110. zk., 2023ko ekainaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 9 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2761
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barrundiako (Araba) Mendixur 2. poligonoko 214., 215. eta 218. lurzatietako hondeaketatik ateratako lur naturaletarako betelan-materialak ekartzearen bidez egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2023ko martxoaren 3an, Barrundiako Udalak eskaera osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Barrundiako (Araba) Mendixur poligonoko 2. poligonoko 214., 215. eta 218. lurzatietako hondeaketatik ateratako lur naturalekin egindako betelanen ekarpenaren bidezko egokitzapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko martxoaren 31n, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluko 2. puntuan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II.E eranskinean jasotako proiektuei. Ebazpen honen xede den proiektua E9) taldeko 9.c) epigrafean jasotzen da: «Hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen duten ibaietako, lehorreko edo itsasoko erauzketa-materialak isurtzeko edo biltegiratzeko lurreko instalazioak». Proiektuaren xedea da indusketa-lur naturalezko betelan bat egitea, 177.911 m2-ko azalera duena, Barrundiako (Araba) Mendixur 2. poligonoko 214, 215 eta 218 lurzatietako nekazaritza-produktibitatea hobetzeko.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Barrundiako (Araba) Mendixur poligonoko 2. poligonoko 214., 215. eta 218. lurzatietan hondeaketatik ateratako lur naturalekin betelanak egiteko materialak ekartzearen bidez egokitzeko proiekturako, honako baldintza hauetan:
A) Proiektuaren xedea da Mendixurreko 2. poligonoko 214., 215. eta 218. Lurzatietan, Barrundiako udal-mugartean (Araba), betelanak egitea, haitzak eta lurra erabilita; hala, lurzatiaren nekazaritza-produktibitatea hobetu nahi da, izan ere, gaur-gaurkoz, elkor samarra da, lur emankorreko geruza mehea delako oso (20-25 cm ingurukoa), eta tuparri-kareharrizko lauza asko daudelako gainazalean bertan.
B) Ebazpen honen bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da Barrundiako (Araba) Mendixur 2. poligonoko 214, 215 eta 218 lurzatietan hondeaketatik eratorritako lur naturalekin betelanak eginez egokitzeko proiekturako, eta proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da Mendixur eta Barrundiako (Araba) lurzoru urbanizaezineko lurzati batzuk harkaitzez eta lurrez betetzea. Justifikazioa lurzation ezaugarri agrologikoak hobetzea da, eta, aldi berean, hainbat obratan induskatutako material naturalari irteera ematea.
Proiektuaren arabera, materiala hartzeko ahalmena 164.410 m3 ingurukoa izango da, 177.911 m2-an. Aurkeztu beharreko materiala hondakin ez-arriskutsuak dira, hau da, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta eraikuntza- edo eraispen-obretan hondeatutako beste material natural batzuk, hala nola lurrak, buztinak, lohiak, hareak, legarrak edo harriak, EHZ 17 05 04 (Hondakinen Europako Zerrenda) kodean jasoak. Instalazioan egin nahi den balorizazio-eragiketa Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskinean ekonomia zirkular honetarako identifikatutakoa da: R1001 Nekazaritza-lurretan eta lorezaintzan hondakinak balorizatzea.
Egokitu beharreko eremua landa-lurzorua da, eta bertan lehorreko laboreak daude gaur egun. Laborantza horiek zerealak izan ohi dira, eta larreak eta bazka-laboreak txandakatzen dira. Esku hartzeko eremuan ez dago ur-ibilgurik; hala ere, 214. lurzatia Garadia errekarekin mugakide da ekialdean, hedadura osoan. Jarduketa-eremuan bi eremu bereizten dira: alde batetik, laborantzarako azalerak, eta, bestetik, laborantzarako aprobetxatu ezin diren hainbat uharte, hala nola, zuhaixkak, zuhaixka-larreak eta harkaitz-azaleratzeak. Landu ezin diren uharte horien eremuak, mendebaldetik ekialderako norabidean banatuta, sei dira, eta honako hauek dira: 550 m2, 1.514 m2, 3.875 m2, 6.026 m2, 15.712 m2 eta 3.940 m2, guztira 31.617 m2.
Proiektuaren arabera, betelanak jarduketa-eremuaren ipar-mendebaldean dagoen Uribarri-Ganboako urtegiarekiko 50 metroko distantzia errespetatzen du, eta Garadia errekarekiko 15 metrokoa, zeinak, haren ondoan dagoen ur-putzuaren gunerik zabalenean, 25 metroko luzapena izango baitu.
Lanak 2 urteko epean amaitzea aurreikusten da. Zehazki, egunean 10 m3-ko 30 kamioi kalkulatzen dituzte. Lursailaren sestra metro bat inguru igotzen da batez beste. Metaketa eta betelana iparraldetik hegoaldera egingo da, materiala akabera-kotan jarriz eta zabalduz, eta hegoalderantz aurrera eginez, lurzati-bidera. Kamioiak hego-ekialdetik sartuko dira. Esku hartzeko lehen eremua txilardi oromediterraneoarren landaredia duten irlen arteko iparraldeko azalera izango da. Kontrol-etxola bat jarriko da, eta, hala, jarduera-aldietan eta materiala garraiatzeko aldietan, enpresa kudeatzaileak teknikariak izango ditu, materialak jaso eta ikuskatzeko.
Proiektuan ez dago aurreikusita ezein zerbitzu-sare instalatzea (elektrizitatea, ur-hornidurakoa, telefoniakoa, etab.). Ez da energia elektrikorik behar; beharrezkoa bada, elektrizitate-sorgailuz hornituriko kontainer-kamioi bat eramango da. Ureztatzeko ur-beharrak zisterna-kamioi batekin konpontzen dira.
Betelana jarduketa-eremuko nekazaritza-produktibitatea hobetzeko erabiliko da behin betiko, nekazaritza-ekoizpenak handituz eta laborantza erraztuz.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren xede den eremua Mendixur Barrundiako 2. poligonoko 214., 215. eta 218. lurzatietan dago, Uribarri Ganboako urtegitik oso hurbil: ES2110011 «Zadorraren sistemako urtegiak» KBE eta Ramsar 3ES039 «Uribarriko urtegiko kolak» hezegunea. Betelanaren zati bat «Zadorraren sistemako urtegiak» ES2110011 KBEaren babes-eremu periferikoan egongo da, 84.000 m2 inguruko azaleran. EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremuaren zati bat balio estrategiko handiko lurzoruei (19.420 m2) eta ingurumen-hobekuntzako lurzoruei (6.136 m2) dagokie, baina eremu horiek neurri zuzentzaileak hartzeko proposatzen dira.
Eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan, hots, Uribarri urtegira isurtzen duen arroa da. Garadia errekaren ekialdean proiektuaren eremua dago. Eremuko litologia tuparri-kareharrien, kareharrizko margen eta kalkareniten alternantzia da, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dute. Eremuak, oro har, akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun ertaina du, eta kalteberatasun hori oso handia da harkaitz-azaleratzeetan.
Lurzatietan dagoen landaredia zuhaixka-larre gisa sailkatzen da; zurezko larre batzuekin nahastutako larreak dira. Sastrakadia lizardi-larre gisa katalogatzen da –ihitokia eta margo-buztinezko higaduren landarediarekin–, eta goldatzeko moduko azalera, berriz, zereal-, patata- eta erremolatxa-labore gisa. Eremuan ingurumen-balioa dutenak zuhaixka-larreen kategoriako azalerak dira, «4090 Txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin» izendatutakoak, betelanetan kaltetu daitezkeenak.
Proiektua Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko planaren aplikazio-eremutik gertu dago (plan hori azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren bidez arautu zen), bai eta Arabako Lurralde Historikoan Lutra lutra igaraba (Linnaeus, 1758) kudeatzeko planaren aplikazio-eremutik ere (plan hori urriaren 27ko 888/2002 Foru Aginduaren bidez arautu zen).
Eremua bat dator «Zadorra-Aldaia urtegiak» sektorearen babes-eremuarekin, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratzen dira –non aplikatuko baitira ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako neurriak. Halaber, 214. lurzatia bat dator linea elektriko baten mugaketarekin, baina linea hori ez dator bat 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoarekin, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2018ko ekainaren 18ko Ebazpenaren arabera.
Azkenik, proiektuaren eremuan ez da hauteman uholde-arriskurik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzorurik edo kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren nolakotasuna dela eta, inpaktu adierazgarrienak betelanak beraiek egiteko lanetan sortuko dira, eremura materialak garraiatzeagatik eta eremuan bertan makinen mugimenduengatik; airearen kalitatean izango dute eragina, hautsa, zarata, bibrazioak eta hondakinak sortuko direnez. Fase honetan, habitata –4090 Batasunaren Intereseko Habitata –Txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin– kaltetzeko arriskua dago makinak zirkulatzeagatik edo betelanetarako materiala isurtzeagatik. Halaber, urak, gainazalekoak eta/edo lurpekoak kutsatzeko arriskua dago ustekabeko isuriengatik; izan ere, eremu horretan ibai-ibilgu bat dago eta akuiferoak kutsatzeko oso kalteberak diren harkaitz-azaleratzeen zerrendak daude.
Bestalde, ES2110011 «Zadorraren sistemako urtegiak» proiektua Ingurumen Dokumentuan sartuta dago, jarduketa-eremuaren zati bat (84.000 m2 inguru) eremu horren babes-eremu periferikoan baitago. Proiektu horrek KBEan izango dituen ondorioak aztertu ondoren, ondorioztatzen da proiektuak ezin duela ingurumenean eraginik izan.
Ingurumena hobetzeko eremuetan eta Nekazaritza eta Basogintzaren LAPean jasotako balio estrategiko handiko eremuetan, honako jarduera hauek proposatzen dira: ingurumena hobetzeko eremuak behar bezala landareztatuko dira, eta balio estrategiko handiko eremua ekoizpen-potentzialari eragiten ez dioten kalitatezko lurzoruekin beteko da.
Ez da hauteman inpaktu akustikoarekiko puntu kalteberarik; herrigune hurbilena (Mendixur herria) proiektuaren helburu diren lurzatietatik 350 metro ingurura dago, lerro zuzenean.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin Barrundiako (Araba) Mendixur 2. poligonoko 214, 215 eta 218 lurzatietan hondeaketatik datozen lur naturalekin betelanak egiteko materialen ekarpenaren bidezko egokitzapen-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira proiektuan.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.
Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria:
Betelanean onar daitezkeen material bakarrak hondakin ez-arriskutsuak izango dira, hau da, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta eraikuntza- edo eraispen-obretan hondeatutako beste material natural batzuk, hala nola lurrak, buztinak, lohiak, hareak, legarrak edo harriak (EHZ 170504 kodean jasoak: lurra eta harriak, 170503 kodean zehazten ez direnak). Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik.
Proiektatutako betelanetik berariaz kanpo geratzen dira lehen aipatutako material naturalak, honako kasu hauetan:
a) Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrak, material zeramikoak, metalak, plastikoak, zurak eta abar; edo
b) Materialak lurzoru hauetatik badatoz: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan definitutako lurzorua kutsa dezakeen jardueretakoren bat hartu duten zoruak; era berean, lurzorua kutsatuta egon daitekeen zantzuak badaude.
Proiektuaren esparrua:
Jardueraren eraginpeko gehieneko esparrua bat etorriko da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoarekin, eta 2022ko apirilaren 19ko proiektu teknikoaren «Lurraren azken egoera» 4. planoan jasota daude.
Uribarri-Ganboako urtegitik (KBE ES2110011 «Zadorrako sistemako urtegiak» eta Ramsar 3ES039 hezegunea «Uribarriko urtegiko ilarak») 50 metroko tartea errespetatuko da gehieneko ohiko mailari dagokionez (546,5 m) eta Garadia errekatik, aldiz, 15 metrokoa, eta errekaren ondoan dagoen ur-putzuaren gunerik zabalenean, distantzia hori 25 metrokoa izango da.
Ezin izango zaie inolaz ere eragin proiektuan aipatutako eragin-mugetatik kanpo dauden guneei, izan betelanak beraiek egiteagatik, izan lur-pilengatik eta makinak jartzeko guneengatik edota jarduera lagungarriengatik.
Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.
Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
4090 Batasunaren Intereseko Habitata –Txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin, hartzen duten azalerek ez dute eraginik izango proiektua gauzatzean. Landarediari kalterik ez egiteko, obrei ekin aurretik, intereseko habitatak dauden guneak seinaleztatu egingo dira, eta 10 metroko atzeratze-zerrenda utziko da inguruan; berdin jokatuko da jarduketa-eremutik gertu egoteagatik eragina pairatu dezakeen landaredi autoktonoko multzo ororekin (adibidez, Garadia errekaren erriberako landaredia).
Birpopulatze bat egingo da 4090 Batasunaren Intereseko Habitata –Txilar eta ipuruetan oinarritutako elorri-triska duten txilardi oromediterraneoar endemikoak dituzten azaleretan, eta, era berean, Nekazaritza eta Basogintzaren LAParen arabera ingurumena hobetzeko gisa sailkatutako azalera hartuko da, Ingurumen Dokumentuan planteatutako neurriei jarraiki. Horretarako, basogintzako organo eskudunaren aldeko txostena izango da (Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzua).
Kontrol-neurri zorrotzak hartuko dira kanpoko landare-espezie inbaditzaileak (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Amaranthus, Echinochloa, Buddleja davidii, Baccharis halimifolia, banbu, etab.) detektatu eta gurean sartu eta hedatu ez daitezen. Jarduteko eremuan espezie horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da betelanetako eta landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea ekidingo da.
Edozein zuhaitz-mozketa egiteko, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren berariazko baimena beharko da (Mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauaren 27. eta 43. artikuluak).
Fauna babesteko neurriak:
Itxitura perimetralak egin behar badira, itxituraren behealdean tarte libreak utzi beharko dira: lurretik 15-20 zentimetroko garaiera izango dute. Betelanak amaitzeko fasean, itxitura guztiak kentzea gomendatzen da.
Ahalik eta animalia txiki gutxien hil daitezen drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan itota edo atera ezinik, elementu horiek diseinatzean, arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Horretarako, drainatze-elementuek, diseinuan, arrapala zimurtsu txiki gisa ateratzeko aukera emango duten elementuak izango dituzte, 25 metrotik behin bereizita, 30.ş-ko angeluekin edo ihes-zuloekin.
Halaber, drainatze-areken profila trapezoide eta uve formakoa izango da, eta ez angeluzuzena; izan ere, zailagoa da animalia txikientzat profil angeluzuzena duten ubideetatik irtetea.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak:
Jarduketak gauzatu aurretik, arroko erakundearen administrazio-baimena eduki beharko da.
Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Alde horretatik, neurriak hartuko dira Garadia errekara solido esekiak (lastozko hesiak) ez isurtzeko eta beste kutsatzaile batzuk ez isurtzeko.
Bideetako, sarbideetako eta garbiketa-ureztatzeetako jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta ezingo dira zuzenean isuri. Horrez gain, obran, neurriak ezarriko dira bestelako kutsatzailerik erori ez dadin (horretarako, besteak beste, makinen mantentze-lanak kontrolatu beharko dira, bai eta lixibiatuak kudeatu ere). Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da (sepiolita motakoa edo antzekoa), istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Makinak urekin kontaktuan jartzea aurreikusten ez bada ere, zebra-muskuiluaren espezie inbaditzaileak (Dreissena polymorpha) Zadorraren sistemako urtegiak kaltetu dituenez, Uraren Euskal Agentziak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako desinfekzio-protokoloak aplikatu beharko dira (URAren webgunean eskura daitezke), bai lan-makinetan, bai urekin kontaktuan dauden elementu osagarrietan, espezie horretako larbak edo helduak kutsatu gabeko uretara zabaltzea saihesteko.
Proiektuak makina-obren eta instalazio laguntzaileen gunea eratzea barne hartzen badu, gune hori drainatze-sare naturaletik isolatu beharko da. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
Ezin izango da lurrazaleko edo lurpeko urik bildu nahitaezko administrazio-emakidarik gabe, ezta ibilgura edo lurrera isuririk egin ere, dagokion baimenik gabe.
Lurzoru-geruza emankorraren gainaldea modu bereizian erretiratuko da, nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko.
Kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta paisaia babesteko neurriak:
Botatako masa inguruaren morfologiari egokitu eta berdindu behar zaio; azalean ertzak eta azalera lauak saihestu behar dira, eta lursail naturalaren eta betelan-gunearen arteko trantsizioak leuna izan behar du (ertzak leundu egin behar dira). Neurri hori bereziki kontuan hartu behar da Garadia errekaren mugakide den ekialdeko zerrendan.
Betelanaren bolumena egokitu beharko zaio bera hartzen duen azalerari; beraz, saihestu beharko dira gehiegizko masak eta inguruko morfologiarekin bat ez datozenak, edo ezponda eta malda handiegiekin.
Leheneratze-proiektuak kartografikoki honako hauek identifikatu beharko ditu: leheneratu beharreko eremuak, erabili beharreko espezieak, landaketa-esparruak, kamioientzako gurpilak garbitzeko sistemaren kokapena, lasto-fardelen hesiak, aurrekontua, etab. Horretarako, adierazitako natura-ondarea babesteko irizpideak hartu beharko dira kontuan, eta proiektua ingurumena lehengoratzeko prestakuntza eta esperientzia frogatua duten teknikariek gauzatu eta gainbegiratu beharko dute.
Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar).
Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
Airearen kutsadura murriztera zuzendutako neurriak.
Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:
– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.
– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro, lokatz barik. Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Ez da hondakinik erreko, ez eta inolako materialik ere.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak:
Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jarduera uztea:
Betelana amaitu ondoren, hura egitearekin zerikusia duen edozein instalazio eta oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta kendu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.
Betelana amaitu ondoren, kaltetutako azaleren aurretiko nekazaritza-erabilera berreskuratuko da.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkoa proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Proiektu hori honako hau da: Barrundiako (Araba) Mendixur 2. poligonoko 214, 215 eta 218 lurzatietan hondeaketatik eratorritako lur naturalekin betelanak eginez egokitzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Zarauzko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.