70. zk., 2023ko apirilaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 9 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1734
AGINDUA, 2023ko martxoaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, desagertzekoa den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko prozedurarako deialdia egiten duena.
3/2020 Lege Organikoak, abenduaren 29koak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatu zuen, eta lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzeko zela xedatu zuen.
Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, 85. Artikuluaren bidez, lanbide-heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa sortu zuen. Bosgarren xedapen gehigarrian, zehaztu zuen desagertzekoa den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetatik Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan zein sartuko diren, bai eta desagertzekoa den kidego horretako zein espezialitate sartuko diren aurrerantzean lanbide-heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidego berriaren irakaskuntza-atribuzioan.
Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan, halaber, beste idazkera bat eman zitzaion abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarriari (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenari), eta xedatu zuen bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartuko zirela desagertu beharreko lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak, baldin eta unibertsitateko gradu-titulua, lizentziaduna, ingeniaria eta arkitektoa badituzte, edo irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baliokideren bat, edo beste baliokidetasunen bat badute bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetan irakasle jarduteko (3/2020 Lege Organikoa indarrean jarri zenean edo xedapen beraren bigarren apartatuan ezarritako epean).
Xedapen berean, gaikuntza eman zitzaion Gobernuari, hezkuntza-administrazioei kontsulta egin ondoren, integrazio horren prozedura eta baldintzak ezar ditzan. Hain zuzen, betekizunak behar bezela beteta eduki eta eskabidea hasieran ezarritako epearen barruan egin duten langileek 3/2020 Lege Organikoa indarrean jarri zen egunetik izango dituzte ondorioak. Baldin norbaitek epe hori baino beranduago aurkeztuko balu eskabidea, eskabidearen datatik aurrera izango ditu ondorioak, betiere data horretan integratzeko moduan badaude. Eskubide hori lege hori indarrean jarri eta bosgarren urtera arte baliotu daiteke, ez hortik aurrera.
Urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuak desagertzear zegoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea arautu zuen, eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako irakasleei buruzko zenbait errege-dekretu aldatu zituen. Errege Dekretu horixe da, hain zuzen, oinarrizko arau-esparru orokorra desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko prozedura arautzeko; gero hezkuntza-administrazio eskudunek gara dezaten.
Errege Dekretu horren 3. artikuluan, integratzeko betekizunak eta baldintzak ezartzen dira; 4. artikuluan, deialdiaren gutxieneko edukia; eta 7. artikuluan, integrazioaren ebazpenaren ondorioak. Era berean, errege-dekretu horrek aldatu egiten ditu, besteak beste, xedapen gehigarri bakarraren 1. eta 2. paragrafoak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko Erregelamenduaren V. eranskina, eta baliokidetzat jotzen ditu, irakaskuntzaren ondorioetarako, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko unibertsitate-diplomatura, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa titulazioak, erregelamenduaren V. eranskinean zehazten diren espezialitateetan.
Beraz, aipatutako araudian xedatutakoarekin bat etorriz, eta aipatutako errege-dekretuak integrazio-prozedura garatzeko ezartzen duen agindua betetze aldera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
1.– Deialdi publikoa egitea, desagertzear dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek modua izan dezaten bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko.
2.– Deialdi hau arautuko duten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Gauzatzea.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau behar bezala garatzeko beharrezko neurri guztiak hartzeko eta betearazteko.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
OINARRIAK
Lehenengo oinarria.– Xedea.
Desagertzear dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko karrerako irakasle funtzionarioak bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu ahal izateko prozedurarako deialdia egitea, urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko araudiarekin bat etorriz. Deialdian parte hartzeko, izangaiek ezarritako betekizunak eta baldintzak bete behar dituzte.
Bigarren oinarria.– Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko zer espezialitatetan eska daitekeen integrazioa.
Desagertzear dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak deialdi honen I. eranskinean zerrendatzen diren bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetako batean sartzeko moduan izango dira, laugarren oinarrian ezarritako betekizunak eta baldintzak betez gero eta aldez aurretik eskaera eginda (bosgarren oinarrian adierazitako moduan).
Hirugarren oinarria.– Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa espezialitatetzat hartzea.
1.– Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitatetzat joko dira desagertzear den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateak –deialdi honen II. eranskinean datoz jasota–. Aipatutako errege-dekretu horrek zehazten ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta araubide bereziko irakaskuntzetan irakasle izateko prestakuntza-baldintzak, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen ditu, urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuaren bidez erantsiak (izan ere, urriaren 4ko errege-dekretu horrek arautzen du desagertzear dagoen Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen integrazioa; gainera unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako irakasleei buruzko zenbait errege-dekretu aldatzen dira, bai maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarrian aipatzen den integrazio-prozesuaren garapenaren ondorioetarako, bai integrazio-deialdi publiko honen ondorioetarako).
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako espezialitateetako bateko irakasle titularrek bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdi publiko honetan parte hartzeko aukera izango dute, aipatutako ondorioetarako besterik ez, baldin eta hurrengo oinarrian ezartzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte.
Laugarren oinarria.– Betekizunak eta baldintzak.
Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdi publiko honetan parte hartzeko moduan izateko, honako betekizun eta baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek, eskabideak amaitzeko epean:
1.– Desagertzean dagoen lanbide-prestakuntzako irakasle teknikoen kidegoko karrerako funtzionarioa izatea.
2.– Integrazioa zer espezialitatetan eskatu duen, espezialitate horretako titularra izatea.
3.– Behin betiko destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, edo destino horren zain egotea.
4.– Egoera honetakoren batean egotea: zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan, senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo indarkeria terroristagatiko eszedentzian egotea, betiere, zerbitzu aktiboko azken destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan izan badute.
5.– Titulazio hauetakoren bat izatea, edo lortzeko moduan egotea (bosgarren oinarrian eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehen): gradua, doktoregoa, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko titulazio baliokidea, unibertsitate-diplomatura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.
Bosgarren oinarria.– Eskabideak, aurkezteko epea eta dokumentazioa.
1.– Interesdunek eskabide elektronikoa formalizatu beharko dute, honako helbilde honetan: https://hezigunea.euskadi.eus (kontuari lotutako NANa eta pasahitza sartu beharko dituzte) «IT Integrazioa» bannerrean. Eskabideak aurkezteko prozesua azaltzeko inprimaki bat prestatuko da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluaren arabera, interesdunetako batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaio. Halakoetan, zuzenketaren eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
2.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitutakoan, integratzeko eskabidea loteslea izango da izangaiarentzat, eta ezingo da aldatu.
Era berean, ez da onartuko gerora alegatutako dokumentazio osagarririk, oinarri honen 3. epigrafean ezarritakoaren arabera, integrazio-eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.
3.– Dokumentazio osagarria. Datuak egiaztatzea.
Prozedura hori izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira administrazio jardulearen esku dauden dokumentuetan edo administrazio publikoek egindako dokumentuetan jasotako datuak, non eta interesdunak ez dagoen kontsulta egitearen aurka.
Interesdunak kontsultaren aurka badaude, dagokion formularioan dagokion laukian adierazi beharko dute, eta dokumentuok aurkeztu.
Salbuespena eginez, inguruabarren batek datu horiek lortzea eragozten badu, baliteke dagozkien dokumentuak aurkezteko eskatzea interesdunei.
Hezkuntza Sailak bere langileen datu-basean egiaztatuko ditu interesdunak parte hartzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak, laugarren oinarrian zehaztutakoak.
Prozedura normalizatu honen eskaerarekin batera ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu beharko, betekizun edo baldintza guztiak Langileen Erregistroan jasota badaude. Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, helbide honetara jo beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus.– Arlo pertsonala – Nire laneko datuak –. Espedientean dokumenturik edo informaziorik agertzen ez bada, dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztu beharko da, eta baliteke Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzetako batean aurkezteko eskatzea.
Laugarren oinarriko 5. apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa izateko betekizuna beteta dutela egiaztatzeko, honako dokumentu hauetako bateren bat aurkeztu beharko dute:
a) Titulu akademikoaren kopia edo, hala badagokio, Unibertsitate Titulu Ofizialen Erregistro Nazionala kontsultatzeko berariazko baimena. Atzerrian emandako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen ziurtagiria edo graduko maila akademikoaren baliokidetasun-aitorpena aurkeztu beharko da.
b) Titulua lortzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak egin izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa, titulua emateko tasak ordaindu izanaren frogagiriarekin batera.
Seigarren oinarria.– Jakinarazpenak.
1.– Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera argitaratuko ez diren ebazpenen eta administrazio-egintzen jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez soilik egingo dira, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako baldintzetan.
2.– Jakinarazpenak jakintzat joko dira haien edukira sartuz gero, eta ezetsitzat joko dira jakinarazpena eskura jartzen denetik hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe.
3.– Arazo teknikoak direla eta, ezinezkoa bada jakinarazpen elektronikoa bidaltzea, jakinarazpena administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako bitartekoen bidez jakinaraziko da.
Zazpigarren oinarria.– Eskabideak aurkeztu ondorengo administrazio-izapideak.
Eskabidea aurkeztu ondoren interesdunek egin beharreko administrazio-izapide guztiak elektronikoki egin beharko dituzte.
Zortzigarren oinarria.– Instrukzio-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailean destinoa duten funtzionarioek osatutako batzorde bat izango da integrazio-deialdi publiko honen instrukzio-organoa.
Langileak Kudeatzeko zuzendaria izango da batzordeburua, eta hark berak izendatuko ditu batzordekideak.
Batzordeko kideen artetik bat idazkari izendatuko da.
Bederatzigarren oinarria.– Instrukzio-organoaren eginkizunak.
Aurreko oinarrian aipatzen den batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskatzaileek bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko laugarren oinarrian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.
b) Ebazpena ematea, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko proposatzen diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko, bai eta behin-behinean baztertzen direnena ere (baztertzeko arrazoia adierazita), sail honen webgunean: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/
c) Irakaskuntzako irakasleen kidegoan sartzeko nahiz baztertzeko proposatu diren izangaien behin-behineko ebazpenaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
d) Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko nahiz baztertzeko proposatu diren izangaien behin betiko zerrenda onartzeko ebazpena ematea (baztertzeko arrazoiak adierazita), sail honen webgunean: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/
e) Ebazpen-organoari, hau da, Hezkuntza Saileko titularrari, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartuko diren pertsonen behin betiko zerrenda proposatzea.
Hamargarren oinarria.– Integraziorako proposatutako nahiz baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.
Betekizunak eta baldintzak egiaztatu ondoren, instrukzio-organo gisa diharduen batzordeak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko proposatzen diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartuko da, bai eta eskatutako betekizun eta baldintzetako bat ez betetzeagatik kanpoan uzten direnena ere, baztertzeko arrazoia edo arrazoiak zehaztuta. Ebazpen hori Sail honen webgunean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ argitaratuko da.
Interesdunek erreklamazioak aurkeztu ditzakete integraziorako proposatutako nahiz bazterturtako izangaien behin-behineko zerrenda onartzeko ebazpen honen aurka, hamar (10) egun balioduneko epean, ebazpena sail honen webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, https://hezigunea.euskadi.eus) helbidean «Alegazioak» izapidea aktibatu beharko da.
Epe hori bete bitartean ez badu baztertzeko arrazoia izan den kausa konpondu edota ez badu edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu, ulertuko da interesdunak eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.
Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko proposatutako edo baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean ikusiko da alegazio horiek baietsi edo ezetsi diren.
Hamaikagarren oinarria.– Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko proposatutako nahiz baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.
Onartutako eta baztertutako izangaiak behin-behinean deklaratzen dituen ebazpenaren aurkako erreklamazioak aztertu ondoren, aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera, Batzordeak ebazpen bat emango du bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzeko proposatutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartzeko, eta sail honen webgunean argitaratuko du: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila
Hamabigarren oinarria.– Integrazio-prozedura ebaztea, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratuko diren izangaien zerrenda argitaratzea, eta errekurtsoak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, integrazio-deialdi publiko hau ebazteko organoa den aldetik, agindu bidez ebatzi eta argitaratuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bigarren, hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzekoak diren izangaien zerrendak, espezialitateka.
Agindu horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean.
Hamahirugarren oinarria.– Destinoa aldatzea, prozeduraren instrukzioa abian dela.
Urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, integrazioa eskatzen duen izangaia beste hezkuntza-administrazio batera aldatzen bada instrukzioa egiten ari den bitartean, eskaera jaso duen administrazioak ebatziko du eskabidea, halaber, administrazio horrek beteko ditu destino-aldaketaren egunera arte dagozkion ondorioak, eta destino berriaren hezkuntza-administrazioari helaraziko dio espedientea.
Hamalaugarren oinarria.– Kanpoko hezkuntza-administrazioan diharduten irakasleak.
Urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, deialdian zehar kanpoko hezkuntza-administrazioan destinoa duten irakasleek, deialdian parte hartu nahi badute, jatorrizko hezkuntza-administraziora jo beharko dute.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa arduratuko da irakasle horiei kanpoan ematen duten denboran legozkiekeen ondorio ekonomiko eta administratiboez.
Hamabosgarren oinarria.– Ebazteko epea.
Prozedura honen behin betiko ebazpena emateko eta argitaratzeko gehienezko epea sei hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen adierazia argitaratu ez bada, eskabideak administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo direla ulertuko da.
Hamaseigarren oinarria.– Integrazio-ebazpenaren ondorioak.
1.– Integrazioaren ondorioak 2021eko urtarrilaren 19koak izango dira honako izangaientzat: egun horretan egoera horretan egoteko baldintzak betetzen zituzten funtzionarioak zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan, senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian eta indarkeria terroristagatiko eszedentzian; betiere, zerbitzu aktiboko azken destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan izan badute, eta egun horretara eskuratuta bazuten integratzeko eskatzen den titulazioa.
2.– Betekizun horiek 2021eko urtarrilaren 19a eta gero bete dituztenen kasuan, dena delako betetze-egun hori izango da ondorio-eguna. Kasu horietan, titulu akademikoak igortzea noiz eskatu zuten, egun hori izango da titulazioari buruzko baldintzak bete dituzten eguna.
3.– Bestalde, desagertzear dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoan 2021eko urtarrilaren 19a eta gero sartu diren irakasleen kasuan (baldin deialdi honetan bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eskaera onetsi bazaie), desagertzear dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoan izendatzeko eguna izango da ondorio-eguna.
Hamazazpigarren oinarria.– Eskubidea aitortzea integratzio-deialdi hau ebatzi ondoren.
1.– Urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, eskaera beranduago aurkezteko aukera izango dute honako hauek: desagertzekoa den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek, baldin integraziorako deialdi honen bosgarren oinarrian jarritako epea baino beranduago betetzen badituzte baldintzak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzeko 3/2020 abenduaren 29ko Lege Organikoaren 11. Xedapen gehigarrian zehaztutakoak), edo integraziorako eskaera ez dutenak garaiz aurkeztu. Horretarako prozedura ireki bat erailiko dute, Hezkuntza Sailak zehaztutako baldintzetan.
2.– Irakasle horiek integrazio-eskaera egiteko unean dagoeneko beteta eduki behar dituzte prozedura honen laugarren oinarrian ezarritako betekizunak eta baldintzak.
3.– Langile horiek 2026ko urtarrilaren 19ra arte baino ezin izango dute eskubide hori aitortzeko eskaera egin.
4.– Oinarri honetan aurreikusita dauden integraziorako baiespen-ebazpenen ondorioak, hain zuzen, izangaiek egindako eskaeraren datatik aurrerakoak izango dira.
Hemezortzigarren oinarria.– Espezialitate bat baino gehiago dituzten irakasleak.
Desagertzean dagoen lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleren bat bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzear badago, eta espezializazio bat baino gehiago badu, bigarren hezkuntzako irakasle izateko atribuzioa izango du aurrerantzean ere, espezializazio horietan, baldin integrazioko datan desagertzekoa den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezializazio horien titular bada.
I. ERANSKINA
1541 Administrazio-kudeaketako prozesuak.
1542 Merkataritza-prozesuak.
1543 Elikagaien Elaborazio Lanak eta Ekipoak.
1544 Nekazaritzako Operazioak eta Tresneria.
1547 Eraikuntza-proiektuen bulegoa.
1548 Fabrikazio Mekanikoko Proiektuetarako Bulegoa.
1549 Ekipamendu Termikoak eta Elektrizitatekoak Instalatzea eta Mantentzea.
1550 Instalazio Elektroteknikoak.
1551 Ekipo Elektronikoak.
1554 Irudi eta Soinuaren Teknikak eta Prozedurak.
1555 Aplikazio Informatikoetako Sistemak.
1556 Laborategia.
1557 Prozesuen operazioak.
1559 Makinak, Zerbitzuak eta Produkzioa.
1566 Diagnostiko Kliniko eta Produktu Ortoprotesikoen Prozedurak.
1567 Osasun eta Laguntza Prozedurak.
1568 Gizartearentzako Zerbitzuak.
1569 Ehungintza eta Tratamendu Fisiko eta Kimikoak.
1570 Hazkuntza eta Laborantzako Instalazio eta Ekipoak.
II. ERANSKINA
1545 Arte Grafikoetako Produkzioa.
1546 Ibilgailuen Mantentze Lanak.
1552 Sukaldaritza eta gozogintza.
1553 Jatetxe-arloko Zerbitzuak.
1558 Zurgintzako eta Altzarien Fabrikazioa eta Instalazioa.
1560 Makinen Mekanizazioa eta Mantentzea.
1561 Soldadura.
1562 Patroigintza eta jantzigintza.
1563 Estetika.
1564 Ile-apainketa.