Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2023ko ekainaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2772

5/2023 LEGEA, ekainaren 1ekoa, autokontsumoaren tramitazioa erraztekoa eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 5/2023 Legea, ekainaren 1ekoa, autokontsumoaren tramitazioa erraztekoa eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Energia berriztagarrietan oinarria izango duen eredu energetiko baten aldeko trantsizio energetikoaren apustua ezinbestekoa eta premiazkoa da larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta energia-iturri fosilekiko zein kanpo-energiarekiko dugun mendekotasuna murrizteko. Abiapuntu horrekin, energiaren prezioak igoera handia izan duen testuinguruan, autokontsumo berriztagarria ezinbesteko elementua da kontsumitzaileek energia garbiago eta merkeagoa lortu ahal izateko.

Autokontsumo berriztagarriaren hedapenak energia-faktura berehala gutxitzea ahalbidetzen die hura instalatzen duten kontsumitzaileei eta, horrez gain, energia-eskaria murrizten du handizkako merkatuan. Aldi berean, ingurumen-baldintzak hobetzen ditu eta hidrokarburoen inportazioa murrizten laguntzen du, zeinak kanpo-energiarekiko mendekotasuna ere murrizten duen.

Eguzki-instalazioak ez ezik, ibilgailu elektrikoen aldeko apustua areagotzea ere ezinbestekoa da, haiek erabiltzeko azpiegitura berriak eta instalazio berriak eginez. Eguzki-panelen kasuan bezala, azpiegitura eta instalazio horien kokapena eta hedapena biderkatzeko, besteak beste, funtsezkoa da administrazio-izapideak sinplifikatu eta erraztea.

Iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatzeari buruzko 2018ko abenduaren 11ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/2001 Direktibak autokontsumoaren oinarriak ezarri zituen. 2022ko maiatzaren 18an, kontuan izanik larrialdi klimatikoa, energia-prezioen gorakada eta tentsio geopolitikoek ekar ditzaketen hornidura-arazoak, Europako Batzordeak REPowerEU plana aurkeztu zuen, energiaren arloko ekimen anitzeko egitasmoa. REPowerEU planaren testuinguruan, zenbait komunikazio plazaratu ditu Batzordeak, besteak beste EU Solar Energy Strategy deiturikoa (Europar Batasuneko Eguzki Energiaren Estrategiaren Komunikazioa). Estrategian azaltzen denaren arabera, ezinbestekoa da eguzki-energiaren aprobetxamendua azeleratzea, eta hura hedatzeko egon daitezkeen oztopoak saihestea eskatzen du. Europako Batzordearen arabera, teilatuetan eguzki-energia garatzerakoan, garrantzitsua da izapidetze administratiboak luzatzen dituzten oztopoak antzematea eta izapidetze horiek arintzeko neurriak hartzea.

Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren onarpenak autokontsumo elektrikoa azkartzea ekarri du Estatuan. Errege lege-dekretu hori onartu arte, autokontsumoaren hedapena oso trabatua egon zen Estatuan, zenbait oztopo tarteko, oztopo horiek jarduera hori moteltzen edo ekonomikoki bideraezin bihurtzen zutelako.

Autokontsumoaren hedatze sendo bat azkartze aldera, Estatuko autonomia-erkidego gehienek neurriak hartu dituzte. Neurrien artean, gehienek autokontsumorako energia ekoizteko instalazioetarako obra-lizentziaren derrigortasuna saihesteko neurriak hartu dituzte eta, izapide horren ordez, aurretiazko komunikazio bat edo erantzukizunpeko adierazpen bat ezarri dute. Lege-erreformen testuinguru horretan, hau dugu: Nafarroako 4/2021 Foru Legea, apirilaren 22koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192. artikulua aldatzekoa, zeina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartu baitzen. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da norabide honetan pausorik eman orain arte, eta egoera hori zuzentzera dator ekimen legegile hau.

Euskal Autonomia Erkidegoan eguzki-energiaren bitarteko autokontsumoa eta ibilgailu elektrikoen hedapena errazteko, lege honen bidez izapidetze administratiboa sinplifikatzen da bai eraikinen gainean edo aparkatzeko eraikinen eta pergolen gainean autokontsumora bideratutako eguzki-energia aprobetxatzeko kokatzen diren instalazioei dagokienez bai ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuei dagokienez. Hartarako Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikulua aldatzen da.

Helburua da autokontsumorako eguzki-energia aprobetxatzeko eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko etxeetako instalazioetan aurretiaz udalaren obra-lizentzia eskatzeko betebeharra kentzea, eta lizentzia horren ordez aurretiazko komunikazio bat ezartzea. Salbuespen batzuk ezartzen dira: obra-lizentzia eskatu ahalko da instalazioak kultura-intereseko ondasuna edo ondasun katalogatua izendatutako eraikinetan egiten direnean, instalazioek eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenean eta instalazioek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean, aplikatu beharreko ingurumen-araudiaren arabera.

Artikulu bakarra.– Aldatzen da Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 207. artikulua, hirigintzako lizentzia behar duten ekintzei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:

«207. artikulua.– Hirigintzako lizentzia behar duten ekintzak.

1.– Jarraian adierazten diren ekintza hauek guztiek hirigintzako lizentzia behar dute –horrez gainera, aplikatzekoa den sektore-legeriak eskatutako baimenak ere lortu beharko dira–:

a) Partzelatzeak, bereizteak edo edozein motatako lurzoruetan finkak nahiz onibarrak zatitzeko beste edozein ekintza, baldin eta birpartzelatzeko proiektu batean sartuta ez badaude.

b) Oin berriko edozein motatako instalazioak eraikitzeko, egiteko eta ezartzeko obrak.

c) Lehendik dauden edozein motatako etxe, eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

d) Aldatzeko edo eraberritzeko obrak, baldin eta eraikinaren egitura edo konfigurazio arkitektonikoari edo zeinahi motatako etxe, eraikin eta instalazioen kanpoko itxurari eragiten badiote.

e) Eraikinen barne-antolaketa aldatzen duten edo eraikinak zaharberritzeko diren obrak. Berdin dio eraikin horiek erabilera baterako edo besterako diren, eta obra horien artean sartuko dira aurretik zegoen etxebizitza etxebizitza bi edo gehiagotan banatzea dakartenak ere.

f) Behin-behinekoak izango diren obrak.

g) Eraikuntza-lanen osagarri izango diren urbanizazio-obrak.

h) Eraikuntzen eraispena; salbuespen izango dira erortzeko zorian dauden eraikintzat hartutakoak.

i) Edozein motatako lurzorutan egin beharreko lur-mugimenduak eta lurra erauzteko eta berdintzeko obrak.

j) Hondarrak eta hartxintxarrak ateratzea eta harrobiak ustiatzea.

k) Hondakinak pilatzea eta paisaia naturalaren ezaugarriekin zerikusirik ez duten materialak biltzea, baldin eta paisaia horren hondamena eta degradazioa eragiten badute.

l) Lursailak ixtea, murruak egitea eta hesiak jartzea.

m) Bideak irekitzea, eta bide horietan aldaketak egitea edo zoladura jartzea.

n) Etxe prefabrikatuak eta antzeko ezaugarriak dituzten instalazioak jartzea, direla behin-behinekoak, direla iraunkorrak.

ñ) Berotegiak ezartzea.

o) Propagandako kartelak eta panelak bide publikotik ikusteko moduan jartzea, baldin eta kartel eta panel horiek egiturazko euskarria den elementu baten kontra edo gainean ipini badira.

p) Lurpean eraikitzen diren edo lurpeari eragiten dioten instalazioak.

q) Linea elektrikoak, telefono-lineak edo antzekoak instalatzea, telekomunikazio-sareak edo energia garraiatzeko sareak instalatzea eta edozein motatako antenak jartzea.

r) Obren edo obra-zatien lehenengo erabilpena eta obra horien aldaketa, baita eraikuntzaren erabilerak aldatzea ere –osorik edo zati batean–.

s) Establezimendu mota oro irekitzeko, establezimendu horiek industria edo merkataritzakoak, profesionalenak edo elkarteenak direla ere, tartean ordena, segurtasun edo osasun publikoaren arloko arrazoirik baldin badago.

t) Lurralde- edo hirigintza-plangintzaren bidez babestuta dauden zuhaitzak eta zuhaixkak moztea.

u) Presak edo putzuak eraikitzea; ubide publikoak eta bide publiko nahiz pribatuak babesteko edo zuzentzeko obrak, eta, oro har, lurraldearen itxurari eragiten dion edozein obra edo erabilera.

v) Lurzoru urbanizaezineko eraikuntzak, lege honetan araututa baldin badaude.

w) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnek adierazitako beste edozein ekintza, eta, oro har, artikulu honetan aurreikusitako moduan obrak egikaritzea edo lurzorua, lurpea nahiz hegalkina erabiltzea eragiten duten ekintzak.

2.– Lizentzia beharko dute, halaber, partikularrek jabari publikoko lursailetan egiten dituzten etxe, eraikin eta instalazioetarako ekintzek. Lizentzia beharko dute, nahiz eta jabari publikoaren titularra den erakundeak bere aldetik baimenak edo kontzesioak eman.

3.– Jarraian adierazten diren ekintzak hauek guztiek ez dute hirigintzako lizentziarik beharko:

a) Urbanizazio-obrak –izan erabatekoak, izan partzialak– eta 207.1 artikuluaren letretan aurreikusitako jarduerak, baldin eta lege honetan ezarritakoaren arabera onartutako urbanizazio-proiektu baten barruan badaude.

b) Eraikinen gainean edo aparkatzeko eraikuntzen eta pergolen gainean autokontsumora bideratutako eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak, potentzia-mugarik gabe. Instalazio horiek aurretiazko komunikazioa behar dute, salbu eta instalazioak kultura-intereseko ondasun edo ondasun katalogatu izendatutako eraikinetan edo multzoetan egiten direnean, instalazioek eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten badiete edo, aplikatu beharreko ingurumen-araudiaren arabera, instalazioak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende badaude. Kasu horietan hirigintzako lizentzia behar dute.

c) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko eraikinen barruko puntuak. Instalazio horiek aurretiazko komunikazioa behar dute, salbu eta instalazioek kultura-intereskotzat deklaratutako ondasunei edo beste edozein babes-araubideri atxikita dauden ondasunei eragin badiezaiekete. Kasu horietan, hirigintzako lizentzia behar dute.

4.– Aurreko zenbakiko b) eta c) letretan xedatutako aurretiazko komunikazioak hauek bildu beharko ditu gutxienez: obren aurrekontu xehatua, obrak egin behar diren lekuaren planoak eta argazkiak, eta instalazioaren potentzia adierazten duen memoria. Gainera, aurkeztu beharko da, b) letraren kasuan, instalazioa kokatuko den eraikinaren eusteko ahalmena egiaztatzen duen txosten bat, eskumena duen teknikari batek egina, eta, c) letraren kasuan, ezarri den potentzia proiektatu diren puntuei eusteko nahikoa dela ziurtatzen duen txosten bat, eskumena duen teknikari batek egina.

5.– Kasu batzuetan, udal-ordenantzetan hala jarrita, lizentzia eskuratu beharraren ordez, aurretiazko komunikazioa egin ahal izango dio, idatziz, interesatuak udalari. Kasu horik hauek izango dira: garrantzi tekniko txikikoak izateagatik proiektu teknikorik aurkeztu beharrik ez duten obrak, edo sailkatu gabeko jarduerak egiteko obrak, eta ordenantzek aurreikusitako beste jarduera batzuk. Udalak une oro egiaztatu ahal izango du eskatutako baldintzak betetzen direnetz, eta jarduera etetea agindu ahal izango du, ebazpen arrazoitua emanda, harik eta baldintzetara egokitu arte.

6.– Etxe, eraikin eta instalazioetarako ekintzak udalek euren udalerrietan sustatutakoak direnean, baimena emateko edo onartzeko erabakiak hirigintzako lizentziarako bete beharreko baldintzak bete beharko ditu eta ondorioak ere haren berak izango dira, lege honen ondorioetarako. Toki-araubideari buruzko legeriak ezarritakoa ere bete beharko da.

7.– Udal-ordenantzek ezarriko dute fatxadan proiektatuko diren energia-aprobetxamendurako instalazioak baimentzeko araubidea».

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 6a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala