Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2023ko apirilaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1619

36/2023 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez ezeztatzen baita zenbait elkarteren onura publikoaren aitorpena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoko erakundearen aitortza lortzeko, mantentzeko, ezeztatzeko eta galtzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.

Bestalde, hauxe dio aipatu den ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoak: Onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan; horrekin batera, ekitaldi horretan elkarteek burutu dituzten jarduerak deskribatzen dituen txosten bat ere aurkeztu behar dute.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, elkarteari entzun ondoren. Ezeztatu egingo da baldin eta ez bada egiaztatzen aitorpen hori ahalbidetu zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela, edo elkarte mota horrek dituen betebeharretan ez-betetze larri eta errepikatua gertatzen bada.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak egindako txostenean aipatzen denez, Babeslaritzak egiaztatu egin du eranskinean zehaztutako elkarteek behin eta berriz ez dutela bete betebehar hori; beraz, dagozkion informazio-eginbideak egin eta onura publikoa ezeztatzeko prozedurak bideratu ondoren, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 25. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez, egiaztatutzat jotzen da ez direla bete Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluan ezarritako betebeharrak.

Uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 27.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, instrukzioa amaitu eta aurkeztutako alegazioak eta jasotako agiri berriak aztertu ondoren irizpide berari eutsi behar bazaio, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren irizpenean jarriko du onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko dekretu-proiektua.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, emandako txostena ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onura publikoaren aitorpena ezeztatzea eranskinean zehaztu diren elkarteei, ez dituztelako betetzen Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluan, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoan, ezarritako betebeharrak.

2. artikulua.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila eranskinean zehaztuta dauden elkarteen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko erabakia.

3. artikulua.– Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze- errekurtsoa ere aurkez daiteke.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala