Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2023ko martxoaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1576

35/2023 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordea arautzen duena.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan du iturburua, 10. artikuluaren 2., 6. eta 24. apartatuetan jasotako eskumen esklusiboetan; haren bidez, ahalegina egin da sektore publikoari dagozkion premia guztiak bilbatzeko eta, hartara, erreferentziazko testu bat eskaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko egitura publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako eta hark autonomia-erkidego honetan diharduten erakunde-eremuetako sektore publiko guztiekin duen loturarako koherentzia emango duena.

Hala, lege horren 7. artikuluak Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordea sortzen du, gai hauei buruzko proposamenak aztertzeko eta formulatzeko organoa izan dadin: sektore publikoen artean izan daitezkeen eraginkortasun falta, gainjartzeak eta bikoiztasunak tratatzea; administrazioen arteko lankidetza, elkarlana eta koordinazioa; eta haiek barne hartzen dituzten administrazio publikoen eta sektore publikoen antolamendua eta funtzionamendua.

Horiek horrela, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea eta helburua da Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordearen adskripzioa, osaera eta oinarrizko funtzionamendu-arauak erregulatzea, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 7. artikuluan dioena egikaritu eta garatuta.

2. artikulua.– Atxikitzea.

Eusko Jaurlaritzan administrazio publikoaren eskumena duen sailari atxikita dago Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordea.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 7. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezartzen dituen eginkizunak izango ditu.

2.– Batzordeak txostenak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde-mailetako gobernuentzat.

3.– Batzordearen proposamenak eta txostenak ez dira lotesleak izango.

4. artikulua.– Osaera.

Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordearen osaera honako hau da:

a) Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzaren barruan administrazio publikoaren eskumena duen sailburua.

b) Administrazio publikoaren arloko lau aditu, Eusko Jaurlaritzak hautatuak.

c) Administrazio publikoaren arloko hiru aditu, foru-aldundiek hautatuak (bakoitzak bat).

d) Administrazio publikoaren arloko hiru aditu, EUDEL–Euskadiko Udalen Elkarteak hautatuak.

5. artikulua.– Kideen hautapena eta izendapena.

1.– Eusko Jaurlaritza ordezkatuko duten kideak eta haien ordezkoak izendatzea administrazio publikoaren arloko eskumenak esleituak dituen Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokio, agindu bidez.

2.– Foru-ordezkaritza –kideak eta ordezkoak– foru-aldundi bakoitzak hautatuko du, eta izendapena administrazio publikoaren arloko eskumenak esleituak dituen Eusko Jaurlaritzako sailburuak egingo du, agindu bidez.

3.– Toki-ordezkaritza –kideak eta ordezkoak– EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak hautatuko du, eta izendapena administrazio publikoaren arloko eskumenak esleituak dituen Eusko Jaurlaritzako sailburuak egingo du, agindu bidez.

4.– Batzordea osatzen duten pertsonak hautatzean, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dela bermatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Batzordeko kideak hautatzerakoan, kontuan hartuko da autonomia-erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarduteko gaitasun nahikoa izatea, eta bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

6.– Toki-ordezkaritzaren hautaketan, kasu egingo zaie lurralde-irizpideei, eta tamaina guztietako udalerrien presentzia zainduko da.

7.– Batzordeko kideak lau urterako izendatuko dira, eta hautatu zituen erakundeak kargutik kendu arte egongo dira karguan, edo kargua uzteko legezko kausaren bat edo batzordeak berak onartutako funtzionamendu-arauetan aurreikusitako kausaren bat gertatu arte.

8.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa eragotzi gabe, batzordeak hala erabakiz gero, aztergai den eremuan adituak diren beste pertsona batzuk ere joan ahal izango dira bileretara, bileretako gaiak zein diren kontuan hartuta. Halakoek hitz egitea izango dute, baina botoa ematerik ez.

6. artikulua.– Batzordearen funtzionamendua.

1.– Batzordeko kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabil dezakete jardueretan (deialdiak, aktak, ziurtagiriak eta, oro har, dokumentazioa).

2.– Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordeak, dagozkion eginkizunak betetzeko, behar beste baliabide eta bitarteko izango du, ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Bitarteko eta baliabide horiek atxikita dagoen Eusko Jaurlaritzako sailetik etorriko dira, hau da, administrazio publikoaren arloan eskumena duen sailetik.

3.– Azterketa-proposamenak batzordeburuak edo batzordea osatzen duten kideetako edozeinek egin ahal izango ditu.

4.– Batzordeak gutxienez urtean behin egingo du ohiko bilkura. Horrek ez du eragozten 14. artikuluan arautzen diren lantaldeek bilkurak egitea ohiko bilkurak prestatzeko.

5.– Batzordekideek ez dute ordainsaririk jasoko bileretara joateagatik eta batzordearen eginkizunak beren gain hartzeagatik.

7. artikulua.– Batzordeburua.

Batzordeburuaren eginkizunak dira:

a) Batzordearen ordezkari izatea.

b) Bileren deialdia egitea eta gai-zerrenda zehaztea.

c) Bileretako buru izatea eta eztabaidak bideratzea.

d) Aktei oniritzia ematea.

8. artikulua.– Batzordekideak.

Batzordekideen eginkizunak dira:

a) Bileretako eztabaidetan parte hartzea.

b) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra ematea eta beren botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.

c) Galderak eta eskariak egitea.

d) Esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko behar den informazio zehatza eskuratzea.

e) Batzordekide izateagatik berez dagokien beste edozein eginkizun.

9. artikulua.– Idazkaritza: izendapena eta eginkizunak.

1.– Batzordeko idazkari-lanak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kide batek egingo ditu, administrazio publikoaren arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren agindu bidez izendatuta.

2.– Idazkaritzaren eginkizunak dira:

a) Batzordeburuak hala agintzen badu, batzordearen bileren deialdia zabaltzea eta batzordekideei zitazioak bidaltzea.

b) Batzordekideek organoari egindako komunikazioak jasotzea: jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean behar duten bestelako idazkiak.

c) Gaiak bideratzeko prestatzea, eta bilerako aktak idaztea batzordeburuaren oniritziaz.

d) Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespeta daitezela bermatzea.

e) Kontsulten, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

f) Idazkari izateagatik berezkoak dituzten bestelako eginkizun guztiak.

10. artikulua.– Deialdia.

1.– Batzordeburuak egingo du batzordea batzeko deialdia, bere ekimenez edo kide diren pertsonen herenek eskatuta.

2.– Bilera bakoitzeko gai-zerrenda dagokion dokumentuan jasoko da, eta kideei bidaliko zaie, deialdiaren idazkiarekin batera eta, hala badagokio, aztergaien arabera egoki iritzitako dokumentazioarekin batera.

3.– Bileren deialdia eta gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko informazioa gutxienez zazpi egun lehenago jaso beharko dute batzordekideek, batzordeburuak premiazko deia egiten duenean izan ezik. Hark, premiazko deia egin nahi badu, deialdian bertan jaso beharko du premiazkotasuna, baita bilera egiteko eguna eta ordua (lehen eta bigarren deialdiak zehaztuta) eta tokia ere.

4.– Deialdiak baliabide elektronikoen bidez bidaliko zaizkie batzordekideei, horrela egin ezin denean izan ezik, eta mezu horietan gai-zerrenda ere bidaliko da, eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, ahal denean, eta bilkura zer baldintzatan egingo den jakinaraziko da (aurrez aurre, urrutitik), baita konexio-sistema ere, eta, hala badagokio, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak zer tokitan dauden ere bai.

11. artikulua.– Osaera eta erabakiak hartzea.

1.– Batzordea, eratzeko, bilera egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre nahiz urrutitik jardun ahalko da.

2.– Urrutitik egiten diren bilkuretan, batzordeetako kideak nahi duten tokian egon daitezke, baldin eta bitarteko elektronikoz –telefonoak zein ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz– honako hauek bermatzen badira: kideen identitatea edo haien ordezkoena; adierazpenen edukia; adierazpen horiek noiz egiten diren; kideen arteko elkarreragina eta komunikazioa denbora errealean egitea, eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri izatea. Baliabide elektroniko balioduntzat, esaterako, posta elektronikoa eta bideokonferentziak jotzen dira.

3.– Idazkaria eta kide anitzeko organoko kide guztiak edo haien ordezkoak modu presentzialean zein urrutitik bilduta badaude, balio osoz eratuta geratuko da kide anitzeko organoa bilkurak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurretik deialdirik egin beharrik izan gabe, kide guztiek hala erabakitzen badute.

4.– Organoa behar bezala eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, batzordeburuak eta idazkariak –edo, hala badagokie, ordezkoek– eta organoko kideen erdiek gutxienez egon beharko dute, aurrez aurre edo urrutitik.

5.– Ezin izango da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta batzordekide guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada gehienen aldeko botoaz.

6.– Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen botoetan gehiengoa lortu behar da. Bilkura urrutitik egiten bada, erabakiak administrazio publikoaren arloan eskumena duen sailaren egoitzan hartutakotzat joko dira.

12. artikulua.– Aktak eta ziurtagiriak.

1.– Batzordearen bilera guztietako akta egingo du idazkariak, eta, han, hauek jaso behar ditu: bertaratutakoak, gai-zerrenda, bilera egindako tokia, bileraren iraupena, eztabaidetako argudio nagusiak eta erabakien edukiak.

2.– Bilera bakoitzaren akta bilkuran bertan onar daiteke, edo hurrengo bilkuran. Idazkariak egingo du akta, batzordeburuaren oniritziaz, eta bitarteko elektronikoz helaraziko die batzordekideei. Batzordekideek, bitarteko horiek berak erabiliz, testuarekiko adostasuna edo eragozpenak adierazi ahalko dituzte. Adostasuna adieraziz gero, bileran bertan onartutzat joko da.

13. artikulua.– Urteko memoria.

Urtero kudeaketari buruzko memoria bat idatziko da. Memoria horretan, egindako azterlanei eta batzordean eztabaidatutako proposamenei buruzko informazioa jasoko da, eta publikoki emango da horren berri, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.

14. artikulua.– Lantaldeak.

Batzordeburuak, batzordearen erabakiz, gaien araberako lantaldeak eratu ditzake. Lantalde horiek batzordeko kideek osatuko dituzte, eta, batzuetan, baita azterlan espezifikoak egiteko eta proposamenak egiteko izendatutako kanpoko adituek ere. Egokitzat jotzen den kide kopurua izango dute. Kanpoko pertsona horiek hitz egitea izango dute, baina botoa ematerik ez.

15. artikulua.– Erakunde arteko beste batzorde edo kide anitzeko organo batzuekin koordinatzea.

Batzordeburuak bermatu behar du batzorde hau eta batzordeari esleitutako eginkizunekin gaiaren arabera zerikusia duten beste organo batzuk koordinatuta daudela, hala nola Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen bidez sortua) eta kontseilu horrek bere barruan eratzen dituen batzordeak.

16. artikulua.– Araubide juridikoa eta funtzionamendua.

Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordeak bere barne-funtzionamenduko erregelamendua onar dezake, dekretu honen esparruan. Baina dekretu honetan eta, hala badagokio, aipatutako erregelamendu horretan ezartzen ez diren kasuetarako, Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordeak administrazio-prozedurari buruzko legedian orokorrean xedatzen dena izango du arauzko, eta, bereziki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak 15. artikulutik 18.era bitartekoetan xedatutakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau indarrean jarri eta hiru hilabetera izendatuko dira batzordekideak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuan, 2. artikuluaren 2. paragrafoan, o letra gehitzen da; honela idatzita geratzen da:

«o) Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordea.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala