109. zk., 2023ko ekainaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2739
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2023ko maiatzaren 12ko ebazpenaren bidez, «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektua» onetsi zen.
Gaur egun, Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbidearen 79+400 KPan, tuneletik irtetean, bi ezponda malkartsuren artean sartuta dago trenbidea. Ezponda horietan behera inguruetako ura jaisten da, eta ur asko pilatzen da.
Horrez gain, ezkerreko ezponda higatuta dago, eta dagoeneko aipatutako lur jausiak gertatzen dira.
ETSren helburua da Zumaiako San Migel tunelaren inguruetan trenbide plataformaren egoera hobetzea.
Gaur egun, luizi bat dago Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbidearen ezkerreko ezpondan.
Proiektu honetan aurreikusitako esku hartzeak San Migel tunelaren irteeran egingo dira, Bilbo-Donostia trenbidea Zumaiatik igarotzen den lekuan, 79+387 KPan. Hona hemen jarduketak laburbilduta:
– Euri uraren kolektorea diseinatzea.
– Inguru horretan ezponda egonkortzea.
Euri uraren kolektorea birjarriko da, lehendik dagoenak ez duelako behar besteko edukierarik trenbide plataforman jasotako euria husteko; euri asko egiten duenean, urpean gelditzen da plataforma. Birjartze lan horietan, drainatze obraren sekzioa handituko da, husteko ahalmena handitzeko, eta irteera kota berrira egokituko da kolektorea, datozen hilabeteetan trenbidea berritzeko egingo diren obren ondorioz aldatu egingo baita kota hori.
Trazadurak 85 metro inguruko luzera izango du, eta zanga zulatu eta eskoratuko da hura egiteko. Zatirik handiena bide asfaltatu baten azpitik joango da. Trazaduraren gainerako zatian sastrakak eta belardiak daude, ahoan eta hasieran.
Halaber, trenbide plataformaren ezkerraldean dagoen ezponda konpontzea aurreikusten da, San Migel tunelaren irteeran, Donostiarako noranzkoan; izan ere, lurra jausten da bertan. Horretarako, lur jausiei eusteko neurriak hartuko dira.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Zumaiako udaletxeko iragarki taulan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.