85. zk., 2023ko maiatzaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 5 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2112
1/2023 FORU DEKRETU-ARAUA, apirilaren 18koa, zeinaren bidez presaz sartzen baitira hainbat zerga aldaketa Gipuzkoako Lurralde Historikoan.
Foru dekretu-arau honen bitartez, Gipuzkoako zerga esparruaren parte diren hiru xedapen arauemaile aldatzen dira, arrazoi diferenteak tarteko: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta Zergen Foru Arau Orokorra.
1. artikuluan, ezartzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan salbuetsita geratzen dela abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-Dekretuaren esparruan ematen den 200 euroko zuzeneko laguntza, zeinaren helburua baita diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsonei Ukrainako inbasiotik ondorioztatutako krisi energetikoak prezioetan eragindako ondorio kaltegarriak arintzea (20/2022 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 27koa, Ukrainako Gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartea berreraikitzen eta beste kalteberatasun egoera batzuetan laguntzeko neurriei buruzkoa). Laguntza horrek jarraipena ematen dio lehendik onetsitako beste laguntza bati, hain zuzen ere, antzeko arrazoiak direla eta, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-Dekretuaren bidez onartutako laguntzari (11/2022 Errege Lege-Dekretua, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uhartearen susperraldi ekonomiko eta sozialari laguntzeko zenbait neurri hartzen eta luzatzen dituena). Beste laguntza hori salbuetsita geratu zen Gipuzkoako Lurralde Historikoko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, prezioen gorakadaren ondorioak arintzeko presako zerga neurri berriei buruzko abuztuaren 30eko 2/2022 Foru Dekretu-Araua dela medio. Laguntza berrian interesatuta daudenek 2023ko otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitarteko epea dute hura eskatzeko.
2. artikuluan, jarduera ekonomikoen gaineko zerga aldatzen da, Estatuak 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 70. artikuluan 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin onetsi dituen aldaketak zergaren tarifetan sartzeko.
Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 3. artikuluko d) letran xedatzen du ezen, zerga araudia sortzeko orduan lurralde historikoek, jardueren sailkapenei dagokienez, abeltzaintza, meatzaritza, industria, merkataritza, zerbitzu, lanbide eta arte arloetan, lurralde erkidean erabiltzen den sailkapen berbera erabili behar dutela, nahiz eta sailkapen zehatzagoa ere egin dezaketen, hala nahi izanez gero.
Beraz, aurreko paragrafoan adierazitakoarekin bat etortzearren, beharrezkoa da aipatutako aldaketak Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudira ekartzea, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginean jasota gera daitezen. Hona hemen aldaketa horiek:
Batetik, telefonia mugikorreko zerbitzuei aplikatzen zaizkien tarifak eguneratzen dira. Aldaketa hori Auzitegi Gorenaren uztailaren 14ko 996/2022 Epaiak ekarri du. Izan ere, Europar Batasuneko zuzenbidearen esparruan eman den epai horrek debekatu egin du, telefonia mugikorreko zerbitzuei tributazio handiagoa ezartzea.
Bestalde, aipatutako testu bateginaren I. eranskineko tarifen barruan, berregituratu egiten da lehen sekzioaren 84. multzoko 848. taldea, eta haren barruan bi epigrafe bereizten dira orain: 848.1 epigrafea, posta eta telekomunikazioetako zerbitzu integralak hartzen dituena, orain arte bezala, eta 848.2 epigrafe berria, bulego malguen («coworking-en») eta negozio zentroen zerbitzu integralak zergapetuko dituena eta era horretako zerbitzuak sailkatuta utziko dituena.
Gainera, beste jarduera batzuen tributazioari dagokionez (mendiko gidariak, musikagileak, letristak, musika moldatzaile eta egokitzaileak, idazleak, gidoilariak eta jarduera artistiko eta kulturalekin lotutako beste profesional batzuk), talde berriak sortzen dira, multzo bakoitzaren izenburua aldatzeaz gain.
Gainera, foru dekretu arauak xedapen iragankor bakarra jasotzen du ezartzeko ezen jarduera ekonomikoen titularrak eraginda gertatzen badira estatuak zergaren tarifetan onartutako aldaketak beranduago eta atzerako eraginez onesteagatik, epe bereziak izango dituztela jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikulan altak eta bajak hartzeko.
3. artikuluak, bere aldetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra aldatzen du (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua), eta helburua da zerga ondorioak dituzten datu erreserbatuak hirugarrenei lagatzeari buruzko artikuluaren barruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldeko lagapena ere jasotzea, etxeko zerbitzurako langile bat kontratatzen duten pertsonek Etxeko Langileentzako Sistema Bereziaren kotizazioan aplikagarri diren hobari jakin batzuk jasotzeko eskubidea duten zehaztu dezan. Hobari horiek, zeinak aurreikusita baitaude Etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzeari buruzko irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege-Dekretuaren lehen xedapen gehigarriko 2. apartatuan, Etxeko Langileentzako Sistema Berezian kontigentzia arruntengatik enpresak Gizarte Segurantzarekiko kotizazioan egiten duen ekarpenaren ehuneko 45ekoa edo ehuneko 30ekoa dira, eta, besteak beste, enplegatzailearen ondare eta/edo errenta betekizun jakin batzuen mende daude. Irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege-Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian jasotzen denez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio Gizarte Segurantzaren kuotetan hobariak jasotzeko eskubidea erabakitzea, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari adieraztea onuradunak zein diren eta bakoitzari zer portzentaje aplikatu behar zaion. Aipatutako hobariak 2023ko apirilaren 1ean jarriko dira indarrean.
Bukatzeko, azken xedapenak dekretu-arauaren indarraldia eta ondorioak arautzen ditu.
Aipatutako arau aldaketek eragin diferentea izan behar dutenez (2023ko urtarrilaren 1a edo 2023ko apirilaren 1a, kasuaren arabera), justifikatuta dago aldaketak urgentziaz onartzea.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.
Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsona fisikoentzat abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-Dekretuan aurreikusitako laguntza pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan salbuestea.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita dago Ukrainako Gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartea berreraikitzen eta beste kalteberatasun egoera batzuetan laguntzeko neurriei buruzko abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-Dekretuaren 74. artikuluan diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsona fisikoentzat aurreikusten den laguntza.
2. artikulua.– Aldatzea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsia.
2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginaren I. eranskineko tarifetan:
Bat.– Lehen sekzioaren 76. multzoko 761. taldea honela geratzen da idatzita:
«761.– TALDEA. TELEFONIA ZERBITZUAK.
761.1 epigrafea. Telefonia finkoko zerbitzua.
Kuota:
Gutxieneko udal kuota:
– 1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 62,20 euro.
Probintziako kuota:
– 1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 137,48 euro.
Estatuko kuota berezia:
– 1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 137,48 euro.
761.2 epigrafea. Telefonia mugikorreko zerbitzua.
Estatuko kuota berezia:
– 1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 137,48 euro.
761. taldearen ohar komuna: Abonatu kopurua kalkulatzeko, telefonia finko edo mugikorreko operadore bakoitzaren bezero guztiak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.»
Bi.– Lehen sekzioaren 84. multzoko 848. taldea honela geratzen da idatzita:
«848.– TALDEA. ZERBITZU INTEGRALAK.
848.1 epigrafea. Posta eta telekomunikazioetako zerbitzu integralak. Estatuko kuota berezia: 12.020,24 euro.
Oharrak:
1) Epigrafe honen barruan sartzen dira posta zerbitzuak ematea, hau da, gutunak eta posta bidezko igorpenak jaso, onartu, sailkatu, tratatu, bideratu, garraiatu, banatu eta entregatzea modalitate guztietan; telegrama, telex, posta eta telegrafia bidezko igorpen zerbitzuak egitea, eta izaeraz aurrekoen pareko den beste edozein gauzatzea.
2) Posta zigiluak eta gainerako frankeo zeinuak jaulki eta banatzeko jarduera kuota gehigarririk ordaindu gabe egin ahalko da.
848.2 epigrafea. Bulego malguen, "coworking" guneen eta negozio zentroen zerbitzuak.
Udalaren gutxieneko kuota: 202 euro.
Probintziako kuota: 20.000 euro.
Estatuko kuota: 35.000 euro.
Oharra: Epigrafe honetan sartzen dira bulego malguek, "coworking" guneek eta negozio zentroek beren bezeroei (enpresei eta profesionalei) emandako zerbitzuak, horien helburua haien jarduera garatzeko azpiegitura eskaintzea denean: lan espazioak; bulegoak eta erabat hornitutako bilera, prestakuntza edo hitzaldi gelak; ekitaldiak; lanpostu malguak edo finkoak; komunikazio zerbitzua; bideokonferentzia eta Interneterako konexioa; bulego birtualak; agirien eta korrespondentziaren kudeaketa; idazkaritza, catering eta ofimatika zerbitzuak, eta abar».
Hiru.– Bigarren sekzioaren 86. multzoa honela aldatzen da:
A) Multzoaren izenburua aldatzen da, ondoren zehazten den eran:
«86. multzoa. Lanbide liberal, artistiko, literario eta kulturalak.»
B) 861. taldea honela geratzen da idatzita:
«861.– TALDEA. PINTOREAK, ESKULTOREAK, ZERAMIKARIAK, ARTISAUAK, GRABATZAILEAK, FALLA EGILEAK ETA ANTZEKO ARTISTAK.
Kuota: 115 euro.»
C) 864. talde berria gehitzen da, eduki honekin:
«864.– TALDEA. IDAZLEAK ETA GIDOILARIAK.
Kuota: 115 euro.»
D) 869. talde berria gehitzen da, eduki honekin:
«869.– TALDEA. HIRUGARREN SEKZIOAN SAILKATU GABEKO JARDUERA ARTISTIKO ETA KULTURALEKIN LOTUTAKO BESTE PROFESIONAL BATZUK.
Kuota: 115 euro.»
Lau.– 889. talde berria gehitzen da bigarren sekzioaren 88 multzoan, eduki honekin:
«889.– TALDEA. MENDIKO GIDARIAK.
Kuota: 126 euro.»
Bost.– 034. talde berria gehitzen da hirugarren sekzioaren 03. multzoan, eduki honekin:
«034.– TALDEA. MUSIKAGILEAK, LETRISTAK, ETA MUSIKA MOLDATZAILE ETA EGOKITZAILEAK.
Kuota: 100 euro.»
3. artikulua.– Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 92. artikuluko 1. apartatuari q) letra gehitzen zaio, eta honela dio:
«q) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan aritzea, Etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzeari buruzko irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege-Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betetzeko.»
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikulan altak eta bajak emateko epe bereziak.
Foru dekretu-arau honen 2. artikuluan jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez aurreikusitako epigrafeetako jardueretan diharduten zergadunek foru dekretu-arau hau indarrean jarri aurretik aurkeztu behar bazuten zergaren matrikulan alta emateko aitorpena, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kudeaketarekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituen azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuak 7. artikuluan jasotakoari jarraituz, hilabeteko epea izango dute, hura indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita, aipatutako alta aitorpena aurkezteko.
Era berean, jarduera horiek beste epigrafe baten barruan sailkatuta egin dituzten zergadunek aurreko paragrafoan adierazitako epe bera izango dute zergaren matrikulan baja aitorpena aurkezteko.
Zergadunek aurreko bi paragrafoetan adierazi diren epe berberak izango dituzte horietan aipatzen diren jarduerengatik alta, baja eta aldaketa aitorpenak aurkezteko.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bertan espresuki jasota dauden ondorioak deusetan galarazi gabe.
Donostia, 2023ko apirilaren 18a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.