Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2023ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2760

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Bermeoko (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 21-2 esku-hartze eremuaren ondoriozko P8 eta P11 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko dena.

AURREKARIAK

2023ko otsailaren 23an, Bermeoko Udalak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Bermeoko HAPOren (aurrerantzean, Plana) 21-2 esku-hartze eremuko P8 eta P11 lurzatien ondoriozko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Plan Bereziaren Memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bermeoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Bermeoko HAPOko 21-2 jarduera-eremuan sortuko diren P8 eta P11 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.B eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bermeoko HAPOko 21-2 jarduera-eremuan sortuko diren P8 eta P11 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Planak Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO) onartutako antolamendu xehatua aldatzen du, P-8 eta P-11 lurzatiak bateratzeko eta inguruan etorkizunerako aurreikusitako esku-hartzeekin bat datozen tipologietako etxebizitza-eraikin bakarra planteatzeko. Ildo horretan, bizitegi-garapeneko eskema irekiago bat proposatzen da, bloke laukizuzen bakarra izango lukeena, hegoalderantz mailakatua eta lurzatiaren ekialdeko muturrarekin lerrokatua. Halaber, etxebizitzak bizigarritasun-estandar berrietara egokitzen dira.

Eremuak 1.047,10 m2-ko azalera du guztira, eta hiri-lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta, dentsitate txikiko bizitegi-kalifikazio orokorrarekin eta 1.581,31 m2-ko eraikigarritasunarekin.

Esku hartzeko eremua osatzen duten P-8 eta P-11 lurzatien eraikigarritasunak batzearen ondoriozko hirigintza-eraikigarritasunari eusten dio Planak.

Planteatutako antolamenduak honako irizpide hauei jarraikitzen die:

– Hegoaldeko eta ekialdeko sestrapeko gehieneko lerrokadurak lurzatien mugari egokitzen zaizkio.

– Sestra gainean, mendebaldeko fatxadaren lerrokadura zeharkako bidearekiko atzeraematen da, sektoreko gainerako esku-hartzeen gehiengoaren irizpideari jarraitzeko. Horrela, terrazaguneak sortzen dira mendebalderantz, beheko solairuetako etxebizitzen aireztapena eta argiztapena errazten dutenak, eta aipatutako bideari zabalera handiagoa ematen zaio.

– Hegoaldeko fatxadaren lerrokadura modu mailakatuan atzeraematen da eta, horrenbestez, terrazak eratzeko aukera ematen da.

– Azkenik, iparraldeko fatxadaren lerrokadura ere atzeraematen da, alde batetik, eraikinari pribatizatutako gune txiki bat emateko goiko biderantz, eta, bestetik, bide horretatik atarietarako sarbideak arrapalen medioz egokitzeko.

Proposatutako eraikuntzaren profila hau da: sotoa + erdisotoa + beheko solairua + 1 + teilatupeko oina. Eremuaren orografia dela eta, iparraldeko bidea beheko solairuaren gutxi gorabeherako kotan egongo da; hegoaldean, ordea, bidea sotoaren kotarekin bat etorriko da.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatibaz edo ez esku hartzeaz gain, bi garapen-alternatiba aztertu dira.

0 alternatiba baztertu egin da, orube bat hutsik eta gutxiegi erabilita mantentzea ekarriko lukeelako, garatzeko bidean dagoen bizitegi-eremu batean.

1. alternatiba bat dator indarreko plangintzan aurreikusitako familia bakarreko etxebizitzen egitura mantentzearekin, eta, beraz, ez die jarraikitzen 21-2 arearen hirigintza-irizpide berrietara; horrenbestez, hori gauzatzeak zailtasun handiagoak ekarriko lituzke, lurraren orografia irregularra dela-eta.

2. aukera bat dator Planak azkenean onartutako proposamenarekin, aurreko paragrafoetan xehetasunez deskribatzen denarekin, hain justu. Sustatzailearen arabera, antolamendu hori bat dator inguruneko orografiarekin eta tipologia bolumetrikoarekin.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua bat dator Bermeoko Baratz Eder 21 bizitegi-sektoreko 21_2 jarduketa-eremuko 8. eta 11. lurzatiekin. 1.047,10 m2-ko azalera duen orube huts bat da, Bermeoko Baratz Eder 21 bizitegi-sektorean txertatua. Zehazki, 21-2 jarduera-eremua –esparrua barne hartzen duena– urbanizatuta eta partzialki eraikita dago. Horri dagokionez, orubeak hiriko bideak mugatzen ditu iparraldean, hegoaldean eta mendebaldean, eta gune libre bat, berriz, ekialdean. Urbanizazio-obrek eremua aldatu egin dutenez, artifizializazio-maila handia dago eremuan eta, horrenbestez, ez du ingurumen-balio nabarmenik.

Aztergai den eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Okako Unitate Hidrologikoan dago. Eremuan ez da ur-ibilgu iraunkorrik identifikatu, eta hurbilen dauden ur-masak eremutik 250 metrotik gorako distantziara daude.

Eremua iparraldeko Antiklinorio lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez dago interes hidrogeologikoko inongo eremutan kokatuta.

Eremua Bermeoko ikuspen-arroan dago kokatuta, paisaia-balio ertain-txikia du, eta oso arrunta da.

Eremuko landaredi nagusia erruderala eta nitrofiloa da, belarkara eta zuhaixka itxurakoa, lurzoruen alterazio-maila handia dela eta. Horri dagokionez, ez da identifikatzen Batasunaren intereseko habitatik, ezta arriskupeko flora- eta fauna-espezierik ere.

Eremua Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, hiri-lurzoruan, eta haren antolamendua udal-plangintzari lotzen zaio. «Urdaibaiko Itsasadarra» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (ES0000144) eta «Urdaibaiko itsasertzak eta padurak» Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2130007) eremuaren iparraldetik 150 metrotik gorako distantziara daude. Ez dago jasota interes geologikoko tokirik, natura-intereseko beste gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik daudenik. Halaber, ez dator bat Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko beste ezein elementurekin, ezta ezein hezegunerekin ere.

Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da. Eremuan ez da identifikatzen, gainera, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik.

Egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustiko bat aurkeztu da, eta, hor adierazten denez, zarata-iturriak trafikoak sortutakoak dira. Azterlanak ondorioztatzen duenez, ez gaur egun, eta ez etorkizunean ere, ez dira gainditzen eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Nolabaiteko inpaktua eragin dezaketen jarduketa nagusiak etxebizitzak eraikitzeko obretan gertatuko dira gehienbat.

Plana garatzearen ondoriozko balizko efektuak, horrenbestez, eraikuntza-obrei dagozkie: lurzorua okupatzea eta iragazgaiztea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta zaratek eragindako ondoezak, landaredia kaltetzea, baliabideak kontsumitzea, eta abar.

Proposatutako jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten planteamenduak inguruko intereseko naturaguneei eragingo dienik.

Ustiapen-fasean, litekeena da etxebizitza kopurua handitzeak berekin ekartzea, besteak beste, eremuko trafikoa eta mugikortasuna handitzea, hondakinen sorrera eta energia-iturrien erabilera areagotzea etab., baina Planaren irismena kontuan hartuta, igoera txikia izango da.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta gaur egun onartuta dagoen antolamenduarekin sortzen diren inpaktuak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bermeoko HAPOko 21-2 jarduera-eremuan sortuko diren P8 eta P11 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:

– Ustiapen-fasean dagoen eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

• Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

• Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

• Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia zirkularra bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira –112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena–.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Bermeoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrengatik eragindako eremuak leheneratzea: planaren ondoriozko ekintzak gauzatzearen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak: lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia: berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura: edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak: ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera: gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea: barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Bermeoko HAPOko 21-2 jarduera-eremuan sortuko diren P8 eta P11 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bermeoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Bermeoko HAPOren 21-2 jarduera-eremuko P8 eta P11 lurzatien ondoriozko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala