Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2023ko ekainaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2628

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu eta kontserbatzeko gauzazko laguntzak arautzen diren, Euskariana euskal kulturaren atari digitalaren bidez hedatzeko. Horrez gain, 2023an proiektuak aurkezteko deialdia ere egiten da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat euskal kultura-ondarea kontserbatzea eta hedatzea da. Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du zabalkundearen eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean: «gure komunitatearen oinordetza kulturala osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material, higiezin edo higigarrien bidez eta errealitate ez-materialen bidez adierazten direnak». Definizio hori lege horren 2. artikuluan zehazten da. Jarraian, legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, «objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa», eta azpimarratzen du «interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eta horrek eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera eman duela, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada».

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak.

Beraz, 115. konpromisoaren hirugarren ekimenean jasotakoa betez, hau da, «berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea kulturan», Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri du Euskariana (https://www.euskariana.euskadi.eus/) Euskal Kulturaren Atari Digitala. Liburutegi Nazional Digital baten eredu berritzailea da, eta euskal kulturarekin lotutako alderdi guztietarako sarbidea ematen duen plataforma bateratua da. Horrez gain, Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta sormen-agente guztiek partekatzen duten proiektua da.

Zeregin horiek, ordea, ezin dira ekintza indibidualak izan. Ondare horren ezagutzaren unibertsalizazioak proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta agente bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik.

Ikuspegi horrek, era berean, herritarren inplikazio handiagoa eta euskal kulturaren dinamizazioa ahalbidetu behar ditu, IKTen potentzialtasuna eta gizarte digital baten usadioak eta ohiturak aprobetxatuz.

Beharrezkoa da, gainera, ahalegin hori esparru horretako nazioarteko ekimenekin lotuta egotea, eta, zehazkiago, Europeanarekin, hau da, kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariarekin. 2019an, Eusko Jaurlaritzak Adostasun Txostena sinatu zuen Europeana Fundazioarekin, bere web-orrian euskara erabiltzeko. Akordio hori luzatu egin daiteke, lankidetza-arlo posibleak identifikatzen badira. Lankidetza horrek eskatzen du digitalizazio-prozesuak Europeanak ezarritako eredu estandarizatuen arabera gauzatzea. Eredu horiek objektu digitalen elkarreragingarritasuna, ikusgarritasuna, benetakotasuna eta babesa bermatzen dituzte. Biltegiak eta, zehatzago esateko, OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegiak, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko erabiltzen diren artxibo zentralizatuak dira, eta euren helburua da elkarreragingarritasun-estandarrak garatzea eta sustatzea gaur egungo digitalizazio-proiektu nagusien artean. Hori lagungarria izango da Interneteko edukiak eraginkortasunez hedatzeko.

Bi lan-ildo horien konbinazioari dagokionez, hau da, digitalizazio masiboa eta nazioarteko estandarretara egokitzea, komenigarria eta beharrezkoa da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal kultura-ondarearen baliabideak digitalizatu eta katalogatzeko proiektuak onestea sustatzea, Euskarianaren bitartez hedatu eta ezagutzera emateko.

Laguntzaren izaerari dagokionez, deialdiaren xedea betetzeko, egokitzat jotzen da gauzazko laguntza bat emateko norgehiagoka-prozedura bat erabiltzea, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren bosgarren xedapen gehigarrian emandakoa definizioaren arabera, ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak ematea, baldin eta hirugarren bati emateko xedearekin erosi badira. Beraz, proiektua egikaritu ondoren, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak pertsona eta/edo erakunde onuradunei disko gogor bat emango die, dagozkien proiektuen digitalizazio- edo katalogazio- eta digitalizazio-lanen emaitzarekin.

Gauzazko laguntzen ezohiko izaeraren ondorioz, laguntza horien bidezko sustapen-ildoaren egokitasuna zehazten duten interes publikoko arrazoien justifikazio gehigarria egin beharko da, dirulaguntzen bidezko konfigurazioaren kaltetan.

Alde horretatik, orain arte dirulaguntzak izan direnak gauzazko laguntza bihurtzea justifikatzen duten arrazoiak behar bezala justifikatu dira, eta, laburbilduz, bi dira aurreko deialdietako esperientziaren harira sustapen-formula hori aukeratzea eragin duten arrazoiak: alde batetik, katalogazio- eta/edo digitalizazio-proiektuek partikular eta erakunde askorentzat dakartzaten zailtasun teknikoak eta kudeaketakoak, eta, bestetik, euskal kulturari buruzko edukien atari digitalean (Euskariana) sartzen diren euskal kultura-ondarearen baliabideekin batera jasotzen diren irudi eta deskripzioen kalitatea bermatzeko beharra.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Urteko Planean (DUP 2023, 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez onetsia) eta 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE 2021-2024, 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onetsia) sartuta dago. Aipatutako aginduak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Europako Batzordeak estatuko laguntza-kontzeptuari buruzko Jakinarazpenean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (2016/C 262/01) 107. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan arautzen diren gauzazko laguntzak ez dute izaera ekonomikoa, eta, beraz, ez dira jotzen estatuko laguntzatzat.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu eta kontserbatzeko gauzazko laguntzak arautzeko oinarriak finkatzea, Euskariana euskal kulturaren atari digitalaren bidez hedatzeko, baita 2023an kultura-ondarea digitalizatzeko edo katalogatu eta digitalizatzeko proiektuak aurkezteko deialdia egitea ere.

2.– Deialdiaren xedea da euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuak kontserbatu eta hedatzea, baliabideak digitalizatzeko edo katalogatu eta digitalizatzeko gauzazko dirulaguntzen bidez, pertsona edo erakunde interesdunek aurkeztutako proiektuak baloratu, onetsi eta egikaritu ondoren.

3.– Gauzazko laguntzak digitalizazio- edo katalogazio- eta digitalizazio-lanetatik eratorritako gastuak finantzatuko ditu, deialdian hautatutako proiektuekin bat. Lan horiek Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egikarituko ditu 2024an zehar, zerbitzuen administrazio-kontratu baten bidez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearekin bat. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak ekartzen dira Espainiako ordenamendu juridikora.

4.– Laguntza disko gogor baten bidez emango da, proiektuen digitalizazio- edo katalogazio- eta digitalizazio-lanen emaitzarekin; hala ere, entrega hori kontratazio-espedientearen ebazpenaren mende egongo da.

5.– Hautatutako proiektuen emaitza Euskarianaren (https://www.euskariana.euskadi.eus) bitartez hedatuko da, hau da, euskal kulturaren atari digitalaren bitartez, baliabideak zuzenean sartuta edo bilduta, proiektuaren pertsona edo erakunde sustatzaileek OAI-PMH biltegi propioa badute.

2. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

a) Euskariana: OAI-PMH biltegia, euskal kulturara sartzeko atari digitala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatua.

b) OCR (Optical Character Recognition): karaktereen ezagutze optikoa. Teknologia honen bitartez, eskaner edo kamera batek hartutako testu-irudiak datu editagarri eta bilagarri bihurtzeko aukera dago.

c) Biltegia: artxibo zentralizatua, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko.

d) OAI-PMH biltegia: OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegia, zeinaren xedea baita elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzea, edukiak modu eraginkorrean hedatzeko interneten.

e) Objektu digitala: baliabide baten irudikapen digitala.

f) Jabari publikoa: ustiapen-eskubideak iraungi zaizkien obrak jabari publikoaren parte dira. Edonork erabili ahal izango ditu jabari publikoko obrak, betiere obraren egiletza eta osotasuna errespetatzen badira, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak eta ondorengo arau-eguneratzeak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira (orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

g) Ustiaketa-eskubideak: ustiaketa-eskubideek barne hartzen dituzte erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean jartzeko eta eraldatzeko eskubideak, Jabetza intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan jasotakoarekin bat eta beranduago egindako arauen eguneraketei jarraikiz.

h) Obra umezurtza: jabetza intelektualeko eskubideen titularrak identifikatuta ez dituen obra, edo, identifikatuta egotekotan, lokalizatuta ez daudenak, horiek aldez aurretik arretaz bilatu arren, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

3. artikulua.– Organo eskuduna.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako jarduketen kudeaketa-lanak egitea.

Informazio gehigarria eskuratzeko, jo ezazu Euskadiko Liburutegi Digitalaren web-orrira (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/euskadiko-liburutegi-digitala/), euskadikoliburutegidigitala@euskadi.eus helbide elektronikora, edo 945 01 68 42 telefonora.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta bateragarritasuna.

1.– Gehienez ere, baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira Agindu honetan jasotako xedea lortzeko: 160.000 (ehun eta hirurogei mila) euro.

2.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzazko laguntzatzat jotzen dira, eta, beraz, bateraezinak dira xede bererako beste laguntza eta dirulaguntza batzuekin.

3.– Lanak pertsona eta/edo erakunde onuradunei entregatzeko, dagokion kontratazio-espedientea ebatzi beharko da.

5. artikulua.– Proiektuen zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzaren gehieneko aurrekontu zenbatetsiak ezingo du izan 20.000 (hogei mila) euro baino handiagoa (BEZ kontuan hartuta).

2.– Halaber, proiektuen aurrekontu zenbatetsia ez da inolaz ere izango jarraian datozen zenbatekoak baino txikiagoa, proiektu motaren arabera:

a) Digitalizazioa: 2.500 (bi mila eta bostehun) euro (BEZ kontuan hartuta).

b) Katalogazioa eta digitalizazioa: 5.000 (bost mila) euro (BEZ kontuan hartuta).

3.– Proiektuen aurrekontu zenbatetsia kalkulatzeko, taula hauen edukia hartuko da kontuan, eta kalkulurako erreferentzia gisa hartuko dira unitateko prezioak, BEZarekin:

a) Orrialde/irudi/minutu bakoitzeko unitateko prezioa, baliabide motaren arabera, taula honetan jasotzen da (I. taula).

(Ikus .PDF)

b) Katalogatutako erregistro bakoitzeko unitateko prezioa, baliabide motaren arabera, honako taula honetan jasotzen da (II. taula):

(Ikus .PDF)

6. artikulua.– Proiektua aurkezteko baldintza subjektiboak.

1.– Proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titular diren pertsona fisikoek eta erakunde publiko edo pribatuek, edozein dela ere haien egoitza geografikoa, soziala zein fiskala, betiere baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Elementu horiek jabari publikoan egotea. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, obrak jabari publikoan sartzen dira haien ustiaketa-eskubideak iraungitzen direnean (orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

b) Elementu horien titularrek (pertsona fisikoak edo erakunde publiko edo pribatuak) horiek ustiatzeko eskubideak izatea.

c) Elementuak obra umezurtzak izatea, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean obra umezurtzen datu-basean erregistratuta egotea. Datu-base hori Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoak sortu eta kudeatzen du.

2.– Baldintzak:

a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen duen administrazio- edo zigor-zehapenik edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan jasotako kasuak barne.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.

e) Pertsonak edo erakundeak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo dira dirulaguntza ematea eta ordaintzea. Itzultzeko prozedura amaitu eta gero, pertsonak edo erakundeak zenbateko jakin bat itzultzeko betebeharra badu, dirulaguntza eman ahal izateko edo, hala badagokio, ordainketa egiteko, ezinbestekoa izango da zorra borondatezko epean artatzea, zorra atzeratu eta bermatzea edo zorra etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena aurkaratu delako. Kasu horietakoren bat betetzen ez bada, pertsona edo erakunde eskatzaileak onuradun izateko debekua izango du, ez izateagatik egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrekin lotutako ordainketak.

f) Ez izatea dirulaguntza publikoen onuradun izateko beste debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluekin bat.

7. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintza objektiboak.

1.– Deialdiaren xede diren proiektuak:

Deialdian aurkeztu ahal izango dira euskal kultura-ondareko kultura-baliabideak digitalizatzea edo katalogatu eta digitalizatzea xede duten proiektuak, adibidez argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materialak, soinu-dokumentuak, mapak, planoak, kartelak, prentsa edo funts bibliografikoak.

Adierazitako kasu bakoitzean parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Digitalizazioa:

bi baldintza hauek bete behar dira Agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek erregistro katalografiko/deskribatzaile bat izatea.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea Agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak Agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

b) Katalogazioa eta digitalizazioa:

bi baldintza hauek bete behar dira Agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek ez izatea erregistro katalografiko/deskribatzailerik.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea Agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak Agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

Bi kasuetan, baliabideak digitalizatzeko modukoak izan beharko dira. Beraz, ezin dira sartu proiektuan hauskortasunagatik edo narriaduragatik garraiatu, manipulatu eta/edo digitalizatzeko prozesuan kalteak izan ditzaketen baliabideak.

2.– Aurkeztutako proiektuak aipatutako bi kasuetako batera mugatu beharko dira: a) digitalizazioa edo b) katalogazioa eta digitalizazioa. Baliabideak kasu desberdinetan kokatzen badira (digitalizazioa edo katalogazioa eta digitalizazioa), bi proiektu bereizi aurkeztu beharko dira.

3.– Baldintza hauetakoren bat bete behar da digitalizatu beharreko baliabideen kasuan:

a) Baliabide horiek jabari publikoan egotea. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen eta gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, obrak jabari publikoan sartzen dira haien ustiaketa-eskubideak iraungitzen direnean. (Orientazio gisa II. eranskineko taula kontsulta daiteke).

b) Baliabide horien titularrek (pertsona fisikoak edo erakunde publiko edo pribatuak) horiek ustiatzeko eskubideak izatea.

c) Baliabideak obra umezurtzak izatea, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean obra umezurtzen datu-basean erregistratuta egotea. Datu-base hori Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoak sortu eta kudeatzen du.

4.– Proiektuak zuzen zehaztu beharko dira, baliabideak behar bezala ordenatuta eta/edo sailkatuta egon daitezen. Proiektu bakoitzarekin batera, gutxienez, inbentario bat aurkeztu beharko da. Digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideak zehaztu beharko dira, bolumenari, motari eta edukiari begira. Ildo horretan, proiektua baloratua izan dadin, proiektuek adierazi beharko dute zenbatekoa den digitalizazioko edo katalogazio eta digitalizazioko objektu digitalen kopurua, eta ez da onartuko digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideen bolumena metro linealen, kutxen edo antzeko kontzeptuen terminoetan definitzea.

5.– Europako Batzordearen gomendioei jarraituz, jabari publikoan dauden materialak jabari publikoan mantenduko dira digitalizatu ondoren. Material horiek eskubideen deklarazio honen pean lizentziatuko dira:

– The Public Domain Mark (PDM):

http://creativecommons.org/publicdomain/mark/1.0/

6.– Obra umezurztzat jotzen diren baliabideei dagozkien objektu digitalizatuak eskubideen deklarazio honen pean lizentziatuko dira:

– In Copyright – EU Orphan Work (InC-EU-OW):

http://rightsstatements.org/vocab/InC-OW-EU/1.0/

7.– Jabari publikoan ez dauden eta obra umezurztzat jotzen ez diren baliabideei dagozkien objektu digitalizatuak eskubideen deklarazio hauen pean lizentziatuko dira:

– The Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0): https://creativecommons.org/publicdomain/zero/1.0/

– Creative Commons – Attribution (BY):

https://creativecommons.org/licenses/by/4.0/

– Creative Commons – Attribution, ShareAlike (BY-SA): https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/

– Creative Commons – Attribution, No Derivatives (BY-ND): https://creativecommons.org/licenses/by-nd/4.0/

– Creative Commons – Attribution, Non-Commercial (BY-NC): https://creativecommons.org/licenses/by-nc/4.0/

– Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, ShareAlike (BY-NC-SA): https://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/4.0/

– Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, No Derivatives (BY-NC-ND): https://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/4.0/

– In Copyright – Educational Use Permitted (InC-EDU): https://rightsstatements.org/vocab/InC-EDU/1.0/

8.– Nolanahi ere, objektu digital bakoitzari esleitzen zaion lizentzia mota objektu horren metadatuetan jasoko da.

9.– Baliabideak digitalizatzeko proiektuen kasuan, egikarituko diren proiektuen pertsona/erakundeek emandako erregistro katalografiko/deskribatzaileak CC0 1.0 (Domeinu Publikoaren Lagapena) delakoaren pean lizentziatu egingo dira edo lizentziatutzat joko dira, eta murrizketarik gabe berrerabili ahal izango dira, helburu komertzialekin ere bai, Europeanarekin (DEA, Data Exchange Agreement) datuak trukatzeko sinatutako akordioan zehazten den bezala (akordio hori 2019ko azaroaren 14an argitaratu zen). Katalogazio- eta digitalizazio-proiektuen kasuan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egikaritutako zerbitzu-kontratuaren esparruan sortutako erregistro katalografiko/deskribatzaileek baldintza berak izango dituzte.

10.– Onetsitako proiektuaren pertsona edo erakunde sustatzaileak bere gain hartuko du lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro.

11.– Ezin izango dira digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu pertsonen segurtasunari, ohoreari, osasunari, intimitateari edo irudiari eragin diezaieketen datu pertsonalak dituzten baliabideak, ez eta genero-indarkeriari dagozkionak, Estatuaren segurtasunari eta merkataritzako sekretuari eragiten diotenak, ezta Konstituzioan eta legeetan zabalkunderako aurreikusitako salbuespenak edo mugak dituzten beste edozein ere.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

Proiektu bakoitzerako eskaera bat egin beharko da.

Pertsona edo erakunde batek bi proiektu baino gehiago aurkezten baditu, hamar egun balioduneko epean adierazi beharko du zein bi proiektu nahi duen baloratuak izatea, eta, hala egin ezean, Balorazio Batzordeak hautatuko ditu laguntza jaso dezaketen proiektuak.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin, eta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo aurretiazko hitzordua eskatu edo bertan behera uzteko telefono-zenbakian: 945 01 90 00 edo EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

– Bide elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

4.– Pertsona juridikoek bide elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honen 6. apartatuan aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan eskura daitezke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106004

7.– Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta

8.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta atxikitzen diren egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

9. artikulua.– Betekizunak egiaztatzeko modua.

1.– Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, eta bete egiten direla Agindu honen 6. artikuluan finkatutako baldintza subjektiboak.

2.– Onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko modua:

2.1.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen baldintza subjektibo eta objektiboak egiaztatzea.

a) Pertsona juridiko pribatuen kasuan:

a.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren dagokion erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere, eta Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

a.2.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean badaude inskribatuta, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Ofizioz egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

b) Pertsona fisikoen kasuan:

b.1.– Deialdi hau kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzailearen NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

b.2.– Pertsona eskatzaileen kasuan, deialdi hau kudeatzen duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzaileak Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.2.– Digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideak jabari publikoan badaude, pertsona/erakunde eskatzaileak behar bezala zehaztu beharko ditu haien sorrera-datak, proiektuaren definizioaren III. eranskineko «Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideen gaia edo edukia» epigrafean.

Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak obra umezurztzat jotzen badira, pertsona/erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoaren obra umezurtzen datu-basean erregistratuta daudela.

Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak ez badaude jabari publikoan eta ez badira obra umezurztzat jotzen, pertsona/erakunde eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du egiaztatzeko horien gaineko jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela. Pertsona/erakunde eskatzaileak dokumentazio hori ez badu, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, eta, bertan, bere erantzukizunpean, digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideekin lotutako jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela adierazi beharko du.

2.3.– Pertsona onuradun izateko gainerako baldintzak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea: 9. artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu eskabide horrek, onuradun izateko betekizunak eta aurkeztutako proiektuetako betekizunak egiaztatzeko. Era berean, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du eskabideak.

b) Proiektua, Agindu honen III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Honako eduki hauek izango ditu:

– Proiektuaren memoria; Agindu honen 13.2 artikuluan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da.

– Proiektuaren aurrekontu zenbatetsia, Agindu honen 5.3 artikuluaren I. eta II. tauletan finkatutako balioen arabera, baliabide motaren araberako unitateko prezioei buruzkoak.

c) Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak obra umezurztzat jotzen badira, Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoaren obra umezurtzen datu-basean erregistratuta daudela egiaztatzeko dokumentazioa. Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak ez badaude jabari publikoan eta ez badira obra umezurztzat jotzen, pertsona/erakunde eskatzaileak horien gaineko jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela egiaztatzeko dokumentazioa, Agindu honen 9.2.2) artikuluan adierazitako baldintzetan.

d) Hala badagokio, aditu independenteek idatzitako txostenak, zeintzuen bitartez egiaztatu ahal izango den digitalizatzeko edo katalogatzeko eta digitalizatzeko proposatutako baliabideak interesgarriak direla erabiltzaileentzat, 13.2 artikuluaren b.2) apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz.

e) Baliabideak digitalizatzeko proiektuetan, dagozkien erregistro katalografiko/deskribatzaileak entregatu beharko dira.

f) Aukeran, aurkeztutako digitalizazio- edo katalogazio- eta digitalizazio-proiektuan jasotako materialaren tasazio-txostena. Txosten hori kasu bakoitzeko baliabide motaren tasazioan adituak diren langileek egin beharko dute.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona edo entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

2.– Agindu honi jarraikiz, eskabidea elektronikoki aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuta zuzentzeko hori.

3.– Soilik baliabideak digitalizatuko dituzten proiektuen kasuan, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak eskabidearekin batera aurkeztutako erregistro katalografiko/deskribatzaileen analisia egingo du. Uste badu aurkeztutako erregistroak ezin direla erabili, pertsona edo erakunde interesdunari aukera emango zaio proiektua aldatzeko eta katalogazio- eta digitalizazio-proiektu gisa planteatzeko. Horretarako, pertsona edo erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio proiektua zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

12. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako proiektuen azterketa eta ebaluazioa, Agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzordea osatzeko, kontuan hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa.

2.– Balorazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Mikel Aizpuru Murua, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.

– Gumersinda Barbeito Meizoso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitalaren arduraduna.

– June Gómez Alonso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitaleko teknikaria.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna den Juan Carlos Soto Pérez jauna izango da Balorazio Batzordeko idazkaria. Hitza izango du, baina botorik ez. Balorazio Batzordeko idazkariak kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, organo horren jarduketak ziurtatu beharko ditu, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespeta daitezela bermatuko du.

Balorazio Batzordearen osaera aldatu ahal izango da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko baita.

3.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

4.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

5.– Balorazio Batzordea osatzen duten pertsonak abstenitu egin beharko dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

13. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Proiektuak onesteko ebazpen-proposamena prestatzeko eta zenbatekoa ezartzeko, Balorazio Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera aztertuko du eskabideen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

2.– Balorazioa gehienez 100 punturekin egingo da, bost irizpide hauetan banakatuta:

a) Baliabideen ondare-balioa. 30 puntu, gehienez.

Euskal Kultura Ondarearen kontzeptua kontuan hartuta, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan ondare-balioa zehazteko:

a.1.– Balio iraunkorra, euskal kultura-ondarea osatzen duten baliabide gisa, euskara erabiltzeagatik, Euskadiri buruzkoak izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko edo kanpoko euskal erakundeek sortuak izateagatik, edo euskal kulturaren esparruan izen handikoak diren pertsonek edo erakundeek sortutakoak izateagatik. 15 puntu, gehienez.

a.2.– Digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideen antzinatasuna. 7,5 puntu, gehienez.

– Puntuatzeko irizpideak:

• 1900 baino lehenagoko baliabideak: 7,5 puntu.

• 1900 baino geroagoko eta 1973 baino lehenagoko baliabideak: 3,75 puntu.

• 1973 baino geroagoko baliabideak: 0 puntu.

– Digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideak tarte desberdinetan kokatzen badira, puntuazioa modu proportzionalean emango da, tarte bakoitzean sartzen den objektu digitalen portzentajearen arabera. Horretarako, horrelakorik gertatuz gero, eskatzaileak zehaztu beharko du definitutako tarte bakoitzean sartzen den objektu digitalen portzentajea.

a.3.– Kontserbazio-egoera, hauskortasuna edo desagertzeko arriskua, betiere baldintza horiek digitalizatzeko aukera ematen badute. 7,5 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren koherentzia eta osotasuna. 25 puntu, gehienez.

b.1.– Koherentzia. 15 puntu, gehienez.

– Proiektuan aurkeztutako baliabide guztiak egile edo erakunde batek sortuak izatea baloratuko da, edo baliabide horiek osatzen duten multzoa egokia izatea gai bat aztertzeko.

b.2.– Erabiltzaileentzako interesa. 10 puntu, gehienez.

– Proiektuan aurkeztutako baliabideen eskari handia egotea edo eskari potentzial handia aurreikustea baloratuko da, bai publiko orokorraren aldetik, bai talde espezifikoen aldetik, eta, era berean, baliabide horiek hezkuntzako, prestakuntzako, ikerketako edo euskal kulturako beste ingurune batean aplikatzeko modukoak izatea.

– Justifikazioan datu objektiboak sartzea baloratuko da, baldin eta, datu horien bitartez, dagoen edo egon daitekeen eskaria berresten bada: baliabideek urtebetez izan duten kontsulten kopurua, baliabideak erreproduzitzeko eskabideak (argitalpenetan erabiltzeko), erakusketak...

– Eskatzaileak, justifikazioarekin batera, gaian edo digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu nahi den baliabidean adituak direnen txostenak edo gomendioak aurkeztu ahal izango ditu.

– Puntuatzeko irizpideak:

• Dagoen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 10 puntu.

• Egon daitekeen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 5 puntu.

c) Lizentzia mota. 15 puntu, gehienez.

c.1.– 15 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak honako eskubide-adierazpenen baten pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• The Public Domain Mark (PDM): https://creativecommons.org/publicdomain/mark/1.0/

• The Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0): https://creativecommons.org/publicdomain/zero/1.0/

• Creative Commons – Attribution (BY): https://creativecommons.org/licenses/by/4.0/

• Creative Commons – Attribution, ShareAlike (BY-SA): https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/

c.2.– 7,5 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak honako eskubide-adierazpenen baten pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• Creative Commons – Attribution, No Derivatives (BY-ND): https://creativecommons.org/licenses/by-nd/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial (BY-NC): https://creativecommons.org/licenses/by-nc/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, ShareAlike (BY-NC-SA): https://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/4.0/

• Creative Commons – Attribution, Non-Commercial, No Derivatives (BY-NC-ND): https://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/4.0/

• In Copyright – EU Orphan Work (InC-EU-OW): https://rightsstatements.org/vocab/InC-OW-EU/1.0/

– 5 puntu emango zaizkie sortutako objektu digital guztiak eskubide-adierazpen honen pean lizentziatzen dituzten proiektuei:

• In Copyright – Educational Use Permitted (InC-EDU): https://rightsstatements.org/vocab/InC-EDU/1.0/

c.3.– Proiektu batean hainbat eskubide-adierazpen sartzen badira, puntuazioa modu proportzionalean kalkulatuko da, eskubide-adierazpen bakoitzaren pean lizentziatzen diren objektu digitalen portzentajearen arabera. Horretarako, eskubide-adierazpen bakoitzaren pean lizentziatutako objektu digitalen kopurua zehaztu beharko da.

d) Proiektuan genero-berdintasuna eta emakumearen ikusgarritasuna sustatzen duten elementuak sartzea. 5 puntu, gehienez.

– Genero-berdintasuna sustatzen duten elementutzat hartzen dira digitalizatu beharreko baliabideak emakumeek sortuak izatea edo, digitalizatu beharreko baliabideen edukiari dagokionez, emakumearen estereotipo tradizionalak hausten dituzten rol edo jarreretan islatzea emakumearen presentzia.

e) Proiektuaren aurrekontu zenbatetsia. 25 puntu, gehienez.

e.1.– Katalogatu eta digitalizatzeko proiektuen kasuan, formula hau aplikatuko da:

P = 25 x (Ppr - 5.000) / 15.000

Azalpena:

P: puntu-kopurua.

Ppr: proiektuaren aurrekontu zenbatetsia.

e.2.– Soilik digitalizatzeko proiektuen kasuan, formula hau aplikatuko da:

P = 25 x (Ppr - 2.500) / 17.500

Azalpena:

P: puntu-kopurua.

Ppr: proiektuaren aurrekontu zenbatetsia.

3.– Berdinketa bada, e) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, c) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.

14. artikulua.– Prozedura izapidetzea.

1.– Deialdia norgehiagoka bidez ebatziko da. Horretarako, 13. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta proiektuak onetsiko dira, hasi puntu kopuru handiena lortu duenetik eta hondoz hondo 4. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 40 puntu lortu dituzten proiektuak bakarrik onetsi ahal izango dira.

2.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (13. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (5. artikuluan xedatutakoaren arabera), Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira onetsitako proiektuak, eta bertan adierazi beharko dira: proiektuaren kostua, zer eskabide ezesten diren eta zergatik (erakunde edo pertsona eskatzailearen arabera antolatua), eta zer eskabide ez diren onartzen eta zergatik.

3.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onesteko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren ezetsiak izan diren proiektuak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion proiektu bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Deialdiko oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu Balorazio Batzordeak, eta oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetarako irizpideak ezarriko ditu.

2.– Kulturako sailburuordeak ebatziko du prozedura, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-bana jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, lau hilabeteko epean, deialdiaren Agindua indarrean sartzen denetik hasita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Banan-banan jakinarazteari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko Administrazio Nagusiaren egoitza elektronikoko "Nire karpeta" atalean (https://euskadi.eus/nirekarpeta). Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ebazpen-epea igarota, interesdunei ebazpena jakinarazi ez bazaie, eskabidea ezetsi zaiela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

5.– Zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onesteko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren ezetsiak izan diren proiektuak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion proiektu bakoitzari, Agindu honen 13. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

6.– Pertsona edo erakunderen batek onetsitako proiektu baten eskaerari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Balorazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztutako proiektua onestea, baldin eta hark onartzen badu. Onetsitako proiektu berriaren zenbatekoa ez da izango inolaz ere uko egindako proiektuarena baino handiagoa. Proiektuak onesten dituen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, proiektua onesteko proposamen horri hel diezaioten 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

7.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

16. artikulua.– Proiektuak egikaritzea.

1.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egikarituko ditu onetsitako proiektuak 2024an zehar, eta dagokion kontratazioa egingo da zerbitzua emateko. Beraz, onetsitako proiektuen pertsona onuradunek ez dute jasoko inolako zenbateko ekonomikorik.

2.– Kontratuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua bat etorriko da onetsitako proiektuei emandako laguntza-zenbatekoen baturarekin (BEZ kontuan hartuta); hala ere, lizitazioaren prezioak ez du inolaz ere gaindituko Agindu honen 4.1 artikuluan finkatutako kreditua.

3.– Enpresa adjudikaziodunak erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu duela egiaztatu beharko du, gutxienez 150.000 eurokoa, narriatu edo galtzeko arriskua edo digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko den materiala kaltetu dezakeen beste edozein inguruabar estaltzeko.

Materialaren balioaren tasazio espezifikoa egin bada, aseguru-polizak material horren balorazioan finkatutako zenbatekoa estali beharko du.

4.– Baliabideen digitalizazio- edo digitalizazio- eta katalogazio-lanak kontratuaren enpresa adjudikaziodunaren egoitzan egingo dira, betiere inguruabar bereziek ez badute gomendatzen lan horiek egitea materialaren kokalekuan bertan, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak hala baieztatu eta baimentzen badu.

5.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, onetsitako proiektuak aurkeztu dituzten pertsona edo erakundeekin adostuko ditu digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren funtsak garraiatu eta zaintzeko termino eta baldintzak.

6.– Akta batean jasoko da digitalizatuko diren baliabideak kontratuaren enpresa adjudikaziodunari entregatu zaizkiola. Aktan entregatutako baliabide guztien zerrenda jasoko da, eta kontratuaren enpresa adjudikazioduneko langileek eta pertsona onuradunak edo erakunde onuradunaren ordezkariak sinatu beharko dute. Prozedura berari jarraituko zaio baliabideak itzultzeko unean.

7.– Kontratuaren enpresa adjudikaziodunak lanak amaitu ondoren baliabideak itzultzeko gehienez ere 6 hilabeteko epea izango du, baliabideak jasotzen dituenetik zenbatzen hasita. Onuradunek une oro jakin ahal izango dute prozesuaren zein fasetan dauden baliabideak eta horiek itzultzeko aurreikusten den data.

8.– Enpresa adjudikaziodunak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren aurretiazko baimenarekin, material jakinak digitalizatzeko edo katalogatu eta digitalizatzeko betebeharrari uko egin ahal izango dio, baldin eta manipulatzeko eta/edo digitalizatzeko prozesuan kalteak izan baditzakete, hauskortasun edo narriadura nabarmenagatik.

9.– Baliabideak digitalizatzeko proiektuen kasuan, onetsitako proiektuak dituzten pertsona edo erakundeek Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari eman beharko dizkiote digitalizatu beharreko baliabideen erregistro katalografiko/deskribatzaileak.

10.– Digitalizazio-prozesuan, gutxienez, fitxategi hauek sortuko dira:

(Ikus .PDF)

Karaktereen ezagutze optikoaren (OCR) prozesua izan dezakeen testu-materialaren kasuan, PDF/A fitxategian ezkutuko testua sartuko da, eta ALTO fitxategiak ere sortuko dira.

11.– Katalogazio-prozesuan fitxategi hauek sortuko dira:

a) Oro har, MARCXML fitxategi bat, baliabide bakoitzaren deskripzioarekin. Katalogazioan erabiliko diren autoritateak AUBItik (autoritate elebidunen katalogoa) hartuko dira, edo berariaz sortuko dira, autoritateak sortzeko arau profesionalekin bat.

b) Erakunde onuradunak EMSIMEn sartutako museoak badira, haiek erabiltzen duten museo-kudeaketako aplikazio informazioan egingo da katalogazioa. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aplikazio horretarako sarbidea emango dio kontratuaren enpresa adjudikaziodunari.

12.– Kontratua amaitzean, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egikaritutako proiektuen pertsona eta/edo erakundeei disko gogor bat emango die digitalizazio- edo katalogazio- eta digitalizazio-lanen emaitzekin, 10. puntuan eta hala badagokio 11. puntuan zerrendatutako fitxategiekin. Entrega 2024an egingo da, eta harrera-dokumentu baten bidez formalizatuko da.

13.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, aurreko paragrafoan adierazitako entregaren aurretik, deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela pertsona onuradunek, betiere prozeduran ez bazaio berariaz uko egiten egiaztapenari. Kasu horretan, pertsona onuradunak Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

14.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kultura-ondareari buruzko legediak ematen dizkion eskumenak betetze aldera, kopia bat jasoko du kontratuaren esparruan egikaritutako proiektuen emaitzarekin, eta kopia horren erreprodukziorako eta komunikazio publikorako eskubideak lagatzat joko dira. Lagapen horrek lurralde-eremu globala du, eta iraupen mugagabea, baliabide horiek jabari publiko bihurtu arte.

15.– OAI-PMH biltegi propioa duten pertsona edo erakundeek bertan kargatu beharko dituzte kontratuaren esparruan digitalizatutako edo katalogatu eta digitalizatutako baliabideak, eta set espezifiko bat sortu beharko dute baliabide horiekin. Set horren URL helbideak abian egon behar du, eta Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari jakinarazi beharko zaio urtebeteko epean, disko gogorra entregatzen denetik zenbatzen hasita, zerbitzuak baliabideak bildu eta Euskarianan sar ditzan.

OAI-PMH biltegi propioa duten pertsona edo erakundeek ez badituzte baliabideak kargatzen edo ez badute seta sortzen, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuak Euskarianan kargatu ahal izango ditu kontratuaren esparruan digitalizatutako edo katalogatu eta digitalizatutako baliabideak, 16.14 artikuluan aipatutako kopiatik abiatuta.

16.– Lanak egiteak ez dakar berekin sortutako objektu digitalak Euskarianan sartzeko konpromisoa.

17.– Nolanahi ere, proiektuak behin betiko egikaritzea aurrekontuaren eskuragarritasunaren eta dagokion kontratuaren adjudikazioaren mende dago.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Proiektua onesteko proposamena onartzea. Alde horretatik, proiektua onetsi dela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da. Hala ere, Agindu honen 15.6 artikuluan adierazten den moduan, pertsona edo erakunderen batek laguntzari uko egiten badio, eta laguntza eman duen organoak erabakitzen badu puntuazioaren arabera laguntza hurrengo pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea, berariaz onartu beharko da proiektua onesteko proposamena.

b) Laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, horren berri ematea entitate esleitzaileari. Aldaketa hori Kulturako sailburuordeak baimendu beharko du.

c) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari ematea digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak, lan horiek egiteko beharrezko epean. Digitalizatu edo katalogatu eta digitalizatu beharreko baliabideak zuzen antolatu eta/edo sailkatu beharko dira.

d) Baliabideak digitalizatzeko proiektuen kasuan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari ematea digitalizatu beharreko baliabideen erregistro katalografiko/deskribatzaileak. Erregistro horiek CC0 1.0 lizentziaren pean (Domeinu Publikoaren Lagapena) argitaratuko dira.

e) 16.12 artikuluan aipatutako harrera-dokumentua sinatu eta aurkeztea eta entregatutako ondasunak ondo erabiltzea.

f) OAI-PMH biltegi propioa duten pertsona edo erakundeen kasuan, emandako laguntzaren esparruan sortutako baliabide digitalak kargatzea eta horiek jasotzeko set espezifiko bat sortzea. Gainera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari edo edozein OAI-PMH biltegiri set hori biltzea ahalbidetuko diote. Halaber, baliabideak eskuragarri jarriko dituzte oso-osorik, doan eta aske, webgunean.

g) OAI-PMH biltegi propioa duten pertsona edo erakundeen kasuan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari jakinaraztea biltegiko aldaketa oro, baldin eta laguntzaren esparruan digitalizatutako edo katalogatu eta digitalizatutako baliabideen datuei eragin badiezaiekete.

h) Proiektua onesten duen erakundeak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiaztapen-jarduketak egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako babesa beren-beregi adieraztea onetsitako proiektuan oinarrituta egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Edozein formatuko argitalpenak, horien iragarkiak eta onetsitako proiektuaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

k) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egin beharko da. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Ez ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzari digitalizatuko edo katalogatu eta digitalizatuko diren baliabideak, lan horiek egiteko beharrezko denboran.

b) Ez ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari digitalizatu beharreko baliabideen erregistro katalografiko/deskribatzaileak.

c) Ez sortzea set espezifiko bat digitalizatutako baliabideekin, OAI-PHM biltegi propioa duten erakundeen kasuan.

d) Agindu honetan edo oro har dirulaguntzei begira aplikagarriak diren gainerako xedapenetan ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, eta bereziki Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan araututakoa ez-betetzea.

2.– a) eta b) kasuetan, laguntza ezeztatuko da.

3.– a) eta b) puntuetatik kanpoko kasuren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez.

Alde horretatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 3.3 artikuluan ezartzen den moduan, gauzazko laguntza itzultzea bidezkotzat jotzen bada, jasotako eta itzuli beharreko zenbatekotzat joko da ondasun, eskubide edo zerbitzuaren erosketa-prezioaren zenbateko baliokidea, eta, edonola ere, dagokion berandutze-interesa eskatu ahalko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4.– Ez-betetze partzialak onartu ahalko dira, baldin eta diruz lagundutako proiektuari loturiko helburuak eta konpromisoak betetzen egindako ahalegina argi eta garbi ziurtatzen bada, eta eskabidean aurkeztutako proiektu osoaren aurrekontuaren % 65 gauzatu bada gutxienez. Kasu horretan, emateko ebazpena aldatu beharko da, proiektuaren zenbatekoa aurrekontu zenbatetsi osotik dagokion kopuruaren arabera murriztuta.

Salbuespen gisa, pertsona onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik lehen ezarritako ehunekoan gauzatzen ez bada proiektua, laguntza kudeatzen duen organoak ez-betetze partzialak daudela baietsi ahal izango du, baldin eta proiektuek berezitasun-ezaugarri objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ekartzen badiote.

Alde horretatik, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluarekin bat, ez-betetzeen kasuan aplika daitezkeen graduazio-irizpideek proportzionaltasun-printzipioari erantzungo diote beti, eta erakunde onuradunak jaso beharreko laguntzaren behin betiko zenbatekoa finkatzeko aplikatuko da, baita, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko ere.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web-orria: https://euskadi.eus

– Xedea: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean gauzatzeko eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datuak Babesteko Araudi Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala