Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2023ko martxoaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1431

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Arabako campuseko arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzeko.

Campuseko Batzarrak bere arautegiaren hainbat atal aldatzea erabaki du, bereziki, ikasleen eta irakasle eta ikertzaileen ordezkarien hautaketari eragiten diotenak, batzarraren batzorde iraunkorraren funtzioak eta hautatzeko modua zehaztez batera. Campusa osatzen duten ikastegi eta egituren zerrenda eguneratzeko ere aprobetxatu da, bai eta idazketan hobekuntzak sartzeko ere, arautegia errazago uler dadin.

Egin diren aldaketak ugari eta hainbat artikulutan eragiten diotela kontutan hartuta, hobetsi da testua osorik eta berriro argitaratzea.

Estatutuen 10. artikuluak dioenez, UPV/EHUren egitura, besteak beste, unibertsitate campusek osatzen dute. Beste alde batetik, 11. artikuluak Campuseko Batzarrak aurreikusten ditu UPV/EHUko gobernu eta ordezkaritza organo bilduen artean. 194. artikuluak xedatzen du campuseko batzarra dela unibertsitateko campusaren gobernu eta ordezkaritza organo kolegiatua.

UPV/EHUren estatutuetako 194.2.c artikuluarekin bat etorrita, campuseko batzarraren eskumena da bere arautegiaren behin betikoz onestea, legezkotasun txostena aurretik dela. Emaniko legezkotasun-txostenarekin bat etorrita, Arabako campuseko batzarrak 2023ko otsailaren 13an egindako bilerak Arabako campuseko batzarraren arautegia onartu zuen behin betikoz.

Azkenik, UPV/EHUren estatutuetako 187.1 artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratuko direla; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal unibertsitate sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Arabako campuseko batzarraren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.– Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2023ko martxoaren 15a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARABAKO CAMPUSEKO BATZARRAREN ARAUTEGIA
LEHENENGO TITULUA
ARABAKO UNIBERTSITATE CAMPUSA

1. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) egitura eta antolaketa campus anitza.

UPV/EHU campus anitzeko unibertsitate gisa eratzen da. Modu deszentralizatuan antolatzen da, eginkizunak ere banatuta dauzkalarik, eta etengabe eguneratuko da bere egitura bete begarreko zereginetara egokituz.

2. artikulua.– Arabako unibertsitate campusa.

1.– Arabako Campuseko unibertsitate komunitatea Arabako Campusari lotutako ikasleek, irakasleek eta ikertzaileek eta administrazioko eta zerbitzuetako pertsonalak osatzen dute.

2.– Arabako unibertsitate campusak ikastegien, sailen, unibertsitateko ikerketa institutuen eta campusa osatzen duten gainerako unitateen arteko harremanak bultzatuko ditu, elkarren interesekoak diren esparruetan. Era berean, UPV/EHUk ohiko harremanak sustatu eta formalizatuko ditu bere inguruko erakunde publiko eta pribatuekin.

3.– Arabako Unibertsitate Campusa honako hauek osatzen dute:

a) Campusetako Errektoreordetza.

b) Fakultate eta eskolak:

– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola.

– Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Arabako atala.

– Hezkuntza eta Kirol Fakultatea.

– Farmazia Fakultatea.

– Letren Fakultatea.

– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Vitoria-Gasteizko irakasgunea.

– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea. Arabako atala.

c) UPV/EHUri atxikitako ikastegia: Vitoria- Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola.

d) Honako unibertsitateko ikerketa institutu hauek:

– Antzinate Jakintzen Institutua (institutu propioa).

– Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutua (Institutu mistoa).

e) CSICi lotutako unitatea: Erdi Aroko Landa Eremuko Ikasketa Taldea.

f) Lascaray ikergunea.

g) Micaela Portilla ikerguneak.

h) «Koldo Mitxelena» Arabako campuseko biblioteka.

i) «Tomás Alfaro Fournier» unibertsitate egoitza.

j) Honako UNESCO katedra hauek:

– Kultur Paisaiak eta Ondarea.

– Munduko Hizkuntza Ondarea.

k) Campusean egoitza duten sailak, sailetako atalak eta katedrak, bai eta Campuseko unibertsitate komunitateari lagundu eta artatzeko zerbitzu orokorrak eta espezifikoak.

l) Doktorego Eskolako unitatea.

m) UPV/EHUk Arabako Campusean egoitza duen beste edozein erakunde edo egitura.

3. artikulua.– Jarduteko printzipio orokorrak.

1.– Arabako Unibertsitate Campusak UPV/EHUren organo orokorrekin koordinatuta beteko ditu bere eginkizunak.

2.– Arabako campusak, zereginak aurrera eramatean, aintzat hartuko ditu legezkotasun, eraginkortasun, eragimen, gardentasun eta kalitatearen printzipioak, gizarteari eta campusa osatzen duten kideei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzearren.

3.– Bermatuko du bertan emakumeen eta gizonen berdintasuna eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin, nor bere jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen batengatik baztertzeko edozein arrazoi prebenituz zein ezabatuz.

4.– Aukera berdintasuna bermatu egingo die ezintasunak dauzkaten ikasleei eta campuseko gainerako kideei. Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean. Ahaleginak egingo ditu, irisgarritasunari dagokionean, campuseko unibertsitate ingurunea behar bezala egokitzeko, legeriak xedatutakoari jarraiki.

5.– Unibertsitateko kideen parte-hartzea sustatuko du eta berauen jarduna bermatuko du.

4. artikulua.– Arabako Campusaren eginkizunak.

1.– Honako hauek dira campusaren eginkizunak:

a) Bere baliabideen konturako programak edo neurriak hartzea, baldin eta eremu berean eragina izan dezaketen neurri orokorrekin kontraesanean ez badaude.

b) Programa edo neurri orokorrak egokitu, garatu eta gauzatzea.

c) Campuseko giza baliabideak kudeatzea, unibertsitateko beste organoen lankidetzan.

d) Bere eremuan dauden erabilera partekatuko eta irakaskuntzari eta ikerketari laguntzeko baliabideak eta azpiegiturak kudeatzea.

e) Harreman instituzionalak garatzea eta indartzea, bai eta kultura eta unibertsitate proiekzioa ere.

f) Bere eremuaren barruan, unibertsitateko irakats eskaintza koordinatzea eta ikerkuntza sustatzea.

g) Bere eremuaren barruan, ondarearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzen laguntzea eta ikerkuntza sustatzea.

h) Bere eremuaren barruan, UPV/EHUren plangintza estrategikoa eta hizkuntza plangintza garatu eta urtero gauzatzea.

i) Era berean, unibertsitate egiturei eragiten dieten ekimenak onartu edo bultzatu ahal izango ditu, zein bere eskumenak eta beste instantzia batzuenak errespetatuz.

2.– Bere eskumenen esparruan, eta Gobernu Kontseiluak hainbat jarduera eremutan campusetarako ezartzen dituen gaitasunen arabera, Arabako campusak honako eremu hauetan beteko ditu bere eginkizunak, besteak beste:

a) Ikasleekiko arreta.

b) Euskara eta eleaniztasuna.

c) Pertsonala eta zerbitzuen eskaintzea.

d) Unibertsitate proiekzioa eta erakunde harremanak.

e) Erantzukizun soziala.

f) Irakats jarduera.

g) Ikerkuntza, jakitearen transferentzia eta garapen zientifiko eta teknologikoa.

3.– Honako hauek dira unibertsitateko beste organo batzuekin partekatutako eginkizunak:

a) Euskararen erabileraren normalizazioa bultzatzea eta unibertsitate komunitatean etengabe ikastea eta eguneratzea sustatzea, kasuan kasuko planen arabera.

b) Unibertsitate campusen barruan osasuna zaintzeko eta arriskuei aurrea hartzeko babesa eskaintzea unibertsitate komunitateari.

c) Unibertsitatearen proiekzioa sustatzea campusean eta gizartean, eta espazio eta egitura espezifikoak egon daitezen bultzatzea, bere kabuz edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin egindako hitzarmenen bidez.

BIGARREN TITULUA
ARABAKO CAMPUSEKO BATZARRA

5. artikulua.– Arabako Campuseko Batzarraren izaera.

Arabako Campuseko Batzarra da Arabako Unibertsitate Campuseko gobernu eta ordezkaritza organo kolegiatua.

6. artikulua.– Arabako Campuseko Batzarraren eskumenak.

Campuseko Batzarrari dagokio:

a) Campuseko errektoreordeari bere eginkizunetan laguntzea.

b) Campusaren jardunaren ildo nagusiak, urteko memoria eta urteko eginkizunen plana onartzea; eta gobernu kontseiluari premien memoriaren, urte anitzerako programazioaren eta hizkuntza normalizaziorako eta eleaniztasunerako politikaren berri ematea.

c) Erregelamendua behin betiko onartzea, nahitaezko legezkotasun txostena aurrez dela.

d) Campuseko ikastegiekin, institutu edo unibertsitatearen egiturekin, titulazioekin eta zerbitzuekin zerikusi zuzena duten proposamenak eta txostenak bidaltzea unibertsitateko gobernu organo orokorretara, eta ikastetxe nagusiak eta unibertsitate egoitzak onetsi, campusari atxiki eta bertan txertatzeaz iritzia ematea.

e) Unibertsitateko irakaskuntza eskaintzak koordinatzeko, irakaskuntza behar bezala ematen dela eta ikerketa garatzen dela zaintzeko eta unibertsitate komunitatearen lan eta bizikidetza baldintzak hobetzen laguntzeko behar diren ekimenak onartzea.

f) Campusari beste ezeri eragiten dioten hitzarmenak sinatzeko baimena ematea, gobernu kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

g) Campusean UPV/EHUren titulartasuneko ondasun eta higiezinak erabiltzeari buruz entzuna izatea.

h) Espazio komunak erabiltzeko arautegia ezartzea eta ikasgelak eta jarduera akademikora bideratutako gainerako espazioak behar bezala aprobetxatzen direla bermatzea.

i) Bere zereginak hobeto betetzeko egoki deritzon batzordeak eratzea.

j) UPV/EHUren estatutuek edo hauek garatzeko arautegiek eman liezazkioketen gainerako eskumenak, edo unibertsitatearen gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

7. artikulua.– Campuseko Batzarraren osaera.

