Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2023ko apirilaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1851

AGINDUA, 2023ko apirilaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez, Irale programak 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri eman (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita.

Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, behar berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek irakasleen berariazko behar berri horiei ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean, orain arte egin duen bezalaxe.

Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaio Heziberri 2020 egitasmoaren Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bigarren ildo estrategikoari (Irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza), zeinak hauxe baitio irakasleen etengabeko prestakuntzaren inguruan:

«Etengabeko prestakuntzak ez ditu azken xedetzat irakasle eta eskoletako langileak hartzen, ikasleak baizik, eta, alde horretatik, irakasleek konpromisoz eta arduraz jokatu behar dute, delako prestakuntza hori praktikan jarri eta aurretiaz ezarritako helburuak ikasturtez ikasturte betetzeko.

Alderdi indibidualenetan oinarritutako prestakuntza-eredua baztertu egin behar da, eta, horren ordez, eskoletan ardaztutako prestakuntza-ereduak bultzatu, lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokitutako proiektuen bitartez, eta, horretan, lekuan lekuko proiektu eta planak hartu behar dira kontuan: hobekuntza-planak, esku-hartze globaleko proiektuak, hezkidetza-proiektuak...; eta hezkuntza-komunitateek bizi dituzten errealitate askotarikoak ere kontuan hartu behar dira: ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideentzako prestakuntza-proiektuak, esaterako.

Dena dela, prestakuntza indibidualak beharrezko izaten jarraitzen du, geure hezkuntza eredu pedagogikoaren esparruko eskakizun berriei erantzuteko batez ere, hura gabe ezin gerta baitaiteke inolako mentalitate- eta sinesmen-aldaketarik. Ezinbestekoa da, hala ere, prestakuntza hori lekuan lekuko ikastetxeak daudeneko testuinguruan kokatzea.»

Iralek, jakina denez, euskarazko komunikazio-gaitasunari lotutako goi-mailako ikastaroen bitartez jorratzen du Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bigarren ildo estrategikoa, irakasleen prestakuntzari dagokiona, alegia. Modalitate bat baino gehiagoko ikastaroak eskaini eta antolatzen ditu, bai helburuei, bai iraupenari eta bai taldekatze-irizpideei dagokienez. Modalitate horietako bat dira, hain zuzen ere, H eta I ikastaroak.

Hori guztia dela eta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da IRALE programak 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri ematea (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.– Deialdi honen bidez eskaintzen diren ikastaroak.

Deialdi honen bidez 2023-2024 ikasturtean emango diren ikastaroak eta ikastaro bakoitzerako eskainiko den talde-kopurua I. eranskinean daude zehaztuta.

Ikastaro batean bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emenda ditzakete; betiere, ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran ezarritako baldintzetan.

3. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.

Deialdi honetan eskaintzen diren ikastaroak honako hartzaile hauek eskatu ahal izango dituzte, bi multzotan banatuta, eskabidea egiteko moduaren arabera:

a) A multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren gainerako zentroak (hizkuntza eskolak, berritzeguneak, ingurugelak, ikuskaritzak, ISEI-IVEI institutua...).

b) B multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoak.

4. artikulua.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroetan parte hartu nahi duten ikastetxeek klaustroaren % 60k, gutxienez, ikastaroan parte hartuko duela bermatu beharko dute.

Etapa bat baino gehiago duten ikastetxeen kasuan, ikastetxeak ikastetxe osorako edo etapa jakin baterako egin dezake eskabidea. Azken kasu horretan, gutxienez etapa horretako irakasleen % 60k parte hartuko duela bermatu beharko du.

Hauek izango dira etapak:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

c) Batxilergoa.

d) Lanbide Heziketa.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

a) Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak.

b) Eskabideak aurkezteko epea hamabost lanegunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Helbide hauetan aurkeztuko dira:

Hirugarren artikuluko bigarren paragrafoan deskribatutako A multzoko zentroek (Hezkuntza Sailarenak diren ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/irale-2023-2024

Eskabidea egin ondorengo izapideak «Nire eskabideak» gunearen bidez egingo dira: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/nire-eskabideak

Hirugarren artikuluko hirugarren paragrafoan deskribatutako B multzoko zentroek (itunpeko ikastetxe pribatuek eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1063806

Bide elektronikoz egindako eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko nire karpeta espazioa erabiliz egingo dira. (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaria Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, eta helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

c) Eskabideak III. eranskinean jasotako ereduaren arabera aurkeztuko dira.

d) Ikastetxe bakoitzak ezingo ditu bi ikastaro baino gehiago eskatu.

6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

7. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipenaren ebazpena.

a) Hezkuntza Sailburuordeak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

b) Era berean, ebazpen horretan prozeduran baztertutako eskabideen zerrenda ere argitaratuko da, adierazita eskabidea zein ikastarotarako baztertu den eta baztertzeko arrazoi zehatzak.

c) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa bai eta «herri-ikastetxeak» atarian ere (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

d) Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.

Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.

8. artikulua.– Behin-behinean esleitutako ikastaroari uko egitea.

a) Behin-behineko esleipenaren ebazpena argitaratu eta lau eguneko epean, ikastaro baten esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete ikastaro horri.

b) Uko-egiteak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.

9. artikulua.– Ikastaroen behin betiko esleipen-ebazpena eta erreserben zerrenda.

a) Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko taldeen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

b) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa bai eta «herri-ikastetxeak» atarian ere (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

c) Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako onartutako taldeen zerrenda. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, talderen bat esleitu zaion ikastetxe batek baja eskatzen badu, erreserba-zerrendarekin esleituko dira plaza horiek.

d) Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, ebazpenok argitaratu eta hilabeteko epean.

10. artikulua.– Taldeak esleitzeko irizpideak.

Ikastaroak zein ikastetxeri esleitu erabakitzeko, agindu honen bigarren eranskinean jasotzen den baremazioa erabiliko da.

Ikastetxeak II. eranskinean zehazten den baremoaren arabera sailkatuko dira, eta lehenengo dagoen ikastetxetik hasita, eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkeran lehenengo jarri duten ikastarorako eskatutako talde guztiak esleituko zaizkie, eskainitako plaza-kopurua agortu arte.

Ikastetxe bati bigarren ikastaro bat esleitu aurretik, baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxeei eta erakundeei ikastaro bana esleitu zaien begiratuko da, eta, ikastarorik esleitu ez zaionik baldin badago, horri emango zaio lehentasuna, ahal izanez gero.

Ikastetxe txikien kasuan, ikastetxe bat baino gehiago bildu ahal izango dira eskabidea egiteko, betiere, bildutako ikastetxeen klaustroetako kideen baturak 4. artikuluan ezarritako baldintza betetzen badute.

Ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran, ikastaroren bat esleitzeke gelditzen bada, ikastaro hori bertan behera geldituko da.

11. artikulua.– Taldeak osatzeko irizpideak.

Eskabidea egin duen zentro bakoitzak adierazi beharko du zenbat talde osatu nahi dituen ikastaro bakoitza egiteko; betiere irizpide hauek beteta:

a) Talde bakoitzean 8 pertsona egongo dira, gutxienez, eta 20 gehienez.

b) Taldeetako partaide guztiek izan behar dute egiaztatuta HE2, EGA edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.

c) A multzoari dagozkion taldeetatik (unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren gainerako zentroak), honako hauek izan daitezke partaide: ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioak, finkoak, ez-finkoak eta bitartekoak, eta Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezitzaile finkoak eta aldi baterakoak.

d) B multzoari dagozkion taldeetatik (unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoak), honako hauek izan daitezke partaide: Ikastetxe pribatuetako irakasle finkoak eta ez-finkoak; Haurreskolak Partzuergoko irakasleak eta hezitzaile finkoak eta ez finkoak, eta ikastetxe pribatuetako hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak eta 0-3 bitarteko irakasle edo hezitzaileak; baita Hezkuntza Sailarenak ez diren zentro publikoetako langileak ere.

e) 2023ko irailetik abendura bitartean egin beharreko ikastaroetarako, ikastetxeek 2023ko irailaren 15a baino lehen bidali beharko dituzte dagokien Lurralde Ordezkaritzako Euskara Atalera parte hartuko duten pertsonen zerrendak.

f) 2024ko urtarriletik ekainera bitartean egin beharreko ikastaroetarako, zerrenda horiek 2024ko urtarrilaren 15a baino lehen bidali beharko dituzte.

Zerrendak betetzeko orduan, kontuan hartu beharko da aurreko urteetan dagoeneko ikastaro bererako matrikula egin duten pertsonak ezin izango direla matrikulatu.

12. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.

Ikastaroak ikastetxean bertan edo ikastetxeak aukeratutako leku egoki batean emango dira.

13. artikulua.– Ikastaro amaierako agiriak.

Ikasketariei ez zaie ikastaroa egin izana aitortuko baldin eta ikastorduen % 80ra, gutxienez, joan ez badira.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Irakasleen formakuntza.

• Arduraduna: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

• Helburua: Irakasleen formakuntzarako aktibitateak. IRALE irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko programa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana (Prest Gara Plana). Aipatu aktibitateen jarraipena.

• Legitimazioa:

○ Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• Hartzaileak:

○ Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

○ Euskaltegiak, boletina, HABE.

• Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

• Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050300-capa2-eu.shtml

• Araudia:

○ Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

○ 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

15. artikulua.– Dokumentuen egiazkotasuna.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek eta pertsonek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari edozein erakunde publikotan frogatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, zeinak administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala