68. zk., 2023ko apirilaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (145 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1695
AGINDUA, 2023ko martxoaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko deialdiaren epea.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 35.2 artikuluan adierazten duenez (lege hori apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatu zen), unibertsitateek Autonomia Erkidegoaren baimena izan eta Unibertsitate Kontseiluaren egiaztapena lortu beharko dute dagokion ikasketa-plana gobernuak irakaskuntza ofizialak emateko ezarritako jarraibideekin eta baldintzekin bat datorrela ziurtatzeko.
Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituenak, eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituenak, eta haren ondorengo aldaketek, kasu bakoitzean titulu ofizialak egiaztatzeko, akreditatzeko, jarraipena egiteko eta berritzeko prozedurak arautzen dituzte.
822/2021 Errege Dekretuaren 34. artikuluko lehenengo apartatuan ezartzen denez, akreditazio instituzionalik ez duten unibertsitate-zentroek beren unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritu beharko dute, autonomia-erkidego bakoitzak bere eskumen-eremuko unibertsitateekin lotuta ezartzen duen prozeduraren arabera.
Halaber, gradu, master eta doktoregoko kasuetan akreditazioa berritzeko gehieneko epeak ezartzen dira, zeinak titulua ematen hasten denetik edo aurreko akreditazioa berritzen denetik zenbatzen hasiko baitira.
Arau berberaren arabera, Unibertsitate Kontseiluak ebatziko du berritze-prozedura, dagokion kalitate-agentziaren nahitaezko txosten loteslea oinarri hartuta (kasu honetan, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren nahitaezko txosten loteslea).
Horregatik guztiagatik, eta Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17.1 artikuluak esleitutako eskumenez baliatuz,
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2023ko deialdiaren epea ezartzea titulu ofizialen akreditazioa berritzea eska dezaten Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateek. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Prozedura abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17. artikuluan arautzen da, zeinak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen baititu.
Hirugarrena.– Prozedura hori ofiziala izango da, eta araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu, hau da, akreditazio-ebazpena aldekoa bada, titulazioa ofizialki akreditatua geldituko da. Aitzitik, prozedura amaituta, ebazpena kontrakoa bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko dira.
Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, «Euskal Unibertsitate Sistemako Gradu eta Master Tituluen Egiaztatzea Berritzeko Protokoloa» eta «Euskal Unibertsitate Sistemako Doktorego Tituluen Egiaztatzea Berritzeko Protokoloa» direlakoei jarraituko zaie.
Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egingo da.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.