65. zk., 2023ko apirilaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1614
EBAZPENA, 2023ko martxoaren 24koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Espetxeko gizarte-langilearen lanpostuan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.
Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko abenduaren 19an emandako Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Espetxeko gizarte-langilearen lanpostuko salbuespenezko prozesuko deialdia egin zen, eta prozesu horretako oinarri espezifikoak onartu ziren. Agindu hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko abenduaren 22an.
Hautaketa-prozesuari aplikatuko zaion 10. oinarri orokorrak ezartzen du ezen, hautaketa-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamaziook ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango duela, eta, hor, agindua emango dela argitara emateko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horietan, adieraziko da zein den hautagaiak baztertzeko arrazoia, hala dagokionean, bai eta hautagaiak zer modalitatetan onartu diren ere.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Espetxeko gizarte-langilearen lanpostuan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
2. artikulua.– Agintzea onartutako zerrendak argitara eman daitezela hautaketa-prozesuko web-orriko Eskaerak eta hautaketa-prozesuen jarraipena atalean eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan, hautaketa-prozesuan interesa dutenek zerrendok kontsulta ditzaten.
3. artikulua.– Identifikazio elektronikoko bitartekorik ez duten guztiei gogorarazten zaie BakQ txartela emateko gaitutako zentroetara jo dezaketela baldin eta hautaketa-prozesurako eman zitzaien aldi baterako erabiltzailea baino ez badute. Izan ere, aldi baterako erabiltzaile hori erabilita, identifikazio elektronikoko bitarteko bat lortu ahal izango dute hasiera-hasieratik egiteko hautaketa-prozesuaren jarraipen elektronikoa.
4. artikulua.– Ezartzea 2023ko apirilaren 17an hasiko dela merezimenduak alegatzeko prozesua, eta 2023ko maiatzaren 2an amaituko dela.
Era berean, merezimenduak alegatzeko epean, interesdunek lanposturen bat eskatu nahi badute adjudikatzeko betekizun espezifikoak dituena, alegatu egin beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela. Gogorarazten da hautaketa-prozesu honetako lanpostu batzuek betekizun espezifiko hauek dituztela:
B gidabaimena.
Era berean, merezimenduak alegatzeko epean, hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, baldin eta prozesuan parte hartzeko betekizun badira edota merezimendu modura alegatzen badira balora daitezen:
Hizkuntzen tituluak edo ziurtagiriak –ez euskararenak–, hizkuntza-eskola ofizialek ematen ez dituztenak (kopia soila).
Atzerrian lortutako tituluak eta haien homologazio-egiaztagiriak (kopia soilak), dela hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizun gisa alegatu direlako, dela merezimendu modura alegatzen direlako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorretik edo haren erakunde autonomoetatik kanpo emandako zerbitzuen ziurtagiriak (kopia soila).
5. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 24a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.