92. zk., 2023ko maiatzaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 5 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2318
624/2023 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko dagokion irakaskuntza unitateko Erizaintza Obstetriko-Ginekologikoko (Emagina) osasun-prestakuntza espezializatuaren ikasketa buruaren eginkizunak lehiaketa bidez betetzeko.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko erizaintza obstetriko-ginekologikoko (emagina) osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruaren eginkizunak betetzeko beharra egonda, deialdi honetan aplikatu behar dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012) 12.etik 18.era bitarteko artikuluak eta, bestetik, dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Deialdian aurreikusitakoaren arabera, aipatutako dekretuaren 18.3 eta 24.3.b) artikuluetan eta laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ordainsari indibidualak aurrekontuen legeak jasotzen dituen baliabideei jarraikiz dagozkien ordainsari-kontzeptuan gauzatu ahal izango dira. Ordainsariok, zehatz eta eraginkortasunez gauzatuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak erabakia ezartzeko emandako ebazpenean zehazten duen egunetik aurrera.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen (ekainaren 26ko 8/1997) hirugarren arau komuneko 28 artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen Dekretuan (uztailaren 19ko 186/2005), azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren Dekretuan (martxoaren 6ko 34/2012) ezarritakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du deialdi publikoaren deialdia iragartzea, ondoren jasota dauden oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko erizaintza obstetriko-ginekologikoko (emagina) osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruzagitzaren eginkizunak betetzea; hain zuzen, lanpostu bati berariaz esleituta ez daudenak. Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gutxieneko dedikazioa lanaldiaren % 10 izango dela ezartzen da. Deialdi honen xedeko Ikasketako Buruzagitzaren eginkizunen dedikazio-erregimena, hilabetean, 100 ordukoa izango da.
2.– Parte hartzeko betekizunak.
Baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek parte hartu ahalko dute deialdian:
Osakidetzan plazadun pertsonal finkoa izatea, emagin gisa (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna).
Gutxienez 4 urteko esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.
Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.
3.– Merituen baremoa (gehienez 100 puntu).
Merituen balorazioak bi fase izango ditu:
A) Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 50 puntu).
Hautaketa Batzordearen aurrean, proiektu-memoriaren jendaurreko azalpen esplikatzailea egitea izango da, kasuan kasuko Ikasketa Burutzaren kudeaketari buruzkoa, eta hautagaiekin elkarrizketa bat egitea.
B) Merezimenduen balorazioa (gehienez, 50 puntu). Puntuak honela banatuko dira:
Esperientzia giza taldeen kudeaketan (gehienez, 10 puntu).
Erizaintzako gainbegirale/koordinatzaile bezala jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
Erizaintzako adjuntu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Zuzendari-gerente, Erizaintzako zuzendari edo zuzendariorde gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1250 puntu.
Lan-esperientzia gisa aintzat hartuko dira Osakidetzako, Gizarte Segurantzako, autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak, baita Europako Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da aintzat.
Esperientzia klinikoa (gehienez, 10 puntu).
Erizaintza obstetriko-ginekologikoko (emagina) diplomadun sanitario gisa emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko, lanbide-talde honetako edozein lanpostu funtzionaletan (0,05 puntu).
Diplomadun sanitario gisa emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko, lanbide-talde honetako edozein lanpostu funtzionaletan (0,025 puntu).
Lan-esperientzia gisa aintzat hartuko dira Osakidetzako, Gizarte Segurantzako, autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak, baita Europako Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da aintzat.
Irakaskuntza eta ikerkuntzako esperientzia (gehienez, 10 puntu):
Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 5 puntu):
Diplomatura Sanitarioko irakasle titularra, elkartua, laguntzailea (urteko): 0,5000 puntu.
Diplomatura Sanitarioko praktiketako tutore arduraduna (urteko): 0,5000 puntu.
Erizaintza obstetriko-ginekologikoko erizaintzako (emagina) espezialitateko tutorea (urteko): 1 puntu.
Espezialisten prestakuntzako irakaskuntzako laguntzailea (urteko): 0,5000 puntu.
Irakaskuntza egiaztatutako etengabeko prestakuntzan (orduko): 0,05 puntu.
Espezialitateko nahitaezko prestakuntza teorikoko irakaskuntza (orduko): 0,05 puntu.
Ikerketako jarduera (gehienez, 5 puntu):
Doktore-titulua: 1,0000 puntu.
Ikerkuntzako nahikotasuna/Ikasketa aurreratuetako diploma (DEA): 0,7500 puntu.
Ikerketa-proiektuak (ikertzaile nagusia): 0,2000 puntu proiektuko.
Ikerketa-proiektuak (ikertzaile laguntzailea): 0,1000 puntu proiektuko.
Sariak eta goraipamenak ikerkuntzari: 0,1000 puntu sariko.
Biomedikuntzaren eremuko patenteak eta modeloak: 0,2000 puntu erregistratutako patente edo modelo bakoitzeko.
Ikasketa Burutzaren, prestakuntza espezializatuko tutoretzaren, tutore laguntzailearen eginkizunetan izandako esperientzia (Gehienez 10 puntu).
Ikasketa Burutzaren eginkizunetan jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Adierazitako gainerako eginkizunetan jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
Irakaskuntzako Batzordeko partaidetza (gehienez, 10 puntu); kasuan kasuko bileren akten bidez edo Irakaskuntzako Batzordeko presidentearen agiriaren bidez egiaztatuta, 0,2500 puntu parte-hartze bakoitzeko.
4.– Euskararen ezagutza (gehienez 10 puntu).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretuan (martxoaren 18ko 67/2003) ezarritakoaren eta haren garapen-arauen arabera baloratuko da.
5.– Eskabideak aurkezteko epea.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dituzte eskabideak (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), 20 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusira bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiak eta «curriculum vitae»arekin batera. Dokumentazioa honela aurkeztu beharko da:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, deialdia EHAAn argitaratu zen eguneko kategoria zein den adierazita.
Ikasketa Burutzaren Kudeaketako Proiektu-memoria; deialdi honen xedeko eginkizunena, alegia.
Meritu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
Datu batzuk modu egokian balioztatuta baldin badaude CVaren aplikazio informatiko korporatiboan, orduan ez da beharrik izango horiek aurreko paragrafoan zehazten den bezala egiaztatzeko, baina eskabidean eman beharko da inguruabar horren berri.
6.– Hautaketa Batzordea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012) 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du Hautaketa Batzordea.
Hautaketa Batzordea eratuko da, 7 kidek osatuta: batzordeburua, idazkaria eta 5 batzordekide.
– Osakidetzako Erizaintzako zuzendariordea, batzordeburua izango dena.
– Osakidetzako zerbitzu-erakunde bateko Erizaintzako zuzendaria.
– Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza espezializatuko ikasketa-buru bat.
– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko prestakuntza espezializatuko ikasketa-buru bat.
– Irakaskuntza-unitate bateko izendapena egiaztatua duen emagin tutore bat.
– Osasun Saileko Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburua.
– Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzako teknikari bat, idazkaria izango dena.
Hautaketa Batzordeko saio bakoitzean dagokion akta jasoko da. Bertan, honako hau adierazi beharko da: izangaien izenak, baremazioko irizpideak, merituen baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioa eta emandako puntuazioa guztira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012) 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hautaketa Batzordeak izendapenaren proposamen bat aurkeztuko dio zuzendari nagusiari, eta horrek, proposamena kontuan hartuta, izendatuko du aukeratutako izangaia.
7.– Hautatzeko prozedura.
Hautaketa Batzordeak dokumentazioa baloratu behar du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta haren arabera, proposamena osatuko da dagokion izendapena egiteko. Aurretiaz txostena eginda, Baloraziorako Batzordeak betetzeke utzi ahalko du lanpostua, izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
8.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eremu publikoan, prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruak egindako lanen aitorpena dagokion mailaren aitorpenean adieraziko da karrera profesionalean, aipatutako arauan ezarrita dagoen moduan, baita hautaketa- eta horniketa-prozesuetan ere.
9.– Ordainsarien eraginkortasuna.
Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012) 18.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, izendapenaren ondorioz sortutako ordainsari indibidualak ez dira inongo ordainketa-kontzeptutan gauzatuko, aipatutako dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, erabaki hori ezartzeko Osakidetzako zuzendari nagusiak horri dagokion ebazpena ematen duen eta argitaratzen ez den bitartean.
10.– Ikasketa-buruaren errendimenduaren aldian behingo ebaluazioa.
Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen (azaroaren 21eko 44/2003) 10. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ikasketa-buruei dagozkien eginkizunen jarduerak kudeaketa klinikoen eginkizunen izaera izango dute eta, ondorio zuzen gisa, jarduera eta emaitzen aldian behingo ebaluazioa izango dute.
Hautaketa Batzordea sortzeko prozedura bera jarraituz eratuko den beste batzorde batek burutuko du ebaluazioa lau urtean behin eta, kasua bada, erabakia hartuko du ikasketa-buruak eginkizunak burutzen jarraituko duen berresteko edo, aldiz, eginkizun horiek kentzeko. Ebaluazioak aintzat hartuko du zentro edo unitateko plan estrategikoan eta irakaskuntzaren kalitateko kudeaketako planean jasotako helburuak bete ote diren.
11.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 31n.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.