85. zk., 2023ko maiatzaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 8 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2124
AGINDUA, 2023ko apirilaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2023. urteko dirulaguntza-deialdia egiten baita Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.
Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015 uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.
Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege horren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Aipaturiko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak dekretu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko deialdia egingo, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:
– Aipatutako 119/2015 Dekretuari erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.
– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.
– Eskabideak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zer dokumentazio aurkeztu behar duten ere.
– Deialdia ebazteko epea –gehienez sei hilabetekoa izango da deialdia indarrean jartzen den egunetik aurrera– eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.
– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
– Balorazio-batzordeko kideak izendatzea.
– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitekeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.
Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira agindu honen bidez, arau horretan xedatutako dirulaguntza-deialdia 2023ko ekitaldian ezartzeko.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez), baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Planean ere (2023ko urtarrilaren 26an onartua), sailaren beraren webgunean argitaratuak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/
Dirulaguntza-deialdi honetarako, bada nahikoa aurrekontu-kreditu, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen arabera.
Horri jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2023. urteko dirulaguntza-deialdia egitea Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzat. Dirulaguntza horiek emateko modua ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen huts-zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. zk.) arautzen dute.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
2023ko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogei mila (280.000) eurokoa da.
3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082510
3.– Ordezkari batek elektronikoki izapidetu ahal izango du, eta, horretarako, ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro elektronikoan eman behar izango du izena, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapen guztiak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, artikulu honetako 2. puntuan aipatutako helbidean. Egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
7.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:
a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:
I.– Eskabidea sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskabidearen titularra (eskabidean ageri den titularra ez bada) legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.
II.– Eskabidearen titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.
III.– Erakunde eskatzailea Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoei lotuta badago, zuzenbidean baliozkoa den edozein frogabideren bidez egiaztatu beharko du alderdi politiko horrek Eusko Legebiltzarrerako egindako azken hauteskundeetan lortutako eserleku kopurua edo horiek zehazteko modua. Besteak beste, frogabide zuzentzat joko dira ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 3.3 artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoak.
IV.– Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria. Erregistro hori Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen da.
V.– Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea eta baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da betetzen ote den.
Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza-eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik behar izango, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin bat etorriz. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.
b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:
I.– Aurrekontua: 2023ko ekitaldiari dagokiona, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
II.– Proiektuaren memoria: 2023ko ekitaldian egikaritu beharreko proiektu, programa edo jardueraren deskribapena, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
III.– Egikaritze-egutegia: 2023an egikarituko diren proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-egutegia edo kronograma.
c) Ordainketak egiteko, hirugarrenen alta-agiria, laguntza eskatzen duen erakundea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta ez badago edo diren banku-datuak aldatu nahi baditu.
d) Nahi izanez gero, aurkeztutako proiektu, programa edo jarduera hobeto ebaluatzeko, eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.
8.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira eta eskuragarri diren formatuan aurkeztuko dira.
b) Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.
c) Dokumentazio elektronikoak gehienez 30 Mb izango ditu.
d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.
9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko. Administrazioak agiri horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, non eta interesdunak ez dion aurka egiten.
4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 51.1 bis artikuluan ezarritakoaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), betebehar orokor hauek eskabidean txertatutako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
– Erakundeak ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan (kontuan hartuta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere).
– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.
– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, eta, bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
5. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabideak izapidera onartzeko dokumentuak falta direla edota dokumentuetan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako dokumentuei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko dokumentuak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela; horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.
6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea, bai eta ebazpen prozeduraren instrukzioa ere.
7. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek izango dira balorazio-batzordea osatuko duten kideak:
a) Arturo Garcia Fiel, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria, izango da balorazio-batzordeko presidentea.
b) Aitor Mate Martinez Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, izango da balorazio-batzordeko presidenteordea; huts egingo balu, Borja Domingo Fernandez arituko da haren ordez.
c) Ana Altuna Riaño izango da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) teknikaria, eta balorazio-batzordeko idazkaria (hitzarekin eta botoarekin); huts egingo balu, Lorea Manterola Mancisidor arituko da haren ordez.
d) Ane Crespo Calvo izango da hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria; huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da haren ordez.
8. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.
Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu honako irizpide, azpi-irizpide eta ehuneko hauen arabera:
a) Fundazio edo elkarte eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritza: lortu daitekeen gehienezko puntuazioaren % 40ko balioa izango du gehienez, honako formula honen bidez kalkulatuta:
Pi = (eserleku kop. x Pm)/E
non,
Pi: entitate onuradun bakoitzari dagokion puntuazioa.
Eserleku kop.: fundazio edo elkarte bakoitzarekin lotuta dagoen alderdi politikoaren eserleku kopurua.
Pm: irizpide honen araberako gehienezko puntuazioa.
E: legebiltzarrean ordezkaritza handiena daukan alderdi politikoaren eserleku kopurua.
b) Proiektu, programa edo jardueraren autofinantzaketa 4.1.f) artikuluan eskatutakoa baino handiagoa izateari lortu daitekeen puntuazio osoaren % 9ko balioa emango zaio gehienez. Ehunekoa zehazteko, ez dira kontuan hartuko ez eskatutako dirulaguntza, ezta beste herri-administrazio batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntza edo dirulaguntzak ere. Kalkulua egiteko, irizpide honi jarraikiz eman daitekeen gehienezko puntuazioa autofinantzaketa maila handiena daukan fundazio edo elkarteari emango zaio; gainerakoei, berriz, horrekiko proportzioan.
c) Arlo guztietako pentsamendua –eta bereziki, pentsamendu politikoa, soziala eta kulturala– aztertu, ikertu eta garatzeko proiektu, programa edo jardueraren interesa eta kalitatea. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 13ko balioa emango zaio gehienez.
d) Proiektu, programa edo jarduerak euskal kulturaren sustapen eta hedapenean egiten duen ekarpena, Euskadiko kultur nortasunaren adierazpide gisa. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 13ko balioa emango zaio gehienez.
e) Fundazio edo elkartearen hizkuntza-politikari eta proiektu, programa edo jarduera osoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeari lortu daitekeen puntuazio osoaren % 10eko balioa emango zaio gehienez.
f) Proiektu, programa edo jardueraren gauzatzean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.
g) Proiektu, programa edo jardueraren lurralde-eragin eta gauzatze-lurraldeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.
h) Erakundearen organo gorenean genero-paritatea (0-5 puntu).
– 5 puntu esleituko zaizkie partaideen sex-ratioa, 0,4 eta 0,6 bitartekoa bada, eta 0 puntu gainerako kasuetan.
9. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebatziko du, balorazio-batzordeek egindako proposamena ikusi ondoren.
2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Ebazpenen jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten, eta horrek jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Interesdunari hainbat bidetatik jakinarazten zaionean, lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Ebazpen horrek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan. Horretarako, bi hilabeteko epea izango dute, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, nahi izanez gero, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu ahal izango zaio, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Ebazteko epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.
5.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura amaitzean horren gaineko ebazpena ematen bada.
10. artikulua.– Dirulaguntza onartzea.
Dirulaguntzen erakunde onuradunek 15 eguneko epea izango dute emandako dirulaguntza idatziz onartzeko, dirulaguntza emateko behin betiko ebazteko aginduaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.
11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntza honen erakunde onuradunek, dirulaguntza justifikatzeko, programei buruzko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak amaitzen diren egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez, eta inolaz ere ez 2024ko urtarrilaren 7a baino beranduago:
a) 2023ko aurrekontu-egikaritua, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
b) Proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-memoria, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
c) Egikaritze-egutegia edo kronograma 2023.
d) Proiektu, programa eta jarduerak egikaritzeko 2023an egindako gastu guztien zerrenda, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
e) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduera egikaritzearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan.
f) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak egikaritzeko sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.
2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)
Justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragai, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082510
12. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2023. urteko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahal izango ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 27a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.