Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2023ko martxoaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1588

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lezoko (Gipuzkoa) Urrulloko agroaldearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Lezoko Udalak, 2022ko abenduaren 26an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat osatu zuen, hasiera emateko Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urtarrilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien gaiak eragiten zien administrazio publikoei eta interesdunei; emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Lezoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren helburua da eremuaren erabilera finkatzea Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Nekazaritza Lurren Funtsaren proiektuaren parte gisa. Horrekin lotuta, Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren garapenak zehazten ditu «agroalde» bat ezartzeko baldintzak, eta nekazaritza-, abeltzaintza-, eta baso-erabilera zein eraikuntzak.

Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araubidea Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) ezarritakoa da (GAO, 242. zk., 2011-12-23). Lurzorua urbanizaezina da, Urrulloko Nekazaritza-ekologia Parkea deitzen da, eta gutxi gorabehera 20 ha-ko azalera du. Bere helburu nagusia nekazaritza ekologikoa sustatu eta dinamizatzea da.

Planaren eremuak mendebaldean Gaintxurizketa eta ekialdean Sagasti industrialdeak ditu. Halaber, hegoaldean GI-2638 errepidea du mugakide. Zehazki, katastro-lurzati hauek hartzen ditu barne:

1. industrialdea, 99. lurzatia, 102.810 m2-koa.

1. industrialdea, 101. lurzatia, 45.500 m2-koa.

1. industrialdea, 315. lurzatia, 25.122 m2-koa.

1. industrialdea, 316. lurzatia, 7.506 m2-koa.

Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, Plana indarreko HAPOn ezarritako zonifikazio orokorraren zehaztapenetatik, eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean ezarritako lurzoruaren kategorizaziotik sortutako erabilera- eta eraikuntza-araubideari egokituta dago.

Planaren proposamenei dagokienez, 99. lurzatian ekoizpen ekologikoko baratze-erabilera sustatuko da (95.810 m2), eta zati txiki batean fruta-zuhaixken laborantza egin ahalko da. Lurzati horietan adjudikaziodun bakoitzak etxola osagarri bat jarri ahalko du, eta lurzatien gutxieneko azalera 5.000 m2-koa izango da.

101. eta 316. lurzatietan eta 99. lurzatiaren mendebaldeko zatian abeltzaintza-erabilera gauzatu ahal izango da partzialki (60.006 m2), baina larregune izan daiteke baita ere, baldin eta jarduera osagarria bada, eta aukera egongo da abeltzaintza-ustiapen ekologiko txikiak ezartzeko (oilo erruleak eta landakoak). Debekatuta daude behi-, ardi-, ahuntz-, behor- eta txerri-ustiategiak. Horrez gain, zona horietan dauden zuhaitz-masak bere horretan utziko dira.

315. lurzatian egungo baso-erabilera mantenduko da, eta zona guztian dagoen basoa handitzen lagunduko da (25.122 m2). Horrez gain, ardi-aziendarekin artzaintza estentsiboa gauzatu ahalko da, eta baita erlezaintza-ustiategia jarri ere. Azken horretan, bakarrik erlauntzak jarri ahalko dira.

Bukatzeko, Urreleku baserriaren mendebaldean, 101. lurzatian, 3.000 m2-ko zona bat mugatuko da, eta bertan aukera egongo da baimendutako erabilera berrietarako eraikinak jartzeko. Gaur egun, eremuak 1.256,75 m2 (t)-ko eraikuntza-aprobetxamendua du, eta planean aurreikusita dago 2.000 m2 (t)-raino handitzea. Horrenbestez, etorkizuneko erabileretarako 743,25 m2 (t)-ko eraikigarritasuna gorde da. Eraikuntza berriak eraikitzeko, eraikuntza-sistemak desegitean eragin ahalik eta txikiena sortzeko sistemak erabiliko dira.

Azpiegiturei dagokienez, udal ur-sareak lurzatiak zeharkatzen ditu, eta gainera, aipatutako Urreleku baserrira iristen den desbideratze bat dago. Baserri horretan ur beltzen putzu bat dago, eta bere efluenteak lursailera isurtzen dira. Baratze-erabilerako zonak ureztatzeko ur-harguneak daude, eta errepidearen ondoan lurperatutako hodi-sare baten bidez funtzionatzen dute. Ureztatzeko ura baserri ondoko zundaketa bateko ura gordetzen duten bi biltegitatik banatzen da. Zundaketa horrek Uraren Euskal Agentziak emandako ur-emakida bat du.

Planaren agiriekin bat etorriz, orain dela gutxi, eta modu osagarrian, Añarbeko ur-sarearen hornidura gaitu zen; konexio hori osagarria da, eta lehentasunez, zundaketa bidez hartutako ura erabili eta aprobetxatuko da. Edonola ere, hornidura- eta saneamendu-sarerako konexioa behar duten eraikuntza berrientzat beharrezkoa izango da aurretiazko analisi bat egitea, egiaztatzeko ea hornidura-sareak baliabide-eskari berriei eta Urreleku baserriko putzu beltzaren hobekuntza posibleei aurre egin ahalko dien.

Plana zuzenean dagozkion eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

Ingurumen-dokumentuan bi aukera hauek daude: 0. aukera, hau da, eremu horretan ez jardutea, eta 1. aukera, Planaren azken proposamenari dagokiona.

Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, 0. aukera ezarrita lurrak abandonatuko lirateke eta nekazaritza-jarduerak atzera egingo luke. Horrek ez luke nekazaritza-lursailak babesten lagunduko, ezta lursailok nekazaritza-jardueretarako erabiltzen direla bermatuko ere. Alderantziz, 1. aukera ezartzen bada, lurzoruen gaitasun agrologikoa mantendu eta nekazaritza ekologikoa sustatzeaz gain, inguru horretan lehen sektorea indartuko litzateke.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agirien arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne hartuta: Plan Bereziaren antolamendu-eremua lurzoru urbanizaezineko lurzati bat da, gutxi gorabehera 20 ha-koa. Ez dakar aldaketarik lurzoruaren sailkapenean, ezta kalifikazioan ere. Bakar-bakarrik Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko zehaztapenetan garatzen dagoen lurzatirako aurreikusitako erabilera onargarriak zehazten ditu, eta nagusiki egungo nekazaritza-jarduera finkatzen du eta baso-espazioak kontserbatzen ditu. Aurrekoaz gain, eremuko eraikigarritasuna 743,25 m2 (t)-an handitzen du. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko, eta, gainera, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ziur aski eragindako eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua bat dator nagusiki Lezoko HAPOn definituta dagoen Urrulloko Nekazaritza-ekologia Parkearekin. 20 ha inguruko landa-azalera da, Gaintxurizketa eta Sagasti industrialdeen artean kokatuta dago, hegoaldean GI-2638 errepidea du mugakide eta iparraldean lurzoru urbanizaezineko beste lurzati batzuk daude. Gaur egun, nagusiki nekazaritza-ekoizpenak egiten dira, eta laborantza-baratze handiak eta horiei lotutako askotariko instalazioak (berotegiak, ur-tangak, etxolak, baserri bat...) daude sega-belardiekin eta baso-masekin batera.

Eremua Oiartzun unitate hidrologikoaren barnean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eskumen-eremuaren barruan. Muntar errekastoa eremuaren iparraldeko mugatik gertu igarotzen da, eta bere adar txiki bat iparraldetik abiatzen da.

Hidrogeologikoki, hegoaldean Zumaia-Irun eta iparraldean Jaizkibel izeneko lurpeko ur-masen artean banatuta dago. Azken hori bat dator Jaizkibel izeneko lurpeko ur-masen sektorearekin, eta Interes Hidrogeologikoko Zona gisa identifikatuta dago.

Eremuko landarediari dagokionez, eta GeoEuskadiko DEAn eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, ia-ia eremu osoan larratu gabeko sega-belardi atlantikoak izeneko batasunaren intereseko habitata dago (6510 kodea duena). Edonola ere, gaur egun eremuaren zati handi batean baratze-lursailak daude, eta tamaina txikiagoan sega-belardiak eta baso hostozabalen masak. Phyllostachys sp. espezie inbaditzailea identifikatu da, eta ez dago mehatxatutako flora espezierik.

Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, dagoen fauna hiri-periferiako inguruneetara egokitutakoa da, eta, era berean, eremu horretan ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu. Edonola ere, eremu naturalak intereseko fauna-espezieak izateko potentzial handia duten habitatak dira.

Eremua ez da naturagune babestu bat, eta ez dago jasota EAEko Korridore Sarean. Geologia-intereseko lekua ere ez da. Halaber, ez dago jasota bestelako katalogoetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda). Plan Hidrologikoaren Zona Babestuen Erregistroari dagokionez, eremu hori mantenugaien emarirako sentikorra den zona batean dago.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSrekin bat etorriz, eremua nagusiki nekazaritza- eta abeltzaintza-kategoriaren barnean dago (balio estrategiko handiarekin), eta iparraldeko aldea baso-kategoriaren barnean dago.

Ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik. Bakarrik aipatu behar da mendebaldean industria motako 20053-00109 eta 20053 00120 lurzatiak dituela mugakide, aipatutako inbentarioaren barnean daudenak. Ez da identifikatu uholde-arriskuko eremurik ere, eta eremuak orokorrean baso-suteak gertatzeko arrisku txikia du. Bestalde, aztertu den eremuko zati handi batean muturreko higadura-prozesuak dituzten zonak identifikatu dira.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondoriozko efektu posibleak obra-fasean eraikin eta instalazio berriak eraikitzearekin lotuta daude, horiek azkenean eginez gero. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar, eta hori guztia, landa-eremu batean. Proiektatutako eraikuntza-jarduketen tamaina txikia dela-eta, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak ez dira handiak izango, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Ustiapen-fasean, eragin negatibo posibleak azkenean eremuan gauzatuko diren jarduerei lotuta egongo lirateke, zehazki, hegazti-haztegi bat ezartzearekin lotuta, eta beste batzuen artean energia- eta ur-baliabideen kontsumoarekin, hondakinak sortzearekin edo zarata-foku berria izatearekin baita ere. Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, ustiapen horrek ekoizpen ekologikoaren sektore-legeria beteko luke.

Bestalde, positiboa da eremu horretan nekazaritza ekologikoaren jarduera finkatzea, eta egokiak dira, era berean, egungo baso-erabilera kontserbatzeko eta handitzen laguntzeko proposamenak ere.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere ezarrita, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

Intereseko landaredia babesteko neurriak:

• Baso hostozabalen masei eragitea saihestuko da, eta gune horretako jarduketek landaredia kontserbazio-egoera egokian mantentzea izango dute helburu.

• Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ahal dela ez da landarerik moztuko, ez garbituko.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareen kasuan, landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Birlandaketetan ez dira inolaz ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da. Landareztatzeetan erabilitako espezieak bertako landaredia osatuko luketenak izango dira, nagusiki ameztiak.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileen aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

• Ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendetan ez da inolako jarduketarik egingo, eta egoera naturalean eta libre mantenduko dira, ibaiertzeko landaredia errespetatuz.

• Ibilgutik hurbil lurrak mugitu nahi badira, eta drainatze naturaleko sarera partikula txikiak isurtzea gutxitzeko, ibilgu ondoan solido esekiei eusteko sistemak proiektatuko dira.

• Ezingo da zuzenean edo zeharka ezer isuri Jabari Publiko Hidraulikora edo lursailera baimenik izan gabe, eta hondakinak zuzen kudeatu beharko ditu kudeatzaile baimendunak.

• Jabari Publiko Hidraulikoaren eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremua), edo aipatutako jabarian edozein jarduketa egiteko, Uraren Euskal Agentziak nahitaezko baimena eman beharko du.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara egindako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia zirkularra bultzatzekoak, araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Lezoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzorua eta lurpeko urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

• Ustiapeneko zaratak: Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 2. artikuluko definizioarekin bat etorriz jarduera berriak garatzen badira, emisio-foku berriei aplikatzekoak zaizkien kalitate akustikoko helburuak beteko dira.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezkia eta energia-efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzea bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Lezoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Lezoko Urrulloko agroaldearen Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoak 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala