Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2023ko ekainaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2743

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 29koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza programaren oinarri arautzaileak, eta egiten eta argitaratzen baita laguntza horien deialdia.

2022ko martxoaren 24an argitaratu zen EBEOn (2022/C 131 I/01) Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren ekonomia bultzatzeko estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparrua. EBko Aldi Baterako Esparru horretan ezartzen denez, Ukrainaren aurkako errusiar erasoaren edo ezarritako zigorren, edota zigorrei erantzunez hartutako errepresalia-kontraneurrien, eraginpeko enpresentzat, zenbateko mugatuko aldi baterako laguntzak konponbide egokia, beharrezkoa eta selektiboa izan daitezke egungo krisi honetan.

2022ko ekainaren 13an, Europako Batzordeak Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia bultzatzeko laguntza-neurriei buruzkoa (SA.102771). Aldi Baterako Esparru Nazional horretan ezarritakoarekin bat etorriz, eskumeneko agintariek aukera izango dute enpresa eta autonomoei aldi baterako laguntzak emateko, zehazkiago, aldi baterako laguntzak, likidezia bultzatzeko eta laguntzeko zenbateko mugatuekin, berme moduan eta diruz lagundutako maileguen moduan, betiere Aldi Baterako Esparru Nazional horretan aurreikusitako gainerako baldintzak bete beharko dituztenak.

2023ko martxoaren 17an, Krisia eta Trantsizioa Aldi Baterako Esparrua izenekoa Batzordearen Komunikazioa argitaratu zen EBEOn, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko Estatuko laguntza-neurriei buruzkoa (2023/C 101/03; neurri batean, Ukraina Aldi Esparrua aldatu eta luzatu zuena, 2022ko martxoaren 23an onartua, Errusiak Ukrainaren kontrako gerraren ondorioz, estatu kideen ekonomiari laguntzeko.

Garraio-sektorea berotegi-efektuko gasen igorle nagusia da EAEn, eta energia-kontsumitzaile nagusia ere bai (guztizkoaren % 43,4), ia guztia (% 93,1) petrolioaren deribatuetatik eratorritako erregai fosiletatik datorrena; horregatik, garraioak lehentasunezko sektore bat izan behar du ekonomia deskarbonizatzeko estrategia guztietan, eta bereziki errepide bidezko garraioak, emisioen % 93 eta kontsumitutako energiaren % 80 baino gehiago dela aintzat hartuta. Salgai-garraioari dagokionez, errepide bidezko garraioa lekualdatze guztien % 75 da. Garraio-sektorea EAEko BEGaren % 5 da.

2010-2019 aldian energiaren erabilerak gora egin zuen nabarmen garraioaren sektorean (% 22,8 aldi horretan, ekonomiak oro har % 6,9ko beherakada izan bazuen ere), eta hori hala izan zen, nagusiki, 2008-2011 aldiko krisiaren ostean jarduera ekonomikoa suspertu zelako, eta, horren ondorioz, salgaien garraioak eta ibilgailu astunen bidez egindakoak ere gora egin zuelako. Neurri txikiagoan bada ere, EAEko ibilgailu-parkearen hazkundeak ere zerikusia izan du emisioen igoera horretan (% 4,8 2010etik 2019ra bitarte, automobil kopuruaren % 6,6ko igoerak bultzaturik). Inpaktu erlatiboa txikiagoa izan da ibilgailuetako emisio-tasek hobera egin izanaren eta erregai konbentzional efizienteagoak erabili izanaren ondorioz. Horregatik, salgai-ibilgailu astunen parkea berritzeak eta txatar bihurtzeak energia- eta ingurumen-efizientzia hobetzea ekarriko du berekin, eta, horrela, Aldi Baterako Esparruen helburuak beteko dira.

Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) esparruan. 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren (3E2030) misioa, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, energia-kontsumoan efizientzia gehitzekoa da, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat lortzea.

Aldez aurretik azaldutako guztiaren ondorioz, eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia gauzatzeko,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea; programaren edukia eranskin gisa eransten zaio ebazpen honi.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Bilbao, 2023ko maiatzaren 29a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala