Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2023ko maiatzaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2134

IRAGARKIA, 2023ko apirilaren 19koa, Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzailearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuan elkarte ekologistei eta kontserbazionistei dagokien ordezkaritza izendatzeko deialdia.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 18. artikuluaren bidez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua sortu zen.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 18.1 artikuluaren arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko kide da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuko elkarte ekologista eta kontserbazionisten ordezkari bat; elkarte ekologistek eta kontserbazionistek Urdaibaiko Biosfera Erreserba azterketan eta babesean ospe handia izan beharko dute.

Elkarte ekologistei eta kontserbazionistei dagokien ordezkaritza izendatzeko moduari dagokionez, ordezkaritza hori abenduaren 21eko 447/1999 Dekretuan arautzen da (447/1999 Dekretua, abenduaren 21ekoa, Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuan biosfera erreserbaren azterketan eta babesean izen ona duten biosfera erreserbaren eremuko elkarte ekologista eta kontserbazionistek izango duten ordezkaritza izendatzeko era eta ordezkaritzaren indarraldia arautzeko dena).

Elkarte ekologista eta kontserbazionisten ordezkaria izendatzeko prozedura Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzailearen iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Busturialdeko Hitza, Deia eta El Correo egunkarietan argitaratuz hasten da. Iragarkia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hasiera/ bai eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean ere (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garapen-ekonomiko-azpiegitura/).

Azaldutako guztiagatik, deialdi hau argitaratzen da:

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuan dagokien ordezkaria izendatzeko hautagaiak aurkeztu ahal izatea Urdaibai Biosfera Erreserbako lurralde-eremuko elkarte ekologista eta kontserbazionistek.

Bigarrena.– Hautagaitzak.

1.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurralde-eremuko elkarte ekologistek eta kontserbazionistek sustatu ahal izango dituzte hautagaitzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratuta egotea.

b) Nortasun juridiko propioa izatea.

c) Ospe handia izatea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren azterketan eta babesean.

2.– Hautagaitza aurkezten duten elkarteek eskabide bat aurkeztu beharko dute, honako dokumentu hauekin:

a) Elkarte ekologista eta kontserbazionistaren organo eskudunak hartutako erabakiaren egiaztagiria, hautagaitza aurkeztea erabakitzen duena.

b) Hautagaitza sustatzen duen elkarteak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ekosistemen kontserbazioarekin eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 1. artikuluan adierazitako helburuarekin lotura berezia duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

c) Elkarte ekologista eta kontserbazionistak bere hautagaitza proposatzeko duen motibazioari buruzko memoria.

d) Eskaera aurkezten duen pertsonak proposamena egin duen elkarte ekologista eta kontserbazionistaren izenean eta haren ordezkari gisa sinatzeko ordezkaritza-ahalmen nahikoa duela egiaztatzen duen dokumentua.

e) Titular eta ordezko gisa proposatutako pertsonak identifikatzen dituen dokumentua.

Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko modua.

Hautagaitzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-sede/eu/

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea.

Hautagaitzak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Hautatzeko prozedura.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak aintzat hartuta, Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzaileak, hogei egun balioduneko epean, aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu, eta onartutako eta baztertutako hautagaitzen zerrenda egingo du.

2.– Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzailearen ebazpena, onartutako eta baztertutako hautagaien zerrendarekin, hautagaitza aurkeztu duten elkarteei jakinaraziko zaie, eta hamabost egun balioduneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

Alegazioen izapidea amaituta, Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzaileak, 15 balioduneko epean, ebazpena emango du onartutako hautagaitzen behin betiko zerrenda onartzeko.

3.– Aurreko 2. puntuan aipatutako Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzailearen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, hautagaitza aurkeztu duten elkarteei jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuaren egoitzan egingo den bilkura baterako deia egingo die hautagaitza onartu zaien elkarteen ordezkariei, ordezkaritza hautatzeko.

Bilkura hilabeteko epean egin beharko da, Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzaileak onartutako hautagaien behin betiko zerrendari buruzko ebazpena ematen duenetik zenbatzen hasita.

5.– Aurreko 4. puntuan aipatutako bilkuran, bilkurara bertaratutako elkarte ekologista eta kontserbazionistetako ordezkarien artetik izendatuko dute Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuan izango duten ordezkaritza, eta horretarako nahikoa izango da gehiengo soilaren aldeko botoa.

6.– Elkarte ekologista eta kontserbazionistaren ordezkaritza izendatzeko erabakian jasoko dira ordezkari titularraren eta ordezko ordezkariaren izendapenak.

Gehienez ere bi ordezko izendatu ahal izango dira, eta ordezkoen hurrenkera adierazi beharko da.

Ordezkari titularrak eta ordezko ordezkariak berariaz onartuko dute beren izendapena.

Seigarrena.– Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua.

Hautagaiak proposatzerakoan, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu beharko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Busturia, 2023ko apirilaren 19a.

Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-artatzailea,

NICOLAS GARCÍA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala