70. zk., 2023ko apirilaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 9 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1733
43/2023 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita kontsumo publikoko eta bainu-eremuetako uren kalitatea babestearen esparruan Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako lankidetza-hitzarmena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta, behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea kontsumo publikoko eta bainu-eremuetako uren kalitatea babestearen esparruan Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 3KO 43/2023 EBAZPENARENA
URAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, KONTSUMO PUBLIKOKO ETA BAINU-EREMUETAKO UREN KALITATEA BABESTEAREN ESPARRUAN
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 6a.
BILDURIK
Antonio Aiz Salazar jauna, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, eta Jose Luis Quintas Diez jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea.
PARTE HARTZEN DUTE
Lehenengoak Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia delako, eta Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzen dituen martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuaren 7.2.g) artikuluak ematen dion eskuduntzari jarraikiz.
Bigarrenak Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea delako, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 5.2.g) artikuluak ematen dion eskuduntzari jarraikiz.
Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau egiteko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren arabera (irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren babesean emana), Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio, besteak beste:
– Osasuna babesteko politikak garatu, gauzatu eta ebaluatzea, bereziki elikagaien osasunarekin zerikusia duten programa guztiak, elikagaien segurtasunari zein elikadura osasungarriari dagokienez, eta ingurumen-osasunarekin zerikusia dutenak, besteak beste kontsumitzeko eta bainatzeko urak, legionelosiaren prebentzioa eta kontrola, hilotzen alderdi sanitarioak, produktu kimikoak, gaixotasunak transmititzeko bektoreak eta airearen kalitatea. Arrisku fisikoen, kimikoen edo biologikoen analisia ere sartzen da, bai eta osasun-sustapen, -prebentzio eta -babesaren arloko jardueretan eta osasun publikoarentzat alertakoak eta arriskukoak diren egoeretan zerbitzu analitikoa ematea ere.
– Agintari sanitario gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoa elikadura-higienean eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, hondakin sanitarioen kudeaketan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jardueretan.
– Osasun Publikoko Laborategiari dagokionez, Baliabideak, Ekipamendu Analitikoak eta Instrumentalak Kudeatzeko Zuzendariordetzaren laguntza izango du Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak. Baliabideak, Ekipamendu Analitikoak eta Instrumentalak Kudeatzeko Zuzendariordetzari honako hauek dagozkio:
– Osasun Publikoko Laborategiari esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta ikuskatzea.
– Laborategiko kalitatea ziurtatzeko sistemen estandarizazioa eta kudeaketa bateratua.
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren (bereziki, babes-programak), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren, beste sail eta erakunde batzuen eta kanpoko beste eragile batzuen erantzun analitikoa planifikatu, koordinatu eta kudeatzea, erantzun analitikoa eskatzen duten erakundeekiko solaskide gisa.
Bigarrena.– Ekainaren 26ko 1/2006 Legearen bidez sortu zen Uraren Euskal Agentzia, ingurumen arloan eskumena duen sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan, uraren arloko erakunde arduraduna da, eta eginkizun hauek dagozkio, besteak beste:
– Aipatutako 1/2006 Legean plangintza hidrologikorako aurreikusitako tresnak prestatu eta Jaurlaritzari bidaltzea, eskumena duten erakundeetan agiri horiek onartu, aldatu edo izapidetzeko.
– Estatuko plangintza hidrologikoan parte hartzea, erkidego arteko arro hidrologikoen kasuan, gaia arautzen duen araudiarekin bat etorriz.
– Jabari publiko hidraulikoa eta itsas-lehortarra babesteko egin beharrekoak egitea, bereziki administrazioaren emakida eta baimenak ematea eta jabari publiko hidraulikoaren eta kostaldearen araudiarekin bat ez datorren arau-hausterik gertatzen den edo ez zaindu eta ikuskatzea.
Hirugarrena.– Urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuan, giza kontsumorako uraren kalitatearen osasun-irizpideak, uraren kontrola eta hornidura ezartzen dituena, eta urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuan, bainatzeko uren kalitatearen kudeaketari buruzkoan, osasun-agintaritzentzako eta administrazio hidraulikoentzako betebeharrak ezartzen dira, eta, besteak beste, hauek nabarmentzen dira: kontrol analitikoekin zerikusia dutenak, sortutako informazioa bateratzea eta jarduketen beharrezko koordinazioa.
Laugarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak beharrezkotzat jotzen dute lankidetza-esparru egonkor bat ezartzea, besteak beste, informazioa zaintzeko, kontrolatzeko, tratatzeko eta ebaluatzeko zereginak diseinatu eta gauzatzeko, eta, hala badagokio, giza kontsumorako ura ekoizteko urak eta bainu-eremuak babesteko planak batera egiteko eta ezartzeko.
Bosgarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren ustez, lankidetza-esparru egonkor hori ezartzeak bi erakundeek dituzten baliabide teknikoen eta giza baliabideen efizientzia-maila handitzea ekarriko du.
Seigarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak uste dute lankidetza-esparru egonkor hori baliagarria izango dela aldian-aldian informazio garrantzitsua emateko bai alderdi interesdun guztiei (toki-erakundeak, udalak edo mankomunitateak, horniduren kudeatzaileak, hornitzaileak eta banatzaileak), bai herritarrei, oro har.
Zazpigarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak uste dute etorkizunean egon daitezkeela lankidetza-hitzarmen honen parte izan daitezkeen interes komuneko beste eremu edo gai batzuk.
Zortzigarrena.– Bi alderdiak ados daude bientzat deskribatutako eskumen- eta lan-araubidearen arabera deskribatutako helburuekin, eta lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauekin:
KLAUSULAK
1.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da hainbat jarduera finkatzea, giza kontsumorako eta bainu-eremuetako ura ekoizteko urak hobeto babesteko, osasun eta ingurumen alderdiak modu integratuan aurreikusita.
2.– Hitzarmenaren esparruko jarduerak.
Hitzarmen honen esparruan aurreikusitako jarduerak honako lan-ildo hauetan batu daitezke:
– Babestutako eremuen erregistroa berrikusten eta kudeatzen laguntzea, giza kontsumorako eta bainu-eremuetako urak ekoizteko urei dagokienez.
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren, bainu-eremuetako eragin-arloetako uren, eta herritarren osasunari eragiteko arriskua duten isuri-efluenteen egoeraren jarraipena egiteko programa diseinatzea eta gauzatzea.
Erakunde bakoitzak lan-ildo horiei dagokienez dituen konpromisoak hitzarmen honen 3. Klausulan zehaztu dira.
3.– Hitzarmenaren esparruko konpromisoak.
3.1.– Konpromiso orokorrak.
Hitzarmen honen esparruan, konpromiso hauek, oro har, hartu dituzte beren gain Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak:
– Hitzarmen honen xedean sartzen diren lanak era egokian egiteko dagoen eta beharrezkoa den informazioa bateratuko dute, eta, giza kontsumorako eta bainu-eremuetarako urak ekoizteko uren kasuan, bereziki erreparatuko diete kutsadura-arriskuari buruzko informazioari, arrisku horiek murrizteko jardueren planteamenduari, eta jarduera horien eraginkortasun-mailari.
– Kontsumo publikoko uren eta bainu-eremuetarako uren babesa hobetzeko jarduera-proposamenak eta ikerketa-lerroak proposatuko dituzte.
– Elkarrekin komunikatzeko protokoloak ezarriko dituzte, giza kontsumorako eta bainu-eremuetako ura ekoizteko urak kutsatzeko arriskua hautematen bada, jendearentzako komunikazio-estrategia barne hartuta, iraupen laburreko kutsadura-egoeren eta bainu-eremuetako eragin-egoeren aurrean egin beharreko jardueren zati gisa.
– Jarduera- eta koordinazio-protokoloak garatuko dituzte; beste agente batzuek ere parte hartu ahal izango dute horietan, tartean saneamendu- eta arazketa-kudeatzaileek eta giza kontsumoko ura hornitzen duten erakundeek, pertsonen osasuna babestu eta giza kontsumorako eta bainu-eremuetako uraren kalitatea hobetze aldera.
– Hitzarmen hau hobeto betetzeko eskatzen diren lankidetza eta laguntzak emango dituzte, eta, beharrezkoa bada, beste erakunde eta organismo batzuen koordinazioa, eta, hala badagokio, partaidetza antolatuko dituzte, hitzarmen honen xedean sartzen diren lanak hobeto garatze aldera.
– Hitzarmen honen esku jarriko dituzte hitzarmen honetan planteatzen diren lanak behar bezala gauzatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak, alderdiek hartutako aurrekontu-konpromisoen eta baliabide ekonomikoen barruan.
– Elkarlanean ebaluatuko dituzte hitzarmen honetan planteatzen diren lanen emaitzak eta, hala badagokio, ebaluazio-txostenak egingo dituzte.
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak dituzten plataformen artean informazioa trukatzeko sistemak hobetuko dituzte.
– Aldian-aldian informazioa emango diote hitzarmen honen 4. Klausulan sortzen den jarraipen-batzordeari, bertan planteatzen diren lanak era egokian egiteko edozein gertaera esanguratsuren gainean.
3.2.– Kontsumorako uren kalitatea babesteko konpromisoak.
3.2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko altako hiri-horniduraren eskemak berrikusi eta egiaztatzearekin lotutako konpromisoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko altako hiri-horniduraren eskemak berrikusi eta egiaztatzeari dagokionez, koordinatuta lan egiteko konpromisoa hartu dute Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak, honako hauetarako:
– Euskal Autonomia Erkidegoko altako hiri-horniduraren eskemetan inplikatutako elementuen geolokalizazioa egiaztatzeko, aldatzeko edo eguneratzeko, bereziki ur-bilketak.
– Kodetze-sistema egoki bat ezartzeko, alderdi sinatzaileen artean Euskal Autonomia Erkidegoko altako hiri-hornidurako eskemetan inplikatutako elementuei buruzko informazioa behar bezala transmititu ahal izateko.
– Euskal Autonomia Erkidegoko altako hiri-horniduraren eskemetan inplikatutako elementuei buruzko datuak erkatzeko, egiaztatzeko, aldatzeko edo eguneratzeko, bereziki ur-bilketak.
– Arestian aipatutako lan-ildoak gauzatzeko tresna egokiak garatzeko, mantentzeko eta hobetzeko.
3.2.2.– Giza kontsumorako urak erauzteko guneetako hartuneetako arriskuak ebaluatzeko eta kudeatzeko konpromisoak.
Giza kontsumorako urak erauzteko guneetako arriskuak ebaluatu eta kudeatzeari dagokionez eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Uraren Euskal Agentziak:
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari aldizka jakinaraziko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetako Eremu Babestuen Erregistroaren eguneratzeak, giza kontsumorako ura ekoizteko urei dagokienez, aplikatzekoa den araudiaren arabera.
– Giza kontsumorako urak erauzteko guneetako hartuneen arriskuen ebaluazioa eta kudeaketa egingo du (2020/2184 Zuzentarauaren 9. Artikulua), adostutako lan-programa batean oinarrituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren lankidetzarekin eta dagokion hornidura kudeatzen duen erakundearen parte-hartzearekin.
– Hornidura-sistemen egitura-ihesei buruzko informazioa eta, Toki Administrazioak edo, hala badagokio, operadoreak uraren prezioari buruzko datu gisa online kontsumitzailearen eskura jarri beharko duen beste informazio bat aztertzen lagunduko du.
Giza kontsumorako urak erauzteko guneetako arriskuak ebaluatu eta kudeatzeari dagokionez eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak:
– Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan arituko da Eremu Babestuen Erregistroa berrikusi eta mantentzeko, edateko ura ekoizteko urei dagokienez.
– Hornidura-sistemaren arriskuen ebaluazioa eta kudeaketa sustatuko du (2020/2184 Zuzentarauaren 9. Eta 10. Artikuluak).
3.2.3.– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programaren inguruko konpromisoak.
Giza kontsumorako ura ekoizteko urei dagokienez eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Uraren Euskal Agentziak:
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programaren diseinuan parte hartuko du, honako alderdi hauetan: laginketa-puntuen hautaketan, aldagaiak eta kontrolen maiztasunak esleitzean, eta aldian-aldian Eremu Babestuen Erregistrora egokitzean, Gainazaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta ingurumen-kalitatearen arauak ezartzen dituen irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren eskakizunetara eta horren inguruan sortzen diren ezagutza-beharretara.
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programan ezartzen diren laginak hartuko ditu, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mendeko Osasun Publikoko Laborategiak ezartzen dituen eskakizun teknikoen arabera, laginak behar bezala kontserbatu eta garraiatzea barne.
– Bi alderdiek garrantzitsutzat jotzen dituzten eta Osasun Publikoko Laborategian zehaztu ezin diren parametroen zehaztapen analitikoak kudeatuko ditu, jarraipen-programan ezarritako irizpideen arabera.
– Lagin-hartze guztietan emaitza analitikoak eskuratuko ditu, tokian tokiko parametroei dagokienez, eta lortutako emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko uren informazio-sistemara (EKUIS) eramango ditu.
Giza kontsumorako ura ekoizteko urei dagokienez eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, honako konpromisoa hauek hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak:
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programaren diseinuan parte hartuko du.
– Laginak hartzeko, kontserbatzeko eta garraiatzeko behar diren eskakizun teknikoak ezarriko ditu.
– Osasun Publikoko Laborategian egingo ditu giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programaren ondoriozko zehaztapen analitikoak, bi alderdiek adostutakoak.
– Osasun Publikoko Laborategian doituko ditu giza kontsumorako ura ekoizteko uren jarraipen-programa diseinatzen duen lantaldeak erabakitzen dituen metodo analitikoak. Lantalde hori URAko teknikariek, Osasun Publikoko Kontsumoko Uren erreferentziazko taldeak, eta Osasun Publikoko Laborategiko erreferenteek osatzen dute, eta, onartutako jarraipen-programari jarraituz, parametro berrien, kalitate-aseguramenduaren eta kuantifikazio-mugen zehaztapenei erantzuteko aukera ematen du, 817/2015 Errege Dekretuan, 2020/2184 (EB) Zuzentarauan, haren transposizioan eta 2022/679 (EB) Exekuzio Erabakian ezarritakoaren arabera.
Giza kontsumorako ura ekoizteko urei dagokienez, honako konpromiso hauek hartu dituzte bi erakundeek:
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren kalitateari buruz bildutako informazioa trukatzeko sistemak garatu eta mantenduko dituzte Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak (Oralims Osasun Publikoko Laborategiaren informazioa kudeatzeko sistema eta Osasun Sailak kudeatzen duen EKUIS EAEko Kontsumoko Uren Informazio Sistema) eta Uraren Euskal Agentziak (UBEGI EAEko ur-masen egoerari buruzko informazio-sistema) dituzten plataformen artean.
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programaren esparruan bildutako emaitza analitikoak ebaluatzeko irizpide komunak ezarriko dituzte.
3.3.– Bainu-eremuetako uren kalitatea babesteko konpromisoak.
3.3.1.– Bainu-eremuen kudeaketari buruzko konpromisoak.
Erroldatutako bainu-eremuei dagokienez eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Uraren Euskal Agentziak:
– 1341/2007 Errege Dekretuaren eskakizunen arabera berrikusi eta/edo prestatuko ditu erroldatutako bainu-eremuetako profilak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren parte-hartzearekin.
– Bainu eremuetan iraupen laburreko kutsadura aurreikusteko eta kudeatzeko azterlanak egingo ditu.
Erroldatutako bainu-eremuei dagokienez eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak konpromisoa hartu du urtero Uraren Euskal Agentziari jakinarazteko EAEko bainu-eremuen erroldaren berrikuspenak.
Era berean, bi erakundeek konpromisoa hartu dute:
– Bainu-eremuetako altak eta bajak kudeatzeko prozedura diseinatzen parte hartzeko, izapidetze elektronikoa txertatuz eta bainu-eremuak antolatzeko irizpide komunak ezarriz.
– Erabaki-hartzea errazteko analisi mikrobiologikoak egiteko teknika azkarrak erabiltzea aztertzeko, neurri zuzentzaileak barne, bainatzeko eremuetan iraupen laburreko kutsadura-gertakarien kudeaketa hobetzeko modu gisa.
3.3.2.– Bainu-eremuetako eragin-eremuetako uren egoeraren jarraipena egiteko programari buruzko konpromisoak.
Erroldatutako bainu-eremuei dagokienez eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Uraren Euskal Agentziak:
– Bainatzeko eremuen eragin-eremuei lotutako jarraipen-programa bat diseinatuko du, urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuak, bainatzeko uren kalitatea kudeatzeari buruzkoak, ezarritako eskakizunekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoko bainatzeko uren profilekin, honako alderdi hauetan: ingurumen-kontroleko puntuak hautatzea, aldagaiak esleitzea, kontrol-maiztasuna, eta horiek Eremu Babestuen Erregistrora aldizka egokitzea.
– Bainu-eremuen eragin-eremuei lotutako jarraipen-programan ezartzen diren laginak hartuko ditu, hau da, ezarritako maiztasun eta kokapenen arabera hartuko ditu laginak, bai eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mendeko Osasun Publikoko Laborategiak ezartzen dituen eskakizun teknikoen arabera ere, laginak behar bezala kontserbatu eta garraiatzea barne.
– Kontrola egingo ditu aldian behin, euskal kostaldean alga toxiko bentonikoen jarraipena egin ahal izateko eta bainu-eremuetan eraginik izanez gero erabakiak hartzeko tresna izan dadin.
Erroldatutako bainu-eremuei dagokienez eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, honako konpromiso hauek hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak:
– Aldian-aldian emango dizkio Uraren Euskal Agentziari bainu-eremuetako osasun-zaintzako programaren emaitzak.
– Bainu-eremuen eragin-eremuen jarraipen-programaren diseinuan parte hartuko du.
– Osasun Publikoko Laborategian egingo ditu bainu-eremuetako ingurumen-kontroleko puntuetan ezarritako jarraipen-programaren diseinutik eratorritako zehaztapen analitikoak.
Bi erakundeek konpromisoa hartu dute bainu-eremuetako osasun- eta ingurumen-kontrolei buruz bildutako informazioa bi aldeen eskura jartzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak dituzten plataformen artean informazioa trukatzeko sistemak garatuz eta mantenduz.
3.4.– Beste konpromiso batzuk.
Arriskuen zaintza eta kontrolari dagokionez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak konpromisoa hartu dute giza kontsumorako ura eta jolas-erabilerarako ur-masak, bainu-eremuetakoak barne, ekoizteko urak kutsa ditzaketen isurketen efluenteen jarraipena egiteko programa diseinatu eta gauzatzeko.
Era berean, egoki iritziz gero, hondakin-uren zaintza mikrobiologikoa plantea daiteke alerta goiztiarreko adierazle epidemiologiko sistema gisa, SARS-CoV-2 bezalako patogenoak garaiz detektatzeko eta osasun-agintaritzei erabakiak hartzeko tresna gisa balio diezaien. Hondakin-uren kontrolean oinarritutako zaintza-estrategia berriak proposatu ahal izango dira. Estrategia posibleen artean daude birusei, bakterioei, parasitoei edo osasun publikorako interesgarriak diren drogei buruzkoak, antibiotikoekiko erresistentziarekin lotutako parametroak eta interes sanitariokoak izan daitezkeen beste edozein faktore.
4.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.
Hitzarmen honen betearaztearen jarraipena egiteko, alderdi sinatzaile bakoitzaren ordezkari batek osatutako batzorde bat sortu da:
– Uraren Euskal Agentziaren aldetik, zuzendari nagusiak edo hark eskuordetzen duen pertsona batek.
– Osasun Sailburuordetzaren aldetik, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak edo hark eskuordetzen duen pertsona batek.
Honako hauek dira jarraipen-batzordearen egitekoak:
– Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketen gauzatze normalaren jarraipena egitea, elkarri informazioa emateko eta konpromisoak behar bezala betetzeko irizpideak eta moduak zehaztuz.
– Kasu bakoitzean eskatutako izapideen bizkortasuna oztopatzen duten trabak kentzeko erraztasunak ematea.
– 6. Klausulan adierazitako balizko luzapenak proposatzea eta hitzarmena 7. Klausulan adierazitakoaren arabera amaitzeko aukera proposatzea, administrazio sinatzaile bakoitzak egokiak diren izapideak egin ondoren.
– Hitzarmen honetan ezarritako konpromisoetan aldaketak proposatzea.
– Hitzarmenak sor ditzakeen interpretazio- eta betearazpen-arazoak konpontzen saiatzea.
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta alderdietako edozeinen ordezkariak proposatuta, jarduketen martxa egokiak eskatzen duen guztietan bilduko da batzordea.
5.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
Hitzarmena administratiboa da, eta, beraz, interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei eta horiekin bat datozen gainerako xedapenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko administratiboari jarraituko zaie.
Hitzarmenak edo hitzarmena betearazteak sor ditzakeen interpretazio-arazoak jarraipen-batzordeak ebatziko ditu, aurreko klausulan adierazitakoaren arabera, eta ezinezkoa bada, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. Kapituluan xedatutakoa beteko da.
6.– Hitzarmenaren ondorioak eta iraupena.
Hitzarmenak ez du ekarriko esku hartzen duten alderdien eskumenei uko egitea, ez eta horiek aldatzea ere; izan ere, hitzarmenari jarraiki hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik hartu dituzte beren gain.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, lau urteko epean, hasiera batean. Epe hori amaitu baino lehen, alderdiek aho batez erabaki dezakete beste lau urtez luzatzea, aipatutako 40/2015 Legean xedatutakoaren arabera.
7.– Hitzarmena iraungitzea.
Bai aurreko klausulan aipatutako indarraldia igarotzeagatik, bai hitzarmena suntsiarazteagatik azkenduko da hitzarmena.
Aldeetako batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du konpromiso horiek zorrotz betetzeko edo hausteko eskatzeko.
Hitzarmena hausten bada, hura amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte aldeek.
8.– Hitzarmenaren finantzaketa.
Lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten alderdietako bakoitzak bere gain hartu beharko ditu hitzarmenaren arabera ezarritako betebeharretatik eratorritako gastu propioak, indarrean dagoen aurrekontu-araudia betez.
Eta ezarritakoaren arabera, bertaratuek bi aletan sinatu dute, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako,
Osasuneko sailburuordea
Jose Luis Quintas Diez jn.
Uraren Euskal Agentziako,
zuzendari nagusia
Antonio Aiz Salazar jn.