Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2023ko ekainaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2627

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, itsasoko kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko dirulaguntzen 2023ko ekitaldiko oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta.

Eskumen hori baliatuta onartu zen Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea, ezartzen duena zer prozedura bete behar den Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak kultura-interesekoak direla deklaratzeko eta nola kudeatu behar den euskal kultura-ondarea sustapen-, kontserbazio- eta babes-arloei dagokienez.

Gizartean, zabalagoa da ondarearen kontzeptua gaur egun eta, testuinguru horretan, zenbait eremu berri agertu dira, orain arte gutxitan aztertu direnak; areago, aipatutako legeak berak generikoki jorratzen ditu eremu horiek. Horregatik, aurreko ekitaldietan, itsas sektore tradizionalaren gainbeheraz eta ia desagerpenaz jabetu ondoren, itsasoko kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko laguntzen lehen deialdiak egin ziren. Ia desagertzear dagoen sektore bat da, eta, paradoxikoa badirudi ere, protagonistak elkarrekin antolatzen hasi dira, kultura horretan geratzen diren arrasto bakanak mantentzeko eta elkarri babes teknikoa emateko. Urte hauetan, gora egin du kultura-ondare horren sozializazioak, bai eta, hein batean, herritarrek horren gainean duten kontzientziak ere. Nolanahi ere, oso gutxi dira ondare horren adibideak, eta, are gutxiago, bizirik daudenak, eta, horregatik, beharrezkoa da, oraindik ere, erakundeen laguntza izatea, maila guztietan, itsasoko kultura-ondarea babeste aldera.

Hutsune hori eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen agindua betetzeko onartu da agindu hauk, dirulaguntza hauetarako deialdia egiteko eta laguntzak eskatzeko eta ebazteko modua eta baldintzak arautzeko, betiere horretara bideratutako diru-zenbatekoa kontuan hartuta. Izan ere, hala ezarrita dago Sailak 2021-2024 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez. Horretarako aurrekontu-kreditua abenduaren 23ko 15/2022 Legean jasota dago, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da dirulaguntzak emateko deialdi bat egitea, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko kultura-ondarearen ondasun higikor eta higiezinak babestu eta sustatzeko jarduerak bultzatzeko, aintzat hartuta haien balio historikoa, etnografikoa, arkeologikoa edo soziala; agindu honen bidez, orobat, dirulaguntza horiek emateko araubidea ezartzen da.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen babespean, laguntzak emango dira itsasoko ondarearen arloan kultura-balioa duten elementuak sustatzeko, sendotzeko, konpontzeko eta egokitzeko jarduerak egiteko, elementuok erabiltzeko moduan jar daitezen; jarduera horiek, betiere, bateragarriak izan behar dute elementu horien ezaugarriekin, eta ez diote kalte nabarmenik egin behar haien ondare-balioari.

2.– Agindu honetan itsasontzien erreplikaren kontzeptua ere sartzen da, hots, ontzi historikoak edo tradizionalak berreraikitzea, lehengo eraikuntzako teknika, neurri eta moduak zehatz errepikatuz, nahiz eta material, segurtasun-elementu eta bestelakoetan erabakigarriak ez diren lizentziak hartu, ontzia nabigatzeko moduan egoteko.

3.– Bost dirulaguntza-lerrotan emango dira laguntzak, jarraian adierazten den bezala:

1. lerroa. Egurrezko ontzietan obrak egitea, museotan erakusteko. Honako hauek lagunduko dira diruz:

a) Esku hartzeko edo berritzeko lana egin aurretik irizpideak finkatzeko beharrezko diren azterlan edo analisiak.

b) Segurtasunerako eta sarbideetarako obrak edo elementuak, bai ontzi barrukoak bai sarrerakoak.

c) Kartelak, panelak eta beste edozein informazio-mekanismo, interpretazioa egiteko beharrezkoa, baina ontziaren parte ez dena.

d) Prestatzeko lanak, gerora erakusgai jartzeko.

2. lerroa. Egurrezko ontziak tresnez hornitzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.

a) Gastu hauek hartuko ditu barnean: segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendurako gastuak, eta ontziak berak duen garrantzia nabarmentzeko egindakoak, ontzirik balego. Nabarmentze-lan horrek bat etorri behar du ondasunaren ezaugarriekin, eta ez dio kalte nabarmenik egin behar haren ondare-balioari.

b) Egiturazko lanak, nabigaziorako beharrezkoak direnak.

3. lerroa. Lehorreko instalazioen garrantzia nabarmentzea, eta egurrezko egitura txikiak, hala nola ontziralekuak. Jasota eta halakotzat balioetsita egon behar dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultura-ondarearen inbentarioetan. Honako hauek sartzen dira atal honetan:

a) Aurretiazko azterlanak: historikoak, arkeologikoak edo ondarezkoak, esku-hartzerako irizpideak finkatzeko beharrezkoak direnak.

b) Elementua balioestearekin bateragarriak ez diren elementu eta atalak kentzea.

c) Zenbait eraikin erabiltzeko moduan jartzea. Proiektu teknikoak, obra-zuzendaritza eta instalazio orokorrak.

d) Kartelak, panelak eta instalazioak, egin beharreko balorazioari edo musealizazioari berez dagozkionak.

e) Ez dira diruz lagunduko berritze- edo urbanizatze-lanak.

4. lerroa. Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak, lizentziak izapidetzeko gastuak, euskal portuetan modu egonkorrean atrakatzeko gastuak eta ontziaren nabigaziorako baimenak barne. Egindako konponketak diruz lagunduko dira, baldin eta ondasunaren ezaugarrietara egokitzen badira, eta ondarearen balioak kaltetzen ez badira. Gainera, ontziek euskal portuetan erregistratuta behar dute, edo, leheneratze-fasean badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte edo entitateen esku egon behar dute, eta uretaratuta egon edo 2023ko ekitaldian uretaratzekoak izan.

5. lerroa. Elkarte edo erakunde publiko zein pribatuek egurrezko itsasoko kultura-ondarearen garrantzia azpimarratzeko antolatutako ekitaldiak: diruz lagunduko dira zenbait jarduera edo ekitaldi-atal, baldin eta zuzeneko lotura badute itsasoko kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko lanarekin (ontzien kontzentrazioak, erakusketak, hitzaldiak, jarduera didaktikoak, argitalpenak...).

4.– Ez da dirulaguntzarik jasoko erregaia, ikus-entzunezko ekipamendua, informatika-programak eta webguneak erosteko.

5.– Deialdi honetan, gehienez hiru dirulaguntza emango zaizkio eskatzaile bakoitzari, dirulaguntzen lerro bakoitzean. Hiru eskaera baino gehiago eskatuz gero, puntuaziorik handiena lortzen duten hirurak baino ez dira aintzat hartuko, eta, berdinketa gertatuz gero, dirulaguntza handiena jasotzen duten hirurak.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Dirulaguntza hauek pertsona fisikoek edo pertsona juridikoek eska ditzakete, baldin eta helbidea EAEn badute, edo EAEn garatzen badituzte deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak, eta hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz.

Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan.

Elkarteak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), berariaz jaso beharko dute, eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta haietako bakoitzari zenbateko dirulaguntza aplikatu behar zaion; izan ere, haiek ere onuraduntzat joko dira. Betiere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar da, nahiko ahalorde duena elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkarteak ezingo dira desegin, harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igaro arte.

2.– Onuradunek, 1., 2., 3. eta 4. lerroen kasuan, dirulaguntzen xede den elementuaren jabe izan beharko dute, edo, errentarien edo haien gaineko eskubide errealen titularren kasuan, pertsona edo erakunde jabearen baimena izan beharko dute, agiri bidez justifikatua. Museoen edo antzeko erakundeen kasuan, nahikoa izango da elementu hori erakundearen funtsen artean dagoela egiaztatzea. Elkarte edo taldeen kasuan, eta erregistratu gabeko eta berreskuratze-fasean dauden ontzien kasuan, horiek erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, ontzia elkarteak edo taldeak jaso duela adieraziz.

3.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko, ezinbestekoa da ez egotea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2, 13.3 eta 13.3 bis artikuluetan ezarritako debekuren baten eraginpean. Baldintza hori bete beharko dute hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko, dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, baldintza betetzen dela egiaztatuko da bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean. Zehazki, onuradunek zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar dituzte, eta ordainduta eduki dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak, onuradun diren unetik dirulaguntzaren likidazioa egin arte. 3.1 artikuluan aipatzen diren elkarte eta erkidegoak osatzen dituzten kide guztiek bete beharko dituzte baldintza horiek guztiak.

4.– Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.

5.– Ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa barne.

6.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek ere ezin izango dute dirulaguntzarik jaso, baldin eta indarrean ez badute, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri dutenik, legerian ezarritakoaren arabera.

7.– Dirulaguntzak jasoko dituzten ontziek, 1., 2. eta 4. lerroen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakusketa-zentroetan egon beharko dute erakusgai; edo, leheneratze-fasean badaude, EAEko kultura-elkarte edo entitateen esku egon; edo nabigatzeko moduan badaude, EAEko portuetan erregistratuta.

8.– Diruz lagundu daitezkeen elementu guztiek, 3. lerroaren kasuan, Euskal Kultura Ondarearen inbentarioetan jasota egon beharko dute, ondare horren parte diren aldetik.

4. artikulua.– Diru-baliabideak.

Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira 1. artikuluan adierazitako xedea lortzeko: berrehun mila (150.000) euro. Horietatik, 1. lerrora, 45.000 euro bideratuko dira. 2. lerrora, beste 45.000 euro. 3. lerrora, 25.000 euro. 4. lerroan, 20.000 euro banatuko dira gehienez. Azkenik, 5. lerroan, 15.000 euro banatuko dira gehienez.

5. artikulua.– Dirulaguntzen gehieneko kopurua edo muga.

Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera emango diren dirulaguntzen gehieneko muga hauxe izango da: diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren (BEZa barne) ehuneko hirurogeita hamabost (% 75), 1., 2. eta 3. lerroetan, eta, gehienez ere, 30.000 euro 1, eta 2. lerroetan. Bestalde, 4. lerroko jarduerek 3.000 euro jasoko dituzte, gehienez. 5. lerrokoek, berriz, 5.000 euro, gehienez.

6. artikulua.– Proiektuak aurkezteko epea.

Diruz lagundutako proiektuek hasita egon beharko dute, edo 2023ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, beranduenik ere, 2023ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu.

7. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko eta pribatu batzuek xede bererako emandakoekin, bai eta onuradunak finantzaziorako lor litzakeen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere, betiere batera eskuratutako diru-zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagundutako jardueraren kostu efektiboa. Kostua gainditzen bada, deialdi honen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, soberan emandakoa kenduta.

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Zehazki 2. eta 4. lineetan, eskabide bakoitzak ezin du ontzi edo proiektu bat baino gehiago izan. Bat baino gehiago aurkeztuz gero, dirulaguntza handiena eskatzen duena hartuko da aintzat, eta gainerakoak ezetsi egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ditzakete prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, pertsona-taldeek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.

4.– Eskabideak modu presentzialean egiteko, inprimaki normalizatua osorik eta behar bezala beteta aurkeztu beharko da, modu hauetako batean: Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, nahitaez aurretik hitzordua eskatuta Interneteko helbidean https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean edo hitzordua eskatu edo ezeztatzeko telefonoaren bidez (945 01 90 00); EAEko erregistro osagarrietan (zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan.

Bestalde, badago eskabideak bide elektronikoz aurkezterik, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

5.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

Eskaeraren osteko izapideak, jakinarazpenak barne, helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075806

7.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

8.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Izapideak ordezkari baten bidez eginez gero, ordezkariak inskribatuta egon behar du Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

9. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, deialdi hau kudeatzen duen organoak, salbu eta eskatzaileak arrazoituta adierazten ez badu ez duela nahi, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori). Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, organo kudeatzaileak zuzenean kontsultatu edo eska ditzake, ofizioz, araudiak eskatzen dituen dokumentuak, baldin eta dagoeneko administrazio jardulearen esku badaude edo beste edozein administraziok egin baditu, salbu eta pertsona edo erakunde interesdunak berariaz adierazten badu ez duela nahi; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

2.– Eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da. Helburu bererako, beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik lortu ez bada, ez eta eskatu ere, horren berri ematen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

– Eskaera egin duen pertsonak edo erakundeak ezin du izan dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera).

– Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

– Erantzukizunpeko adierazpenean aditzera emango da, halaber, eskatzaileak ez daukala ezarria Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako debekurik.

– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erantzukizunpeko adierazpenak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikulua beteko du.

10. artikulua.– Proiektuari buruzko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideari erantsi beharreko agiriak:

a) Diruz lagundu daitezkeen lerro guztietarako: jardueraren edo proiektuaren ahalik eta memoriarik xehatuena, ontziaren, eraikinaren edo jardueraren ezaugarriak argi eta garbi adieraziz. Memoria horretan berariaz jasoko dira diruz lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehieneko epeak; horiek, betiere, 2022ko azaroaren 30a arte. 4. lerroko eskaeretan, memoria horren ordez, inprimaki bat aurkeztu behar da, eskuragarri egongo dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), Kultura Ondarearen Zuzendaritzan(Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta Zuzenean zerbitzuan.

b) Diruz lagundu daitezkeen lerro guztietarako: proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta zehatza, «Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua» ereduari jarraituz. Eredu hori eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075806), Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta Zuzenean zerbitzuan.

c) 1., 2. eta 4. lerroetako elementuen kasuan, lehorrean baldin badaude eta nabigaziorako balio ez badute, esku-hartzearen xede den elementuaren gaineko jabetza egiaztatu beharko da; ez bada jabetzakoa, berriz, elementuen errentariek edo haien gaineko eskubide errealen titularrek jabeen baimena aurkeztu beharko dute, agiri bidez justifikatua. Museoek edo antzeko erakundeek egiaztatu beharko dute dagokion elementua erakundean gordailututako funtsen artean dagoela.

d) 1., 2. eta 4. lerroetan diruz lagundutako elementuen kasuan, nabigazio-egoeran badaude, ontziaren idazpen-orriaren kopia autentikoa edo euskal portuan duen basea egiaztatzen duen agiria.

e) 3. lerroan txertatutako elementuen kasuan, esku hartutako objektuaren jabetza egiaztatu beharko da; ez bada jabetzakoa, berriz, elementuen errentarien kasuan edo haien gaineko eskubide errealen titularren kasuan, berriz, jabeen baimena izan beharko da, agiri bidez justifikatua.

f) Oro har, eskatutako dirulaguntzaren berme izango den beste edozein agiri, betiere dagokion ulermena eta balorazioa egiteko balio badu.

11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

12. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Balorazio-batzordeak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

2.– Eskabidea izapidetzen hasteko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aurrez. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege horren 14.2 artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek modu presentzialean aurkezten badute eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak interesdunei eskatuko die akatsen zuzenketa bitarteko elektronikoz aurkez dezaten. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Dirulaguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, 2.2 artikuluan adierazitako dirulaguntza-lerroei dagozkien prozeduretako bakoitzean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa errespetatuz). Eskaerak aurkezteko epea amaituta eratuko da batzorde hori, zeinak, eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren, eta ezarritako esleipen-irizpideak oinarri hartuta, dagokion proposamena igorriko baitio Kulturako sailburuordeari, hark ebatz dezan. Honako hauek izango dira batzordekideak:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutakoa. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu. Batzordeburuaren postua hutsik dagoenean, azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, ordezkoa jarriko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Kulturako sailburuordeak izendatuta.

– Itsasoko kultura-ondarearen arloan aintza handia duten bi pertsona, Kulturako sailburuordeak izendatuta.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzordearen osaera, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

2.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formalari eta materialari kontu egitea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla ziurtatzea.

3.– Balorazio-batzordeak, egoki deritzonean, aukera izango du proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatzeko.

4.– Balorazio-batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek eta, gutxienez, kideen erdiek parte hartzea, hara bertaratuta edo urrunetik.

5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoa bete beharrez.

6.– Prozedura bakoitzean, balorazio-batzordeak, esleipen-irizpideak oinarri hartuta, ebazpen-proposamenak egingo dizkio Kulturako sailburuordeari, eta, haietan jasoko du zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, honako hauek zehaztuta: zer onuradun proposatuko diren, zer proiektu garatuko diren laguntzekin eta dirulaguntzak zenbatekoak izango diren. Onuraduna nortasun juridikorik gabeko elkarte bat baldin bada, adierazi beharko da, orobat, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartu duen konpromisoa, bai eta kide bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Horretaz gainera, adierazi beharko du zer dirulaguntza-eskaera proposatzen duen ukatzeko eta zergatik.

14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko:

– Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 12. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu balorazio-batzordeak, hurrengo puntuetan finkatzen diren irizpideekin bat etorriz.

– 1., 2., 3. eta 5. lerroetan, dirulaguntza jasotzeko moduan izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean. 4. lerroaren kasuan, 50 puntutik, gutxienez hamabost (15) puntu lortu beharko dira laguntzak jasotzeko moduan izateko.

– Dirulaguntzen lerro bakoitzari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada hasieran kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, hainbesteko dirulaguntza esleituko da, eta prozeduraren ebazpena emango da. 4. eta 5. lerroetan soberan geratzen den saldoa, soberarik balego, 1., 2. eta 3. lerroetako hasierako zuzkidura handitzeko erabiliko da, ordena horretan. 1., 2. eta 3. lerro horietan diruz lagundu daitekeen jardueraren % 75 emango da. Guztizkoek lerro bakoitzeko gehieneko kopuruak gainditzen badituzte, lortutako puntuen arabera hainbanatuko dira.

– Era berean, 1., 2. eta 3. lerroetako soberakinen kasuan, soberakina gainerakoei gehituko zaie, 1. lerrotik hasita; hala ere, soberakinen bat sortzen bada, 4. lerroari metatuko zaio, eta, ondoren, 5. lerroari. Halere, baldin eta 4. eta 5. lerroetatik diruz lagunduko diren zenbatekoak hurrenez hurren handiagoak badira haietako lerro bakoitzari esleitutako zenbatekoak baino, murriztu egingo dira linealki lerro bakoitzeko kopuruak, dotazioak aski izan arte zenbateko horiek estaltzeko.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak biribildu egingo dira aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, ateratzen den aldea kendu egingo zaio finantzaketa handiena duen proiektuari.

15. artikulua.– Ebaluazio- eta hautaketa-irizpideak.

Jarduketak lerro bakoitzean ebaluatu eta hautatuko dira, kasuan kasuko irizpideak kontuan hartuta.

1. lerroa. Egurrezko ontzietan obrak egitea, museoren batera eramateko:

a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

Jarraian zehazten den moduan ebaluatuko da zer interes duen jarduerak, era honetan: museoetan eta atrakatze-egoeran dauden ontzietan egindako jarduerak: 50 puntu gehienez; lehorreko erakusketa-zentroetan edo atrakatuta dauden ontzietan egindakoak, oraindik musealizatu gabe badaude: 40 puntu gehienez; musealizazio-prozesuan dauden ontziak: 30 puntu gehienez.

b) Ontziaren antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu. Ontziak erreplikak badira, zuzenean 3 puntu emango dira atal honetan, antzinatasuna gorabehera.

c) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

Egoera txarrean badago eta % 80tik gorako konponketak behar baditu: 1 puntu.

Egoera onargarrian badago eta % 50-80 arteko konponketak behar baditu: 3 puntu.

Egoera onean badago eta % 30-50 arteko konponketak behar baditu: 4 puntu

Egoera bikainean badago eta % 30etik beherako konponketak behar baditu: 5 puntu.

Ontziak erreplikak badira, zuzenean 3 puntu emango dira atal honetan, haien egoera zein den gorabehera.

d) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Ontziak erreplikak badira, zuzenean 6 puntu emango dira atal honetan, aipatutako baremoa kontuan hartu gabe.

e) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egina bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egina bada; eta 0 puntu ez bat ez bestea ez bada.

f) Gehienez 15 puntu emango zaizkie, ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategorizazio oro gainditzen duten ontziei. Ikonotzat hartuko dira tipologia-ezaugarriengatik edo funtzionaltasunagatik Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrak diren ontziak, eta haien kontserbazioa eta mantentzea erabat lehentasunezkotzat jotzen direnak; edo Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi bereziko gertaera historiko baten isla direnak.

2. lerroa. Egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.

a) Gehienez 70 puntu emango dira, jardueraren arabera. Gehienez 70 puntu emango dira ontziaren bitartez itsasoko kultura tradizionalarekin lotutako jarduerak egin badaitezke. Gehienez 50 puntu emango dira itsas edo kultura-jarduerekin lotutako jarduerak egiten badira; eta gehienez 35 puntu ontziak publiko orokorrarentzako zerbitzu orokorrak eskaintzen baditu.

b) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango zaio egitasmoari, eta gehienez, 10 puntu. Erreplikatutako ontziek zuzenean 5 puntu izango dituzte atal honetan, edozein adinetakoak direla ere.

c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Ontzien erreplikak badira, baremoa edozein dela ere, atal honetan 6 puntu emango zaizkio zuzenean.

d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egina bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egina bada; eta 0 puntu ez bat ez bestea ez bada.

3. lerroa. Lehorreko instalazioen garrantzia nabarmentzea: ontziolak, lonjak, portuko beste elementu batzuk eta egurrezko egitura txikiak, hala nola ontziralekuak.

a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 45 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

Kalitate handia: gehienez, 45 puntu.

Kalitate ertaina: gehienez, 30 puntu.

Kalitate txikia: gehienez, 15 puntu.

b) Eskabideko helburu den proiektuaren edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. Gehienez ere 40 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak erdiesteko egin behar diren obra-motak adierazten badituzte, betiere.

c) Jarduerak nolako zabalkundea eta hedapena duen kanpoan. Gehienez ere 15 puntu emango zaizkie EAEn oihartzun handia duten ekimenei; lurralde-mailako edo tokiko oihartzuna dutenei, berriz, 10 puntu gehienez.

4. lerroa. Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak.

a) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu.

b) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

Egoera txarra (% 20ko baino gutxiagoko kontserbazioa): puntu 1.

Egoera onargarria (% 20tik % 50era arteko kontserbazioa): 3 puntu.

Egoera ona (% 50etik % 80ra arteko kontserbazioa): 4 puntu.

Egoera bikaina (% 80tik gorako kontserbazioa): 5 puntu.

Ontzien errepliken eta erreplikazioaren kasuan, 3 puntu emango dira.

c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu. Gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu eta 2 puntu jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Errepliken eta ontzien erreplikazioaren kasuan, 6 puntu emango dira.

d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egina bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egina bada; eta 0 puntu ez bat ez bestea ez bada.

e) Gehienez 15 puntu emango zaizkie, ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategorizazio oro gainditzen duten ontziei. «Ikono» gisa ulertzen da bere ezaugarri tipologikoengatik edo funtzionalitateagatik Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra den eta bere kontserbazioa eta mantentzea lehentasunezkotzat jotzen den ontzia, edo Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi berezia duen gertaera historiko baten isla dena. Errepliken eta ontzien erreplikazioaren kasuan, 10 puntu emango dira, gehienez, ontzi enblematiko baten edo ontzi mota enblematiko baten erreplika bada.

5. lerroa. Elkarte edo erakunde publiko nahiz pribatuek egindako ekitaldiak.

a) Gehienez 70 puntu emango dira, antolatuko den ekitaldiaren arabera. Horrela, gehienez 70 puntu emango dira dirulaguntza jasoko duen ekitaldiak hiru baldintza hauek betetzen baditu.

– Ekitaldiak euskal itsas tradizioaren defentsan edo dibulgazioan oinarritzen badira (erakusketak, erakustaldiak, hitzaldiak...)

– Itsas jarduerarekin lotutako jarduera multzo handiago baten barruan txertatuta badago.

– Oraindik erabiltzen diren ontzi tradizionalen agerraldi bat egitekoa bada.

Gehienez 60 puntu emango dira hiru baldintza horietatik bi betetzen badira edo ontzi tradizionalen kontzentrazio bat bada, eta gehienez 50 puntu baldintza horietako bat betetzen bada (dagoeneko baloratuta dauden agerraldiak izan ezik).

b) Gehienez 15 puntu emango dira, ekitaldiaren iraupenaren arabera. Gehienez 15 puntu emango dira ekitaldiak astebete edo gehiago irauten badu, eta gehienez 10 puntu bi eguneko edo gehiagoko iraupena badu; bestalde, 5 puntu emango dira ekitaldiak egun bateko iraupena badu.

c) Jarduerak nolako zabalkundea eta hedapena duen kanpoan. Gehienez ere 15 puntu emango zaizkie EAEn oihartzun handia duten ekimenei; lurralde-mailako edo tokiko oihartzuna dutenei, berriz, 10 puntu gehienez.

16. artikulua.– Balorazio eta kuantifikazio irizpideak.

1.– Ebaluazio- eta hautaketa-fasea bukatu ondoren esleituko zaizkie deialdi honetako dirulaguntzak hautatutako proiektuei, 2. artikuluan ezarritako lerroetako bakoitzean.

2.– Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa zehazteko, eman beharreko hasierako zenbatekoa kalkulatuko da dirulaguntzen lerro bakoitzean, 5. artikuluak baimentzen duen gehieneko zenbatekoa errespetatuz, eta betiere 14. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa gutxienez lortu duten eskabideen artean.

1., 2. eta 3. lerroetako dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, Epaimahai Kalifikatzaileak deialdiari zuzendutako gehieneko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du, 15. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean, eta, horretarako, jarraian zehazten diren formulak aplikatuko ditu:

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

non,

Si = eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ei = kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.

Pi = programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak esleitutako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko apartatuan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, formula honen bidez zehaztuko da kasu bakoitzean eta 2.2 artikuluko atal bakoitzaren arabera eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa:

(Ikus .PDF)

non,

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.

D = Dirulaguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.

17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kulturako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta, interesdunek planteatu dituzten gai guztien gainean ebaztea, ebazpen bakar batean.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean hartutako den ebazpenak zehaztutako du eskatutako dirulaguntzak ukatzen diren, ematen diren ala onartzen ez diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: pertsonaren edo erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa. Nortasun juridikorik gabeko elkarteak badira, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa adierazi beharko dira.

Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, honakoak adierazi beharko dira: nori edo zer erakunderi ukatu zaion, eta zer dela eta ukatu zaion (arrazoiak zehaztuta).

3.– Aurreko lerrokadan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; argitaratutako ebazpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena den, lehendabizi jaso duen jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota aurreko paragrafoan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Nolanahi ere, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, nahitaezko pertsonak edo erakundeak zorra borondatezko epean ordaintzen badu, edo zorra atzeratu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada soilik emango. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarriaren ildotik.

18. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan jaso eta arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz eta espresuki uko egin, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea, dirulaguntzaren oinarri diren aldetik.

c) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

d) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk emanda, hala gertatuz gero.

e) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak, baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

f) Jasotako dirulaguntzei buruz eskatuko dieten informazioa ematea (Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutakoa, beren zereginak bete beharrez); eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

g) Gutxienez euskaraz jartzea zabaltzeko diren material inprimatuak (kartelak, liburuxkak, testuak...), beste hizkuntza batzuk erabiltzeari utzi gabe, besterik erabili nahi izanez gero.

h) Diruz lagundutako jarduerarekin lotuta sor litezkeen karteletan, testuetan edo inprimatutako beste edozein bitarteko erreal edo birtualetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala jarri beharko da.

i) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (bereziki, 14. eta 46. artikuluetan) jasotako beste edozein betebehar.

19. artikulua.– Azpikontratazioa.

Onuradunek diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu dezakete, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

20. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki jotzen dituen ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

21. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Ordainketa bakar batean ordainduko dira agindu honen kargura emandako dirulaguntzak. Aurretik, betiere, justifikatu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatu dela eta egiazki izandako kostua adierazi, 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoari, hala badagokio, kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta kendu beharrekoak badira.

3.– Laguntzaren eskatzailea erregistratu gabe egonez gero Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota erregistro horretan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, honako helbide honetan egin daiteke alta edo aldaketa, inprimakia deskargatuta edo bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

3.– Pertsona edo erakundearen itzulketa-prozedura izapidetzen ari bada, dirulaguntza ordaintzeko aginduaren 17.6 artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

22. artikulua.– Dirulaguntza jasotzeko moduko gastuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 6. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta.

2.– Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu obra egiteko edo zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki merkeena den proposamena aukeratu ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

3.– Betiere, honako hauek aplikatuko dira: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa.

23. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Pertsona fisikoek badute aukera aurrez aurre aurkezteko justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, dirulaguntza justifikatzeko.

Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztuko dira, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

2.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, laguntza jaso duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:

a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak: egindako jarduerari buruzko memoria, ahalik eta zehatzena eta argazki eta guzti; ziurtagiri teknikoa, egindako obra edo jarduera zehaztuta. 4. lerroko onuradunek, memoria horren ordez, «Egindako jarduerak» izeneko dokumentua aurkeztu beharko dute (eskuragarri dago bai egoitza elektronikoan –www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075806– bai eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan).

b) Egindako gastu guztiak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denaren arabera:

– Izandako gastuen fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan baliozkoak direnak edo administrazio-efikazia dutenak. Modu korrelatiboan banan-banan zenbakituta aurkeztuko dira, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen fakturen eta gastuen inprimakiaren arabera (www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075806). Diruz lagundutako jardueran izandako gastuenak izango dira agiri guztiak, eta egindako gastuaren zenbateko osoaren adinakoak. Ezohiko formatua edo formatu txikia duten ziurtagiriak badira (tiketak eta abar), horien fotokopiak erantsi beharko dira DIN A-4 formatuan, zenbakituta eta fakturazioari dagokion zenbaki berarekin.

c) Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, Balantzea izeneko inprimakiari jarraituz aurkeztuta (eskuragarri dago www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075806 egoitza elektronikoan, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzan). Adierazpenean, espresuki aipatuko dira erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako laguntzak, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza ere.

d) Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako dirulaguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.

e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

3.– Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko data-muga 2024ko urtarrilaren 10a izango da.

4.– Edonola ere, diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Behin betiko likidazio-ebazpena emango da, aitortutako dirulaguntza egokitzeko benetan garatutako proiektura. Hasieran aurkeztutako aurrekontua baino gastu handiago bat justifikatzeak ez du inola ere eskubiderik emango hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.

2.– Prozedura.

a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu ondoren, eta egoki irizten bazaie, orduan ordainduko da tokatzen dena.

b) Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, dirulaguntza emateko hasierako ebazpena aldatzeko modua izango da, dela egiazki egindako gastua aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa delako, dela beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direlako eta, ondorioz, ezarritako mugak gainditu direlako.

c) Litekeena da jarduera partzialki bete gabe dagoela adieraztea, baldin eta egiaztatzen bada, argi eta garbi, diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko asmoz jardun dela onuraduna, eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iritsi bada. Hala bada, emakida-ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuko da. Salbuespen gisa, proiektuaren betetzea ez bada iritsi ezarritako ehuneko horretara (% 65), dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela adieraziko du, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun eta espezifikotasun ezaugarri objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia eman badiote.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zati bat, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

2.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, edota araututako ez-betetzeren bat balego (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan araututakoren bat), jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Horretarako, itzulketa-prozedura bideratuko da, xedapen hauetan aurreikusitako moduan: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta bere kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileen betekizun, araubide eta betebehar orokorrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, eta, orohar, aplikatu beharreko dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenetan.

26. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «kultura eta sormen arlorako laguntzak eta sariak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

– Xedea: Kultura Ondarearen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabiliz bete beharreko eginkizun bat betetzeko ezinbesteko tratamendua da.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.

– Eskubideak: datuak eskura izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta beste zenbait eskubide –informazio gehigarrian daude–.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml.

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa(http://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala