81. zk., 2023ko maiatzaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (281 KB - 16 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2028
AGINDUA, 2023ko apirilaaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baita 2023ko ekitaldirako Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egingo duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo duten enpresentzako dirulaguntza-programa. Indartu 2023 programa.
2020-2024 aldirako (XII. Legegintzaldia) «Euskadi martxan» gobernu-programak aitortzen ditu COVID-19aren pandemiak Euskadiko ekonomian eta enpleguan izan dituen ondorioak; eta, adierazten du fenomeno horren aurreko mailak berreskuratu behar ditugula, baina erronka eta premia berrietara egokituta. Gobernu-programak helburu partekatu gisa ezartzen ditu hauek: enpleguak mantentzea, prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren aurka borrokatzea genero ikuspegitik, eta ekonomia suspertzea, hazkundearen bidera itzultzeko eta gure langabezia-tasa % 10aren azpitik kokatzeko berriz ere. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak sailen arteko esparru-programa bat onetsi zuen; hain zuzen ere, estrategia horren funtsezko jarduketa-ardatzak susperraldi ekonomikoa eta enplegua dira, COVID-19aren pandemiak eragindako ondorio ekonomiko eta sozial negatiboei erantzute aldera. Hori guztia kalitatezko enpleguaren aldeko apustu partekatu eta irmo batetik; hain zuzen ere, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia da gizartearen eta lanaren eremuko politika publikoak edo lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan sakontzen duten politika publikoak negoziatzeko eta ituntzeko tresna.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EAEko industria-sektorearen egoerari buruzko gogoeta egin du, eta gogoeta hori erreferentzia gisa erabili da 2021-2024 Industrializazio Planean biltzen diren politikak planifikatzeko. Enplegua sortzeko ekoizpen-inbertsioa sustatzea da, oraindik ere, funtsezko ardatz estrategikoetako bat, Jaurlaritzak arlo horretan garatuko dituen ekintzak bideratzeko.
Horrenbestez, 2020-2024 aldirako (XII. Legegintzaldia) «Euskadi martxan» gobernu-programan adierazten den moduan, Indartu programak ezaugarri hauek ditu:
I.– Eremu horietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan, lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo dituen ekoizpen-inbertsioa sustatzea, enpresa berrien bidez nahiz lehendik dauden enpresen bidez. Dena den, produktuaren eraldaketa-prozesuko hobekuntzekin, gaitasunak handitzearekin edo jarduera berriak garatzearekin zuzenean lotuta dauden inbertsioek lehentasuna izango dute.
II.– Lurraldea kontuan hartzen duen diskriminazio positiboa, langabezia-egoera larriagoa jasaten duten zenbait eremuren kasuan, krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan duelako edo garapena oztopatzen duen egiturazko hondatze-egoera jasan dutelako.
III.– Inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dute. Horrela, programaren hasieran, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, enpresa berrientzat nahiz lehendik daudenentzat. Estaldura hori laguntza jaso dezaketen inbertsioen zenbateko osoaren % 25ekoa da, laguntza publikoak kenduta.
IV.– Enpresa bakoitzeko hiru milioi euroko gehieneko dirulaguntza ezartzea, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren arabera, eta sortu beharreko enplegu-bolumena kontuan hartu gabe.
Dirulaguntzei buruzko agindu hau jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (plan hori 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez). Plana 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 17ko, 2022ko irailaren 7ko eta 2023ko otsailaren 23ko aginduen bidez aldatu da.
Honako arauek xedatutakoarekin bat etorriz egiten da deialdi hau: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina) IV. eta VI. tituluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, lege horretako erregelamendua onartzeko denak, garatzen du lege hori).
Horiek horrela, beharrezkoa da Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako dirulaguntza-programa baten deialdiaren zehaztapenak garatzea, INDARTU PROGRAMA, inbertsioen betearazpena dinamikoa izateko, eta, horiek bukatuta, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintzei gutxieneko denbora-tarte batean eutsiko dietela bermatzeko.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea, ekoizpen-gaitasuna sortzeko eta/edo handitzeko, betiere ondorengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan.
Arau honetako dirulaguntzak eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko gidalerroen mende egongo dira, eta hauek ere beteko dituzte: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. eta 17. artikuluak (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) –horren aplikazioa 2023-12-31 arte luzatu du 972/2020 Erregelamenduak (AO, L 215, 2020ko uztailaren 7koa)–, baldin eta 2022-2027 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapan baimentzen diren gehieneko intentsitateak errespetatzen badira; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua (AO, L 327, 2022ko abenduaren 21ekoa), eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) Erregelamenduaren 46. artikulua (AO, L 369, 2022ko abenduaren 21ekoa). Laguntza horizontalei buruzko arauak eta laguntza sektorialei buruzko arauak ere errespetatu beharko dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 12.000.000,00 euro bideratuko dira.
2.– Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako horretatik gorakoa edo hura eguneratzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da dirulaguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako enpresa hauek lortu ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen badituzte, bai eta azpiegitura digitalei lotutako zerbitzuak ematen dituzten enpresek eta zerbitzu logistikoen enpresek ere –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuan kokatuta badaude. Alderdi horiek Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko SA 100859 (2021/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorakoa den langabezia-tasa duten udalerrietan (5.2 artikuluan zehazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioek bakarrik jasoko dituzte dirulaguntzak.
3.– Mikroenpresak, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira 10 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, hauek hartuko dira kontuan: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.
4.– Enpresa handiei, jarduera berriak erakartzeko hasierako inbertsioetarako bakarrik emango zaizkie dirulaguntzak (establezimendu berri bat sortzeko aktibo materialetan eta immaterialetan inbertitzea; lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzea; establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, aurrez establezimenduan ekoizten ez ziren produktuekin; eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu osoan funtsezko eraldaketa bat egitea), edo lehendik dauden establezimenduetan produktu berriak edo prozesu berritzaile berriak dibertsifikatzeko, 2022-2027 aldirako onartutako eskualde-laguntzen mapa berrian identifikatutako eremuetan.
5.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
– Autonomia-erkidegoko Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak.
– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan diharduten erakundeak.
4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.
1.– Ondoren aipatzen direnek ez dute izango aukerarik deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:
a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden enpresek. Alegia, besteak beste egoera hauetan daudenek:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ez izatea.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.
b) Krisian dauden enpresek. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen denean:
– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.
– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.
– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.
– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.
c) Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresek; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa). Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
d) Erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresek, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 2472/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako dirulaguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 2473/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa.
Enpresa handiak ez dira sartzen nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzetan; izan ere, mikroenpresei eta ETEei soilik eman ahal izango zaizkie horrelako laguntzak.
e) Eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman dioten enpresek, edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, inbertsioa osatu eta gehienez bi urteko epean jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak dituzten enpresek.
f) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresek, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
g) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
2.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak.
5. artikulua.– Ezkerralde Hedatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, hau jotzen da Ezkerralde Hedatutzat: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran dagoelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar duen eremua.
Hala, eremu hau izango da Ezkerralde Hedatua: 2022-2027 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapa onesten duen SA 100859 (2021/N) estatu-laguntzari buruz Batzordeak 2022ko martxoaren 17an hartutako Erabakian sartutakoa.
Erabaki horretan oinarrituta, honako udalerri hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Güeñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Zierbena.
2.– Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 5etik gorako langabezia-tasa dutenak, ezarritako azken kalkuluaren arabera; kalkulu hori EUSTATen dago eskuragarri, orrialde hauetan:
https://eu.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial.html
https://www.eustat.eus/bankupx/sq/bcc08782-d19a-4e13-9451-d40ea7fc8682
Hona hemen udalerri horiek:
a) Arabakoak: Amurrio, Artziniega, Asparrena, Bastida, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Laudio, Oyón-Oion, Agurain, Gaubea, Vitoria-Gasteiz eta Zambrana.
b) Bizkaikoak: Arakaldo, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbao, Elantxobe, Ermua, Ibarrangelu, Iurreta, Lanestosa, Ondarroa, Urduña, Sukarrieta, Ubide, Zalla eta Zaratamo.
c) Gipuzkoakoak: Aizarnazabal, Eibar, Irun, Mutriku, Pasaia eta Soraluze-Placencia de las Armas.
6. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.
Laguntza jaso lezakeen inbertsioak agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezingo du hasi eskaera aurkezteko data baino lehen; data horretatik aurrera gauzatu beharko da inbertsioa. Betiere 2023ko ekitaldian hasi eta gehienez ere 2024ko abenduaren 31n bukatu beharko da, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horrez gain, betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Enpresa handiek 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez; ETEek, aldiz, 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez. Kontuan hartuko dira, halaber, adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.
b) Enpresak baliabide propio hauek izan behar ditu gutxienez: dirulaguntza jasotzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25, dirulaguntzak alde batera utzita.
c) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez (13. 1.a) artikuluan eskatzen da plan hori).
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko egiten den inbertsioa, baldin eta agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:
a) Kategoria hauetako batekoa izatea, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitate Plan Orokorrak epigrafe hauetan emandako definizioaren arabera:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Lanabesak.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei ere.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren objektu soziala den jarduerarekin.
Logistikako biltegiak diruz laguntzeko moduko aktibotzat hartuko dira.
Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da; hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den zenbatekoa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo funtzionamenduan jartzea. Honako hauek eginez gero ere jaso ahal izango da dirulaguntza: establezimendu baten aktiboak eskuratu (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratu (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu establezimenduak ateak itxiko bazituzkeen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.
c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek fabrikatuak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jasotzea kontratua bukatzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.
h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.
i) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.
Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute ondasun horiek.
2.– Enpresa elkartu edo lotuengandik eskuratutako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartu edo lotuaren ondorioetarako, arau hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamendua (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa) eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamendua (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.
3.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkeztu ondoren hasten duten enpresek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza, betiere 2023ko ekitaldi honetan hasten badute.
Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, eskatzaileak, inbertsioak abiarazi aurretik, laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu bertan: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), inbertsioen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza-mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du horretarako epea irekitzen denean, agindu honetako 12. eta 13. artikuluetan adierazten den moduan.
8. artikulua.– Enplegua.
1.– Hitzemandako enplegu-sorrera eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da. Horretarako, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua hartuko da oinarritzat, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorri eta enpresak ematen duen txostena, alegia.
2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako aukera hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:
a) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetakoa.
b) Edo «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 36 hilabeteetakoa, betiere enpleguaren galera esanguratsuak egiaztatzen badira.
3.– Enpresak enplegua sortzeko betebeharra badu, ez delako iristen gutxieneko inbertsio onartura, gehienez sei hilabete izango ditu sortzeko, denbora-horizonte onartua amaitzen denetik hasita. Sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaio enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.
4.– Enpresak hasierako plantillari eusteko betebeharra badu, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio, denbora-horizontean hasierako plantilla erdiesten duen unetik aurrera, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.
9. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Agindu honen esparruko dirulaguntzak ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emango dira, itzuli beharrik gabekoak izango dira eta ehuneko hauek izango dituzte:
– Enpresa handien kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10.
– ETEen kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 15.
Dirulaguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, enpresa bakoitzak ezingo baitu 3.000.000,00 eurotik gora jaso.
10. artikulua.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.
Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen xede berarekin beste administrazio publiko batzuek emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira laguntza hauekin, laguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko gidalerroen 7.4 apartatuan (AO, C 153, 2021eko apirilaren 29koa) ezarritako muga. Horrelako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.
Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
11. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.
1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraiki emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.
2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 9:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; eta 2023ko ekainaren 30ean bukatuko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.
3.– Eskabideak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira, eta, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa), Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 53. apartatuaren arabera (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa) eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 27. apartatuaren arabera (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa), dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta agindu honetako 7.3 artikuluko kasuan. Kasu horretan, lehenengo eskabidearen eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan ezarritakoa betez, aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek, eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/10279109
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak egiteko –jakinarazpenak barne–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliko da: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da dirulaguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetatan eta prozedura osoan zehar, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko administrazioak dagoeneko badauzkan eta indarrean dauden dokumentuak. Agiriak ez aurkeztekotan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan, zer organo edo bulegotan eta zer espedientetan aurkeztu ziren.
6.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du bitarteko elektronikoak erabiliz laguntzaren aurre-eskabideaz gain, halakorik aurkeztu badu, eta agiri hauek ere erantsi beharko ditu:
a) Eskatzaileak edo enpresa-taldeko enpresa bakoitzak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua. Hala badagokio, parte-hartzaileek beren konpromisoa sinatu beharko dute, eta bertan sartuko dira industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, lan-plana eta horretarako epeak.
b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta aldaketarik izan ez bada. Agiri horiek zer organori eta noiz aurkeztu zizkion adierazi behar du interesdunak, hori egiteari uko egiten dionean izan ezik. Uko egiten badio, espedienteari erantsi beharko dizkio (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada hori, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
c) Sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.
d) Enpresako plantillaren bilakaerari buruzko memoria, azken hiru ekitaldi ekonomikoei dagokiena –urteka zehaztua eta lanbide-kategoria eta sexuaren arabera bereizia–, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako agiri hauek: «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» izeneko txostenak, urteko deialdia argitaratu aurreko 12 eta 36 hilabeteei dagozkienak.
e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira eta, horien barruan, talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da eta baita partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea ere. Adierazitako datu guztiak laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak izango dira.
f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen dokumentua.
g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Datuak faltsutuz gero, indarrean dagoen administrazio- zein zigor-arloko zehapen-araubidea aplikatuko da alderdi hauen egiazkotasuna egiaztatzeko:
• Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-agindu honen artikuluetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
• Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien eta/edo haiengandik jaso dituen laguntzak adierazi dituela.
• Enpresa eskatzaileak, eskaera egiteko unean, ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
• Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean.
• Hartu dituela hartu beharreko neurri zuzentzaileak ingurumen-kalteak eta galerak konpontzeko eta horien ondoriozko kalte-ordainak ordaintzeko, eta, hala badagokio, ordaindu duela Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik jarritako zehapena, halakorik jarri badiote.
• Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
• Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, enpresa ez-finantzarioei laguntzeko eta halakoak berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
• Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
• Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.
• Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituela, soilik eskatzailea hiru egoera hauetan dagoenean: 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatu eta eman nahi izatea; merkataritza-eragiketak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa izatea eta urteko kontuen eredu laburtuak erabiltzea.
h) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateek legezko ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatuko dute, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak kontuan hartuko baitu enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa alde batera utzita.
2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, bitarteko elektronikoen bidez, hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.
3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo/eta informazio osagarri eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.
1.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, espedientea osatuta dagoenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, administrazioaren ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, baiezkoa bada, eskatzailearen identifikazioa eta onartutako inbertsio-plana jasoko ditu, eta dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, baita emandako laguntza ere. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak zehaztuko ditu. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea administrazioaren isiltasunaz ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
2.– Urte anitzeko inbertsioen kasuan, ebazpenak dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa zein den adieraziko du, baita sortu beharreko enplegua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, ekitaldi bakoitzean onartutako inbertsio-planaren arabera.
3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio, bitarteko elektronikoak erabiliz, eskatzaile bakoitzari eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
5.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Industriako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat.
15. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen hirugarrenen erregistro egokian izena emanda egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Dirulaguntza ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, eta ordainketa hori artikulu honetan deskribatutako moduan egingo zaio enpresa onuradunari.
a) Lehen ordainketa aurreratua izango da, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, eta interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, berariaz uko egin ezean.
b) Gainerako ordainketak egin dakizkion, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:
– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen adierazpena.
– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpora utzita).
– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza eman ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki izanaren ondorioz.
– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiago badira.
Aitortutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat etorri beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturek ikuskatzaileen esku egon beharko dute, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, zenbatekoa (BEZa banakatua) eta ordainketa-data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, aitortutakoa egiaztatzeko.
Bigarren ordainketarako, dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aurrerapenez jasotakoa.
3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Hain zuzen ere ebazpen horretan adieraziko da enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala). Dirulaguntzak urtean bi aldiz ordainduko dira gehienez ere, eta ordainketa horien zenbatekoa inbertsio justifikatuekiko proportzionala izango da.
4.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen aitorpenetan oinarrituta, eta dirulaguntzak kudeatzeko zuzendaritzak dagokion laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, inbertsio justifikatuen partidari buruzkoa.
5.– Justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako diruz laguntzeko moduko gastuak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko ditu edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
6.– Enpresa batek laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez baita ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
7.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, espresuki eta idatziz.
2.– Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.
3.– Inbertsioa gauzatu dela eta hasierako enplegua eta, hala badagokio, sortutako enplegu berria gutxienez hiru urtez mantendu dela justifikatzea.
4.– Inbertsioa gauzatzeko eta enpleguari eusteko epearen barruan, eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.
5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.
8.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.
9.– Diruz lagundutako proiektuen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean jartzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa.
10.– Emandako laguntza indarrean dagoen bitartean, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero, jasotako funtsak itzultzea.
11.– Enpresak deslokalizaziorik ez egitea 10 urteko denbora-tartean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita; alegia, onuradunak ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora ez eramatea.
12.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
13.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira –laguntzaren helburua bete delarik– edo beste dirulaguntzaren bat lortzen bada beste edozein erakunde publikotatik, aldatu egin ahal izango da laguntza emateko ebazpena, betiere agindu honek onuradun izateko ezartzen dituen betekizunak betetzen badira.
2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– egin beharreko inbertsioak egiteko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek –luzapenik egonez gero– ez du gehikuntzarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du administrazio-ebazpen baten bidez eta, hala badagokio, baita jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, arau hauek ezarritakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.
Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira honako hauek ezarritako kasuetan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko 53.1 artikulua.
2.– Erabateko ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea agindu honetako 6.a) artikuluak ezartzen dituen gutxieneko inbertsioak.
b) Enplegua ez mantentzea agindu honek 8. artikuluan zehazten duen baldintzetan.
c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2023ko ekitaldian.
d) Ez betetzea aurkeztutako eskabidean inbertsioak gauzatzeko aurreikusitako epeak.
e) Enpresa deslokalizatzea. Alegia, onuradunak ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eramatea.
f) Ez aurkeztea laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 18a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.