Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2023ko ekainaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2614

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 25ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariorde teknikoaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Laster hutsik geratuko da zuzendariorde lanpostua (kodea: 512006; dotazioa: 3) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoan. Erakunde autonomo honek erabaki du eranskinean adierazten den lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia egitea, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren. Honako hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezingo dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, ebazpen honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Parte hartu nahi dutenek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen ari diren lanpostua adierazi beharko dituzte.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, baldin eta horiek Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Esleipenduna zehazten den egunean jabetu beharko da lanpostuaz, eta interesdunak lehiaketa bidez edo destinoa esleituz lortutako titulartasuneko lanpostua gordeko da, karrerako funtzionario izatera iristeko dagokion prozesuaren ondoren.

Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.

Barakaldo, 2023ko maiatzaren 25a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: Zuzendariordea.

Kodea: 512006.

Dotazioa: 3.

Kidegoak: EAP Kidegoak – Aukerak_Eskalak A Taldea (EAP).

Destino-osagarriaren maila: 29.

Berariazko osagarria: 0-A.

Kokapena: Zuzendariordetza Teknikoa.

Herria: Barakaldo.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data: –

Berariazko ezagutzak: –


Azterketa dokumentala