Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2023ko ekainaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2576

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» Sektorearen Plan Partzialari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak Donostiako «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» sektorearen plan partzialari buruzko irismen-dokumentua egin zuen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horrek planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura arautzen du) eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Donostiako Udalak 45 egunez jendaurrean jarri zuen ingurumen-azterketa estrategikoa (2021eko urriaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 205. zenbakian, iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan. Donostiako Udalak jakinarazi du hamaika alegazio jaso direla, eta kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Donostiako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki ikusten zituzten txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Donostiako Udalak jakinarazi du zortzi txosten jaso direla (administrazio-espedientean jasota geratu dira txosten horien emaitza eta edukia), eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

2023ko apirilaren 24an, Donostiako Udalak Donostiako «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» sektorearen plan partzialari buruzko (aurrerantzean, plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera bete zuen, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Donostiako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» sektorearen ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Proposatutako plan partzialak garatu egiten ditu Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» sektorerako ezarritako egiturazko zehaztapenak, eta sektore horren antolamendu xehatua definitzen du, lurralde- eta sektore-araudira egokituta. Planaren helburua jarduera ekonomikoetarako gune berri bat sortzea da.

«Belartza Goikoa» sektorearen kokapenak asko baldintzatzen du haren hirigintza-garapena: muino altu batean dago, oso toki aldapatsuan, 20 m gorago ondoko lurzoruak baino, eta lurzoru horien bidez lotzen zaio hiriko gainerako eremuekin. Gainera, zuhaiztiak babestu beharra dago azpieremuko lurzoruen zati esanguratsu batean, zehazki Errekatxuloko ibarbidean, eta helburu hori erabakigarria da, nabarmen murrizten baititu lurrak berrorekatzeko erabil daitekeen azalera, bai eta eraikuntza-plataformen eta sarbide-sistemaren konfigurazioa ere.

Plataforma mailakatuen sistema bat proposatzen da, plataforma horizontal samarrak, eta ekialde / mendebalderantz orientatuak; hor, bi lurzati garatzen dira, eraikin atxikiak hartzen dituztenak. Garapena Irubide errekaren ibarbidean egindako betelanean bermatzen da –ibarbide nagusia da hori, betelan horren azpitik lurperatuta doana–; garapenak ez die eragiten ez alboetako ibarbideei –Arizetari, mendebaldean, eta Errekatxulori, ekialdean–, ez eta, ahal den neurrian, ibarbide horiek zedarritzen dituzten hegalei ere. Gainera, bide-irtenbide bat proposatzen da: funtsean, Belartza I-eko biribilgunetik eremura sartzeko bide nagusia da. Irtenbide horri esker, Errekatxuloko ibarbideari eragitea saihesten da, eta, hartara, ibarbide hori eta Irube errekaren ibarbide txikia esku-hartze urbanizatzailetik kanpo geratzen dira.

Planean, erabilera xehatuko zonen karakterizazioa proposatzen da: % 48,67 hainbat jarduera ekonomiko egiteko lurzatietarako; % 36,23 hiri-espazio libreetarako, eta % 15,09 mugatu gabeko espazio publikoetarako. Oro har, guztira proposatutako eraikinak 83.894 m2(t)-koak dira: erabilera-programa, nagusiki, industriala da –55.224 m2(t) (>60 %)–; gainerakoa hirugarren sektoreko erabilerak izango dira, edo hirugarren sektoreko erabilerak onartzen dituzten lurzati industrialak –28.670 m2(t) (< 40 %)–, eta, horietatik, 25.170 m2(t) merkataritza-establezimenduei dagokie, eta 3.500 m2(t) establezimendu komertzial ez-bereziei (3. kategoria).

Eraiki gabeko espazioaren antolamenduari dagokionez, 76.007 m2 berdegune eta espazio libreetarako antolatu dira; hau da, azaleraren % 36,23. Espazio horretan, egoera ekologikoa eta paisaia lehengoratzeko neurriak hartuko dira, bai eta eremuaren iragazkortasuna hobetzeko neurriak ere. Errekatxulo errekaren ibarbidea babestea eta espazio libre gisa kalifikatzea proposatzen da, bai eta eremuaren mendebaldeko hegaleko lurzoru-zerrenda bat ere, babestu beharreko zuhaiztien zati bat hartzen duena. Hartara, gainera, saihestu egiten da Errekatxulo errekaren ibilgua estaltzea eremuari eragiten dion tartean; halaber, ur-ibilguak babesteko irizpideak txertatzen dira, zehazki urei buruzko araudian eta EAEko ibaien eta erreken ertzen indarreko LPSn ezarritakoak.

Aurreikuspenen arabera, betelanetarako erabilgarri dauden materialen guztizko bolumena 442.189,00 m3 da, eta beharrezko diren betelanen bolumena, berriz, 432.581,40 m3. Hortaz, soberako materiala (9.607,60 m3) obran berriz jarrita erabil liteke.

Planak zehazten du zer baldintzatan garatuko beharko da urbanizazio-proiektua, honako hauei dagokienez: saneamendu- eta hornidura-sarea, hornidura-elektrikoa eta jarduera ezartzeko beharrezkoak diren gainerako instalazioak.

Belartza Goikoa eremutik kanpo, ibarbidearen drainatze-sarea hobetzeko, areka berri bat proposatzen da, Irubideko ibarbidearen gainetik goratua, «hiri-drainatze jasangarriko sistemen» moduko tratamenduren batekin; trafikoa hobetzeko, berriz, sarbide berri bat proposatzen da, GI-11 errepidetik Belartza Goikoa eremura.

Ingurumen-azterketa estrategikoan jasotzen denez, «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» urbanizazio-proiektuak 21 ha inguruko industria-eremu bat garatzea ekarriko du berekin. Hori dela eta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaio urbanizazio-proiektuari, honako hauetan jasotako proiektuen artean dagoelako: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (7. taldea, a epigrafea. Industrialdeak urbanizatzeko proiektuak) eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinean (E7 taldea, a epigrafea. Eremu industrialetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak).

«AÑ.13.1 Belartza Goikoa» eremua Donostiako udal-mugartearen hego-mendebaldeko muturrean dago, Añorga-Errekalde auzoan. Eremuaren azalera osoa 209.735 m2-koa da. Paisaia landazabal atlantikoan izan ohi dena da, belardi eta hostozabalen zuhaiztien mosaiko batez osatua, aldapa handian.

Hauek dira jarduketa-eremuko ingurumen-alderdi esanguratsuenak:

– Hidrologiari dagokionez, eremutik Añorga errekaren bi adar igarotzen dira: Irubide eta Añorga.

Irubide errekak eremuaren hegoaldeko muturrean 14 km2 inguruko arroa drainatzen du; haren gainean egongo litzateke urbanizazioaren eta eraikinen zati bat. Irubide errekaren ibarbidearen zati bat bere garaian Belartza 1 industrialdea eraikitzean sortutako indusketa-soberakinekin egindako lur-betelanak hartzen du, eta 155 m lurrazalean geratzen da. Galeria-basoa hostozabalen baso gaztea da, zuhaixka-geruzan sahats eta ereinotz ugari dituena.

Ekialdean Errekatxulo erreka dago, zeinak eremuan zehar 350 metroko luzetarako garapena baitu, iparraldetik hegoaldera, eta 0,12 km2 inguruko arroko ibarbidea. Haren ibarbidea espazio libreen tokiko sistemara bideratuko da, urbanizatzeko edozein esku-hartzetik kanpo utzita. Errekatxulo erreka egoera naturalean dago, ondo oxigenatutako urak ditu, eta ez du kutsadura-zantzurik. Galeria-basoa hostozabalen baso misto batek osatzen du, espezie aloktono ugari dituena, hala nola haritz amerikarra (Quercus rubra), akazia faltsuak (Robinia pseudoacacia) eta astigar zuriak (Platanus hispanica). Eremua zeharkatzen duen tartean, ibaiertzeko basoaren zuhaitz-estaldura % 100ekoa da.

Bi erreketan, Cortaderia selloana landare aloktono inbaditzailea edo Pampako plumeroa aurkitu da.

– Eremu horretan, hostozabalen masak nabarmendu behar dira; zehazki, hostozabalen baso mistoa, haltzadiak eta hostozabalen baso natural gazteak, eremu horretan dauden habitaten % 25,86 hartzen dutenak. Kartografiatutako masen artean, hiru garrantzitsuenak nabarmendu behar dira: Errekatxulo errekan (26.577 m2), erdiko muinoan (11.316 m2) eta GI-11rekin muga egiten duen eremuaren mendebaldeko hegalean (16.300 m2). Fauna- eta flora-espezieen dibertsitate handia duten habitatak dira, eta egiaztatu da pizidoak eta babestutako flora-espezieak daudela, hala nola gorostia eta erratza. Ibarbideetan finkatutako masetan, gainera, intereseko fauna-espezieak daude, eta arreta berezia merezi du hegoaldeko zuhaitz-igelak (Hyla meridionalis), eremua espezie horrentzako Interes Bereziko Eremu baten barruan baitago.

Eremuaren erdialdeko eta mendebaldeko bizkarreko masetan, 20-25 m-ko altueretara iristen diren haritz helduen multzoak nabarmentzen dira; horietako batzuek 50 cm-tik gorako perimetroak dituzte. Era berean, intereseko landarediari dagokionez, nabarmentzekoak dira ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarreko bi gune txiki (Eunis G1.21 (Z) kodea); Irubideko errekan identifikatutakoa (1.410 m2) eta Errekatxulokoan aurkitutako zati txiki bat (933 m2).

– Eremua hegoaldeko zuhaitz-igelaren interes bereziko eremuan dago; espezie hori, gainera, kudeaketa-plan batean jasota dago (Foru Agindua, 1999ko azaroaren 10ekoa, zeinaren bidez onartzen baita hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) kudeaketa-plana, eta ematen baitira hura babesteko arau osagarriak (1999-11-18ko GAO).

– Gainerakoan, planaren eremua eta haren ingurune hurbila ez datoz bat gune babestuekin, ezta inbentarioan jasotako natura- edo geologia-intereseko beste leku batzuekin edo EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen Azterlanak (Eusko Jaurlaritza, 2005) definitutako egiturazko elementuekin ere. Ondare arkeologiko edo arkitektoniko babestuko elementurik ere ez da aurkitu Belartza Goikoa eremuan.

– Eremuak hauskortasun bisual ertain-altua du, topografikoki altua delako.

– Lurrazpiko urak kutsatzeko oso arrisku txikia du eremuak. Ez da higadura-prozesu aktiborik detektatu, nahiz eta Belartzaerdikoa baserrirako egungo sarbidean lur-irristatze txiki bat antzeman den. Eremuan ez da identifikatu kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako kokagunerik.

– Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, 2021eko abuztuan egindako azterketa akustikoaren arabera, industria-zaratak kanpoaldean duen eragina aztertuta, ondorio hau atera da: 60 dezibelioko isofonak eraikin bati eragiten dio, eta 65 dB-ko isofonak, berriz, hotel-erabilerako eraikinari. Fatxadako zarata 0,5 dB gainditzen da eraikinaren fatxadako puntu batean, eta 1,1 dB, egunez, hotel-erabilerako eraikinean, mendebaldeko fatxadako goiko solairuetan.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2020ko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako hedadura-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Natura-ondarea kontserbatzeko neurriak.

– Ingurumen-azterketa estrategikoak proposatzen duenez, neurri konpentsatzaile gisa, 100.000 m2-ko azalerako baso mistoa landatuko da Donostiako Udalaren titulartasuneko lurzoruetan, hau da, lurzoru degradatuetan edo ingurumen-kalitate txarrekoetan, «parke urbanoetan» edo «landa-eremuko jolas-eremuetan». Urbanizazio-proiektua idazteko fasean erabakiko da zein izango den landaketa horren behin betiko kokapena, eta, proiektuan jaso beharko dira, halaber, paisaia-integrazioari buruzko azterlana eta jarduketa horien definizio zehatza. Neurri konpentsatzaile horren helburua eragindako inpaktua konpentsatzea izango da, bai kalitatean eta kantitatean, bai eta, ahal den neurrian, eragindako eremutik hurbil ere.

– Planetik eratorritako proiektuan ezarriko da lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo direla. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira gainerako eremuan beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Horrez gain, behar bezala babestuko dira obra-eremutik hurbil dauden zuhaitz-ale autoktonoak, istripuzko kalteak ekiditeko.

– Eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira, eta landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar. Neurriak hartuko dira espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; gainera, betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da. Komenigarria da «Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo» bat idaztea, bete-betean hirigintza-dokumentuarekin lotzeko, neurri horiek hartzen direla bermatzeko.

– Proiektua gauzatzeagatik eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, bai eta kendutako landare-zuhaitzen eremuak ere. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko. Biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

– Hegoaldeko zuhaitz-igelaren interes bereziko eremuan esku hartzeko, 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduaren zehaztapenak bete beharko dira; haren bidez, hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) kudeaketa-plana onartzen da eta hura babesteko arau osagarriak ematen dira.

D.2.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

– Planetik eratorritako urbanizazio-proiektuan paisaia-integrazioari buruzko azterlana jaso beharko da, zeina jasota baitago Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen inguruko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikuluan.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta beste. Urbanizazio-proiektuan, espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

– Eremuko lorategi-lanetan kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean bildutako gomendio eta neurriak (Eusko Jaurlaritzaren Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zk., 2017ko apirilekoa), www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=es-ES

D.3.– Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

– Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman kutsadura-kargari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).

– Betiere, jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko da.

D.4.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.

– Urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak. Proiektua gauzatzeko faserako, zehaztu beharko da nola kontrolatu lurrazaleko uren kalitatea.

– Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Añarbeko Ur Partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

D.5.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

– Obretan, eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, eragin akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan.

D.6.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Plan partzialaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, kontuan hartuko dira Ingurumenaren aldetik Jasangarria den Eraikingintzaren Euskal Autonomia Erkidegoko Gidetan bildutako gomendioak. Industria-eraikinak (Argitalpenak - Ingurumenaren aldetik Jasangarria den Eraikingintzaren Gida eguneratua – Ihobe.eus). Helburua da eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzea eta energia berriztagarriak sustatzea.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

D.9.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen du. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2020ko abenduaren 10ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Donostiako «AÑ.13.1 Belartza Goikoa» sektorearen plan partziala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala