Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2023ko martxoaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1592

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 13koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Lugaritz-Easo tarteko trenbidearen gainegituraren eta Morlanseko loturaren lanen proiektua».

Lugaritz-Easo topoaren pasabidea 4,5 kilometroko lurrazpiko trenbidea da. Lugaritzeko geltokiaren irteeratik 90 bat metrora hasten da, egungo Lugaritz-Amara tunelarekin lotzen duen obrarekin, eta Donostiako erdigunea gurutzatu ondoren, egungo bidearekin elkartzen da berriro ere Morlanseko lurpean. Zati gehiena bi bideko tunel batek osatzen du, eta amaierako zatia soilik dago aire librean. Hor, tunel aizunak ingurabide berria Morlansen dagoenarekin lotzen du.

Jarduketak lurrazpiko hiru geltoki berri ditu: Bentaberri, Kontxa eta Easo.

Obrak bi zatitan banatuta daude: Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo. Bi obrak gauzatzen ari dira, lehenengoa 2017ko azarotik eta bigarrena 2018ko otsailetik.

Lehen zatiko obrak gauzatzeko, bi irteera-arrapala egin dituzte. Lehengoaren sarbidea Zarautz kalean dago, eta aireztatzeko sarbidea eta larrialdietarako irteera izango da. Bigarren sarbideak Pio Baroja pasealekuaren azpiko ezpondan du bidegurutzea, eta obrak amaitutakoan, larrialdietarako irteera eta aireztatzeko galeria izango da.

Bigarren zatiko obrak egiteko, Morlansen lineako tunelerako irteera-arrapala egin dute, eta obrak amaitu ostean, larrialdietako aireztapenerako balioko du.

Egun gauzatzen ari diren obrek ez dute barne hartzen bidearen gainegitura, ezta Mirakontxa-Easo zatiaren 1+943 KParen eta Morlanseko lurperatzearekin lotutako zatiaren amaiera artean dagoen tunel aizunen lotura, ezta Easo harpearen Anoeta aldeko aurrealdeari dagokion larrialdietako aireztapena ere. Horregatik, 2021eko maiatzean Lugaritz-Easo zatiko bidearen gainegitura eta Morlansekin lotzeko obra gauzatzeko proiektua idazteko laguntza teknikoaren lehiaketa egin zen eta TYPSA enpresari esleitu zioten.

Bestalde, Morlansen bide nagusiarekin lotzen den merkantzien ingurabidea definitzen ari dira. Obra horren amaierako zatia topoaren pasabidearen Morlanseko loturarekin batera gauzatu beharko da; hortaz, definizioa proiektu honen irismenaren barruan dago, bi obrek bat egiten duten zatian.

Eraikuntza-proiektuaren xedea Donostialdea Metroaren Lugaritz-Easo zatiko bidearen gainegituraren eraikuntza-obrak zehazteko beharrezko dokumentazioa ematea da, bai eta 1+943 kilometro-puntuaren eta Morlansen egungo bidean dagoen tunel amaiera lotzeko obrena ere.

Obrek bidearen gainegitura osatzen dute 4,5 kilometrotan zehar. Tunel barruan daude, eta xafla gainean eraikitako bide bikoitzak dira.

Morlansen lotura gauzatzeko, tren-zerbitzua mantendu behar da; beraz, trena desbideratu egin beharko da euste-pantailen bidez, Morlansekin lotzeko tunel aizuna eraiki ahal izateko. Tunel aizun horrek merkantzien ingurabiderako etorkizuneko irteera du, dagokion azterketa informatiboaren arabera.

Bidearen egitura osatzen duten bide-aparailuak eta materialak ere barne daude, bai behin-behineko egoerenak, bai behin betiko egoerarenak ere. Trenen behin-behineko egoerei dagozkien elektrifikazioak ere gehitu dira.

Bideko aparailua eta Bretellea ere barne hartzen dira, Morlanseko lotura eraikitzeko obretan zehar bide bakarra eduki ahal izateko.

Proiektuak tunel aizunari atxikitako larrialdietarako aireztapen-kamera ere badu, Easo geltokiaren irteeran.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hamalau milioi, ehun eta zazpi mila, hirurehun eta berrogeita hamabost euro eta hogeita hamar zentimo (14.107.355,30 euro) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hogei milioi, hirurehun eta hamahiru mila, ehun eta laurogei euro eta laurogeita hamar zentimo (20.313.180,90 euro) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hamazazpi milioi, bostehun eta bi mila, laurehun eta laurogeita bost euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa da (17.502.485,37 euro) BEZik gabe.

Obrak egiteko hogei (20) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Lugaritz-Easo tarteko trenbidearen gainegituraren eta Morlansko loturaren lanen proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hogei milioi, hirurehun eta hamahiru mila, ehun eta laurogei euro eta laurogeita hamar zentimo (20.313.180,90 euro) da, eta obrak egiteko epea hogei (20) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 13a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala