91. zk., 2023ko maiatzaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (181 KB - 7 orri.)
- EPUB (332 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2310
AGINDUA, 2023ko maiatzaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2023ko urtarrilaren 31ko Agindua, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko 2023. urtean gehienez emango diren diru-kopuruak ezartzen dituena, laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak zehazten dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2023. urtean dagokion aurrekontu-muga finkatzen duena.
2022ko abenduaren 29ko EHAAn (248. zk.) argitaratu zen 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena. Azken xedapenetako laugarrenean zehazten du legea indarrean jarriko dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera, eta, horrela, 2023ko martxoaren 29an jarri zen indarrean.
Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da pertsonak baztertuta geratzeko arriskua prebenitzea, bazterketa pertsonal, sozial eta laboraleko egoerak arintzea, bizitza duina bermatzea eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak erabat gizarteratzea; horren osagaien artean daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).
Kanpoko edo gerora sortutako arrazoiak tarteko, une jakin batean (aldi baterako) baliabide ekonomikorik ez izatearen edo urriak izatearen egoera bati premiaz erantzuteko beharra da, hain zuzen ere, larrialdietarako laguntzaren kontzeptuaren gakoa. Egoera horiei erantzun egin behar zaie herrialdean dagoen ongizatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-sarrerak bermatzeko errentaren laguntzen gehieneko mugen araberako bizimoduari eutsi ahal izateko.
Era berean, 2023ko otsailaren 10eko EHAAn (29. zk.) argitara eman zen Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 31ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baitira gizarte-larrialdietarako laguntzetan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko 2023. urtean gehienez emango diren diru-kopuruak, zehazten baitira laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak, eta finkatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2023. urterako dagokion aurrekontu-muga.
Aipatutako aginduak 2. artikuluan ezartzen zuen Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean jasotako Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako berariazko gastu bakoitzera bideratutako gehieneko zenbatekoen ehunekoa. Hala ere, 14/2022 Lege berriaren 51. artikuluak, 2 a) puntuan, zazpigarren azpikontzeptu bat jasotzen du, hain zuzen etxebizitza berri batean instalatzearekin lotutako ezohiko gastuei buruzkoa (hala nola fidantza, hornikuntzetako alta, egokitzapena eta beste batzuk). Haien urteko gehieneko zenbatekoa Aginduan zehaztu behar da.
Halaber, 2. artikuluaren 3. paragrafoak zehazten zuenaren arabera, eskabide bakoitzari eslei dakiokeen zenbatekoa eskatzailearen baliabideen arabera eta bizikidetzako gainerako kideen diru-sarreren arabera ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehieneko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Horretarako, Aginduak bi taula jasotzen zituen I. eranskinean, bizikidetza-unitateei legozkiekeen gehieneko zenbateko guztietarako ehunekoen kalkulu ekonomikoekin: gehieneko sei zenbateko, modu unibokoan zehaztuta kide kopuruaren arabera (gehienez ere hiru) eta bizikidetza-unitatean pentsiodunen bat egotearen arabera.
14/2022 Lege berriak gehieneko errenta bermatuaren kontzeptua gehitzen du, zeinak gehieneko zenbatekoa ordezten baitu. Gehieneko errenta bermatu hori honako hauen batura da: oinarrizko zenbatekoa, bizikidetza-unitateko kide bakoitzagatik jaso daitezkeen osagarri indibidualak eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei dagozkien osagarriak. Zehazki, argumentatzen duenez, osagarri indibidualek bizikidetza-unitatearen gastuen banaketa kuantifikatzen dute unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera, eta bizikidetza-unitatean integratutako titularraren eta bigarren pertsona helduaren osagarria oinarrizko zenbatekoaren % 50ean kuantifikatzen da, eta zenbateko beraren % 30ean, berriz, bizikidetza-unitatea osatzen duten gainerako pertsonena. Zehazten duenez, bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak guraso bakarreko bizikidetza-unitateei aplikatuko zaizkie, bai eta honako hauek osatutako bizikidetza-unitateei ere: gizakien salerosketaren, genero-indarkeriaren, sexu-esplotazioaren edo etxeko indarkeriaren biktimek, pentsiodunek eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek, arrazoi horrengatik pentsiorik jasotzen ez badute. Osagarri horiei oinarrizko zenbatekoaren % 40ko balioa ematen zaie pentsiodunek osatutako unitateetan, eta % 25ekoa gainerakoetan.
Zentzu horretan, nabarmendu dezakegu, 14/2022 Legea indarrean jartzeaz geroztik, gehieneko errenta bermatuak hainbat balio har ditzakeela, bizikidetza-unitatearen osaeraren arabera; horregatik, ez da bideragarria I. eranskinean taula posible guztiak jasotzea, eta horrek planteamendu berri baten beharra eragiten du, eskatzaile bakoitzeko gehieneko zenbatekoari buruzko 10. artikuluaren 2. apartatua betetzeko.
Horrela, eta aurreko planteamenduari jarraipena emate aldera, urteko diru-sarreren mugari buruzko I. eranskinean lehengo bi taulei eutsi zaie (biztanleria orokorrari dagokiona eta pentsiodunei aplikatzekoa), adibide gisa datuak lege berriaren arabera eguneratuta. Horrez gain, behar diren formulak txertatu dira, gainerako taula posibleak osatu ahal izateko eta bizikidetza-unitateen kasu guztietarako kalkuluak egin ahal izateko.
Taula horien oinarria gehieneko errenta bermatua da; diru-sarrerak bermatzeko errentaren 2023ko prestazio ekonomikoaren osagarrien balioen arabera kalkulatu da, 14/2022 Legeari jarraituz, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zehaztuta.
Aipatutako agindua 14/2022 Legea indarrean jarri aurretik izapidetu zenez, 2023an Gizarte Larrialdietarako Laguntzak izapidetzeko arau-oinarria emateko –18/2008 Legearen arabera eta 14/2022 Legea indarrean jarri aurreko aldietan–, 2023ko urtarrilaren 31ko Agindua eguneratu behar da, 14/2022 Lege berrira egokitzeko.
Aurrekoaren ondorioz, 2023ko urtarrilaren 31ko Agindua egokitu behar da 14/2022 Legearen aurreikuspenetara.
Azaldutakoa kontuan izanda, honako hau
EBAZTEN DUGU:
Lehenengo artikulua.– Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 2. artikuluaren 1. apartatuan i) puntua gehitzea eta azken paragrafoa aldatzea. Agindu horren bidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko 2023. urtean gehienez emango diren diru-kopuruak ezarri, laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2023. urterako dagokion aurrekontu-muga finkatzen da. Horrenbestez, honela idatzita geratuko da:
«i) Etxebizitza berri batean bizitzen jartzearekin lotutako ezohiko gastuengatik –hala nola fidantza, horniduretan alta ematea, egokitzea eta abar–, urtean 1.800 euro gehienez. Bi bizikidetza-unitateren kasuan, bakoitzari urtean 900 euro gehienez.
Hargatik eragotzi gabe aurreko paragrafoaren h apartatuan xedatutakoa, a), b), c), d), e), f), g) eta i) apartatuetan aipatutako kontzepturen batengatik aurretik ezarritako zorpetze-gastuak direla-eta urtean gehienez ezar daitezkeen diru-kopuruak ezin izango dira kasu bakoitzean aipatutako apartatuetan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko diru-kopuruak baino handiagoak izan.»
Bigarren artikulua.– 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 2. artikuluaren 3. apartatua aldatzea, urteko gehieneko zenbatekoei buruzkoa, zeina honela idatzita geratuko baita:
«3.– Eskabide bakoitzari eslei dakiokeen zenbatekoa eskatzailearen baliabideen arabera eta bizikidetza-unitateko gainerako kideen diru-sarreren arabera ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehieneko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. I. eranskinean, gehieneko errenta bermatua kalkulatzeko modua jasotzen da, bai eta sei bizikidetza-unitate motatarako bi taularen adibidea ere.»
Hirugarren artikulua.– 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren I. eranskinaren ordez, agindu honen I. eranskin gisa agertzen dena jartzea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen ondorioek 2023ko martxoaren 29ra arteko atzeraeragina izango dute, egun horretan jarri baitzen indarrean 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 10a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.