65. zk., 2023ko apirilaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (214 KB - 11 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
1608
34/2023 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, unibertsitate-tituludunak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren eremuan prestatzeko beken programa sortu eta arautzen duena.
2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa 2021eko ekainaren 29ko Gobernu Kontseiluan onartu zen. Dokumentu hori Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren legegintzaldiko jarduera-plana da, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (aurrerantzean, GIH) bultzatzeari dagokionez. Dokumentuak diagnostiko bat jasotzen du, desoreka islatzen duten bi erreferentziaren bidez: alde batetik, agerian uzten du Agenda 2030ek eta GIHk hamarkada honetan duten garrantzia, Euskadirentzat zein gizateria osoarentzat; beste alde batetik, adierazten du zer gutxi ezagutzen duen gizarteak agenda bera eta agendak ordezkatzen duena.
Horregatik, funtsezko zeregina da 2030 Agendaren esanahia hobeto zabaltzea eta GIHek eragiten duten eraldaketan gizarteak parte hartzeko mekanismoak antolatzea.
Lehentasun horri erantzuten dio gazteak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren eremuan prestatzeko beken Programak. Bere helburua da unibertsitate-tituludunak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren esparruan jarduteko eta trebatzeko erakartzea, interes orokorreko eta garrantzi sozial handiko proiektuak garatzen laguntzeko.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuaren arabera, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari esleitzen zaizkio 2030 Agendaren ezarpena bultzatzeko eginkizunak, hargatik eragotzi gabe agenda hori Jaurlaritzaren sektore-politiken bidez gauzatzea. Bestalde, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiari dagokio, lehendakariaren mende, Trantsizio Sozialari eta 2030 Agendari buruzko gaietan zabalkunde, komunikazio eta sustapen soziala bultzatzea, eta sailarteko, erakundearteko eta gizartearen lankidetza bultzatzea Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren eremuetan, erakundeen arteko eta gizarte zibilarekiko aliantzak dinamizatuz.
Dekretu honen babesean deitutako bekak dagokion Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoko dira.
Horregatik guztiagatik, lehendakariaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA, BETEKIZUNAK ETA DEIALDIA
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honek Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren eremuan unibertsitate-tituludunak prestatzeko beken programa sortu eta arautzen du.
Beken berariazko helburua prestakuntza espezializatu aplikatua da, eta Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzak agintzen dizkien prestakuntza-zereginetan onuradunen parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu.
2. artikulua.– Onuradunak.
Dekretu honetan araututako beken onuradun izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten eskatzaileak:
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1a baino lehen.
b) Goi-mailako unibertsitate-titulua edo gradukoa izatea. Atzerriko titulazioen kasuan, titulu horren aitorpenaren kopia digitalizatua aurkeztu beharko da, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate-irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetasuna ezartzeko prozedura arautzen duena).
c) Eskatutako titulazioa edo gradukoa deialdiaren ebazpena argitaratu aurreko 5 urteetan lortu izana.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura unibertsitate-titulua duten pertsonentzako prestakuntza-bekarik jaso ez izana.
e) Ezingo dira beka hauen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (aurrerantzean DLO) 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako Seigarrenean xedaturikoari jarraikiz. Betekizun hori zehapenak irauten duen bitartean aplikatuko da.
3. artikulua.– Dirulaguntzen izaera.
1.– Bekak beti egongo dira bideratua egiten den prestakuntzaren eremu zehatzeei lotutako gaitasun eta trebetasunak ikastera eta praktikan garatzera.
2.– Bekadunari tutore bat esleituko zaio, zeinak bekadunaren prestakuntzaren garapena gainbegiratuko baitu, eta egiaztatuko baitu bekadunak ikasi eta eskuratu dituela Gizarte Berrikuntzako zuzendariak onartutako prestakuntza-plan batean aurreikusitako gaitasun eta trebetasunak. Prestakuntza-plan horrek honako elementu hauek izan beharko ditu: prestakuntzaren ezaugarriak, helburuak, tutoretza-sistema, ebaluazioa eta aurreikusitako prestakuntza-ekintzen egutegia. Bekadunek prestakuntza-plana egiten parte hartu ahal izango dute, plana onartu aurretik, haien titulazioarekin eta interesekin bat datozen ikerketa-ildoak proposatzeko.
3.– Beka horiek itzulgarriak ez diren dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen arautegiaren arabera kudeatuko dira.
4.– Bekak emateak eta baliatzeak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezarriko bekadunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean; beraz, bekadunari agindutako lanek bekaren xedearekin bat etorri behar dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bekadunekin eta bere mendeko langileekin dituen harremanek ez dute inolako antzik izango.
4. artikulua.– Iraupena.
Beken iraupena hamaika hilabetekoa izango da, hasiera-egunetik zenbatzen hasita. Epe hori esleipen-ebazpenean zehaztuko da, eta, ahal dela, irailean hasiko da. Beken iraupena luzaezina izango da.
5. artikulua.– Deialdia.
1.– Bekak urtero deituko dira, Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako idazkari nagusiaren ebazpen bidez.
2.– Deialdiaren ebazpenean honako hauek jaso beharko dira: deialdiaren xedea eta deitutako beka-kopurua; beken zuzkidura; Hautaketa Batzordeko kideen izendapena, bai eta eskabide-eredua eta aurkezteko epea eta modua ere.
3.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Horrez gain, jendeak deialdiaren berri izan dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da ebazpena.
II. KAPITULUA
HAUTATZEKO PROZEDURA
6. artikulua.– Prozedura mota.
Dekretu honetan araututako bekak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, eta, beraz, dekretu honetan xedatutako balorazio-irizpideei eta hautaketa-prozesuei jarraikiz, gainditzen dituzten hautagaiei bakarrik emango zaizkie, deitutako beken gehieneko kopurua bete arte.
7.– Artikulua.– Izapidetze telematikoa.
1.– Interesdunek bide telematikoak erabiliz egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
2.– Bitarteko telematikoak erabiltzeko prozedurari eta jarraibideei dagokienez, dagokion deialdian zehaztutakoa beteko da.
8. artikulua.– Eskabidea eta eskakizunak egiaztatzea.
1.– Eskabideak modu telematikoan bidaliko dira Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusira, bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan sartuz, dekretu honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio honen kopia soila edo eskaneatua aurkeztu beharko da:
a) NANa, edo, hala badagokio, pasaportea.
b) Errolda-ziurtagiria, Eskatzailea bekak deitzen diren urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela egiaztatzen duena.
c) Goi-mailako unibertsitate-titulua edo gradukoa eta, hala badagokio, dagokion homologazioa egiaztatzen duen agiria, ziurtagiri akademikoa barne (espediente akademikoa).
d) Egindako ikasketen eta hizkuntzen ezagutzaren ziurtagiriak. Egiaztatutako ziurtagiriek merezimendu gisa zenbatzeko, izaera ofiziala eta balio akademikoa izan beharko dute.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.
3.– 8.2 artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan eskatutako dokumentazioa elkarreragingarritasunerako zerbitzuen bidez kontsultatu edo eskuratu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean eskura dezan e) apartatuan eskatutako dokumentazioaren egiaztapena. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
5.– Eskabidea aurkezterakoan, eskatzaileak honako hau adierazi beharko du erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (ebazpenean ezartzen den eredu normalizatuan egingo da):
a) Egiazkoa dela eskabidean eta eskabideari erantsitako gainerako agirietan adierazitako informazioa.
b) Ez duela jaso Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura unibertsitateko titulazioa duten pertsonei zuzendutako beste prestakuntza-bekarik.
c) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean zehaztutakoarekin.
6.– Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, eta esleipena egin aurretik, bekak kudeatzeko ardura duen kudeaketa-organoak eskatuko du oinarri hauetan eskatzen den jatorrizko dokumentazioa aurkezteko, eskatutako eta alegatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
9. artikulua.– Behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea.
1.– Onartutako, baztertutako eta zuzentzeko dauden eskabideen behin-behineko zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, baztertzeko arrazoiak eta eskabideak zuzentzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa adierazita.
2.– Baztertutako eskatzaileek edo eskabidea zuzentzeko errekerituak izan diren eskatzaileek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko, behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera. Epe barruan aurkeztutako erreklamazioak onartu edo baztertu egingo dira onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrendetan.
3.– Erreklamazioak aurkezteko edo eskabideak zuzentzeko epea amaituta, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan.
10. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Merituak Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu. Honako kide hauek osatuko dute batzorde hori:
a) Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzaren titularra, lehendakari-lanak egingo dituena. Berdinketa egonez gero, Presidentetzak kalitateko botoa izango du.
b) Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzako goi-mailako bi teknikari; horietako batek batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.
Hautaketa Batzordeko kideak izendatzerakoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko 4/2005 Legearen 3.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, batzorde horretako kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da, ahal den neurrian, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea. Batzordeko kideek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute.
2.– Deialdiaren ebazpenak batzordekideak identifikatuko ditu, eta ordezkapenak aurreikusi ahal izango ditu bakante, absentzia, gaixotasun edo legezko beste kausa batzuetarako.
3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
4.– Hautaketa-batzordeak hartutako edozein erabakik kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko du.
11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Hauek dira beken balorazio-irizpideak:
a) Unibertsitateko ibilbide akademikoaren arabera, 30 puntu emango dira, gehienez, lizentzian edo graduan lortutako eta dokumentuen bidez egiaztatutako batez besteko nota kontuan hartuta. Honela banatuko dira puntuak:
– 6 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
– 12 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
– 18 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
– 24 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
– 30 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
b) Euskararen ahozko eta idatzizko ezagutza-maila 20 puntura arte baloratuko da, bat etorriz honako dekretu hauetan xedatutakoarekin: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena. Puntu horiek B1 maila egiaztatu ondoren emango dira, bekak eskuratzeko aldez aurreko baldintza baita, eta honela baloratuko dira:
– B2: 5 puntu.
– C1: 10 puntu.
– C2: 20 puntu.
c) Ingelesaren ahozko eta idatzizko ezagutza-maila gehienez 15 punturekin baloratuko da, bat etorriz maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuan aurreikusitakoarekin (80/2019 Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen ezarpena xedatzen duena, irakaskuntza horietako oinarrizko A1 mailaren, oinarrizko A2 mailaren, tarteko B1 mailaren, tarteko B2 mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren curriculumarekin batera). Puntu horiek honela baloratuko dira:
– B1: 5 puntu.
– B2: 10 puntu.
– C1 edo goragoko maila: 15 puntu.
d) Atzerriko beste hizkuntza batzuk jakiteagatik, 10 puntu emango zaizkie, gehienez, B1, B2 mailako edo goragoko jakintza egiaztatzen dutenei, lehen aipatutako dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Honela baloratuko dira:
– B1: 2,5 puntu.
– B2: 5 puntu.
– C1 edo goragoko maila: 10 puntu.
e) Genero-berdintasunaren eta/edo indarkeria matxistaren aurkako prebentzioaren arloko prestakuntza 5 punturekin baloratuko da gehienez. Prestakuntza horrek erakunde ofizialen baten egiaztapena beharko du, eta 40 orduko iraupena izan beharko du gutxienez.
2.– Hautagaiek gutxienez 25 puntu lortu beharko dituzte hautaketa-fasean.
3.– Berdinketa gertatuz gero, lizentziaturan edo graduan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan, bi hamartarrekin.
12. artikulua.– Esleipena
1.– Prozeduraren instrukzioa Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzari dagokio (zuzendaritza hori Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Idazkaritza Nagusiaren mende dago).
2.– Hautaketa Batzordeak, balorazioa egin ondoren, esleipen-proposamena egingo du, eta instrukzio-organoari bidaliko dio, organo horrek proposamena formalki aurkez diezaion organo emaileari.
3.– Hautaketa Batzordeak beken behin-behineko proposamena egingo du, 25 puntu lortu eta aurkeztutako hautagaien artean puntuazio handiena lortu dutenen artean banatzeko. Proposamen hori arrazoitua izango da, eta interesdunei jakinarazi beharko zaie, deialdian ezartzen den moduan, eta hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazioak aztertu ondoren, instrukzio-organoak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
4.– Horrez gainera, Hautaketa Batzordeak ordezkoen zerrenda proposatuko du, uko egiten den kasuetarako edo bestelako gorabeherarik gertatzen den kasuetarako. Ordezkoen zerrenda hori kasuan kasuko balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren araberakoa izango da, hautaketa-fasean gutxienez 25 puntu lortutako hautagaiak soilik kontuan hartuta.
5.– Bekak esleitu gabe gera daitezke, bai hautagairik ez delako aurkeztu bai hautagaiek ez dutelako gutxieneko puntuazioa lortu.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak, instrukzio-organoak helarazitako behin-betiko ebazpen-proposamena ikusita, dagokion esleipen-ebazpena emango du. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez egingo da, eta arrazoitua izango da. Ebazpenak beken onuradunak izendatuko ditu, eta, hala badagokio, ordezkoak, bai eta gai den kandidaturik ez egoteagatik bete gabe geratu direnak ere. Era berean, bekaren hasiera-data jasoko du.
2.– Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Esleipen-ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, urteko deialdia Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
4.– Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, eskabideak atzera bota direla ulertuko da.
III KAPITULUA
PROGRAMA GAUZATZEA
14. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.
Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzari dagokio dekretu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea. Horretarako, zuzendaritza horrek bekadunen jarduerak gainbegiratu eta zuzenduko ditu.
15. artikulua.– Bekadunen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar dekretu honetan eta urteroko deialdiaren ebazpenean xedatutakoa onartzea.
2.– Hauek dira prestakuntza-beken onuradunen eskubideak:
a) Bekari dagokion prestakuntzarako laguntza ekonomikoa jasotzea, deialdi bakoitzean ezarritako moduan. Laguntza ekonomiko horrek ez du, inola ere, soldata-izaerarik izango.
b) Onartu aurretik, prestakuntza-plana egiten parte hartzea, bere titulazioarekin eta interesekin bat datozen ikerketa-ildoak proposatzeko.
c) Tutore baten aholkularitza, orientazioa eta zuzendaritza izatea. Tutore horrek definituko ditu bekadun bakoitzaren prestakuntza-planaren barruan garatu beharreko zereginak.
d) Beka baliatzeko aldia amaitzean, Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzaren ziurtagiri bat lortzea, eskuratutako ezagutza teorikoak eta praktikoak egiaztatzen dituena.
3.– Hauek dira beken onuradunen betebeharrak:
a) Emandako beka onartu behar dute. Alde horretatik, beka esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz bekari uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
b) Pertsona Fisikoen Errentaren Aitorpena edo hura aurkezteko derrigorrezkotasunik ez duela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea, onuradunaren egoera fiskala eta gizarte-segurantzakoa argitzeko eta, hala badagokio, dagozkion atxikipen fiskalak egin ahal izateko.
c) Beka esleipen-ebazpenean adierazitako egunean hastea.
d) Administrazioaren bulegoetara astean behin joatea, prestakuntzarako esleitu zaion tutorearekin aurrez aurreko bilera bat egiteko.
e) Arduraldi esklusiboz parte hartzea bekaren berezko jardueretan.
f) Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzak beka bakoitzerako ezarritako aldizkako jardueren egutegia betetzea. Egutegi hori bi alderdiek egokitu ahal izango dute. Bekadunak ez du ezarritako ordutegi edo lanaldi bat bete beharko, eta ez du lizentziarik, baimenik edo oporrik izango.
g) Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren prestakuntza-proiektuetan parte hartzea.
h) Hala badagokio, bekadunaren prestakuntza-xedearekin lotura zuzena duten hitzaldietan, ikastaroetan, jardunaldietan eta mintegietan parte hartzea, bekak kudeatzen dituen organoak hala proposatzen badio. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak ordainduko ditu pertsona bekadunen izen-emateak, bidaiak, mantenua eta ostatu-hartzea.
i) Aurkeztea hala bigarren ordainketa jaso aurreko txosten partziala nola aztertutako gaiei, planteatutako arazoei, eskainitako konponbideei eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi guztiei buruzko azken txosten xehatua.
j) Genero-ikuspegiaren integrazioa sustatzea, bai eta egindako jardueretan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista ere.
k) Beka behar bezala gauzatzea eragotziko duen gertakariren bat jazotzen bada, horren berri ematea beka kudeatzen duen organoari.
l) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea deialdi honen babesean emandako bekei buruz.
m) Betetzea hala azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak 14. artikuluan eta 46. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak nola azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, bai eta aplikatu beharreko jabetza intelektualari buruzko araudian jasotako gainerakoak ere.
n) Beka honen ondorioz egiten edo argitaratzen diren lanetan erakunde emailea zein den adieraztea: Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia.
o) Bekak irauten duen bitartean erabiltzen den informazioaren konfidentzialtasuna errespetatzea.
16. artikulua.– Bateraezintasuna beste jarduera eta laguntza batzuekin.
Beka hau jasoz gero, ezin izango da bestelako bekarik edo laguntzarik jaso, ez eta soldatapeko lanik egin ere.
17. artikulua.– Beken zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Beka bakoitzaren zenbatekoa 17.500 eurokoa izango da. Zenbateko horiek deialdi-ebazpenetan eguneratu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera.
2.– Ordaintzen den zenbatekoa ez da ordainsaritzat hartuko, baizik eta prestakuntzarako laguntzatzat. Hala ere, Gizarte Segurantzako kotizazioak egin beharko dira, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea aplikatuz (Lege hori prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak garatu zuen).
3.– Norbaitek bekari uko eginez gero, eta betiere Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak ordezkoa jartzea erabakitzen badu, beka ordezkoari esleituko zaio, geratzen den denborarako.
4.– Bekak zatika ordainduko dira, ondoren adierazten den bezala:
a) Lehenengo ordainketa, esleitutako laguntzaren % 30, beka esleitu ondoren egingo da, bekaduna bekaren xede den prestakuntzan onartu eta hasi ondoren.
b) Bigarren ordainketa, % 40, beka hasi eta 5 hilabete igaro ostean egingo da, txosten partziala aurkeztu ondoren.
c) Hirugarren eta azken ordainketa, gelditzen den % 30a, beka amaitu ondoren egingo da, betiere azken txostena aurkeztu ondoren.
5.– Bigarren eta hirugarren ordainketak egin baino lehen, bekak kudeatzen dituen organoak bekadunaren aprobetxamendu-ziurtagiria emango du, eta espedientean sartuko da.
18. artikulua.– Bekadun izateari uztea.
Bekaren programa amaitzean, bekadun izateari utziko zaio, bai eta honako egoera hauetan ere:
a) Beka baliogabetzen bada ez betetzeagatik.
b) Pertsona onuradunak uko egiten badio.
19. artikulua.– Beka baliogabetzea ez betetzeagatik.
Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, beka baliogabetu egingo da, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta ordura arte jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.
Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoiak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako egitate eta egoerak.
20. artikulua.– Uko egitea.
1.– Pertsona onuradunak bekari uko egiten badio hura esleitu ondoren, uko egin duenetik aurrera gelditzen zen beka-zatiari dagokion zenbateko ekonomiko proportzionala jasotzeko eskubidea galduko du eta, kasu horretan, ezingo zaio ordezko bati esleitu.
2.– Onuradunak hasi baino lehen uko egiten badio bekari, ordezkoa izendatu ahal izango da, organo emailearen ebazpen baten bidez, 12.4 artikuluan aurreikusitako ordezkoen zerrendako hurrenkeraren arabera.
21. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edo betebeharrak ez betetzegatik beka itzuli behar bada, DLOan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, baita abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotakoari ere (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena), zeinak honako hau ezartzen baitu:
a) Trantsizio-Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren titularrak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, interesdunak egokitzat jotako alegazioak egiteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Trantsizio-Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren titularrak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.
c) Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik bekak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.
22. artikulua.– Ziurtagiriak.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak, bekaldia amaitutakoan, ziurtagiri bat emango die bekadunei, bekadun izan direla adierazten duena, eta honako hauek adieraziko ditu bertan: zer iraupen izan duen bekak, zer egunetatik zer egunetara, eta beka kudeatzean duen organoak adierazitako probetxu-maila, bai eta organo horrek egoki irizten dion beste edozein alderdi ere.
23. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Dekretu honen babesean egindako deialdiak direla-eta bildutako datu pertsonalak Datuen Tratamendurako Erregistro batean sartuko dira. Erregistro hori aldez aurretik sortuta egon beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Legean xedatutakoaren arabera. Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritza izango da erregistro horren arduraduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, beka hauei honako hauek aplikatuko zaizkie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.