72. zk., 2023ko apirilaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (338 KB - 30 orri.)
- EPUB (1326 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1833
EBAZPENA, 2023ko martxoaren 23koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak emateko 2023ko deialdia egiten baita.
Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.) arautzen ditu ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak.
Aipatu Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen modalitateak bi dira: ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak eta ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak.
Dekretu horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen bi modalitateen deialdiak 2023rako batera egin behar dira.
Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren barruan sartzen da, zeina Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez luzatu baitzen 2022-2024rako. Bai Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana (luzatua), bai Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoa (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiaren bidez onartua), bai 2023. Urteko Plana argitaratuta daude Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian: www.elankidetza.euskadi.eus «Nortzuk gara» atala, «Plangintza» azpi-atala.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2023ko otsailaren 8ko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariari proposatzea laguntzen bi deialdiak eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartzea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak deitzea.
Ebazpen honetan deitzen diren laguntzetan bete egingo da ebazpen honetan erantsitako deialdien oinarrietan ezarritakoa:
(Ikus .PDF)
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.
Hori kontuan izanik, 2023ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.201.940 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Garapenerako lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 23a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
I.A ERANSKINA
EKINTZA HUMANITARIOKO PROIEKTUETARAKO LAGUNTZEN 2023KO DEIALDIAREN OINARRIAK (PRE)
1. artikulua.– Xedea.
Xedea da ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen 2023ko deialdiaren oinarriak argitaratzea, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen modalitaterako diru-zuzkidura 4.750.000 eurokoa da –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–.
3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.
1.– Erakunde bakoitzari, banaka edo taldeka, gehienez 2 eskaera eman ahal izango zaizkio.
2.– Proiektu bakoitzeko, gehienez ere, 200.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke.
3.– Afrikan egitekoak diren ekintza humanitarioko proiektuen ekimenei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, gutxienez 2.375.000 euro gordeko dira Afrikan egitekoak diren proiektuak finantzatzeko –baldin eta laguntzak arautzen dituen araudiak exijitutako betekizunak betetzen badituzte–.
4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– 2023ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntza-eskaerak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, dirulaguntza-modalitate horretan esleitutako diru-zuzkidura agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea amaitu egingo da, EHAAn horren berri ematen den egunean.
2.– Agindu honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.
3.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzak eta dirulaguntzak atalera, zehazki.
4.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.
5.– Erakunde interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
6.– Eskaerarekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo
– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo
– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).
Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.
Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
8.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.
9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.
5. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Oinarri hauetara erantsitako (I.b eranskina) eredu normalizatuan dagoen eskaera-orria osorik bete behar da, telematikoki. Eskaera-orri horretan erakunde eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta diruz lagundu beharreko proposamena bilduko dira, bai eta erakunde eskatzaileak sinatu beharreko erantzukizunpeko adierazpenak ere.
Erakunde eskatzaileen taldea sortzen bada, gainerako erakunde eskatzaileetako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da (erantzukizunpeko adierazpenaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean).
2.– Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Ekintza humanitarioaren esparruan gutxienez bi urte jarraiko esperientzia izatearen egiaztagiria, baldin eta erakundearen estatutuetan ez bada berariaz adierazten ekintza humanitarioko proiektuak egitea dela bere helburuetako bat. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, egiaztagiria ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean.
Hala ere, estatutuetan helburu hori jasota ez badago, gutxienez bi urte jarraituko esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesdun ez diren beste erakunde pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan, esperientzia jarraitu horrek espresuki adierazita egon behar du–.
b) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa, eskaera aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagokoa.
Tokiko bazkidearen izaera juridikoaren ondorioz ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago herrialdeko egoeren ziozkoa dena, erregistroan inskribatuta egoteko baldintza egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
c) Ez da beharrezkoa izango erakunde eskatzaileak inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan aurkeztea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badio eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.
3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituen, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.
Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Salbuespen kasuetan, inguruabarren baten ondorioz ezinezkoa bada aipatutako datuak eskuratzea, erakundeari eskatu ahalko zaio kasuan kasuko agiriak aurkezteko.
4.– Ekintza humanitarioko proiektuak baloratzeko, erakunde eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:
a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: dirulaguntzaren proposamen teknikoa eta aurrekontu banakatua, wwww.euskadi.eus web-orrian (laguntzen eta dirulaguntzen atalean) eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian («Laguntza, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean) argitaratutako ereduen arabera, eta planoekin lotutako obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, administrazio-lizentziak eta prestakuntza-planak, eduki eta metodologiekin.
b) Erakunde onuraduna(k) baloratzeko: Plan estrategikoa(k), Ekintza humanitarioko plan estrategikoa(k), eta Erakunde eskatzaile(ar)en genero-ekitatearen aldeko plana(k).
c) Tokiko bazkidea(k) baloratzeko: Plan estrategikoa(k), Ekintza humanitarioko plan estrategikoa(k), eta tokiko bazkide(ar)en genero-ekitatearen aldeko politika(k).
5.– Artikulu honetako 2.b, 4.b eta 4.c ataletan aipatzen den dokumentazioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, Agentziak dokumentazio hori eskuratu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, baldin eta erakunde interesdunak eskaeran adierazten badu zer espediente-zenbakitan dagoen eta noiz aurkeztu zuen –aurrerantzean, 2018 urtea–.
6. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Hautaketa Batzordeak kide hauek izango ditu:
– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
– Batzordekidea: Alicia Aleman Arrastio andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
– Batzordekidea eta idazkaria: Maria Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
2.– Hautaketa Batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, honako hauek ordezkatu ahal izango dituzte:
– Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoko arduraduna.
– Batzordekidea: Arkaitz López Sánchez jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
– Batzordekidea eta idazkaria: Ana María Tellería Gallastegui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Balorazio-irizpideak ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 15. artikuluan jasotakoak dira.
8. artikulua.– Instrukzioa eta esleitzeko eskumena duen organoa.
1.– Prozeduraren instrukzioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.
Instruktoreak, Hautaketa Batzordearen espedientea eta txostena ikusitakoan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatuko dizkio egokitzat jotzen dituen laguntzak. zuzendariak, azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena ezarriko du.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena, eskatutako laguntzak esleitu edo ukatzen dituena, banan-banan jakinaraziko zaio erakunde interesdun bakoitzari. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskaera aurkeztu zenetik 6 hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
2.– Ekintza humanitarioko proiektuetara zuzendutako funtsak agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena argitaratuta.