Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2023ko ekainaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2742

ERABAKIA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira toki-korporazioei laguntzak emateko 2023. urteko deialdia eta oinarri arautzaileak.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak behar sanitarioei egokitutako titulartasun publikoko baliabide-zuzkidura izatea bermatuko da, eta baliabide horiek zentzuz eta eraz erabiltzea, horixe izango da planifikatzerakoan aintzat hartuko den irizpidea.

Zerbitzu sanitario egokiak emateko, beharrezkoa da lokal eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea. Hala ere, egiaztatu denez, askotan, lokalak eta ekipamenduak ez datozela bat gaur egungo beharrizanekin, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobe daitezen, laguntza-programa bat sortu da, eta laguntzak emateko modua arautu.

Ildo horretatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere gain hartu du osasun-zerbitzuak hobetzeko sustapen-lan hori, herritarren behar sanitarioei osasun-zerbitzu egokiekin erantzun nahian, eta, hain zuzen ere, helburu horrekin egiten du toki-korporazioei laguntzak emateko deialdi hau.

Hala, kontuan hartuta, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan jasotakoa, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak laguntza eta dirulaguntzei buruz araututakoa betez; eta bestetik, aintzat hartuta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak onartutako Ente Publikoaren Estatutu Sozialek ematen dizkioten eskuduntzak, Osakidetza Ente Publikoko Administrazio Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Toki-korporazioei 2023. urtean laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidentea,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA

1.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioei laguntzak esleitzean nola jokatu zehaztuko duten oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntza horiek helburu izango dute toki-korporazioetako osasun-zentroak eta kontsultategi medikoak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, oin berriko obrak egitea, haiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.

2.– Finantzazioa.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: «Beste batzuei emandako kapitaleko dirulaguntzak»; 65310000 zenbakia.

Programaren diru-zenbatekoa 500.000,00 euro izango da, guztira.

3.– Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izango dira funts publikoen hartzaileak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazio diren aldetik osasun-zentroetan edo kontsultategi medikoetan proiektuak edo obrak hasi badituzte edo altzariz hornitzen hasi badira (edo 2023an horretan jarraitzen badute).

Hartzekodunak laguntza-eskaera aurkezteko epean egiaztatu beharko du izaera hori duela, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien bidez, I. eranskin honen 5. apartatuarekin eta II.1 eta II.2 eranskinekin bat etorriz.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

4.1.– Dirulaguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:

• Proiektuak idaztea.

• Oin berriko obrak.

• Handitze-lanak.

• Eraberritze-lanak.

• Osasun-zentroa mantentzeko konponketa-lanak.

• Altzariak erostea.

Proiektu eta obra horiek laguntzaren onuradun den toki-korporazioaren jabetzako orube, eraikin eta lokalei buruzkoak izango dira.

4.2.– Hala dagokionean, egin beharreko inbertsio osora ere irits daiteke dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.– Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

5.1.– Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabete 1 izango da, Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13., 14. eta 16. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira (Araba kalea 45, 01006 PK, Vitoria-Gasteiz.

5.3.– Eskabideak II.1 eranskineko ereduaren arabera egingo dira, eta horri erantsita aurkeztuko dira II.2 eranskinean eskatutako dokumentuak.

5.4.– Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo hutsegiteren bat dagoela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari aipatu bideak erabiliz, eta 15 eguneko epea emango zaio dena delako akatsa edo hutsegitea zuzen dezan. Epe hori amaituta hutsegitea edo akatsa zuzendu ez badu, eskabidea artxibatu egingo da, bestelako izapiderik egin gabe.

6.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak balioestea.

6.1.– Eskabideak beren-beregi izendatutako batzorde batek baloratuko ditu; hain zuzen ere, Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2022ko azaroaren 23ko 1868/2022 Ebazpenaren bidez izendatu ziren batzorde horretako kideak, osasun-zentroak eraikitzeko, handitzeko, eraberritzeko eta konpontzeko eta horietarako altzariak eskuratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei bideratutako laguntzen deialdian aurreikusitakorako.

6.2.– Eskabideak balioesteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Eskatzen den hobekuntza finantzatzeko arrazoizko beste aukerarik ez egotea.

b) Aintzat hartuko da tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden, esaterako: kontuan izan behar da konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen.

c) Lehentasuna emango zaie zentroen kanpoaldean eta barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko obrei eta zentroetarako sarbidea irisgarri egiteko obrei.

6.3.– Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.

6.4.– Bateraezinak izango dira laguntza hau jasotzea eta xede eta kontzeptu berbera duen beste edozein eratako laguntzak jasotzea, baldin eta gainfinantzaketa gertatzen bada.

Kofinantzaketa badago, helburu bererako hartutako laguntza guztien zenbateko osoa handiagoa denean kostu osoa bera baino, Erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da: kostutik gora zenbat, horrenbeste.

6.5.– Batzordearen balioespenean hauek adierazi beharko dira:

a) Onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.

b) Dirulaguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.

7.– Ebazpena.

7.1.– Balioespena aztertuta, Osakidetzako zuzendari nagusiak –Administrazio Kontseiluak eskuordetuta– laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balioespen Batzordearen proposamenean oinarrituta, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den toki-korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta dokumentu hori behar bezala beteta itzuli behar du 15 eguneko epean, hura jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, hura jasotzeko eskubidea ere galduko da, Erabaki honen 7.2 apartatuan ezarritakoari jarraituz.

7.2.– Balioespenean kontuan hartutako baldintzaren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere aldatu ahal izango da.

Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri hartuta.

Era berean, xede bererako beste laguntzaren bat ere lortuz gero, Osakidetzako zuzendari nagusiak dagokion kitapen-ebazpena emango du esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko; egoera horretan, aldez aurretik ordainketarik egin bada, onuradunak itzuli egin beharko du zegokionetik gora jasotako kopurua.

7.3.– Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio Kontseilari, hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, betiere Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 5.2 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 eta 121. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7.4.– 2023ko abenduaren 31n esanbidezko ebazpenik eman ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsitzat joko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko ezartzen dion betebeharra.

8.– Esleitutako laguntzak ordaintzea.

Esleitutako laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren. Ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez justifikatu beharko du laguntzaren helburua bete duela, kasuan-kasuko egiaztagiriak aurkeztuta.

Aipatutako agiriak aurkezteko azken eguna 2023ko abenduaren 31 da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzera liteke, baldin eta onuradunak, gehienez ere epea bukatu baino 2 hilabete lehenago, horretarako eskaera egiten badu, betiere behar bezala justifikatuta eta nahikoa arrazoi emanda.

Lehenago esandakoa horrela izanda ere, konturako ordainketak egin ahalko dira, laguntza dela-eta hala egitea justifikatzen denean. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako ekintzak burutu ahala ordainduko dira: aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa den, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.

Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke; alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantzazio hori diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko beharrezkoa bada.

9.– Onuradunen obligazioak.

9.1.– Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egon behar dute.

b) Onuradunak egiaztatu behar du, laguntza emango duen erakundearen aurrean, hura jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin duela ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edota gainerako erakunde ikuskatzaileei euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako laguntzei dagokienez.

d) Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez aldatzea.

9.2.– Onuradunak, zehazki, honako konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Esleitu zaion laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.

b) Laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Proiektuak idazteko eta obrak egiteko, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

d) Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.

e) Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu.

f) Era berean, laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren iritziz beharrezkoak diren gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar ditu.

g) Baldin eta Azpiegituren Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, beste agiri osagarri batzuk edo aldaketa batzuk eskatzen baditu, 15 egun naturaleko epean erantzun beharko zaio.

10.– Laguntza itzultzea edo baliogabetzea.

10.1.– Ondoren adieraziko diren egoeretako bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru kopurua ere itzuli beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes legal eta guzti:

a) 8. apartatuan ezarritakoaren arabera justifikazio-beharra betetzen ez badu.

b) Laguntzaren helburua betetzen ez badu.

c) Laguntzaren ondorioz ezarritako baldintzak betetzen ez baditu.

d) Ezarritako kontrol-jarduerak ukatzen edo oztopatzen baditu.

e) Beste laguntza batzuekin batera gainfinantzaketa lortzen badu.

10.2.– Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzeagatik baliogabetu ahalko da laguntza, osorik edo zati bat, 7.2 puntuarekin bat etorriz.

Bereziki, baliogabetuta geratuko da laguntza, baldin eta 9.1.d), 9.1.e), 9.2.b), 9.2.g) eta 10.1 apartatuetan jasotakoa betetzen ez bada.

10.3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren arabera eta dekretu horren 5. artikuluko prozedurari jarraikiz zehaztuko da halako kasuetarako organo eskuduna.

11.– Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarri ez diren prozedura-alderdi guztietan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II.1 ERANSKINA
(ESKAERA-EREDUA)

(Eskaeran agertu behar diren datuak):

TOKI-KORPORAZIOA

KONTSULTATEGIA EDO OSASUN-ZENTROA........................................................... (udalerria).

Osasun-zentroaren edo kontsultategiaren helbidea:

Harremanetarako telefonoa:

Harremanetarako helbide elektronikoa:

Erakunde Sanitarioa:

Deialdia:

Laguntza eskatzeko arrazoia:

(proiektua idaztea, oin berriko obrak, handitze-lanak, eraberritze-lanak, mantentzeko konponketa-lanak)

Inbertsioaren zenbatekoa, guztira:

Jarduketaren azalera:

Aipatutako korporazioak, deialdian oinarrituta,

HAU ESKATZEN DU:

................... euro aipatutako inbertsioak eragindako gastuak ordaintzeko. Eta, inbertsio hori egiaztatzeko, jarraian zerrendatzen den agiriak eransten dira:

(Zehaztu zein dokumentu eransten den, deialdiaren I.2 eranskinari jarraituz)

(data)

(Alkatearen sinadura)

II.2 ERANSKINA
(ERANTSI BEHARREKO DOKUMENTUAK)

1.– Kontsultategi mediko edo osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektua idatzi behar bada, honako hauek erantsi behar dira:

Kontzesiorako:

– Eraikitzeko asmoa dagoen tokiaren kokapen-planoa.

– Plan funtzionala eta zentroak duen osasun-baliabideen txostena (langile sanitarioak), dagokion erakunde sanitario integratuak egina.

– Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik egonez gero.

Ordainketa justifikatzeko:

– Proiektu informatizatua.

2.– Kontsultategi mediko edo osasun-zentro berri bat eraikitzeko, oin berri baterako edo birgaitzeko lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

Kontzesiorako:

– Aurreproiektua edo egikaritze-proiektua, onartua izan dadin.

– Plan funtzionala eta zentroak dituen osasun-baliabideen txostena (langile sanitarioak), dagokion erakunde sanitario integratuak egina.

Ordainketa justifikatzeko:

– Obra amaierako proiektu informatizatua.

3.– Uneko kontsultategi medikoaren edo osasun-zentroa handitzeko edo eraberritzeko lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

– Uneko egoeraren planoa.

– Eraberritzeko proposamenaren planoa.

– Aurreproiektua, oinarrizko proiektua edo egikaritze-proiektua, onartua izan dadin.

– Plan funtzionala eta zentroak dituen osasun-baliabideen txostena (langile sanitarioak), dagokion erakunde sanitario integratuak egina.

– Urbanizazioaren eta sarbideen planoak edo argazkiak, zentrorako irisgarritasuna kanpotik baloratu ahal izateko, indarrean dagoen araudia betez.

4.– Zentroa mantentzeko konponketa-lanak badira, honako hauek erantsi behar dira:

– Eskaera justifikatzen duten egungo egoeraren planoak eta/edo argazkiak.

– Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak edo argazkiak, zentrorako irisgarritasuna kanpotik baloratu ahal izateko, indarrean dagoen araudia betez.

5.– Altzariak erosteko bada, honako hauek erantsi behar dira:

– Kontsultategiaren edo osasun-zentroaren planoa.

– Erosiko diren altzarien aurrekontu xehea.

Kasu guztietan, honako hauek erantsi behar dira:

Kontzesiorako:

– Laguntzaren xedea edo xedeak azaltzen dituen memoria.

– Aurrekontu zehatza.

– Inbertsio osoa eskatzen den ala ez adierazten duen agiria, eta, eskatutako laguntza osoa ematen ez bada, inbertsio osoaren zer ehuneko dagoen prest toki-korporazioa ordaintzeko.

– Beste erakunde bati laguntzarik eskatu zaion ala ez adierazten duen ziurtagiria. Helburu bererako gerora beste laguntzarik ematen bada, nahitaezkoa da horren berri ematea.

– Toki-korporazioa orubearen, eraikinaren edo lokalaren titularra dela egiaztatzen duen agiria, behar bezala konpultsatua (dokumentuan jabetza kontsultategi mediko gisa agertzen ez bada, aurkezten den dokumentazioa kontsultategi horri buruzkoa dela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da).

– Aurkezten den dokumentazio tekniko guztia teknikari eskudun batek sinatu beharko du.

Ordainketa justifikatzeko:

– Dirulaguntzaren xedea bete izanaren justifikazioa, kasu bakoitzean.

– Justifikatzeko fakturak.

– Osoko bilkuraren erabakia, Gobernu-batzordearen Erabakia edo Alkatetza Dekretua, ordainketa onartzekoa.


Azterketa dokumentala