Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2023ko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2000

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 17koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Sondikako Udalaren Diruzaintza lanpostua sailkatzen baita; lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1991ko apirilaren 29ko Ebazpenaren bidez, Sondikako Udaleko Idazkaritza lanpostuaren sailkapena aldatu zen, 3. mailatik 2. mailara, eta Kontu-hartzailetzako lanpostua 2. mailan sailkatu zen (1991ko maiatzaren 10eko BOE, 112. zk.).

Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazkeran (aurrerantzean, TAAIL), toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait funtzio publiko daude, eta horien gaineko erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; funtzio horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.

Hori dela eta, TAAIL indarrean jarri zenetik, bigarren motako idazkaritza duten toki-korporazioek, nahitaez, Diruzaintza lanpostua eduki behar dute, eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak dira lanpostu hori bete behar izango dutenak.

Halaber, TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuak xedatzen duenez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak.

Horren ondorioz, 2018ko martxoaren 16an, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (aurrerantzean, 128/2018 Errege Dekretua).

128/2018 Errege Dekretuaren 14.1 artikulua kontuan hartuz, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egongo da, eta lanpostu horrek diruzaintzari eta diru-bilketari lotutako funtzioen administrazio-erantzukizuna izango du. Lanpostu hori, halaber, Estaturako gaikuntza duen toki-administrazioko funtzionario batek bete beharko du, Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalan sailkatuta dagoen batek.

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan ezartzen da ezen Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan, errege-dekretu hori indarrean jartzen denean Diruzaintza lanpostua ez badago gordeta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalakoentzat, dagokion autonomia-erkidegoari eskatu beharko zaiola lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea; hain zuzen ere, Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalakoentzat.

Hala, Sondikako Udalak, martxoaren 7ko 11/2023 Alkatetza Dekretuaren bidez, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu zion udal horren Diruzaintza lanpostua Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzeko.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Sondikako Udalaren eskaeraren gainean. Foru Aldundiak txostena helarazi du, adierazteko ados dagoela Sondikako Udaleko Diruzaintza lanpostua Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzeko aurkeztu den eskaerarekin.

Horregatik guztiagatik, Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sondikako Udalaren Diruzaintza lanpostua Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Sondikako Udalak bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostu hori, bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu ahal izango diote ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 17a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.


Azterketa dokumentala