren eremuen inguruan, bai eta ur-hesia iragazgaizteko sistemak ere, materialak mugi daitezen ekiditeko. Ildo horretan, lurrean finkatutako lastozko balak jarriko dira Undabeko ibilguaren eta hondeaketa-eremuen artean, geotestilezko estalki batekin. Horrez gain, euste-hesi flotatzaile bat jarriko da, eta ibilguaren beheko aldean uhertasunaren aurkako errezel bat, ingurumen-agirian planteatutako neurriak betez. Nolanahi ere, aldi baterako ur-hesiak, hoditeriak eta deribazioak kontu handiz egingo dira, ibaian behera doan emariaren edo ur-lasterraren bat-bateko edozein eten edo aldaketa ekiditeko.
Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpo. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.
– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Makinen zirkulazioa ezinbesteko gutxienekora mugatuko da ibilguaren barruan. Behar diren prebentzio-neurriak hartuko dira ibilgu-ohea ez irabiatzeko eta uretako sedimentuak esekita ez geratzeko.
– Hormigoia jartzeko lanak lehorrean egin beharko dira, eta, beraz, ez da arriskurik egongo zementu-materialak ibaiaren ibilguan desegiteko edo horiek ibaira iristeko.
– Obrak egiten diren bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako, betiere ez badute oztoporik sortzen obrak egiteko, edo berariaz diseinatutako instalazioetan, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.
– Kontuan hartuta Undaberi zebra-muskuiluaren dispertsioak eragiten diola, URA-Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Zebra muskuilua (Dreissena Polymorpha) ez barreiatzeko desinfekzio eta garbiketa protokoloak aplikatu beharko dira.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Airearen kutsadura murrizteko neurriak.
– Aldian-aldian, N-240 errepidea garbituko da obra-eremuaren igarobidean, eta antzemandako hauts-emisioen arabera ureztatzeak programatuko dira. Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Ez da hondakinik erreko, ez eta bestelako materialik ere.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean, Ekonomia zirkularra bultzatzekoan, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
– Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Igarobidea babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da. Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar).
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilgura solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko. Indusketetan landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta komenigarria litzateke berehala birbanatzea edo, posible ez bada, pilatuta biltegiratzea. Pilaketa uholde-arriskuko gunetik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia lehengoratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan. Kaltetutako eremuak ahalik eta azkarren landareztatuko dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko. Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik. Landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, eta budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta antzeko espezieekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu.
– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
– Era berean, obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
– Langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko landaredi-eremuei (haltzadia eta baso mistoko hariztia) eragiten zaien kaltea kontrolatzea.
– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, bai eta ibaiari lotutako fauna-espezieen gainekoa ere.
– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla eta eragindako eragozpenak ekiditea.
– Lanak epearen barne egiteko ezarritako programazioa zehatz-mehatz beteko da, lanak ez daitezen luzatu.
Garbiketa eta obra-akabera.
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.
Ingurumen-jarraipena.
Ingurumenaren jarraipena egiteko, aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.
Gorabeheren erregistroa.
– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena jasoko da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.
Obraren okupazio-mugen kontrola.
– Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.
– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, lehengoratzearen mantentze-lanak (birjartzeak, etab.) obra amaitu eta hurrengo bost urteetan egingo dira, lehengoratze-prozesuaren arrakasta ziurtatzeko. Lehengoratutako landarediaren dinamikaren jarraipena egiteko, landare-espezie inbaditzaileak detektatuko dira, eta, identifikatuz gero, beharrezkoak diren erauzketa-neurriak aplikatuko dira.
Ur-emaria neurtzeko estazioa arrainak igarotzeko egokia den.
– Obraren berme-aldian, faunaren jarraipena egingo da jarduketa-eremuan, eta, horretarako, bisitak egingo dira sei hilean behin. Ikuskapen horietan ikusten bada fauna-espezieak mugitzea eragozten duen hesiak sortu direla, arazo hori zuzentzeko behar diren neurriak ezarriko dira.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Uraren Euskal Agentziak Ollerietan (Legutio, Araba) ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 16an.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.