Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2023ko apirilaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1691

AGINDUA, 2023ko martxoaren 28koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAU, Hipodromo de la Zarzuela SA eta Apuesta Mutua Andaluza SAUren arteko lankidetza-hitzarmena baimentzen duena, simulcastingari eta elkarrekiko zaldi-apustuei dagokienez.

Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAUk (IFK: A95363206), 2022ko maiatzaren 23an, «Zarzuelako hipodromoaren, Donostiako hipodromoaren eta Andaluziako Hipodromo Nagusiaren arteko lankidetza-hitzarmena, 2012ko maiatzaren 12koa, simulcastingari eta elkarrekiko zaldi-apustuei dagokienez» dokumentua aurkeztu zuen (aurrerantzean, hitzarmena). Hitzarmen hori Hipodromo de la Zarzuela SA SMErekin (IFK: A83724658) eta Apuesta Mutua Andaluza SAUrekin (IFK: A41942806) sinatzeko da, eta haren helburua da operadoreen funts komuneko elkarrekiko zaldi-apustuak eskaintzea Madrilgo Zarzuelan, Donostiako hipodromoan eta Dos Hermanaseko Andaluziako Hipodromo Nagusian egiten diren zaldi-lasterketetan, horretarako propio prestatutako lokaletan. Hala, lasterketa berean oinarritutako mota bereko apustu guztiak batera totalizatuko dira, asmatzaileek balio bereko dibidenduak jaso ditzaten.

Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAU (aurrerantzean, HAHE) da Donostiako Hipodromoaren kudeaketaren adjudikazioduna, 2005eko ekainaren 17an Donostiako Udal Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren ondoren. Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren 2006ko otsailaren 6ko Ebazpenaren arabera, EAEko Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta dago.

Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren 2016ko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez, hamar urterako berritu zen HAHE enpresaren inskripzioa EAEko Jokoaren Erregistro Nagusian (Enpresa ustiatzaileen atala, Barne-apustu hipikoa), eta baimena eman zitzaion kanpo-apustua behin-behinean ustiatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko zaldi-lasterketetako apustuei buruzko apirilaren 5eko 68/2005 Dekretuan ezarritako baldintzetan, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 227.2 artikuluan aipatzen den lehiaketa publikoa esleitu arte.

Bestalde, Apuesta Mutua Andaluza SAU (IFK: A41942806) Dos Hermanaseko Udalaren tokiko merkataritza-sozietate publiko bat da. Andaluziako Hipodromo Nagusiaren instalazioaren eta funtzionamenduaren administrazio-baimenaren titularra da, Andaluziako Hipodromo eta Zaldi-lasterketetako Apustuen Erregelamenduarekin bat etorriz, eta Andaluziako Autonomia Erkidegoaren eremuan zaldi-lasterketetako apustuen esklusiba du, Andaluziako Juntako Finantzaketa, Zerga eta Jokoaren zuzendari nagusiaren 2015eko otsailaren 23ko Ebazpenaren bidez.

Era berean, Hipodromo de la Zarzuela SA sozietateak SEPIren eta LAEren partaidetza du, eta denbora-mugarik gabe eratu da, Madrilgo Zarzuelako hipodromoaren kudeaketa eta ustiapen integrala egiteko, bai eta lehendik dauden edo haren barruan eraikitzen diren instalazio eta zerbitzu guztiena ere, zaldi-lasterketak eta hipika-ekitaldiak antolatzea eta egitea, eta zaldi-apustuak ustiatzea barne, Madrilgo Erkidegoko Tributuen eta Jokoaren Antolamendu eta Kudeaketaren Zuzendaritza Nagusiak 2015eko urriaren 20an Madrilgo Zarzuela hipodromoan zaldi-lasterketetako barne- eta kanpo-apustuak antolatu eta merkaturatzeko emandako baimenarekin bat etorriz.

Aipatu 120/2016 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriaren arabera, kanpo-apustuak ustiatzeko baimena lortzen duen enpresak hitzarmenak egin ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo arlo berean ari diren erakundeekin, haiek zaldiekin antolatzen dituzten kirol-jardueretan edo lehiaketetan oinarritutako apustuak eskaintzeko, bai eta bien artean apustu bakarra egiteko ere. Hitzarmen horien arabera lasterketa berean oinarritutako mota bereko apustu guztiak kontabilitatean batera zenbatzea ezar daiteke, asmatzaileek balio bereko dibidenduak jaso ditzaten. Jokoaren arloan eskuduna den saileko titularrak baimendu beharko ditu hitzarmen horiek.

Esan bezala, HAHE Donostiako hipodromoaren kudeaketaren enpresa adjudikazioduna da eta, ondorioz, titulu nahikoa du hipodromoko barne-apustuak ustiatzeko eta emakida indarrean den bitartean bertan ekitaldiak antolatzeko. Era berean, kanpo-apustua ustiatzeko gaitasuna du EAEn, aldi baterako, harik eta 120/2016 Dekretuan xedatutakoaren arabera deitu behar den lehiaketa publikoa ebatzi arte.

Hitzarmenak zehazten du zein apustu totalizatuko diren:

1.– Apustu soilak.

Apustua zaldi bakarraren edo biren gainean jokatzen da, lasterketa bakarrean edo bitan, edota lasterketa bereko hiru, lau edo bost zaldiren gainean.

1.1.– Apustu soilak.

Zaldi bakarraren alde egiten da apustua. Bi modalitate daude: «irabazlea» eta «aurrean».

(1) Irabazlea. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako bat hautatu behar du, eta zaldi hori bera lehenengoa izan behar da behin betiko sailkapenean. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez hiru zaldik parte hartu behar dute lasterketan, guztiak ere jabe desberdinetakoak. Andaluzian, gutxienez bi zaldik parte hartu behar dute.

(2) Aurrean. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako bat hautatu behar du, eta zaldi hori bera lehenengoa edo bigarrena izan behar da behin betiko sailkapenean, parte hartu duten zaldiak sei eta hamar artean badira, biak barne, edo lehenengoa, bigarrena edo hirugarrena, parte hartu duten zaldiak hamaika edo gehiago badira.

Apustu soilen aukerako modalitateak.

Aurrekoa gorabehera, bertaratuei jakinarazi ondoren eta ados jarrita, parte hartzen duten hipodromoek xedatu ahal izango dute, jabe bereko bi zaldik edo gehiagok lasterketa berean parte hartzen badute, zaldiok zaldi bakartzat hartuko direla Irabazle apustuaren ondoreetarako.

1.2.– Apustu bikia.

Lasterketa batean lehenengo bi postuetan sailkatutako bi zaldien aldeko apustua. Modalitate hauek hartzen ditu barne:

(3) Bikia ordenan edo ez alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako bi hautatu behar ditu, eta iritsiera-ordena zehaztu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengo biak izan behar dira behin betiko sailkapenean, ordena zehatz horretan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, 3, 4 edo 5 zaldi izan behar dira lehian.

Beraz, apustu-txartelean lehenengo ageri den zaldi-zenbakia da apustulariak irabazletzat jotzen duena, eta bigarren ageri dena, aldiz, lasterketan bigarren iritsiko dela jokatzen duena.

(4) Biki ordenatu gabea edo alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako bi hautatu behar ditu, eta zaldi horiek beraiek lehenengo biak izan behar dira behin betiko sailkapenean, edozein ordenatan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez sei zaldik parte hartu behar dute lasterketan.

(5) Bikia aurrean. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako bi hautatu behar ditu, eta zaldi horiek beraiek lehenengo hiruren barnean egon behar dira behin betiko sailkapenean, edozein ordenatan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez hamaika zaldik parte hartu behar dute lasterketan.

Apustu bikien aukerako modalitateak.

Aurrekoa gorabehera, bertaratuei jakinarazi ondoren eta ados jarrita, parte hartzen duten hipodromoek honako hauek xedatu ahal izango dute:

Apustu biki bera saritzea, hala behin betiko sailkapeneko lehenengo biak asmatzen direnean, nola lehenengo hiruretako bi asmatzen direnean. Kasuan-kasuan, zenbateko berdineko sarietara bideratutako funts bat edo batzuk eratuko dira, apustu beraren konbinazio saridunen arabera.

Lasterketaren behin betiko sailkapena kontuan hartuta ez badago apustu biki saridunik, apustu horretako sarietarako funtsa hurrengo zaldi-lasterketetan modalitate bereko apustuen sarietarako funtsera bideratzea, edo konbinazio saridunean sartzea lasterketa horretan hirugarren geratu den zaldia, harik eta lasterketa horretako apustu mota hori jokatu duten apustulariei saria ematea lortu arte. Edonola ere, lasterketan lehenengo bi postuetan geratu diren zaldietako bat apustu-txartelean adierazita egon behar da.

1.3.– Apustu bikoitza.

(6) Bikoitza. Apustua irabaziko badu, apustulariak bi lasterketetan zaldi bana hautatu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengoa izan behar dira behin betiko sailkapenean, zein bere lasterketan.

1.4.– Hiruko apustua.

Lasterketa bateko lehen hiru zaldiak asmatzea. Modalitate hauek hartzen ditu barne:

(7) Hirukoa ordenan edo ez alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako hiru hautatu behar ditu, eta iritsiera-ordena zehaztu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengo hirurak izan behar dira behin betiko sailkapenean, ordena zehatz horretan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez lau zaldik parte hartu behar dute lasterketan, guztiak ere jabe edo zalditeria desberdinetakoak.

Beraz, apustu-txartelean ageri diren hiru zaldi-zenbakien ordena da apustulariak lasterketako lehenengo hiru postuetarako jokatzen duena.

(8) Hiruko ordenatu gabea edo alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako hiru hautatu behar ditu, eta zaldi horiek beraiek lehenengo hiruren barnean egon behar dira behin betiko sailkapenean, edozein ordenatan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez zortzi zaldik parte hartu behar dute lasterketan.

Hiruko apustuen aukerako modalitateak.

Aurrekoa gorabehera, bertaratuei jakinarazi ondoren eta ados jarrita, parte hartzen duten hipodromoek honako hauek xedatu ahal izango dute:

Lasterketan-lasterketan, parte-hartzaile kopurua edozein dela ere, hiruko apustu bat alderantzizkoa izateko edo ez izateko behar den zaldi kopurua zehaztea.

Hiruko apustu bera saritzea behin betiko sailkapeneko lehenengo hirurak asmatzeagatik, hala ordena zehatza asmatuta, nola ordena zertan asmatu gabe. Kasuan-kasuan, zenbateko berdineko sarietara bideratutako funts bat edo batzuk eratuko dira, apustu beraren konbinazio saridunen arabera.

Lasterketaren behin betiko sailkapena kontuan hartuta ez badago hiruko apustu saridunik, apustu horretako sarietarako funtsa hurrengo zaldi-lasterketetan modalitate bereko apustuen sarietarako funtsera bideratzea, edo konbinazio saridunean sartzea lasterketa horretan laugarren geratu den zaldia, edo hurrengoak, harik eta lasterketa horretako apustu mota horri dagokion saria ematea lortu arte. Edonola ere, lasterketan lehenengo hiru postuetan geratu diren zaldietako bi apustu-txartelean adierazita egon behar dira.

1.5.– Lauko apustua.

Lasterketa bateko lehen lau zaldiak asmatzea. Modalitate hauek ditu:

(9) Laukoa ordenan edo ez alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako lau hautatu behar ditu, eta iritsiera-ordena zehaztu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengo laurak izan behar dira behin betiko sailkapenean, ordena zehatz horretan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez hamabi zaldik parte hartu behar dute lasterketan.

Beraz, apustu-txartelean ageri diren lau zaldi-zenbakien ordena da apustulariak lasterketako lehenengo lau postuetarako jokatzen duena.

(10) Lauko ordenatu gabea edo alderantzizkoa. Apustua irabaziko badu, apustulariak zaldietako lau hautatu behar ditu, eta zaldi horiek beraiek lehenengo laurak izan behar dira behin betiko sailkapenean, edozein ordenatan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez hamar zaldik parte hartu behar dute lasterketan.

Lauko apustuen aukerako modalitateak.

Aurrekoa gorabehera, bertaratuei jakinarazi ondoren eta ados jarrita, parte hartzen duten hipodromoek honako hauek xedatu ahal izango dute:

Lasterketan-lasterketan, parte-hartzaile kopurua edozein dela ere, lauko apustu bat alderantzizkoa izateko edo ez izateko behar den zaldi kopurua zehaztea.

Lauko apustu bera saritzea behin betiko sailkapeneko lehenengo laurak asmatzeagatik, hala ordena zehatza asmatuta, nola ordena zertan asmatu gabe. Kasuan-kasuan, zenbateko berdineko sarietara bideratutako funts bat edo batzuk eratuko dira, apustu beraren konbinazio saridunen arabera.

Halaber, lauko apustu bera, aurreko paragrafoan ezarritako kasuetan eta beste kategoria batean ere saritu ahal izatea, behin betiko sailkapeneko lehenengo hirurak asmatzen badira, edozein ordenatan, eta laugarrenetik behera geratu diren zaldietako bat.

Lasterketaren behin betiko sailkapena kontuan hartuta ez badago lauko apustu saridunik, apustu horretako sarietarako funtsa hurrengo zaldi-lasterketetan modalitate bereko apustuen sarietarako funtsera bideratzea, edo konbinazio saridunean sartzea lasterketa horretan bosgarren geratu den zaldia, edo hurrengoak, harik eta lasterketa horretako apustu mota horri dagokion saria ematea lortu arte. Edonola ere, lasterketan lehenengo lau postuetan geratu diren zaldietako hiru apustu-txartelean adierazita egon behar dira.

2.– Apustu konbinatuak.

Hiru lasterketa edo gehiagoren emaitza jokatzen da, eta asmatu beharreko zaldi kopurua aldatu egiten da motatik motara. Jabe desberdineko zaldiak dira.

(11) Apustu hirukoitza. Apustua irabaziko badu, apustulariak hiru lasterketetan zaldi bana hautatu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengoa izan behar dira behin betiko sailkapenean, zein bere lasterketan.

(12) Apustu laukoitza (PICK4). Apustua irabaziko badu, apustulariak lau lasterketetan zaldi bana hautatu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengoa izan behar dira behin betiko sailkapenean, zein bere lasterketan.

(13) Apustu boskoitza. Apustua irabaziko badu, apustulariak bost lasterketetan zaldi bana hautatu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengoa izan behar dira behin betiko sailkapenean, zein bere lasterketan.

(14) Apustu boskoitz berezia. Apustua irabaziko badu, apustulariak sei lasterketetan zaldi bana hautatu behar du, eta zaldi horiek beraiek lehenengoa izan behar dira behin betiko sailkapenean, zein bere lasterketan.

Apustu boskoitz berezi esaten zaio orobat bost lasterketen irabazlea eta eguneko egitarau ofizialean aurretiaz zehazten den lasterketan bigarrena ere asmatzea jokatzeari, edo, bestela esanda, lau lasterketaren irabazleak asmatzea, eta biki ez alderantzizkoa, hautatu den lasterketan.

(15) Apustu hirukoitz bikia. Apustu honetan, apustulariak bina zaldi hautatuko ditu hiru apustu biki alderantzizkotan, beste hainbeste lasterketetan. Apustu modalitate hau jokatu ahal izateko, gutxienez sei zaldik parte hartu behar dute lasterketa bakoitzean.

Apustu konbinatuak ondoz ondoko lasterketetan egin ahal izango dira, baina hipodromo antolatzaileak erabaki ahal izango du egun bereko hiru lasterketetan egitea, ondoz ondokoak izan arren, bertaratuei jakinarazi ondoren.

Apustu konbinatuen aukerako modalitateak.

Aurrekoak gorabehera, bertaratuei jakinarazi ondoren eta ados jarrita, parte hartzen duten hipodromoek erabaki ahal izango dute apustu konbinatuko lasterketa bat bertan behera geratzen bada, jokatutakoa itzultzea, edo sarietarako funtsa modalitate horretako gainerako lasterketen konbinazio saridunetan banatzea.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako apustuak 120/2016 Dekretuaren VI. kapituluan eta jokoari buruzko gainerako EAEko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Horiek horrela, aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, eta eman zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAU, Hipodromo de la Zarzuela SA eta Apuesta Mutua Andaluza SAUren arteko lankidetza-hitzarmena izenpetzeko. Hitzarmen horren izena «Zarzuelako hipodromoaren, Donostiako hipodromoaren eta Andaluziako Hipodromo Nagusiaren arteko lankidetza-hitzarmena, simulcastingari eta elkarrekiko zaldi-apustuei dagokienez» da, eta horren bidez, elkarrekiko zaldi-apustuak eskaini ahal izango dituzte Madrilgo Zarzuelan, Donostiako hipodromoan eta Dos Hermanaseko Andaluziako Hipodromo Nagusian egiten diren zaldi-lasterketetan, hipodromootan egiten diren lasterketen irudiak eta datuak elkarri lagako dizkiote eta Zarzuelako Hipodromoan eta Andaluziako Hipodromo Nagusian egiten diren zaldi-lasterketen eta hipika-ekitaldien gainean apustu egiteko aukera eskainiko dute.

Hitzarmen hori Agindu honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAUk bere gain hartzen ditu enpresa apustu-ustiatzaile gisa dituen arauzko betebeharrak, 120/2016 Dekretuaren arabera, erabiltzaileen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrean.

Hirugarrena.– Baimen honen xede diren eta 120/2016 Dekretuaren IV. eranskinean aurreikusita dauden apustu modalitateak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Apustuak 120/2016 Dekretuan eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera arautuko dira, eta inola ere ez dira barne hartuko araudi horretan aurreikusten ez diren modalitateak.

Laugarrena.– 120/2016 Dekretuaren 231. artikuluaren arabera, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurretiazko baimena beharko dute honako hauek:

Apustu-txartelaren eta gordekinaren ereduek.

Apustu-modalitate bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko zenbatekoek.

Apustu-lokalek.

Apustu-makina laguntzaileak eta apustuak erregistratzeko sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoak instalatzeak.

Apustuak formalizatzeko urruneko komunikazio-sistemak erabiltzeak eta apustuak erregistratzeko sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoak erabiltzeak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez emandako baimena baldintza etengarriaren mende dago. Hori dela eta, Hipodromo y Apuestas Hípicas de Euskadi SAUk, Hipodromo de la Zarzuela SAk eta Apuesta Mutua Andaluza SAUk idatziz adierazi beharko diote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, baimen hau jakinarazi eta hilabeteko epean, kanpoko apustuak baimen honetan jasotako aurreikuspenen arabera ustiatuko dituztela. Hala ez bada, Agindu hau ondorio juridikorik gabe geratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Baimen honek ondorioak izango ditu HAHEk kanpoko apustuak ustiatzeko baimenak indarrean jarraitzen duen bitartean eta 120/2016 Dekretuaren 227.2 artikuluan aipatzen den kanpoko apustuak ustiatzeko enpresa baimentzeko lehiaketa publikoa adjudikatzen ez den bitartean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 28a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IŃAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala