103. zk., 2023ko ekainaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (182 KB - 10 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2575
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektorearen Plan Partzialari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.
AURREKARIAK
2020ko abenduaren 23ko ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektorearen Plan Partzialaren irismenari buruzko dokumentua formulatu zuen, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Sopelako Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita iragarki batean (2022ko ekainaren 3ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 106. zk.), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Sopelako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Sopelako Udalak adierazi du alegazio bakarra jaso dela, eta erantzun egin zaiola.
Sopelako Udalak jakinarazi du Uraren Euskal Agentziaren txostena jaso dela, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten hori kontuan hartu dela Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.
2023ko martxoaren 31n, Sopelako Udalak Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektorearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.
Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Sopelako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektoreak, guztira, 106.168,80 m2-ko azalera du. Sopelako hiri-lurzoruaren hegoaldean dago, iparraldean Bilbo-Plentzia metro-linea duela muga, hegoaldean, BI-3134 errepidea, ekialdean, Enrike Urrutikoetxea kalea, eta mendebaldean, Abaro kalea. Gainera, Planaren eremuak barne hartzen du Gatzarriñe kalearen eta Matadero errekaren artean dagoen lursail bat.
Planak bizitegi-eremu bat antolatzen du zenbait premisaren arabera: trenbidearekiko paraleloan jarraitzea bideak, eta lotura egokia egitea hiri-bilbearekin; espazio libreak Matadero errekaren alboan kokatzea, eta erreka babestea; metrotik iparraldera dauden etxebizitzen bistak ez eragoztea; udal-lagapenak egitea, eta eskola-zuzkidura areagotua; eraikin-garaiera gehienekoa doitzea; E/W/S orientazioko babes publikoko etxebizitzak lortzea eta eragin akustikoetatik babestea.
Antolamendu-irizpide horiek kontuan hartuta, Planak 590 etxebizitza berri antolatzen ditu, ikastetxe bat, espazio libre zenbait, bideak (bi zubi kentzea eta zubi berri bat eraikitzea barne, espedientean jasotako azterketa hidraulikoaren arabera) eta aparkalekuak. Gainera, ekipamendu pribatu baterako bide ematen du orobat, baldintza espezifiko batzuen mende dagoena uholde-arriskua dela eta.
Bizitegi-erabilerarako gehieneko eraikigarritasuna 48.150 m2-rena da azkenean; horietatik, 47.800 m2 etxebizitza kolektibo multzokaturako aurreikusi dira, eta 1.350 m2, aldiz, eraitsi eta ordeztuko diren eraikinetarako. Sestra gaineko eraikigarritasun horretaz bestela, Planak lurzati eraikigarri bakoitzean, soto-solairu bat edo erdi-sotoko bat aurreikusten du, etxebizitzen aparkalekuetarako. Sotoko edo erdi-sotoko azalera eraikiak (garaje, trasteleku edo eraikinaren instalazio propioetarako direnak) ez dira zenbatuko gehieneko aprobetxamendu baimenduaren ondorioetarako.
Bide-sareak eraztun forma izango du; lotune bat ekialdeko muturrean, eta bizpahiru lotune mendebaldeko mugako bideekin. Iparraldean dagoen bidea, metro-linearekiko paraleloa da, eta topografiaren araberakoa.
Planean proposatzen den eraikina etxebizitza kolektiboen bloke motakoa da; alegia, bizitegi-eremuan, guztira, 8 etxebizitza-eraikin egingo dira, eta merkataritza-gune bat. Eraikinek bi sotoko solairu, beheko solairua (merkataritza-erabilerakoa, erabilera bateragarri edo bizitegi-erabilerakoa) eta hiruzpalau etxebizitza-solairu izango dituzte.
Tokiko sistema eta sistema orokorren sareko zuzkidura eta ekipamenduetarako lursailak sektorearen mendebaldean daude, irakaskuntza-erabilerako lurzatia dagoen lekuan (egungoarekiko lotura errazteko), eta hego-mendebaldean, merkataritza-erabilerak lurzatia dagoen lekuan.
Plangintza orokorrak hegoaldean eta hego-ekialdean, ibaiaren ertzean, kokatzen ditu espazio libreak eta sistema orokorrak. Aurreikusitako antolamenduaren barnean, lagapen-eremu zenbait daude, bideen babes-eremu libre, berdegune edo jolas-eremu txiki kalifikatu direnak, eta horiek ere jabari eta erabilera publikoko lursailak izango dira.
Planak aparkaleku kopuru hauek barne hartzen ditu:
– 740 leku lurzoru pribatuan (0,35 leku titulartasun pribatuko lurzatietako bizitegi- eta merkataritza-erabilerara bideratutako sestra gaineko sabai-azalerako 25 m2-ko).
– 325 leku lurzoru publikoan, nahitaezko 317 lekuak baino gehiago (0,15 leku etxebizitzarako sabai-azalerako 25 m2-ko); berdin zenbatuko dira zuzkidura publikoetarako lursailetan. Urbanizazio-proiektuak lurzatiak doitu ahal izango ditu, gutxieneko neurriak bermatuz beti.
Planaren garapen aurreikusgarriari dagokionez, Planean ezarritako antolamendua gauzatzeko beharrezkoa izango da aurretiaz egin eta onartzea hauek: hirigintzako jarduketa-programa, birpartzelazio proiektua, urbanizazio-proiektua, segurtasun eta osasuneko proiektua, kalitatea kontrolatzeko programa, hondakinak kudeatzeko proiektua, obra-zuzendaria goi- eta erdi-mailako teknikaria izatea, segurtasun eta osasuneko koordinazioa eta segurtasun-planaren onarpena.
Planaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago, Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan. Eremua, gehienean, metakin alubialen gainean dago, eta iragazkortasun ertaina du porositateagatik. Ingurunean, bestalde, kare-tuparriak, kareharrizko tuparriak eta kalkarenitak daude batik bat. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Bizkaiko lurpeko ur-masa sinklinorioaren barnean dago, Getxo-Bergara sektore kuaternarioan.
Planaren eraginpean zuzenean dagoen esparrua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Ez du inbentarioan sartutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta Plana garatzeak erasan lezakeen kultura-ondareko elementurik ere.
Matadero errekak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du eremua; Gobela ibaiaren adarra da, eta ibaia bera da izan Planaren eragin-eremuan denik eta natur elementu adierazgarriena. Sektorea zeharkatzen duen tartean, Matadero erreka «hobetu beharreko tartea» da bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena). Bestalde, Planean antolatzen den eremutik ibaian behera, arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) kudeatzeko planak barne hartzen duen gune bat dago (186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena).
Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentario jasotako kokaleku bat dago (kodea: 48085-00001, industriala).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuaren zati bat Matadero errekaren lehentasunezko fluxu-eremuan eta uholdeguneetan dago (10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborarekin). Gainera, eremuaren hegoaldean handia da akuiferoak kutsatzeko arriskua.
Planaren eremuaren iparraldeko muga da Bilboko metroaren trenbidea. Ondorio akustikoei dagokienez, ingurumen-azterketa estrategikoan aipatzen den inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, beteko dira aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak (KAH), salbu eta metrora begira dauden fatxadetan; KAHak gainditzen dira goizez eta arratsaldez (1 dB(A)-tan), baita gauez ere (are 5 dB(A)-tan ere). Irakaskuntza-erabilerako eraikinaren kasuan, ekialdera begira dagoen fatxadan ere gainditzen dira KAHak (are 3 dB(A)-tan ere). Eremu hegoaldea Bizkaiko foru-errepideen zortasun-eremu akustikoaren barnean dago.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2020ko abenduaren 23ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak txertatu direla.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Planaren garapenean ingurumen-irizpideak txertatzera bideratutako neurriak.
Urbanizazio-proiektuan zehaztu beharko dira garapenak ukitutako eremu guztien ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanak, eta «Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko plana» barne hartu beharko du, kontuan hartuta Matadero errekaren inguruko espazio libreak; zehazki, ibaiertzeko basoa lehengoratzera bideratuko dira (lehenespenez, haltzadi kantauriarraren familiako espezieak sartuko dira (91E0*), esaterako, haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), hurritzak (Corylus avellana) eta sahatsak (Salix atrocinerea)). Ibaiertzeko basogunean, bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitataren ezaugarriak kontuan hartu beharko dira, aipatu tartea «hobetu beharreko tartea» delako bisoi europarraren Bizkaiko kudeaketa-planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena, bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Bizkaiko lurralde historikoan kudeatzeko plana onartzeko dena, galzorian dagoen espeziea izanik, babes-neurri bereziak behar dituelako (2006ko uztailaren 6ko BAO)). Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko plana arloan eskumena duen organoaren onarpenaren mende geratuko da.
Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Aurndo donax, ,Cortaderia selloana, etab. Urbanizazio-proiektuak espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko ditu barnean; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
Eremuan egingo diren lorategi-lanetarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuko neurri eta gomendioak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa, http://www.udalsarea2030.eus/argitalpenak/20b-udalsarea21-kuadernoa-lorategi-eta-berdegune-jasangarriak-diseinatzeko-eskuliburua.
D.2.– Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.
Urbanizazio-proiektuan Planari atxikitako azterketa hidraulikoaren gomendioari jarraituko zaio; alegia, Matadero errekaren tarte batean ezponda edo murru bat jartzea, eta horren oineko harri-lubeta zehaztuko du.
Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman kutsadura-kargari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).
Jabari publiko hidraulikoan eta horri lotutako babes-eremuetan egiten diren jarduketek Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko dute.
D.3.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.
Urbanizazio-proiektuak dauden bi zubiak kentzeko lanak eta berria eraikitzekoak zehaztuko ditu eta zubi berriaren estribuak jabari publiko hidraulikotik kanpo jartzea lehenetsiko du. Gainera, obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak. Gauzatze-fasean, gainazaleko uren kalitate-kontrola egingo da, espezie hauen habitaten mesedetan: Gasterosteus aculeatus (AR-4 «Abaro» sektoretik ibaian behera, Zaituerreka, Matadero errekarekin batzen den tokitik, arrain hiruarantza kudeatzeko planaren eraginpean dago, abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretuaren bidez, 2008ko abenduaren 19ko BAO) eta Mustela lutreola.
Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak erakunde Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.
D.4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
Planak antolatzen duen eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokaleku bat dagoenez (kodea: 48085-00001), lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendu xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.
D.5.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan ezartzen denaren arabera, aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzeko, urbanizazio-proiektuak barne hartu beharko du inpaktu akustikoaren azterketan adierazten dena, alegia, hesi akustiko bat jartzea. Hala, bizitegi-erabilerako eraikinen fatxada guztietan aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak bete ahal izango dira eguneko aldi guztietan. Irakaskuntza-eraikinaren kasuan, aurrekoarekin ere ez lirateke beteko aplikatu beharreko KAHak; beraz, kontuan hartu behar da ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremuetan, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa gorabehera (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua).
Gainera, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 42. artikuluarekin bat etorriz, etorkizuneko hirigintza-garapen batean trenbidetik 75 metro baino gutxiagora eraikinak egiteko asmoa badago, bibrazio-mailen ebaluazioa barne hartu beharko du urbanizazio-proiektuak, garapenak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko. Eraikinaren zimenduak bibrazio-iturritik hurbil gera daitezkeenez, eta, urbanizazio-proiektuaren arabera, eremua garatu ondoren helburuak beteko badira ere, bibrazio-ebaluazio gehiago egiteko gomendioa ematen da, bai zimendu-mailan, bai burututako eraikinen barnean.
Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.
Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.
Obrak egitean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko.
D.6.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.
Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Lurzoruen babesa: obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideak egitea eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Matadero errekaren ingurunea kaltetu gabe; halaber, zuzenean okupatu behar ez diren eremuetan ez da mozte- eta eskokatze-lanik egingo.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu egin beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.
Sopelako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Dauden eraikinak eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Plan partzialaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kantitatea edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.
D.9.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza zenak 2020ko abenduaren 23an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; lur-soberakinak eta hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena.– Sopelako (Bizkaia) AR-4 Abaro sektorearen Plan Partziala onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Sopelako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 12a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.