Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2023ko apirilaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1620

AGINDUA, 2023ko martxoaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide bat izendatzeko dena.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea sortzea xedatu zuen, kontsulta-organo gisa, euskal zuzenbide zibilaren garapena bultzatzeko eta zeregin horretan Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari aholku emateko.

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen estatutuak onartzeko urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez, organo horren estatutuak onartu ziren. Dekretu horren 7.e) artikuluan ezartzen denez, zuzenbide zibilaren arloko eskumena duen saileko titularra da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko presidentea, eta, beraz, batzordeko kideak izendatzea dagokio.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.k) artikuluaren arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibil eta Bereziarekin lotutako egitekoak eta jardun-arloak.

Halaber, aipatutako estatutuen 8. artikuluak osoko bilkuraren osaera hau xedatzen du:

«1.– Batzordearen osoko bilkuran, batzordeko lehendakariaz eta idazkaritza nagusiko eginkizunen ardura duten karguez gain, honako erakunde edo organo hauek kasuan-kasuan bokal izateko izendatzen dituztenak ere egongo dira:

a) Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko hiru goren-kargu edo goi-kargudun.

b) Eusko Legebiltzarrak izendatutako ospe handiko hiru legelari.

c) Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek izendatutako ospe handiko legelari bana; hiru, guztira.

d) Emakunde ordezkatzeko bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Europako gaien gainean, ekonomia sozialaren gainean eta familia-politikaren gainean eskumena duten organoek izendatutako bana; lau, guztira.

e) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko abokatuen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

f) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko prokuradoreen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

g) Euskal Herriko Notarioen Elkargoak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

h) Erregistratzaileen Elkargoaren Euskal Autonomia Erkidegorako organizazioak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

i) Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak izendatutako bana; hiru, guztira.

j) Zuzenbidearen Euskal Akademiak izendatutako bat.

2.– Era berean, osoko bilkurako kide izan ahalko dira:

a) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako magistratu bat, Botere Judizialaren gobernu-organoak izendapen hori egitea eta eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere.

b) Estatuko fiskal nagusiak, Kontseilu Fiskalaren txostena ikusita eta Euskadiko Fiskal Nagusia entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako Ministario Fiskaleko kide bat, fiskal nagusiak izendapen hori egitea eta, aipatu izapidetzeak tarteko, eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere».

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2017ko irailaren 22ko Aginduaren bidez (2017ko urriaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 190. zk.), Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko lehenengo kideak izendatu ziren. Agindu horren 3. artikuluak, berariaz, ohartarazpen hau egiten zuen: «Izendapen hauek indarraldi mugagabea izango dute, harik eta, kasuan kasuko erakunde edo organoek erabakita, haien ordezkoak izendatzen diren arte. Karguagatik izendatu direnek kargua uztean utziko diote bokal izateari».

Agindu hori, era berean, aldatu egin da, pertsona jakin batzuei dagokienez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2017ko irailaren 22ko Aginduaren bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko abenduaren 17ko Aginduaren bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko martxoaren 24ko Aginduaren bidez eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez, eta, gainerakoan, jatorrizko izendapenen eduki materiala mantendu da.

Horrenbestez, kasuan kasuko erakundeek edo organoek proposatuta, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 7.1.k) artikuluan ematen dizkidan ahalmenak eta eginkizunak baliatuz, eta bat etorriz Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluko 7. zenbakian ezarritakoarekin eta urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez onartu ziren Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen estatutuen aipatutako manuetan ezarritakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Honako hau izendatzea Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide, kasuan kasuko erakunde edo organoak izendatu ondoren:

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak izendatuta:

– Adriana Navajas Laboa, Jone Elizarán Arruabarrenaren ordez.

2. artikulua.– Agindu hau interesdunei bidaltzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

3. artikulua.– Izendapen honek indarraldi mugagabea izango dute, harik eta, kasuan kasuko erakunde edo organoek erabakita, haien ordezkoak izendatzen diren arte. Karguagatik izendatu direnek kargua uztean utziko diote bokal izateari.

4. artikulua.– Bokalek osoko bilkuran parte hartu ahal izango dute, beren kabuz edo ordezkari edo ordezko gisa, eskuordetutako pertsonaren bidez. Eskuordetzen den kasuetan, eskuordetutako horrek ezin izango du beste inor eskuordetu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala