105. zk., 2023ko ekainaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (384 KB - 23 orri.)
- EPUB (454 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2623
AGINDUA, 2023ko maiatzaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, 2023ko ekitaldirako, elikagaien eta egurraren balio-kateetan digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako proiektuak zehazteko eta ideiak heltzeko prozesuak babesteko laguntzen deialdia egiten duena (ONEKIN 2023 Programa).
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren ardura dira Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien, egurraren eta landaren eta itsasertzaren balio-katearen ekonomia- eta enpresa-jarduera sustatzeko jarduketak, bai eta euskal enpresei laguntzea ere trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa, ingurumenekoa eta demografiko-soziala lehiakortasun-bektore gisa txerta ditzaten, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta enpresa-ekintzailetzako jardueraren sustapenaren medioz.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Plan berriak (ZTBP Euskadi 2030) islatzen duen bezala, Euskal Autonomia Erkidegoak I+G+Bren aldeko apustu argia egin du, zeina azken hiru hamarkadetan mantendu baita eta orain 2030. urteari begira proiektatzen baita. Euskadi 2030ean berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzean datza ikuspegia. Azken helburua da bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea. Erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen duten estrategia partekatua da.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategia 2025 Europako estrategiaren testuinguruan zehaztu du. Eraldaketa digitaleko testuinguru batean gaude gizartearen esparru guztietan, eta horrek eragina du nola ekonomian hala gizartean. Jasangarritasun-helburuei jarraikiz, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren erregelamendu-proposamen baten bidez, Europa Digitala Programa 2021-2027 ezarri du. Programaren helburu orokorra EBren, estatu kideen eta industriaren inbertsioak sustatzea da, Europako ekonomiaren, industriaren eta gizartearen eraldaketa digitala bultzatzeko eta, horrela, lehiakortasuna hobetzeko, eten digitala murrizte eta EBren autonomia estrategikoa indartze aldera.
Era berean, 2024ko Ekintzailetzako Erakunde Arteko Planean, ekintzailetza-modalitate guztietan sustatzeko ibilbide-orria jasotzen da, proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarriak sor eta haz daitezen lortze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia suspertzeko, hazkunde inklusiborako eta garapen iraunkorrerako etapa berri baten eragile gisa.
Kontuan izan behar da, gainera, elikagaien eta egurraren balio-kateko enpresen ezaugarri komun bat tamaina dela, neurri handi batean enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek osatzen baitute. Halaber, badakigu sektore hori tradizionala dela, eta, orokorrean, industrializazio-maila handiagoa duten beste sektore batzuetan baino motelago sartzen direla teknologia, produktu eta prozesu berriak.
Elikaduraren balio-kateari Euskadiko BPGaren % 10,6 dagokio, eta 31.000 bat enpresa izanik, guztira 95.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Egurraren balio-kateari, berriz, BPGaren % 1,54 dagokio, eta 18.000 lanpostu sortzen ditu.
Horri dagokionez, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza elikagaien eta egurraren balio-katera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da eraldaketa digitala bultzatzeko eta jardueraren eta negozioaren erritmoa berreskuratzea sustatzeko, berrikuntzaren medioz, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza babesteko ekintzen bidez, eta enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskainita.
Ondorioz, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuei jarraikiz, «Onekin» 2023 laguntza-programa taxutu da. Programa horren helburua enpresei laguntza ematea da, honako hauekin lotuta: kontsultaritza- eta/edo aholkularitza-zerbitzuak kontratatzea, negozioak abian jartzea edo garatzea, I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak egitea, patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak egitea, eta elikagai-segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea; berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko kontsultaritza-lanak era barne hartuko dira.
Laguntza-emakida honako hauetako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz ebatziko da: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan).
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia. 2023. urterako, elikagaien eta egurraren balio-kateetan ideiak heltzeko eta digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako proiektuak zehazteko prozesuak babesteko laguntzen deialdiaren oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea zera da, honako hauekin lotutako babes-laguntzak emateko deialdia egitea: kontsultaritza- eta/edo aholkularitza-zerbitzuak kontratatzea, negozioak abian jartzea edo garatzea, I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak egitea, patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak egitea, eta elikagai-segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea; berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko aholkularitza-lanak era barne hartuko dira.
2.– Agindu honetan araututako laguntzek bi helburu dituzte: alde batetik, ekintzailetza eta enpresa-jarduera berrien sorrera bultzatzea elikaduraren eta egurraren balio-katearen esparruan; eta, bestetik, elikagaien eta egurraren balio-kateko erakundeen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzea, baldin eta hobekuntza horiek bideratuta badaude bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan 750.000 eurokoak dira, eta honela egongo dira banatuta:
(Ikus .PDF)
2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kopurutik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuz gero, horren berri emango du Eusko Jaurlaritzaren Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
3. oinarria.– Onuradunak.
1.– Onuradun izan daitezke elikagaien eta egurraren balio-katearen barruko jarduera ekonomikoa gauzatzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak: nekazariak, erauzketako arrantza-sektoreko operadoreak, elikagai- edo baso-industriak, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien merkataritza, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen edo garatuko badute euren jarduera.
2.– Onuradunak izan ahalko dira, halaber, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32. m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.
3.– Gainera, eskabidea aurkeztean legez eratuta ez dauden baina enpresa-proiektu bat duten ekintzaileek ere jaso ahalko dituzte agindu honetan jasotako laguntzak.
4. oinarria.– Entitate edo erakunde baztertuak.
1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen denean:
a) harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;
b) gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;
c) porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
d) aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.
2.– Baztertuta geratuko dira, orobat, berreskuratzeko agindu baten mende dauden erakundeak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
3.– Dirulaguntzak lortzeko debekua izango dute, halaber, irizten bada, zuzentzen dituzten pertsonengatik edota beste zirkunstantzia batzuengatik, beste enpresa batzuen jarraipena direla edota beste enpresa batzuetatik eratorriak direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotzarekin lotutako arrazoiengatik.
4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
5. oinarria.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.
Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko,hemen ezarritako eskakizunak bete behar dira, baita honako lege-testu hauetan ezarritako gainerakoak ere: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua. Bereziki, ondoren aipatzen direnak:
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
2.– Diruz lagundu daitekeen jarduera ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena).
3.– Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
6. oinarria.– Laguntza-lerroak eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– 1. oinarriko xedea lortzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:
1) Negozioa abian jartzearekin lotutako kontsultaritza- edo aholkularitza-lanak.
2) I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak.
3) Patenteak, ingurumen-zigiluak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak.
4) Enpresetan elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeari buruzko diagnostiko-azterlanak, bai eta lehen aldiz elikagai-segurtasunaren arloko ziurtagiriak lortzekoak ere.
5) Berrikuntza eta digitalizazioaren arloko kontsultaritza-lanak.
2.– Aurreko puntuan aipatutako azterlanak espezifikoak izango dira, eta erakunde eskatzailearen errealitatera egokituta egongo dira; gainera, agindu honen II. eranskinean jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen ekintzetako batzuen esparruan kokatu beharko dira.
3.– Laguntza jaso ahalko dute oinarri honetako aurreko puntuetan ezarritakoaz gain honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsultaritza-lanekin lotutako gastuek:
a) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen sortuak edo fakturatuak.
b) Laguntza eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaz kanpoko enpresek egindakoak.
4.– Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira hauek:
a) Lan edo azterlan orokorrak, baldin eta ez badaude erakunde eskatzailearen inguruabarretara egokituta.
b) Enpresaren jarduera iraunkorrak edo errepikakorrak, edo enpresaren ohiko ustiapen-gastuekin lotutakoak, hala nola zerga-aholkularitzako ohiko zerbitzuak, aldizkako zerbitzu juridikoak edo publizitate errepikakorrekoak.
c) BEZa eta zeharkako bestelako zergak, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke.
5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko.
6.– Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
7.– Honako hauek ez dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat joko: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariaren joan-etorrietako gastuak, material didaktikoak sortzea, aretoak alokatzea, dietak, kontsultaritza-lanetan baliatutako kontsumigarriak, gailuak eta lizentziak eta antzekoak. Gastu horiek bereizita agertu beharko dira fakturen kontzeptuan.
7. oinarria.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
2.– Laguntzek gehieneko muga bat izango dute; zehazki, eskatzaile bakoitzak ezingo du 10.000,00 eurotik gora jaso. Hautagai bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du, eta proiektua zein laguntza-lerrotarako aurkezten duen aukeratu beharko du.
3.– Agindu honen esparruan eman beharreko laguntzak Estatuarenak izango dira, eta beraz, honako hauek aplikatu beharko dira: Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; Europako Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; Europako Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 27koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Agindu honetan ezarritakoa betez, aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko kondizioak betetzen dituen entitate edo pertsonak, eskabidea eta 9. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hilabeteko epean bukatuko da, argitalpen horren biharamunetik zenbatzen hasita.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14. artikuluan ezarritakoa betez:
a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.
– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean. Alabaina, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.
– Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/servicios/1232701
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) apartatuetan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.
4.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1232701
Aipatutako webgunean eskuragarri egongo diren eskabide-eredu normalizatuen edukia agindu honen III. eranskinean adierazitakoa izango da.
5.– Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahalko da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
6.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, entitate edo enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
7.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
8.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada ez dela aldaketarik egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. Paragrafoari jarraikiz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Eskabidea aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
9.– Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horrek kudeatzen dituen organoak, salbu eta modu arrazoituan aurka agertzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.
9. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Entitate edo pertsona eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta honako agiri hauek atxiki eskabide horri:
a) Honako hauek biltzen dituen memoria bat:
• Premien analisia eta egin beharreko azterlanaren motibazioa.
• Azterlanaren deskribapena eta egitura, eta azterlana exekutatzeko epea.
• Aurrekontu xehakatua.
• Erakunde sustatzaileko plantillaren deskribapena, sexuaren eta adinaren araberakoa, bai eta gizarte- eta lan-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen xehetasuna ere.
• Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada (hau da, kontsultaritza-enpresak jarduera osorik edo partzialki hirugarren bati azpikontratatzen dio), hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela.
c) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.
d) Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.
2.– Betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari eskatu ahalko dizkio aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak.
3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
10. oinarria.– Azpikontratazioa.
1.– Onuradunak hirugarrenei azpikontratatu ahalko die diruz lagundutako jarduera osorik edo partzialki exekutatzeko ataza. Jarduera gauzatzeko azpikontratazioa haren % 100erainokoa izango da.
2.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.
3.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua exekutatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez; kontratistek, aldiz, agindu honen 16. oinarriaren 6. apartatuan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
4.– Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jardueraren exekuzio osoa edo partziala honako hauekin itundu:
A) 5. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
11. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.
1.– Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:
a) Memoria teknikoaren kalitatea. Bertan, argi eta garbi adieraziko dira azterlanaren motibazioa eta antzemandako premiak, proposatutako helburuak, proposatutako egutegia eta abar, gehienez 40 puntu, eta honako parametro hauek baloratuko dira:
• Premien analisia eta azterlanaren motibazioa: 10 puntu, gehienez.
• Proposatutako esku-hartzea: 10 puntu, gehienez.
• Espero diren emaitzak: 10 puntu, gehienez.
• Proposamenaren kalitate orokorra: 10 puntu, gehienez.
b) Irizpide objektiboak (gehienez 60 puntu), honako banaketa honen arabera:
• Proposamenaren egokitasuna: II. eranskinean proposatutako lehentasunezko esku-hartzeekin bat etortzea: 10 puntu, gehienez.
• Sexua:
– Proiektuak nekazaritza-ustiategiaren titular diren emakumeek sustatuta egotea, edo bi titular dituzten ustiategien kasuan, % 50eko partaidetza emakumeek edukitzea, eta gainerako kasuetan, parte-hartze orekatua izatea generoari dagokionez: 15 puntu.
– Emakumeek sustatutako proiektuak: 10 puntu.
• Gaztea: 41 urtetik beherako pertsonek sustatutako proiektuak: 10 puntu.
• Kokapena: 10 puntu, gehienez, honako hauek kontuan hartuta:
– Arreta Bereziko Eremuak –ABEak–, Euskadiko Landa Ingurunearen Karakterizazio Maparen arabera: 10 puntu.
– Lehentasunezko Jarduera Zonaldeak –LJZak–: 5 puntu.
• Enpresa mota (gehienez, 10 puntu), eta kontuan izanik:
• Inkubazio-enpresa (4 urtetik beherakoa): 10 puntu.
• Azelerazio-enpresa (4-8 urte): 8 puntu.
• Enpresa txikia: 6 puntu.
• Enpresa ertaina: 4 puntu.
• Ofizialki onartutako kalitate-markak eta nekazaritza ekologikoko markak: 5 puntu.
2.– Laguntza eskuratu ahal izateko, memoria teknikoaren kalitateari buruzko apartatuan 25 puntu lortu beharko dira gutxienez, eta 30 puntu, berriz, balorazioaren puntuazio osoan.
12. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Laguntzek gehieneko muga bat izango dute; zehazki, eskatzaile bakoitzak ezingo du 10.000,00 eurotik gora jaso. Hautagai bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du, eta proiektua zein laguntza-lerrotarako aurkezten duen aukeratu beharko du.
2.– Diruz lagundu daitezkeen kostuen –6. oinarrian ezarritakoen– gaineko laguntza-ehunekoa edo oinarrizko laguntza –proiektu batek jaso dezakeena– laguntza-motaren araberakoa izango da:
a) Proiektu orokorrak (elikaduraren eta egurraren balio-katearen eremuan ekintzailetza eta enpresa-jarduera berriak sortzea bultzatzen duten proiektuak, negozio berriak abian jartzeko aholkularitza espezializatuaren, bideragarritasun-azterlanak egitearen eta patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzearen bidez): laguntza-ehunekoa % 60koa izango da.
b) Ikuspegi jasangarria duten proiektuak (elikagaien eta egurraren balio-kateko erakundeen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzea, baldin eta hobekuntza horiek bideratuta badaude bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez): laguntzaren ehunekoa % 40koa izango da.
3.– Laguntzaren intentsitatea edo diruz lagundu daitezkeen proiektuen kostuen ehunekoa –2. puntuan ezarritakoa– honela handitu ahalko da:
a) Honako ezaugarri hauek dituzten nekazaritza-ustiategietan emakumeek sustatutako proiektuak, 15 puntu gehiago: titulartasuna emakume batek izatea; titulartasun partekatua izatea; titularra pertsona juridiko bat denean, emakumeek partaidetza sozialen gutxienez % 50 badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo partaidetza orekatua bada, generoari dagokionez, gainerako kasuetan.
b) Emakumeek sustatutako proiektuak: 10 puntu gehiago.
c) Gazteek sustatutako proiektuak: 10 puntu gehiago.
d) ABE edo LJZ eremuetan eta/edo landa-ingurunean kokatutako proiektuak: 5 puntu gehiago.
e) Enpresa sortu berriek edo inkubazio-enpresek sustatutako proiektuak (<4 urte): 5 puntu gehiago.
f) Azelerazioaldian dauden enpresek sustatutako proiektuak (4-8 urte): 2 puntu gehiago.
Gehikuntza gehigarria ez da 20 puntutik gorakoa izango.
13. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Balorazio-batzorde bat sortuko da, proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko, baloratzeko eta haztatzeko. Balorazio Batzordeko burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren Ikerketa Programen arduraduna izango da. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat eta HAZI fundazioko ordezkari bat izango dira batzordekideak, eta lehenengoak idazkari-lanak egingo ditu. Balorazio Batzordearen osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.
4.– Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko adituei eskatu ahalko die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.
5.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.
6.– Balorazio Batzordeak funtzio hauek izango ditu:
a) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak aztertu eta ebaluatzea, hau da, proiektuak eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea.
b) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.
7.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.
8.– Balorazio Batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.
9.– Balorazio Batzordean parte hartzeko eta beste zeregin batzuetarako, HAZI Fundazioak (HAZI) erakunde lankide gisa jardungo du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12. eta 13. artikuluetan ezarritako terminoetan, eta arau horren 16. artikuluko oinarrizko xedapenetan eta 53. artikuluko xedapenetan ezarritakoaren arabera.
10.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lanak, zerbitzuak eta haren helburu sozialari loturiko edozein jarduketa utzi ahalko du HAZIren gain, betiere administrazio-ahalak betetzea ez badakar berekin, eta gainera, agindutako lanak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren jarraibideak alde bakarretik finkatu ahalko ditu, deialdi honetara aurkez daitezkeen proiektuak baloratzeko behar diren ezagutza espezifikoen –gai jakin batzuei buruzkoen– espezifikotasuna dela eta.
11.– HAZIk honako eginkizun hau egingo du:
«Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, ebaluazioaren xede den gaian aditua den euskarri teknikoa izateko premian oinarrituta. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera».
14. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen Testu Bategina).
2.– Proiektu mota bakoitzeko, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.
3.– Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio proposamenaren kalitate orokorrari buruzko balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:
• Proposatutako esku-hartzea eta espero diren emaitzak.
• Premien analisia eta azterlanaren motibazioa.
4.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 2. eta 6. oinarrietan jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: 5., 1., 4., 2. eta 3. lerroak, agortu arte.
