Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2023ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2562

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 24koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, laguntza-deialdi bat egiteko oinarriak onartu dira elkarte-egiturak finkatzeko EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan, eta deialdia bera ere egiten da 2023. urterako.

Lan eta Enplegu Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak aurreko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidura bera izango du deialdi honetan. Elkarte-sare sendo batek gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan ondorio onuragarriak areagotzen dituela uste dugu, bai aukerei dagokienez bai emaitzei dagokienez; eta horregatik prestatu da dirulaguntzen agindu hau. Gizarte Ekonomiari buruzko Legeak dakartzan familietako batzuk agindu honetan jasota daude (5/2011 Legea, martxoaren 29koa), baina baita autonomoen antolakundeak ere, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari dagokion eskumen-banaketaren ondorioz.

Azken batean, egingo genuela agindu genuen bezala, Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legean aurtengorako erabakita dagoena betetzen jarraituko dugu. Eta han berariaz jasota dagoenez, lehentasunezko helburuetako bat da elkarte-egiturei laguntzea, elkarte horiek gizarte-ekonomian egon, lan autonomoan, enplegu-zentro berezietan edo elkartasun-ekonomian.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2022ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkarte-egitura finkatzeko emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2023. urterako deialdia egitea.

Laguntza jasoko duten erakundeek nortasun juridikoa izan behar dute, eta bere baitan bilduko dituzten kideak, haien ordezkaritza burutzeko eta guztien interesak defendatzeko, izango dira:

a) Lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibak, elkarte konfederatuak eta gizarte-ekonomiako entitateak dituzten erakundeak.

c) Ekonomia solidarioko elkarteak eta enplegu-zentro berezien elkarteak.

d) Langile autonomoen sektorearteko erakundeak, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenak.

2.– Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

3.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 11/2019 Legearen 163.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erakunde horiek kooperatiba-mota bat baino gehiago eta beste sozietate-mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako erakundeei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ekonomia solidarioaren elkarte-egitura izango dira Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan jasotzen diren gizarte-ekonomiako erakundeak gehiengo moduan dituztenak.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako egitura-gastuak:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko erakunde ordezkariei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Erakundearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzaketa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, erakundearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Eskaria egiten duen erakunde bakoitzerako aurreikusten diren gastuen planifikazioa Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du. Sarrera-gastuen aurrekontuan jasota daudenak izango dira gastu horiek (eskari telematikora erantsita dago aurrekontu hori).

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (685.800) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamar (514.350) euroko ordainketa-kreditua, 2023ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta berrogeita hamar (171.450) euroko konpromiso-kreditua, 2024ko ekitaldirako.

2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:

a) II. kapituluari dagokionez, hirurehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (385.800) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: berrehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta berrogeita hamar (289.350) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta laurogeita hamasei mila laurehun eta berrogeita hamar (96.450) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

d) V. kapituluari dagokionez, berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta hamabi mila eta bostehun (12.500) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

3.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko aldibereko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 17, 18, 19 eta 20. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

4.– Artikulu honen lehen paragrafoan adierazten den hornidura ekonomikoa aski bada hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, aurreko atalean adierazitakoaren arabera, zenbateko baliokideen ziozko dirulaguntzak esleituko dira.

5.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, eta 3.2 artikuluan zehaztutako kolektiboetakoren batean erakunde onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, soberan dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

6.– Aurreko aukeretako ezein betetzen ez bada, murrizketa proportzionala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, talde bakoitzerako, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

7.– II. kapituluan murrizketa proportzionala egin behar bada, 17.3 artikuluan ezarritako irizpidea beteko da; beraz, ordezkaritza txikiena duen erakundearen kopurua halako hiru emango zaio, gehienez, ordezkaritza handiena duen erakundeari, 17.1 artikuluan ezarritako parametroak aplikatuz.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak baliabide elektronikoen bidez izapidetuko dira.

2.– Kapitulu bakoitzaren informazio-fitxetan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa horiek hemen jaitsi daitezke:

– II. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233001

– III. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /1233002

– IV. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /1233003

– V. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /1233004

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetzerik egongo da eta, horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroen inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektronikoan egongo da, agindu honen 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela, salbu eta berariaz ukatzen badu baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskumendunek igorritako dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.

3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero, itzulketa-betebeharrak egunean izan behar dira, onuradun bihurtzen direnetik emandako dirulaguntza likidatu arte. Beraz, emakida egiten denean eta dagozkion ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza horiek betetzen direla.

4.– Berdintasun-plana indarrean eduki behar da, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoenean. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

5.– Eskabidearen inprimakian erantzukizunpeko adierazpena sartuko da, horren bidez erakunde onuradunek aitortuko dutelako honako baldintza hauek betetzen dituztela:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

– Egunean izatea itzulketa-betebeharrak, dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero.

– Adieraztea ea zer egoeratan dauden administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako bestelako laguntzak (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

– Estatuko araudia betetzea berdintasun-planei dagokienez, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriei dagokienez, Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

6.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.

7.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

7. artikulua.– Nahitaezko agiriak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak oso-osorik bete behar dira, eta, eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2023. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2022ko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.

– Ordezkaritza duten bazkideen kopurua, sozietatearekin duten harreman-motaren eta horren izaeraren arabera bereizita.

2.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu), helbide honetan: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

8. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideen atal guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntzak pilatzen badira, eta dirulaguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo erakunde publikoek emandako dirulaguntzak.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Lan eta Enplegu Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Ebazpen horretan –bakarra izango da–, kapitulu bakoitza bata bestetik bereizita jasoko da, eta, agindu honetan aipatu den murrizketa proportzionala aplikatzen bada, murrizketa ere bereiziko da, kasuz kasu.

Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean dirulaguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini aldatu zaien emandako dirulaguntza.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Badira obligazio batzuk berez bete beharrekoak: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoak (testu hori arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen); eta Dirulaguntzen Lege Orokorreko 14 eta 46. artikuluetan datozenak. Baina, gainera, dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek ere begiratu behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Lan eta Enplegu Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2023ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hilabeteko epean.

c) Dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

d) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintza objektiboak zein subjektiboak aldatzen badira, horren berri eman beharko diote laguntza ematen duen erakundeari, eta Lan eta Enplegu Sailarekin lankidetzan jardun beharko dute konprobazio-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehen zatia, aurretiaz ordainduko da, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hasiko den hamabost eguneko epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio. Bigarren zatia 2024an ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren baina agindu honetan eskatutako justifikazioa aurkeztu baino lehen, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoan.

2.– Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, onartzen denetik aurrera, 2024ko uztailaren 31 baino lehen betiere.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko hartu zen erabakia aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikagarri diren gainerako arauak; edo aurkeztu dituen datuak faltsuak badira; edo emandako dirua helbururako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili badu; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko entzunaldia eskainiko dio, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horrez gain, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 75 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zehapenak ezarriz zehatuko dira, eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoak ezarriz.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori izango da borondatezko epea.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.

16. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233001

II. KAPITULUA
LAN SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Lan eta Enplegu Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu; hau da, 50.000 euro emango ditu erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa-kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langilera, zazpi (7) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001. bazkide langiletik 10.001. bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Erakunde onuradun eskatzaile bakoitzak ordezkatzen duen enpresa-kopurua; laurogeita hamar (90) euro emango dira ordezkatutako enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, erakunde onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Erakunde onuradun batek, gehienez ere, artikulu honen arabera gutxien dagokion erakundeak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita.

III. KAPITULUA
ANTOLAKUNDE HAUETARAKO LAGUNTZAK: LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBA-ELKARTEAK, ELKARTE KONFEDERATUAK ETA GIZARTE-EKONOMIAKO ENTITATEAK DITUZTEN ERAKUNDEAK

18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEAK ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEAK

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

V. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOEN SEKTORE ARTEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK

20. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala