109. zk., 2023ko ekainaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (661 KB - 41 orri.)
- EPUB (2077 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
2727
75/2023 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Haur Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak (2000) 14. artikuluan ezartzen du pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea –barne dela derrigorrezko hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza inklusiboa eta kalitatekoa doan jasotzeko aukera–, beren bizitza-proiektuan arrakasta lortzeko gaitasunak eskuratu eta mantentzeko eta gizartean bete-betean parte hartzeko.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak ezartzen du haur eta nerabe guztiek dutela hezkuntza eta irakaskuntza jasotzeko eskubidea. Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Legeak adierazten du funtsezkoa dela haurren eta nerabeen giza duintasuna eta integritate fisikoa eta psikologikoa errespetatzen direla ziurtatzea eta errespeta daitezen sustatzea, indarkeria mota ororen prebentzioaren bidez. Familia eta eskola erabakigarriak dira, eskubide horiek bermatu behar dituzten heinean.
Hezkuntzari buruzko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena) curriculumaren kontzeptuari buruzko aldaketak sartu ditu, eta horrek ekarri du Haur Hezkuntzako Antolaketa eta Gutxieneko Irakaskuntza ezartzen dituen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretua onartzea eta oinarrizko araudia aldatzea. Bestalde, eskumenak banatu dira berriz Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean, eta horrek funtsean aldatzen du Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko abenduaren 22ko 237/2015 Dekretuan ezarritakoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak irakaskuntzaren gaineko eskumen propioa esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, irakaskuntzaren osotasunean, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliatuta, Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako curriculuma onartu du Euskal Autonomia Erkidegoan.
Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legea da euskal ikasle guztiak euskaraz eta gaztelaniaz behar adinako komunikazio-konpetentziarekin moldatzeko ahaldunduko dituen konpetentzia eleaniztunean aurrera egiteko erreferentzia. Era berean, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legean (otsailaren 19ko 1/1993 Legea) helburu hau jasota dago: derrigorrezko irakaskuntza-aldia amaitzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izatea bermatzea, baldintza-berdintasunean bermatu ere, euskararen erabilera bultzatuz eta, horrela, euskararen erabilera normalizatzen lagunduz, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan ohiko adierazpide gisa erabil dadin.
Dekretu honek helburu honekin arautzen du Haur Hezkuntzako curriculuma: euskal hezkuntza-sisteman lortutako hezkuntza-mailak hobetzea eta XXI. mendeko erronka handiei erantzungo dieten hezkuntza-xede berriak bultzatzea. Hori guztia, bat etorriz UNESCOren 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (zehazki, 4. helburuarekin: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea») eta etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz Europar Batasuneko Kontseiluak egindako gomendioarekin (2018).
Haur Hezkuntza etapa bat da berez, zeinean garapen pertsonal, emozional, intelektual eta sozial azkar eta konplexua gertatzen baita, eta hezkuntza-komunitate osoak erreparatu behar dio. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta inplikazioa, eta bereziki maisu-maistren eta familien arteko koordinazioa, funtsezkoak dira etapa honetan.
Haurren heldutasunaren, emozioen, gizarteratzearen eta ikaskuntzen bilakaeraren jarraipena egitea ezinbestekoa da ikasleen oraingo eta etorkizuneko hezkuntza-arrakasta bermatzeko. Haur Hezkuntzak, gainera, Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzan sartzea erraztuko duten oinarriak ezartzen ditu.
Dekretu hau idazteko, kontuan izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan egin den hezkuntza-ibilbidea, inklusibitatearen aldeko apustua, elebitasuna, metodologia berritzaileak, hezkuntza-erantzukizun baterakoa eta kolaboratiboa eta euskal testuinguruan hezkuntza-erronkei egoki erantzuteko eskari soziala, hezkuntza-sistemaren kalitatea etengabe hobetu nahian eta hezkuntza-sistema propioa bikaintasunaren mailetan kokatuko duten emaitzak lortzeko.
Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru berria aurrerapauso bat da Heziberri 2020ren aurreko ereduaren aldean: Heziberri 2020ren zeharkako eta diziplinako konpetentziek bat egiten dute, eta konpetentzia-eredu integratu bat sortzen, funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen bidez definitzen dena eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioak (2018) dioenarekin bat datorrena.
Gainera, dekretu hau ildo estrategiko hauen barruan errenditzen da, eta horiek izango dira dekretuan jasotako elementuak garatzeko oinarrizko erreferentziak:
– Ikaslea da euskal hezkuntza-sistemaren giltzarria, eta goragoko etapen amaieran ikasle bakoitzak irteera-profila lortzea da helburua. Ziurtatu behar da ikasle guztiak XXI. mendeko erronkei pertsonalki, sozialki eta profesionalki arrakastaz aurre egiteko moduan daudela. Hori guztia, ongizate emozionaleko inguru inklusibo eta seguru batean.
– Eskola da hezkuntza-eraldaketarako ardatza: ikastetxe ahaldunduak eratu behar dira, pedagogiaren eta antolaketaren kudeaketan lidergoa banatzea sustatzen dutenak eta hezkuntza-komunitate osoaren ikaskuntzan oinarritutako berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzen dituztenak. Horretarako, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen autonomia sustatuko du.
– Irakasleek rol aktiboa hartu behar dute ikaskuntza-prozesuan, eta, hain zuzen, beren irakaskuntza-esparruan eta trebetasun didaktiko eta metodologikoetan duten aditu mailako ezagutza da haien lidergoaren oinarria. Gainera, gidari, orientatzaile edo bultzatzaile gisa jardun behar dute ikaskuntza partekatuko edo ikaskuntza autonomoko jardueretan, bai eta talde-lanera edo kolaborazio-lanera edo proiektu bidezko lanera bideratutako jardueretan edo ikasleak guztiz garatzeko benetan balio duen beste edozein irakaskuntza edo ikaskuntza modalitatetan ere.
– Konpetentzia-curriculuma ikaskuntza sakon eta funtzional baterantz bideratzen da: ikasten dena era bateko eta besteko egoeretan baliatu daiteke, denboran zehar irauten du eta aukera ematen du egoera errealetan problemak konpontzeko.
– Hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea funtsezkoa da: beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundu-ikuskera eta ulerkera jakin bat eta besteekin harremanetan jartzeko era zehatz bat garatzeko. Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin –Euskal Herriko hizkuntza propioa baita– eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, baita beste hizkuntzekin ere. Gainera, hizkuntza- eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeak gainerako funtsezko konpetentziak garatzera bultzatzen du, eta, beraz, beste arloen zerbitzura dago konpetentzia hori.
– Curriculumerako sarbidearen unibertsaltasuna. Guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera izatea ekarriko du, eta benetako integraziorako, aukera-berdintasunerako, erabateko parte-hartzerako eta eskola-arrakastarako bidea markatuko du. Ikaskuntzarako diseinu unibertsala hartuko da aintzat irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.
– Hezkidetza funtsezkoa da pertsonei sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoetatik eta roletatik kanpo garatzen laguntzeko, eta bera izango da hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa eta ikastetxeen antolaketa pedagogikoarentzako irizpide orientatzailea, maila eta modalitate guztietan.
– Arreta berezia jarri behar zaie haurren ongizate emozionalari eta hezkuntza-komunitate osoa zaintzeari. Ondo eta harmonian sentitzearen esperientzia subjektiboa sartzen da hor, eta bakoitzak bere buruari buruz iritzi positiboa izatea, zailtasunei aurre egiteko eta haiek ondo gainditzeko segurtasuna ematen duena. Ongizate emozionala beharrezkoa da inguruneko eskaerei eta egoerei aurre egiteko edo horietara egokitzeko, eta eskaera eta egoera horien artean dago ikaskuntza ere. Curriculumak ongizate emozionalean lagundu behar du.
Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluarekin eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.
1.– Dekretu honen xedea da Haur Hezkuntzako etapako curriculuma ezartzea eta hura nola ezarri, ebaluatu eta garatu arautzea. Etapa horrek 0 urtetik 6 urtera bitarteko hezkuntza hartzen du, eta bi ziklotan dago egituratuta.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan da aplikatzekoa.
2. artikulua.– Definizioak.
Honela ulertu behar dira:
a) Helburuak: funtsezko konpetentziak eskuratuz ikasleek etaparen amaierarako iritsi beharko lituzketen lorpenak.
b) Funtsezko konpetentziak: haurrek arrakastaz aurrera egin dezaten eta bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin diezaieten ezinbestekotzat jotzen diren jardunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapenerako behar dituztenak dira, bai eta herritartasun aktiboa, gizarte-inklusioa eta enplegua sustatzeko behar direnak ere.
c) Konpetentzia espezifikoak: arlo bakoitzeko oinarrizko jakintza beharrezkoa den jardueretan edo egoeretan ikasleek baliatzen jakin behar duten neurriak. Konpetentzia espezifikoak, hain zuzen, funtsezko konpetentziak, arloetako oinarrizko jakintza eta ebaluazio-irizpideak lotzeko eta zehazteko elementuak dira.
d) Ebaluazio-irizpideak: arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoetan aipatutako jardueretan edo egoeretan ikasleek ikaskuntza-prozesuaren une jakin batean iritsi beharko lituzketen jardun-mailak adierazten dituzten erreferenteak.
e) Oinarrizko jakintza: arlo baten berezko edukiak osatzen dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak, ikasi beharrekoak direnak konpetentzia espezifikoak eskuratu eta garatuko badira.
f) Ebaluazio hezitzailea: irakasteko eta ikasteko prozesua ebaluatzeko modalitate bat da, izaera arautzailea duena, eta ikasleen zailtasunak eta aurrerapenak hautematea du xede, prozesu didaktikoa ikasleen beharretara egokitzeko.
g) Ikas-egoerak: haurrei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzeko eskatzen dieten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dietenak.
h) Ikaskuntzarako diseinu unibertsala (IDU): curriculuma garatzeko printzipioak dira, haur guztiei hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna ematen dietenak, eta haien helburua benetako inklusioa eta parte-hartzea lortzea da, ikasle guztientzat ikaskuntzarako oztopoak minimizatuz eta ikasteko aukerak maximizatuz.
3. artikulua.– Haur Hezkuntzaren antolaketa.
1.– Haur Hezkuntza borondatezkoa da eta berezko identitatea du. Etapa horrek 0 urtetik –haurra jaiotzen denetik– oro har 6 urtera bitarteko hezkuntza hartzen du, eta bi ziklotan dago egituratuta.
2.– Bi ziklotan dago antolatuta: 0 urtetik 3 urtera bitartekoa da lehen zikloa, eta 3 urtetik 6 urtera bitartekoa bigarrena.
3.– Haur Hezkuntzako bi zikloek izaera globala eta integratua dute.
4.– Haur Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeek dekretu honetan ezartzen diren curriculum-elementuetara egokitu behar dute beren irakasle-jarduna, ikastetxe bakoitzak duen autonomia pedagogikoa ezertan galarazi gabe.
4. artikulua.– Haur Hezkuntzaren xedeak.
1.– Haur Hezkuntzaren xedea da haur guztien garapen integrala eta harmonikoa dimentsio guztietan –fisikoan, emozionalean, sexualean, afektiboan, sozialean, kognitiboan eta artistikoan– lortzen laguntzea, autonomia pertsonala bultzatuz eta progresiboki beren buruaren irudi positibo eta orekatua sortzera bultzatuz, eta orobat bizikidetzarako balio zibikoetan oinarritutako hezkuntzan laguntzea. Hori guztia, familiekin lankidetza estuan arituz.
2.– Haur Hezkuntzaren xedea erdiesteko, behar-beharrezkoa da:
a) Haurraren garapen integrala sustatzea, haurraren ongizatea, sozializazioa eta hezkuntza kontuan hartuta eta haren eskubideak errespetatuz, eta haren potentzialtasun guztien garapena sustatzea, familiekin elkarlanean arituz.
b) Desberdintasunak gainditzen dituen prebentzio-hezkuntza bat sustatzea, egoera sozial edo pertsonal ahulenean daudenei arreta emateko eta ekitatea lortzeko ahalegina eginez.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan elebitasun orekatua bermatzeko egoera egokiak ahalbidetzea eta sustatzea hezkuntza-ekintzaren hasieratik.
5. artikulua.– Haur Hezkuntzaren printzipio orokorrak.
1.– Etapa honek haurren ongizate fisikoa eta emozionala bermatu eta sustatuko du eskola-esparruan, eta horrek ekarriko du haurrak modu progresiboan pertsona gisa bete-betean garatzea.
2.– Haur Hezkuntza globala da, eta ikasleen arteko ekitatea bermatu behar du. Horretarako, sustatu behar du, batetik, neska-mutiletan tratu- eta aukera-berdintasuna izatea eta, bestetik, sexu-, genero-, etnia-, arraza- eta jatorri-aniztasuna, gaitasun funtzionalen aniztasuna eta egoera pertsonal, sozioekonomiko eta kulturalen aniztasuna onartzea, norberaren identitatea errespetatuz eta aniztasuna baloratuz.
3.– Ikasleentzako arretan eta hezkuntza-orientazioan arreta berezia jarriko da autoezagutza, ingurunearen aurkikuntza eta esplorazioa eta komunikazioa sustatzeko, ikasleen potentzialtasunak ahal den gehiena garatuz. Familiekin batera lan egingo da, beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan lagundu dezaten.
4.– Haur Hezkuntzan bi zikloen arteko koherentzia gorde behar da, batetik bestera igarotzen laguntzeko.
5.– Ekitatearen eta inklusioaren printzipioak bermatze aldera, Haur Hezkuntzako programazioan, kudeaketan eta garapenean erantzuna emango zaio jatorri kultural, sozial eta ekonomikoko desberdintasunek haurren ikaskuntzan eta bilakaeran dituzten ondorioak konpentsatzeari, baita berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak goiz detektatzeari eta horiei arreta goiztiarra emateari ere.
6.– Helburu horrekin berarekin, hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriek ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioei jarraituko diete.
7.– Hezkuntza-etapa honen bigarren zikloa doakoa izango da. Lehen zikloan, kalitatezko eta doako eskaintza publikoaren eskaintza sustatuko da.
6. artikulua.– Haur Hezkuntzaren printzipio pedagogikoak.
1.– Funtsezko konpetentzia guztien garapen integratua eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratutako irakasteko eta ikasteko metodologiak inplementatuko dira, inklusibitatearen eta ekitatearen printzipioen barruan.
2.– Etapa honetako bi zikloetan, modu progresiboan hartuko dira kontuan kudeaketa afektiboa eta emozionala, gorputzaren mugimendua, gorputza kontrolatzeko ohiturak, komunikazioaren eta hizkuntzaren adierazpenak, elkarbizitzarako eta gizarte-harremanetarako funtsezko jarraibideak, bai eta ingurunea, bertan bizi diren izaki bizidunak eta ingurune horren ezaugarri fisiko eta sozialak deskubritzearen eta baloratzearen ekintza ere. Balioetan oinarritutako hezkuntza ere sartzen da.
3.– Gainera, haurrek autonomia pertsonala eskuratzea eta beren buruaren irudi positiboa, orekatua, berdintasunezkoa eta estereotipo diskriminatzailerik gabea eratzea sustatuko da.
4.– Adin hauetako hizkuntza eta pertzepzio-modu espezifiko guztiak garatzeko lan egingo da, haurren potentzialtasun guztiak garatzeko, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak eta haren Batzordearen Ohar Orokorrek definitzen duten haurren berariazko kulturarekin bat etorriz.
5.– Praktika metodologikoak ikasketa-esperientzia esanguratsu eta emozionalki positiboetan, esperimentazioan eta jolasean oinarrituko dira. Afektibitate- eta konfiantza-giroan gauzatuko dira, autoestimua eta gizarteratzea indartzeko eta atxikimendu segurua ezartzeko, haurrak familia-ingurunetik eskola-ingurunera ondo igarotzen direla eta zikloen artean eta etapen artean etenik ez dagoela zainduz.
6.– Era berean, haurrek ingurune naturalean lehenengo esplorazioak eta hurbilketak egitea bultzatuko da. Horrez gain, kontsumo arduratsuaren eta jasangarriaren aldeko hezkuntza eta osasuna sustatzea eta osasun-hezkuntza sartu behar dira.
7.– Ahozkotasunak zeregin nabarmena du etapa honetan. Bi hizkuntza ofizialak ikastea bultzatuko da, euskararen erabilera sustatuta eta haurren familia-hizkuntzetatik euskarara igarotzea erraztuta.
8.– Hezkuntza-ekintza inklusiboak askotariko esperientziak, erreferenteak eta ikaskuntzak eskaini behar ditu ikasle guztientzat, kulturarteko ikuspegi globaletik, eta ez etnozentrikotik eta androzentrikotik, eta horiek haur bakoitzaren bilakaerara eta lan-erritmora egokitu behar dira.
7. artikulua.– Haur Hezkuntzaren helburuak.
Haur Hezkuntzak honako hauek egiteko gaitasuna garatzen lagundu behar dio haurrari:
a) Norberaren gorputza eta besteena ezagutzea, baita harekin zer egin dezakeen jakitea ere, eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.
b) Bere ingurune familiarra, naturala eta soziala behatzea eta arakatzea.
c) Bere ohiko jardueretan pixkanaka autonomia lortzea.
d) Gaitasun emozionalak eta afektiboak garatzea eta haiek erregulatzen hastea.
e) Besteekin harremanak berdintasunean izatea eta pixkanaka elkarbizitzarako eta gizarte-harremanetarako funtsezko jarraibideak eskuratzea, baita enpatia erabiltzen eta gatazkak era baketsuan eta batere indarkeriarik gabe konpontzen trebatzea ere.
f) Komunikazio-trebetasunak garatzea zenbait hizkuntza eta adierazpidetan.
g) Komunikazio-trebetasun linguistikoak garatzea bi hizkuntza ofizialetan, euskararen erabilera sustatuta.
h) Trebetasun logiko-matematikoak, mugimenduak, keinuak eta erritmoak ikasten hastea eta irakurtzen eta idazten hastea.
i) Estereotipoak gainditzea eta pertsonen berdintasuna sustatzen duten arau sozialak sustatzea, aplikatzea eta garatzea.
8. artikulua.– Hizkuntza-esparrua.
1.– Hezkuntza-sistemaren helburua da haur guztien hizkuntza- eta komunikazio-trebetasunak kulturarteko ikuspegi eleaniztun batetik abiatuta garatzea. Horretarako, bi hizkuntza ofizialak ikastea sustatuko da, haurren familien hizkuntza kontuan hartuta, eta euskara sustatuko da komunikazio-hizkuntzatzat. Haurrak atzerriko hizkuntza bat ikasten eta erabiltzen hasteko irakaskuntza ere eman ahal izango dute ikastetxeek.
2.– Hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza antolatzeko eta hizkuntzak tratatu eta erabiltzeko irizpideak haurren eta haien ingurunearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta zehaztuko dira, ikastetxeen autonomiaren esparruan. Indarrean den legediarekin bat etorrita, ikastetxeak hartzen dituen erabaki guztiak ikastetxearen Hezkuntza-proiektuaren barruko Hizkuntza-proiektuan zehaztu behar dira, zeinetan planifikatu behar baitira haurrek hizkuntzak ikasteko, erabiltzeko eta hizkuntzekiko jarrera positiboa garatzeko bideak. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak Hizkuntza-proiektuon jarraipena eta ebaluazioa egingo du.
3.– Ikastetxean bertan garatzen diren jardueretan eta kanpo-proiekzioko jardueretan adierazpidea euskara izatea sustatu eta ziurtatuko da.
4.– Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentziaren garapena zeharka landuko da curriculumeko arloen testuinguruan, eta, horretarako, hizkuntza testuinguruan kokatutako egoera funtzional, atsegin eta esanguratsu batean ikastea eta irakastea bermatu behar da.
5.– Euskal Hezkuntza Sisteman berandu sartzen diren ikasle atzerritarrak hartzeko eta haiei hizkuntza-arreta emateko, ikasle horien inklusioa ahalbidetuko duten prestakuntza-programa integralak beharko dira.
6.– Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak irakasleak prestatzeko eta trebatzeko plan bat egingo du, hizkuntzen esparruan hizkuntza- eta metodologia-konpetentziak hobetzeko.
9. artikulua.– Funtsezko konpetentziak.
1.– Funtsezko konpetentziak dira haurrek arrakastaz aurrera egin dezaten eta bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin diezaieten ezinbestekotzat jotzen diren jardunak (I. eranskina). Haur-etapan, ahaleginak egingo dira funtsezko konpetentzia horiek hurrengo hezkuntza-etapetan bete-betean garatzeko behar diren oinarriak finkatzeko.
2.– Funtsezko konpetentziak benetan eskuratzeko, ikastetxeek ikasteko jarduera eta egoera integratuak ahalbidetzen dituzten leku, material eta esku-hartzeak diseinatu behar dituzte, haurrari ikaskuntzaren emaitzak hobetuz joateko aukera ematen diotenak konpetentzia bat baino gehiago aldi berean garatuz.
3.– Haurrek funtsezko konpetentzia hauek garatu behar dituzte:
a) Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia,
b) Konpetentzia eleaniztuna,
c) Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia,
d) Konpetentzia digitala,
e) Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa,
f) Herritartasunerako konpetentzia,
g) Ekintzailetza-konpetentzia,
h) Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia.
10. artikulua.– Konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak.
1.– Arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak erreferentziak izango dira etapako bi zikloetarako, baita ebaluazio-irizpideak eta edukiak ere. Edukiak oinarrizko jakintza gisa adierazita daude (II. eranskina). Curriculum-elementu horiek orientazio modura ezartzen dira lehen ziklorako, eta, etapako helburuekin batera, bigarren zikloko funtsezko ikasketak osatzen dituzte.
2.– Konpetentziak eskuratzeko eta garatzeko, irakasle-taldeak ikasteko egoerak ahalbidetzen dituzten toki, material eta esku-hartzeak diseinatu behar ditu, bat etorrita III. eranskinean ezartzen diren printzipioekin eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak xedatzen duenarekin.
II. KAPITULUA
CURRICULUMA
11. artikulua.– Curriculumaren alderdi orokorrak.
1.– Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako alderdi hauek hartzen ditu curriculumak: Haur Hezkuntzako ikasketetako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak zehazten dituzten helburuak, arloetako konpetentziak (funtsezkoak eta espezifikoak), ebaluazio-irizpideak, oinarrizko jakintza gisa enuntziatutako edukiak eta metodo pedagogikoak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegorako Haur Hezkuntzako curriculuma dekretu honen II. eranskinean jasota dago.
3.– Dekretu honek curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu, Haur Hezkuntzako funtsezko ikasketak osatzen dituztenak.
4.– Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, Haur Hezkuntzako curriculuma garatu, eta, hala badagokio, osatu behar dute. Zehaztapen hori ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren parte izango da.
12. artikulua.– Arloak.
1.– Haur Hezkuntzako hezkuntza-edukiak haurren esperientziaren eta garapenaren berezko inguruneei dagozkien arloetan antolatuta daude, eta haurrentzat interesa eta esanahia duten ikaskuntza-proposamen globalizatuen bidez heldu behar zaie.
2.– Haur Hezkuntzako arloak honako hauek dira:
a) Harmonian haztea.
b) Ingurunea deskubritzea eta arakatzea.
c) Errealitatea komunikatzea eta irudikatzea.
3.– Elkarren artean lotura estua duten esperientziak hartu behar dira arlotzat, eta, beraz, ikas-egoera global, esanguratsu eta estimulatzaileak eratzera bultzatzen duen hezkuntza-planteamendu bat beharko da, non ikas-egoera horiek lagundu beharko baitute harremanak ezartzen beren elementu guztien artean. Egoera horiek berdinen arteko interakzioa sustatu behar dute, eta haurren aniztasuna kontuan hartu, ikuspegi inklusiboarekin.
III. KAPITULUA
PEDAGOGIA - ETA KUDEAKETA-AUTONOMIA
13. artikulua.– Ikastetxeen autonomia.
1.– Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia sustatuko du. Gainera, irakasleen talde-lana eta ikerketa-jarduera sustatuko ditu, heziketa-praktikatik abiatuta.
2.– Ikastetxeek autonomia izango dute curriculumak zehazteko, eta, horiek garatzeko, beren hezkuntza-proiektuan ezarritakoa hartuko dute erreferentziatzat. Autonomia hau, era berean, islatuta geratzen da ikastetxe bakoitzak garatzen dituen proiektuetan, zeinek Hezkuntza-proiektua ere hartuko baitute erreferentziatzat. Proiektu guztietan, beharrezkoa da curriculumaren gaineko erabakiak eta antolakuntzaren gainekoak bat etortzea.
3.– Ikastetxe bakoitzak bere curriculuma garatuko du. Taldeak eta ikasgaiak malgutasunez antola ditzakete; ikasleen ezaugarrien araberako antolaketa-neurri egokienak eta ezaugarri haien arabera aniztasunari arreta emateko neurri egokienak hartuz.
4.– Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako curriculumak zehaztu edo egokituko dituzte ikastetxeek, eta beren hezkuntza-proiektuan islatuko dute hori, lehentasuna emanez herritartasun aktibora bideratutako ikaskuntza konpetentzialaren berezko printzipioak, helburuak eta metodologia sustatzeari eta garatzeari.
5.– Zuzendaritza-taldeek, beren autonomia-esparruaren barruan, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatuko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan ezarritako konpromisoak betetzen laguntzeko.
6.– Haur Hezkuntzako helburuak erdiesteko, zuzendaritza-taldeek lankidetza- eta kooperazio-harremanak hasiko dituzte hurbileko beste erakunde batzuekin; bereziki, udalekin.
7.– Ikastetxeek laguntza emango diete beren inguruneko erakundeei hizkuntza-normalizazioko planak sustatzeko.
8.– Ikastetxeek familien parte-hartzea eta inplikazioa sustatuko dute. Horretarako, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-ekintzak garatu ditzakete guraso eta legezko tutoreentzat, eta, horietan, curriculumean ezarritako inklusio- eta hezkidetza-printzipioak hartuko dituzte kontuan.
9.– Ikastetxea hezkuntza-sistema baten barruan txertatuta dago eta haren arabera dihardu; ikastetxearen autonomiak, bada, behar bezala egokitu behar du testuinguru horretara. Hezkuntza-esparru hau gai da egokiro bateratzeko helburu eta arau komunak eta ikastetxeek hain beharrezkoa duten pedagogia- eta kudeaketa-autonomia; hori horrela izan dadin, baina, nahitaezkoa da ebaluazioa egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak ditu aurrez aurre, eta egoera horrek ezinbestean eskatzen du ikastetxeen esku uzten diren bitarteko eta baliabideen erabilerari buruzko informazioa publikoa eta gardena izatea, eta, horrekin batera, lortzen diren emaitzen gaineko balorazioa egitea.
14. artikulua.– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
1.– Ikastetxearen hezkuntza-proiektuan, ikastetxearen proposamen integrala jaso behar da, hau da, ikastetxearen hezkuntza-aukera, baita ikastetxeko hezkuntza-komunitateak esku hartzeko prozesua koherentziaz zuzentzeko erreferentzia gisa balio duten orientabide nagusiak ere.
2.– Ikastetxearen hezkuntza-proiektuak berariaz jasoko ditu balioak, helburuak eta jarduketa-lehentasunak, eta eskumeneko sailean ezarritako curriculumak ikastetxean nola zehaztuko diren adieraziko du –Klaustroak finkatu eta onartuko du curriculuma zehazteko modua–; orobat, herritar aktiboak hezteko ikaskuntza konpetentzialak berezko dituen printzipioak, helburuak eta metodologia sustatu eta garatuko ditu. Horiez gain, modu transbertsalean landuko ditu balioetan oinarritutako hezkuntza, garapen jasangarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminaziorik eza, nesken eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa, eskolako jazarpena eta ziberjazarpena, eta bake-kultura eta giza eskubideak. Ikastetxearen estrategia digitala ere jasoko du. Ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektua eratzeko, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruko osagaia izanik, hezkuntza-proiektu osoa eratzeko orduan bezala, arretaz hausnartu eta aztertuko da ikastetxearen ingurunea.
3.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari edo itunpeko ikastetxe pribatuetako titularrari dagokio ikastetxearen hezkuntza-proiektua onartzea. Batean zein bestean, argitara eman behar da.
15. artikulua.– Ordutegia.
1.– Haurrak pixkanaka sartuko dira lehen aldiz ikastetxean, eta bertara egokitzeko aldi bat izango dute, behar bezala planifikatua, ikastetxearekiko eta bertan dauden pertsonekiko atxikimendua sortzen laguntzeko, eta, hartara, haur bakoitzak ingurune seguru eta topaleku atsegin eta amultsu gisa eta bere familia-ingurunearen jarraipen gisa senti dezan ikastetxea.
2.– Etapa guztian, ikuspegi globalizatzailea aintzat hartuta antolatu behar da eskola-ordutegia, eta, jarduerak antolatzean, jarduera-mota eta -erritmo askotarikoak eta atsedena txandakatzeko aukera eman behar da eta jarduerak haur bakoitzaren premietara egokitu. Elikadura, zainketak, ikasteko prozesuak eta erritmo askotariko proposamen edo egoera globalizatzaileak eskainiko dira, ongizate sozioemozionaleko ingurune batean.
3.– Haur Hezkuntzako bigarren zikloko maila bakoitzari urtean 875 ordu dagozkio, gutxienez. Ikasleen jarduerak astelehenetik ostiralera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta maila bakoitzean gutxienez 25 ordu izango dira astean.
4.– Haurren jardueretan, ikasgela barruko jarduerak zein kanpoko esparru irekietan egiten direnak sartzen dira; ahalegindu behar da kanpoko jarduera horiek egunero egiten. Gainera, naturarekin zuzeneko harremana izateko aukera ematen duten jarduerak bultzatu behar dira.
16. artikulua.– Familiek eta legezko tutoreek hezkuntza-prozesuan laguntzea eta parte hartzea.
1.– Gurasoek eta legezko tutoreek eskubidea dute haurren eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.
2.– Gurasoek eta legezko tutoreek hezkuntza-prozesuan babesa eman eta parte hartu behar dute, ikasleek aurrera egin dezaten ikastetxeek hartzen dituzten laguntza- edo errefortzu-neurrietan lagunduz.
3.– Era berean, ikastetxeek eta familiek edo legezko tutoreek, banaka, hartutako konpromisoak berrikus ditzakete eta aldatzea erabaki dezakete, ikaslearen hezkuntza- edo elkarbizitza-prozesua hobetzeko edo atzemandako premiak edo problemak konpontzeko.
17. artikulua.– Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza eta ebaluazioa.
1.– Irakasleek beren funtzioei eta zereginei dagozkien erantzukizun hauek beren gain erarik onenean hartzeko konpetentzia-profil bat izan behar dute:
a) Haurrei bizitzan zehar konpetentziak garatu ahal izateko prozedurak eta jarrerak irakastea.
b) Ikasgelan ikasteko egoeren proposamenak egitea, aplikatzea eta ebaluatzea, curriculumeko funtsezko konpetentzietan eta konpetentzia espezifikoetan eta ikasleen ezaugarrietan oinarrituta.
c) Irakasteko eta ikasteko prozesuak ikertzea, berritzea, garatzea eta ebaluatzea, horien praktikari eta berak partaide diren prestakuntza-sareei buruzko hausnarketatik abiatuta.
d) Haurrei ikasteko gogoa sorraraztea.
e) Proposamen didaktikoak haur bakoitzaren premien arabera doitzea eta egokitzea.
f) Beste irakasle eta hezkuntza-eragile batzuekin kooperatzea eta ikastetxearen kudeaketan eta etengabeko hobekuntzan parte hartzea.
g) Jarduerak gure erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzaren batean garatzea, gure hezkuntza-sistema elebiduna eta eleaniztuna dela kontuan hartuta.
h) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak curriculumean erabiltzea eta integratzea, hezkuntza-etapa honen ezaugarri eta beharretara egokituta, familiekin elkarlanean arituta eta haien erantzukizunarekin bat etorrita.
i) Beren lanbideari eta gizarte-konpromisoari buruzko ikuspegi etikoa garatzea, aldaketak eta berrikuntzak eragiteko gai direnez gero.
j) Problemak eta gatazkak modu konstruktiboan ebaztea, ikasleek konpetentzia pertsonalak eta harremanetakoak garatzeko tresna gisa erabiliz.
k) Beren prestakuntza jarraitua planifikatzea, norberaren praktikari buruzko hausnarketan oinarrituta.
2.– Irakasleen prestakuntzaren helburua da haurrari garapen pertsonal eta afektiboan eta konpetentzien garapenean laguntzeko behar den konpetentzia-profila lortzea. Prestakuntza-prozesuetan arreta berezia jarri behar zaie hezkuntza inklusiboari, hezkidetzari, aniztasun afektibo-sexualari eta hezkuntzan laguntza berezia eta berariazkoa behar duten kolektiboentzako arreta egokiari. Era berean, ikastetxeen testuinguruan berdintasunaren, jazarpenaren eta tratu txarren arloak lantzeko prestakuntza espezifikoa ere jaso beharko da. Gainera, haurren aurkako indarkeria prebenitzeko, atzemateko eta horren aurrean ekiteko, hezkuntza-administrazioak irakasleentzako prestakuntza-jarduerak planifikatuko ditu, jarduera horien eskaintza oparoa eta doakoa dela bermatuko du eta irakasleak jarduera horietan parte har dezaten sustatzeko neurri egokiak ezarriko ditu. Ikastetxe bakoitzaren premien arabera hautatuko da prestakuntza espezifikoa, hausnarketa-prozesuetatik ateratako ondorioak aintzat hartuta.
3.– Hezkuntza-komunitateko kide guztien koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da ikastetxeko hezkuntza- eta antolaketa-esparru guztietan. Era berean, inguruneko beste ikastetxe eta hezkuntza-eragile batzuekin lankidetzan aritzeko eta kooperatzeko ekintzak sustatuko dira. Irakasleek prozesu horretan lagundu eta parte hartu behar dute.
4.– Irakasleen konpetentziak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ebaluatuko ditu. Ebaluazio horretan, irakasleek ere parte hartuko dute, beren garapen profesionala hobetzen eta ebaluazio horretatik eratortzen diren prestakuntza-ekintzak planifikatzen laguntzeko.
18. artikulua.– Aniztasunari hezkuntza-erantzuna ematea hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan.
1.– Eskola inklusiboaren esparruan, haur guztiek behar dute hezkuntzaren arreta, eta, egoera arruntetan, guztiek izan behar dute hezkuntza jasotzeko eta hezkuntza-arrakasta izateko beharrezkoak diren neurri eta laguntzen onuradun, bidezkoa den era batean eta guztiei aukera berberak emanez.
2.– Aniztasunari erantzuteko neurriak, alde horretatik, ikasteko eta parte hartzeko oztopoak gainditzeko asmoz egiten diren hezkuntza-jarduketa guztiak dira. Eskolak ikasleen aniztasunari erantzun diezaion profesionalek erabiltzen duten testuinguruko edozein elementu (pertsonala, antolaketakoa, materiala edo metodologikoa) jotzen da laguntzatzat.
3.– Aniztasunari erantzuteko neurriek ingurune normalizatu eta inklusibo batean haurrek dituzten hezkuntza-premiei erantzun behar diete, eta, betiere, Haur Hezkuntzako helburuak lortzeko bidea eman behar diete. Horretarako, haurren interesak, motibazioak eta ikasteko gaitasuna kontuan hartu behar dira.
4.– Hezkuntza-premiak goiz atzematea oinarrizko jarduketa-printzipio bat da eskolaldiaren hasieratik. Irakasle eta hezkuntza-langile guztiek aktiboki parte hartu behar dute inklusiorako oztopoak goiz atzematen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak eta protokoloak aginduzkoak izango dira, eta funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan aplikatu behar dira.
5.– Ikastetxeei dagokie ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren ikuspegian oinarritutako elkarbizitza- eta ikaskuntza-ingurune seguruak sortzea eta eraginkortasunez ziurtatzea etapa batetik besterako urratsak eta prestakuntza-ibilbideak.
19. artikulua.– Trantsizioa.
Ikastetxeek mekanismo batzuk aurreikusi behar dituzte koordinaziorako eta hezkuntza-sistemak beharrezkoa duen informazioa elkarri emateko, ziklo eta etapa batzuetatik besteetara igarotzean –ikastetxez aldatu zein ez– etenik egon ez dadin haurren hezkuntza-prozesuan, eta hezkuntza-koherentzia eta prestakuntza-jarraitutasuna ziurtatu dadin. Mekanismo horiek, eta haien barruan jatorrizko eta helmugako ikastetxeetako profesionalen arteko kolaborazioak ezartzea sartzen da, behar-beharrezkoak dira berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleen kasuan.
IV. KAPITULUA
EBALUAZIOA
20. artikulua.– Ikaskuntzen ebaluazioa.
1.– Haur Hezkuntzan, haurren ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioa funtsezko osagaia da, eta arretaz planifikatu eta garatu behar da irakasteko eta ikasteko prozesuaren barruan.
2.– Ebaluazioak globala, jarraitua eta hezigarria izan behar du. Zuzeneko behaketa sistematikoa izango da ebaluazio-prozesuaren teknika nagusia.
3.– Etapa honetako ebaluazioak haur bakoitzaren hasierako egoera eta bilakaeraren erritmoa eta ezaugarriak identifikatzera bideratuta egon behar du. Horretarako, arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezarritako ebaluazio-irizpideak hartuko dira erreferentziatzat.
4.– Ebaluazio-prozesuak irakasteko eta ikasteko prozesua hobetzen lagundu behar du, eta, horretarako, erabilitako estrategia metodologikoak eta baliabideak egokiak diren baloratu behar da. Helburu horrekin, tartean diren profesional guztiek beren hezkuntza-praktika ebaluatuko dute.
5.– Familiek edo legezko tutoreek seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta lagundu behar dute, haien ebaluazioari buruzko erabakiak ezagutu behar dituzte eta ikastetxeek haurren hezkuntza-aurrerapena errazteko hartzen dituzten neurrietan lagundu.
6.– Irakasleek, haurren ikaskuntzaz gain, irakaskuntza-prozesua eta beren praktika ebaluatuko dituzte, curriculumean aurreikusitako konpetentziak lortzeari dagokionez. Gutxienez hiruhileko bakoitzaren amaieran, ziklo bakoitzeko irakasle-taldeak ebaluazioaren emaitzak jasoko ditu, eta behar diren aldaketak proposatuko ditu edo behar diren erabakiak hartuko ditu irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua bideratzeko.
21. artikulua.– Eskola-orientazioaren txosten indibiduala.
1.– Tutoreak eskola-orientazioaren txosten indibiduala egin behar du, gurasoei edo legezko tutoreei informazioa emateko. Txosten hori Haur Hezkuntzaren amaieran egitekoa da, baita ezohiko egoerek hala eskatzen dutenean ere, hala nola hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak hurrengo ziklora igarotzen ez direnean.
2.– Haur Hezkuntza amaitzean egiten den eskola-orientazioaren txosten indibidualak, gutxienez, funtsezko konpetentzietan zer maila eskuratu den adierazi behar du, eta konpetentzia horietatik ikasle bakoitzaren hezkuntza-aurrerapena gehien baldintzatzen dutenak azpimarratu, baita arreta indibidualizatua bermatzeko garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak ere.
3.– Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara igarotzen laguntze aldera, arreta berezia jarriko da bi etapen arteko koordinazioan, sortzen diren desberdintasun pedagogikoak eta antolaketakoak gainditzeko eta ikasleen aurrerapen akademikoan desorekarik ez izateko.
22. artikulua.– Ebaluazio-dokumentu ofizialak.
Ebaluazio-dokumentu ofizialak hauek dira: ikasketa-espedientea, zikloaren amaierako ebaluazio-aktak, historia akademikoa eta, hala badagokio, lekualdatzeagatik egindako txosten pertsonala.
23. artikulua.– Ebaluazio-prozesua gainbegiratzea.
1.– Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio hala haurren nola irakaskuntzaren ebaluazio-prozesua gainbegiratzea.
2.– Era berean, Hezkuntzako Ikuskaritzak arreta berezia jarriko du berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten haurren lan-plan indibidualizatuak edo plan horiek egitea eskatzen duen edozein egoerak dakartzanak behar bezala prestatzen, kudeatzen eta ebaluatzen diren ikusteko.
3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxe publikoetan nola irakasten den ebaluatzeko zereginean parte hartu behar du. Ebaluazio horren helburu nagusia da irakasteko jardunaren kalitatea bermatzea eta irakasleen hobekuntza profesionalerako eta ikasleen hezkuntza-emaitzak hobetzeko neurriak hartzeko orduan aholku ematea.
24. artikulua.– Egiazkotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.
Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, ikastetxe batzuek datu horiek beste batzuei lagatzeari eta datu horien kudeaketaren segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokienez, indarrean dagoen datu pertsonalak babesteari buruzko legedian xedatutakoari jarraituko zaio, eta, betiere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ezartzeko egutegia.
Dekretu honetan araututako ikasketen curriculuma 2022-2023ko ikasturtean ezartzen da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erlijioaren irakaskuntza.
1.– Ikasturtea hasi baino lehen, bigarren zikloko haurren familiek edo, hala badagokio, legezko tutoreek adierazi behar dute ea haurrek erlijio-ikasketak jaso ditzaten nahi duten ala ez.
2.– Erlijioa, gehienez ere, astean ordubetez irakatsiko da Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.
3.– Hezkuntza-administrazioak zainduko du erlijioaren irakaskuntzan ikasle guztien eta haien gurasoen edo legezko tutoreen eskubideak errespetatzen direla eta irakaskuntza hori jasotzeak edo ez jasotzeak ez dakarrela inolako diskriminaziorik.
4.– Erlijio katolikoaren irakaskuntza bat etorriko da Egoitza Santuak eta Espainiako Estatuak 1979ko urtarrilaren 3an elkarrekin izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioarekin.
5.– Beste erlijio batzuen irakaskuntza bat etorriko da Espainiako Estatuak Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako lankidetza-akordioetan erabakitakoarekin eta, hala badagokio, etorkizunean beste erlijio batzuekin izenpetzen diren akordioetan erabakitakoarekin. Haien arabera zehaztu behar da Erlijioaren curriculuma.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 237/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 30ean.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.