5.– Aurkeztutako eskabide bakoitza eta dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio-batzordeak behar bezala egiaztatuko du Agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla. Era berean, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituz, proposamen bat egingo du onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari dagokionez.
15. oinarria.– Ebazpena.
1.– 14. oinarriaren azken apartatuan aurreikusitako proposamena jaso ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta, hor, laguntza eman edo ukatuko zaio eskatzaileari.
2.– Hartu beharreko ebazpenak honako informazio hau izan beharko du gutxienez:
A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:
1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.
4.– Laguntzaren ehunekoa eta aplikatutako irizpide objektiboak.
5.– Proiektua exekutatzeko epea eta proiektuak exekutatzeko epearen bukaera-data.
6.– Laguntza nortasun juridikorik gabeko elkarte bati emanez gero, elkarteko kide bakoitzak proiektua exekutatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa islatu beharko dira.
B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:
1.– Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFKa edo NANa.
2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Aurreikusitako laguntzen ebazpenaren banakako jakinarazpena alde batera utzi gabe, lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Dena dela, ebazpen osoa helaraziko zaie interesdun guztiei, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Prozedura hori ebazteko eta Ebazpena jakinarazteko, sei hilabeteko epea izango da gehienez. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute eskatzaileek, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka (ez dio amaiera ematen administrazio-bideari), gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
7.– Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada eta hori exekutatzeko aldian badago, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian ez bazaio erantzun hari, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
16. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:
1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.
2.– Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
6.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den xede bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan jasotako beste minimis laguntza batzuk lortzea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.
7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.
8.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuari jarraikiz.
9.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
17. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betetzeko, dirulaguntza jaso duen inbertsio-proiektua edo gastua bera eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:
a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.
b) Faktura originalak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-efikazia dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
d) Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz eta automatikoki egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak. Haatik, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen den dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahalko ditu, egoki baderitzo. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.
4.– Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek proiektuaren amaierako ebaluazioa egin eta proiektua gauzatu izanaren azken ziurtagiria emango dute.
5.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2024ko urtarrilaren 15era artekoa izango da.
18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.
1.– Ordainketak egiteko, aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko oinarrian adierazitako dokumentuak aurkeztuz.
2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada eta hori exekutatzeko aldian badago, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian ez bazaio erantzun hari, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala badagokio, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.
3.– Inbertsioak ez badira ezarritako epeetan egiten, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako itzultze-prozedura jarriko da abian.
4.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.
19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko kondizioen aldaketa eta gastua exekutatzeko epeen luzapena.
1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako baldintza edo eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzultze-prozedurari ekingo zaio.
2.– Aurkeztu ondoren dirulaguntza jaso duen proiektuan egindako edozein aldaketa idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.
3.– Aurkeztu ondoren dirulaguntza jaso duen proiektuan eginiko funtsezko aldaketen ondorioz, hala badagokio, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere erabakigarriak izan ez badira; bestela, funtsezko aldaketa horiek ez badute aldatzen laguntzaren ebazpena, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eskatutako aldaketa horiek onartzeko.
Honako hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:
a) Azterlanaren xedean aldaketa esanguratsuak sartzea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.
b) Proiektua exekutatzeko egutegia aldatzea.
c) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.
d) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuta.
e) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik bateren bat ordeztu edo kentzea.
4.– Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
5.– Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute bide emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.
6.– Baldin eta egindako inbertsioaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagotu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.
20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1) Eskatzaileak atzera egin ahalko du, betiere laguntzak emateko ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabide bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahalko dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahalko du laguntza onartu ondoren. Emandako laguntzari buruzko ordainketaren bat egin bada, itzuli egingo da. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskabidea helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
3.– Uko-egitea onartu ondoren, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
21. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren kondizio edo baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.
d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzultze-kausaren bat denean.
2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, nola osorik hala partzialki, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Itzultze-prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat jazo bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.
22. oinarria.– Bateragarritasunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren. Alabaina, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat faboragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.
2.– Era berean, laguntza horiek metatu egingo dira beste administrazio publiko batzuek onuradun berberei agindu honetan ezarritakoez bestelako helburuetarako emandako beste minimis laguntza batzuekin; alabaina, laguntza guztien baturak ezingo du gainditu azken hiru zerga-ekitaldietarako (2021, 2022 eta 2023) ezarritako onuradun bakoitzeko laguntzaren gehieneko muga, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira gehieneneko atalase aplikagarri horretara egokitu arte.
23. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/