111. zk., 2023ko ekainaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 13 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2784
AGINDUA, 2023ko ekainaren 7koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek EAEn ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiteko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta laguntzon deialdia egiten duena. 2023ko deialdia.
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8. artikuluak.
Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 87.2 artikuluan xedatzen duenez, administrazio publikoek ingurumenaren alorreko heziketa eta sentsibilizazioa sustatuko dituzte, herritarren artean eta erakunde guztietan ingurumena hobetzeko ezagutzak, informazioa, jarrerak, balioak, portaerak eta trebetasunak ezagutarazteko eta zabaltzeko jardueren bitartez. Helburu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, beste administrazio publikoekin koordinatuta, ingurumenaren alorreko heziketa eta sentsibilizazioa lantzeko programak egingo ditu, aipatu helburuak lortzeko bide eta neurri zehatzak proposatuz.
Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezarri eta euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko duen konpromisoa ordezkatzen du. Horrez gain, herritarrek gizartearen eraikuntzan parte hartzeko duten eskubidean sakontzen du.
Bestetik, 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiak, gobernu-kontseiluak 2018ko ekainaren 5eko bilkuran onartutakoak, lehenengo jomugan bertan dauka jasota ekintzarako hezkuntzan aurrera egin behar dela; horrek, noski, jasangarritasunerantz aurrera egiteko beharrezko baldintza bilakatzen du herritarrak eta gizarte-eragileak ingurumen-politiketan lankidetza aktiboan aritzea.
Deialdi honen helburua Natura 2000 Sareko esparruan jarduketak sendotzea da, betiere, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotuta eta EAEko IV. Ingurumen Esparru Programarekin (2020) eta garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriz. Ezarritako ingurumen-erronken artean, ardura sektore publikoaren eta pribatuaren artean banatzeari eta herritarrak gero eta gehiago sentsibilizatzeari lehentasuna emango dien gobernantza publiko bat sortzearena dago. Azken finean, ingurumenarekiko konpromisoa pertsonengan sakon errotzea lortu nahi da, herritarren balio nagusien parte izan dadin.
Ingurumen-boluntariotza herritarren partaidetzarako era libre, altruista eta zuzena da, ingurumena hobetzen duen aldi berean, eraldaketa pertsonal eta sozial sakon iraunkorra ere sortzen duena ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez. Horrenbestez, aipatu erronkak lortzeko tresna eraginkorrenetakoa da.
Bada, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak irabazi-asmorik gabeko erakundeek egindako ingurumen-boluntariotzako proiektuak babesten ditu dirulaguntza lerro hau sustatuz. Laguntzoi esker, hezkuntzarako, gizarte-kontzientziaziorako eta ingurumenerako hain onuragarriak diren jarduerok sustatzen dira. Gainera, laguntza lerro hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartutako 2021-2023 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen da.
2022ko ekitaldirako Euskadiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak islatzen duenez, bada aurrekontu-kreditu nahikoa Agindu honen esparruko jarduerak garatzen dituzten proiektuak behar besteko finantzaketaz hornitzeko.
Horiek horrela, dekretu hauek ematen didaten eskumena erabiliz:
48/2020 Dekretua, abenduaren 28koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak finkatzen dituen Dekretua aldatzen duena.
68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, bat etorriz Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da norgehiagoka-prozeduraren bidez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea. Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek.
2. artikulua.– Ingurumen-boluntariotzako proiektuen deskribapena.
1.– Diruz lagundu daitezke, boluntarioek modu librean, altruistan eta irabazi-asmorik gabe egindako ingurune fisikoaren gaineko zuzeneko ekintzak barne hartzen dituzten erakunde onuradunek koordinatutako proiektuak. Ekintzon helburua ingurune hori hobetzea eta babestea izango da, eta honako jarduera-eremu hauetakoren batean kokatuta egon beharko dira:
a) Ingurune naturala: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertza, hezeguneak eta beste habitat eta interes geologikoko leku batzuk); paisaia mantentzea eta leheneratzea. Espezie inbaditzaileak kentzeko proiektuak ezin dira diruz lagundu, salbu eta erakunde eskudunek onartutako kontrol-plan batean jasota ez badago egin beharreko ekintzak boluntariotza bidez gauzatu daitezkeen jarduerak direla.
b) Babestutako naturaguneak: aurreko apartatuan adierazitakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bide-zidorrak, ekipamenduak...).
c) Hiri-ingurumena: hiriko ingurumen-kalitatea hobetzea; hiriko eta hiri-aldiriko berdeguneetan ekintzak egitea; hiriaren jasangarritasuna sustatzea (mugikortasuna, hondakinak, energia, kontsumoa eta beste edozein esku-hartze esparru); herri eta hirietako flora, fauna eta geodibertsitatea ezagutzeko ikerlanetan kolaboratzea (interes geologikoko tokiak, arroka apaingarriak, eraikuntza material tradizionalak, eta abar).
d) Mintegien edo hazi-bankuen bidez landare-espezie eta -barietateak kontserbatzea, eta EAEko fosil edo mineral bildumak kontserbatzea.
e) Flora eta faunako espezie babestuak eta haien habitatak ikertu eta kontserbatzeko lanetan kolaboratzea, baita interes geologikoko toki urrakorren edo degradazio arriskua dutenen ingurukoetan ere.
2.– Ikerketa arloko elkarlan proiekturik aurkeztuz gero, ibilbide zientifiko eta ikertzaile ziurtatuko pertsona edo erakundeekin gauzatu behar da lankidetza hori. Ibilbide hori ziurtatuko duen dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztuko da.
3.– Ez dira boluntariotzako jardueratzat jotzen informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren burutze hutsa.
4.– Eskabidea egiten duten erakundeek proiektua diseinatu, exekutatu eta ebaluatzeaz arduratuko den koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute.
5.– Aurreko apartatuetan deskribatutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
2.– Xede horretarako, berrehun mila (200.000) euro jarriko dira gehienez, aurrekontu-aplikazio honetan esleituko direnak: 2023.1000542100.1.44210.45200.2023/1056.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko erakunde, fundazio edo bestelako elkarte pribatuek jaso ahal izango dituzte, betiere, legez eratuta badaude eta administrazio publikoaren partaidetzarik ez badute.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.
Eskaerak aurkezten dituzten erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Dagokion erregistroan inskribatuta egotea.
2.– Ogasuneko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta.
(Baldintza hau nahitaez bete behar da onuraduna izateko eta, horrenbestez, baldintza betetzen den edo ez egiaztatuko da bai dirulaguntza ematean bai ordainketak egitean).
3.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen edo arau baliokideen mende egotea.
4.– Fundazio bat baldin bada, EAEko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean edo arau baliokideetan xedatutakoa bete beharko du.
5.– Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoa barne.
6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. paragrafoan eta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako edozein egoeratan ez egotea.
(Zirkunstantziok ematen diren ala ez erabakitzeko, aipatu azaroaren 17ko Dirulaguntzen gaineko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 4. apartatutik 6. apartutara bitartean ezarritakoa hartuko da aintzat, betiere, zirkunstantzia bakoitzerako ezarritako irismenarekin).
6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen baimenak eta erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Parte hartzeko eskaerak berekin ekarriko du baimena organo instruktoreak ofizioz baldintza hauek egiaztatzeko:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko elkarte eta fundazioen erregistroetako inskripzioa.
Erakunde eskatzaileak baimen hori ematen ez badu, dagokion erregistroko inskripzioaren kopia bat aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta fundazioen erregistro batean inskribatuta ez badago, erakunde eskatzaileak dagokion erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.
b) Organo kudeatzaileak ofizioz eta behar beste aldiz egiaztatu ahal izatea dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.
Erakunde eskatzaileak baimen hori ematen ez badu, organo eskudunek emandako ziurtagiri administratibo positiboak aurkeztu beharko ditu.
2.– Erakunde eskatzaileak, eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, adieraziko du azaroaren 11ko 1/1997 Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko Legegintzako Dekretuan aurreikusitako baldintza eta betebehar hauek betetzen dituela:
a) Ez da ari jasotzen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak proiektu bererako emandako laguntza edo dirulaguntzarik, natura-ondarea kontserbatzeko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuei zuzenduta.
b) Ezin izango dira dirulaguntza honen onuradun izan dirulaguntza edo laguntza publikoa eskuratzea eragozten duen edozein debeku edo zehapen administratibo edo penal duten erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoa barne.
c) Ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean. Baldin badago, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio zer prozeduratan sartuta dagoen eta prozedura hori nola ebazten den.
d) Laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzea, hori egiaztatzen duen dokumentazioa izatea, eta dirulaguntza baliatzeak berekin dakarren denboran baldintzok betetzen jarraituko duela hitzematea.
e) Eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak izatea.
7. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak ematea bateragarri izango da funts publiko edo pribatuen kontura helburu berarekin eman daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin, betiere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen. Halakorik gertatuz gero, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion mugara egokitu arte.
2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak natura-ondarea kontserbatzeko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuei dirulaguntzak emateko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduko deialdiko dirulaguntzekin, ez proiektu bera osotasunean, ez proiektuaren zati bat, ez proiektuaren zenbait zati finantzatzeko emandakoekin.
8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako gastu hauek lagundu daitezke diruz:
a) Boluntarioen istripu eta erantzukizun zibileko asegurua.
b) Diruz lagundutako jarduera garatzeko behar diren materialak.
c) Materialak argitaratzea boluntarioak egindako edo egin beharreko jarduerei begira prestatzeko edo jardueron berri emateko. Gehienez ere 500 euro.
d) Salgaiak edo pertsonak eramateko ibilgailuen mantentzea, garraioa edo alokairua, diruz lagundutako jarduerak egiteko.
2.– Aurrekoez gain, honako gastu hauek ere lagunduko dira diruz:
a) Egiturazkoak: erakundeak egin eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko zereginekin zuzenean lotuta daudenak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, papertegi-produktuak, material suntsikorra, eta abar).
Gastu horiek, gehienez, emandako dirulaguntzaren % 10 izan beharko dira.
b) Langileen gastuak: Erakunde onuraduneko langileek sortutakoak, langileak plantillakoak izan nahiz proiektuko boluntarioak koordinatzeko edo kudeatzeko berariaz kontratutakoak izan. Nomina bidez justifikatu ahal izango dira.
Gastu horiek, gehienez, emandako dirulaguntzaren % 10 izan beharko dira.
c) Komunikaziokoak: publizitate-kanpainak, merchandising gastuak, proiektuarekin lotutako argitalpenak webguneetan, eta abar.
Gastu horiek, gehienez, emandako dirulaguntzaren % 15 izan beharko dira.
3.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:
a) Erakunde onuradunaren funtzionamendu arrunta edo egiturazkoa.
b) Zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke.
c) Beharrik gabekoak eta gaizki justifikatutakoak. Beharrik gabeko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriei erantzuten ez diotenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta Agindu honek ezarritako epean gauzatzen ez direnak.
Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezingo da izan, inondik inora, merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurriz gabekoa ere, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun harremanaren printzipioak aintzat hartuta.
4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, balorazio-batzordeak desagerrarazi edo kendu egingo ditu, diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zenbatekoa den zehazteko; aurrekontu hori dirulaguntzaren zenbatekoa ezartzeko oinarria izango da. Diruz lagundu daitezkeen gastuak zein diren eta zein ez diren erabakitzea 13. artikuluan deskribatutako balorazio-batzordeari dagokio, aurreko apartatuetan xedatutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.
1.– Laguntzak norgehiagoka bidezko dirulaguntzatzat hartuko dira Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz –testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, Agindu honen 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke gehienez ere eta ezingo du 15.000 euroko kopurua gainditu proiektu bakoitzerako.
3.– Dirulaguntza hau eskatzen duen irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzak gehienez ere bi proiektutarako laguntza jaso ahal izango du. Proiektu horiek helburu edo xede desberdinak izan beharko dituzte. Eskabide gehiago aurkeztuz gero, soilik puntuaziorik handiena lortu duten bi proiektuek jasoko dute dirulaguntza.
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0262308
3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dute erakunde interesdunek, eta, horretarako, Zuzenbidean baliozkoa den eta haren existentzia modu fidagarrian jasota uzten duen edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da ordezkaritza. Ordezkaritza hori egiaztatzeko moduetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatzea, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» aplikazioan egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak akats edo zehaztasun ez bat aurkitzen badu eskarian, horrela jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari, eta 10 eguneko epea emango dio zuzen dezan. Halaber, adieraziko dio eskabidea epearen barruan zuzentzen ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Uko egitea urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat eman beharreko ebazpen baten bitartez ebatziko da.
12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzea.
13. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo kolegiatu bat eratuko da (balorazio-batzordea), eta, bertan, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatuko da. Ondokoak izango dira batzordeko kide:
a) Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria. Bera izango da presidentea.
b) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari atxikitako bi teknikari, zuzendariak izendatuak. Idazkaritzari dagozkion zereginak zerbitzuan antzinatasun handiena duen pertsonak beteko ditu.
2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49. artikuluan ezarritakoa betez.
3.– Balorazio-batzordeak diruz lagun daitezkeen proiektuak eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dituen ebazpen-proposamena helaraziko dio Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari, betiere, Agindu honen 14. artikuluan adierazitako aurrekontu-mugen eta esleipen-irizpideen arabera. Era berean, adieraziko du zer proiektu baztertzea proposatzen duen, eta zergatik.
14. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.
1.– Dirulaguntzak emateko, eskaeran jarraian adierazten diren baldintzak betetzen diren baloratuko da. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, irizpide hauen arabera banatuta:
a) Proposatutako jarduerek ingurumenari buruz duten interesa eta proiektua zenbateraino egokitzen zaion deialdiaren xedeari (gehienez 20 puntu).
b) Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Baloratzeko, kontuan hartuko dira: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (gehienez 20 puntu).
c) Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopurua, gutxi gorabehera (gehienez 15 puntu).
d) Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez 15 puntu).
e) Erakundearen esperientzia antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez 5 puntu). Honako Agindu honen 2. artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan duen ibilbidea egiaztatzeko, erakundeak egin dituen edo egiten ari den ingurumen-ekintzen edo ingurumeneko boluntariotza-ekintzen arloko jardueraren laburpenari dagokion apartatua bete beharko du eskabidean. Sailak ibilbide hori egiaztatzen duen beharrezko dokumentazio osagarria eskatu ahal izango dio.
f) Tokiko erakundeen lankidetzarekin eta partaidetzarekin proiektuak egitea (gehienez 6 puntu); proiektuarekin batera egiaztatu beharko da.
g) Proiektua ingurumen-boluntariotzako beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (5 puntu). Eskabidean zehaztuko da zein entitate, elkarte eta erakunderekin lan egingo den eta zein jarduera diren elkarrekin egitekoak. Ez da lankidetza kontsideratuko erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egiten dutena.
h) Euskaraz gauzatutako proiektuak (gehienez 5 puntu).
i) Genero-ikuspegia sartzea proiektuaren diseinuan eta exekuzioan. Genero-ikuspegia proiektuaren faseetan txertatzeko jarduketak baloratuko dira, hau da, ekintzetan, metodologian zein ebaluazio-adierazleetan (gehienez 5 puntu).
j) Proiektuan desgaitasunen bat daukaten, arriskuan edo baztertuta dauden eta nagusiak diren pertsonen esku-hartze soziala txertatzea (gehienez 4 puntu).
2.– Laguntzak lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da gutxienez 10 puntu lortzea artikulu honetako 1. apartatuko a) eta b) letretan zehaztutako alderdietan eta, gainera, gutxienez 50 puntu lortzea 1. apartatu horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balorazio orokorrean.
3.– Aurkeztutako proiektuak baloratu ondoren, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten guztiak, beheranzko hurrenkeran. Laguntzak sailkapen horren arabera esleituko dira, eta zenbatekoak Agindu honen 9.2 artikuluak baimentzen dituen gehienekoak izango dira, deialdiko diru-zuzkidura agortu arte.
15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.
1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura honetan interesa duten erakundeek planteatutako gai guztiak ebaztea Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Emandakoen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, diruz lagundu daitezkeen partidetan onartutako aurrekontua, kanpoan utzitako gastuak eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, zergatik ukatu den azalduko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, izan ere, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute ebazpen horren aurka Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean; hilabeteko epea izango dute horretarako, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Ebazpena telematikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua adierazita.
5.– Eskaerak ebatzi eta erakunde interesdunei ebatzitakoa jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe igarotzen bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
6.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak.
16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Emandako dirulaguntzaren % 50 laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Laguntzaren gainerako % 50a laguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 17. artikuluan adierazitako baldintzen arabera.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan egon beharko du. Hirugarrenen datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, helbide hau erabiliko da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Laguntzaren justifikazioa telematikoki aurkeztuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta honako dokumentazioa izango du gutxien-gutxienez:
a) «Jardueraren memoria» formularioa, non honako hauek adierazi beharko diren: proiektuaren gauzatzea eskabidean jasotako alderdi guztietan; hasierako aurreikuspenetan jazotako aldaketak eta horien justifikazioa; gauzatutako jardueraren argazkiak, planoak edo krokisak; jardueran zenbat pertsonak hartu duten parte (sexuaren eta adinaren arabera bereizita); proiektuaren ebaluazioa; eta itzulkinen eta errentagarritasun sozialaren adierazle objektiboak, proiektu edo jarduera zehatz bakoitzera egokituta.
b) «Justifikazio-kontua» formularioa: justifikazio ekonomikoa justifikazio-kontu sinplifikatuaren administrazio-prozeduraren bidez egingo da, eta honako hauek jasoko ditu: jardueraren gastuen eta diru-sarreren zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta hasierako aurrekontuarekiko izandako aldaketak. Zehaztuko da, hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrerarik jaso den.
«Justifikazio-kontua» betetzeko fakturak eta balio frogagarri baliokidea duten gainerako agiriak dira baliagarriak, betiere, merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak edo eraginkortasun administratiboa dutenak eta diruz lagundutako aurrekontu-sailetan egindako gastuei dagozkienak.
Dirulaguntzaren erabilera zuzena egiaztatzeko, organo kudeatzaileak diruz lagundutako proiektuen % 10 egiaztatuko ditu gutxienez, eta, beraz, finantzatutako jardueraren gastu-egiaztagiriak laguntza eman eta hurrengo bost urteetan egon beharko dira eskuragarri. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin beharreko gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzetarako ere eskuragarri egon beharko dira.
c) Erakunde aseguratzaileak aseguru-polizei buruz emandako ziurtagiria. Bertan datu hauek jaso beharko dira gutxien-gutxienez: zenbatekoa den erakundeak boluntarioen alde kontratatutako aseguru polizen, istripu-polizen eta erantzukizun zibileko polizen estaldura, eta, gainera, aseguratuak zenbat diren eta polizaren munta osoa zenbatekoa den. Bai istripu-aseguruak eta bai erantzukizun zibilekoak, biek egon beharko dute indarrean jarduerak egiteko denbora guztian.
d) Proiektuan edo jardueran sortutako materialen kopia.
e) Proiektua egiteko baimenik eskatu behar izan bada, baimenen kopia.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako dokumentuak bi hileko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2024ko martxoaren 1a baino lehenago.
3.– Emaitzak, egiaztapenak eta aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartu ondoren, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak dagokion dirulaguntzaren bigarren ordainketa egingo du, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunak espresuki uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari eskatutako informazio guztia ematea, dirulaguntza zertarako erabili den egiaztatu eta fiskalizatzeko.
4.– Dirulaguntza ematea justifikatzen duen helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo dagokion jokabidea hartzea.
5.– Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean betekizunak eta baldintzak bete izana justifikatzea, bai eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere.
6.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen edo arau baliokideen ondoriozkoak.
7.– Boluntarioentzako istripu-aseguruak eta erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzeari buruzkoak.
8.– Natura-ondarearen, naturagune babestuen, ibai-ibilguen, Batasunaren garrantzizko lekuen, ondare historikoko ondasunen edo babestutako flora eta fauna espezieen gaineko jarduketak eskatzen dituzten proiektuen kasuan, organo eskudunak emandako beharrezko baimen guztiak lortu beharko dira proiektuko jarduerak egiten hasi aurretik. Proiektua egiteko unean erakundeak ez badauzka behar diren baimen guztiak, dirulaguntza osoa kenduko zaio.
9.– Jardueraren sustapenarekin zerikusia duten argitalpen, liburuxka edo publizitate euskarri guztietan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza berariaz aipatzea. Argitalpen horiek euskaraz idatziko dira, edo euskaraz eta gaztelaniaz.
10.– Proiektuen emaitzak Eusko Jaurlaritzaren euskarri elektronikoen bitartez zabaldu ahal izango dira. Hori dela eta, ingurumen-informazioaren tratamendu eta entregari buruzko jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira agiri guztiak, helbide honetan zehaztu bezala: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/dibertsitate-biologiko-geologikoa
11.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari lagatzea, doan eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea. Dokumentazio hori administrazio honen informazio-sistemetan erabili edo txertatu ahal izango da. Era berean, edozein bitarteko eta formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edo teknikaren erabilera ahalbidetzen duen edozein formatutan zabaldu edo argitaratu ahal izango da. Hori guztia egile-eskubideak errespetatuz, 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta, era berean, Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta auzitegietara jotzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean xedatutakoa betez.
Apartatu honi dagokionez, erakunde onuradunek hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/279 Erregelamendua –erregelamendu hori pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da datu pertsonalei ematen zaien tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe uzten du 94/46/EE Zuzentaraua (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra)–.
12.– Parte hartzea, hala erabakitzen bada, Eusko Jaurlaritzak emaitzak zabaldu edo esperientziak trukatzeko asmoz antolatutako jardunaldietan.
13.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko baldintza izan den edozein zirkunstantzia aldatzen bada, aldaketa gertatu dela jakin orduko eta, edonola ere, proiektua justifikatzeko epea amaitu aurretik.
19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
1.– Onartutako aurrekontua aldatzeko, arrazoitu egin beharko da, eta aldaketak ezingo du gehitu proiektuari esleitutako dirulaguntza osoaren munta.
2.– Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da. Behin betiko kostu erreal hori dirulaguntzaren ehunekoa aplikatzeko oinarri berria izango da.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Agindu honetan dirulaguntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen badira ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da honako kasu hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzea.
b) Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzea.
c) Helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzea.
Dirulaguntzaren baldintzak aldatzeko, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak likidazio-ebazpen bat emango du hasiera batean onartutako dirulaguntzaren kopuruak doituz, edo, beharrezkotzat joz gero, jasotako gehiegizko diru kopuruak itzultzeko aginduko da.
21. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirulaguntza itzultzeko prozedura.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, baldin eta erakunde onuradunak:
a) Ez badu erabiltzen dirulaguntza eskatu zenean adierazitako xede espezifikorako.
b) Ez badu gauzatzen dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.
c) Ez badu egiaztatzen dirulaguntza adierazi zituen helburuetarako erabili duela.
d) Ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.
Hala badagokio, ezarritakoa betez Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagokion zenbatekoa eta berandutze-interesak itzultzeko betebeharra ere adieraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
2.– Erakunde onuradunaren jarduera ia guztiz bete bada eta erakundeak hartutako konpromisoak betetzeko joera egiaztatzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak zuzen erabiltzearen araberakoa izango da.
Betetze partziala dirulaguntza justifikatzeko erabilitako dokumentuen azterketa teknikotik ondorioztatuko da. Halaber, itzultze partziala, emandako laguntza kalkulatzeko ezarritako irizpideak behar bezala aplikatuta zehaztuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez lege horren erregelamendua onartzen den.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 7a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.