1.– Campuseko Batzarra berezko kideek, izendapen askeko kideek eta kide hautatuek osatzen dute.

2.– Hauek dira Campuseko Batzarreko berezko kideak:

– Campuseko errektoreordea, errektorearen ordezkari iraunkorra eta Campuseko unibertsitate agintari gorena, batzarreko buru izango dena.

– Campuseko idazkariak, Campuseko Batzarren aktak egingo dituenak, akta liburuen prestakuntza eta zaintza arduratuz eta hartutako erabakien publizitatea bermatuz, Campuseko Batzarraren eta Campuseko gainerako gobernu eta administrazio organoen erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu, bai eta Campuseko dokumentazio ofizialean agertzen diren egintza edo egitateena ere, Erregistro Orokorra mantentzen lagunduko du eta Campuseko artxiboa eta UPV/EHUren beste organo batzuek eskuordetzen dizkioten beste guztiak zainduko ditu.

– Campuseko Gerenteordea, errektoreordeari eta Campuseko Batzarrari laguntza emango diena ondare eta ekonomia zein administrazio arloei dagokienez.

– Arabako Campusa osatzen duten ikastegi bakoitzeko dekanoa, zuzendaria eta egoitza beste campus batean duten ikastegien atal bakoitzeko koordinatzailea. Atxikitako ikastegietako zuzendariak ez dira batzarreko berezko kide, batzarraren bileretan hitza izan dezaketen arren, botoa emateko eskubiderik ez dutenak.

3.– Izendapen askeko kideak dira campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko 3 zuzendari, campuseko errektoreordeak izendatuak.

4.– Hauek dira Campuseko Batzarreko kide hautatuak: Hauek dira campuseko batzarreko kide hautatuak:

– Campusean egoitza duten sailetako zuzendarien eta campusean egoitza –halakotzat aitortuta kasuan kasuko sailaren arautegian– sail ataletako koordinatzaileen 2 ordezkari, proportzioan banatuko direnak campuseko sail eta atal kopuruaren arabera.

– Campusean egoitza duten ikerketa institutuetako ordezkari 1, aipatutako institutuetako zuzendarien artetik hautatua.

– Campuseko ikastegi bakoitzeko irakasle eta ikertzaileen bana ordezkari, bai eta beste campus batean egoitza duten ikastegi ataletako irakasle eta ikertzaileena ere.

– Campuseko ikastegi bakoitzeko eta egoitza beste Campus batean duten ikastegi ataletako ikasleen bana ordezkari. Esperientziaren Gelen ordezkari bat ere egongo da.

– Campuseko administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren 3 ordezkari.

HIRUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARREKO KIDEAK HAUTATZEA

8. artikulua.– Campuseko Batzarreko kideak hautatzea.

1.– Arautegi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira sektoretzat Campuseko Batzarraren barruan:

a) Campuseko ikastegietako dekanoen eta zuzendarien sektorea, eta beste campus batean egoitza duten ikastegien ataletako koordinatzaileena.

b) Campusean egoitza duten sailetako zuzendarien eta sail ataletako koordinatzaileen sektorea.

c) Campusean egoitza duten ikerketako unibertsitate institutuetako zuzendarien sektorea.

d) Campuseko irakasle eta ikertzaileen sektorea.

e) Campuseko ikasleen sektorea.

f) Campuseko administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren sektorea.

2.– Batzarreko sektoreetako ordezkari hautatuak 4 urtean behin berrituko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiek 2 urtean behin berrituko baitira.

3.– Sailetako zuzendarien eta, campusean egoitza duten sail ataletako koordinatzaileen sektoreko eta, Campusean egoitza duten ikerketako unibertsitate institutuetako zuzendarien sektoreko ordezkariak honetara hautatuko dira:

a) Sektore bakoitzean hautesle eta hautagai izango dira, hurrenez hurren:

– Sailetako zuzendarien eta Campusean egoitza duten sail ataletako koordinatzaileen sektorea.

– Campusean egoitza duten unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak.

b) Sektore bakoitzeko hautaketa Campuseko errektoreordeak xede horretarako deitutako bilera batean egingo da, unibertsitateko klaustroa berritu eta gehienez ere 2 hilabeteren epean. Adostu ahal izango da sektoreko ordezkarien zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatu bakarra. Adostasunik ez balego, hautagaitzak aurkeztu eta bozkatu egingo dira.

4.– Campuseko irakasleen eta ikertzaileen sektoreko ordezkariak honetara hautatuko dira:

a) Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzea Arabako Campusean egoitza duten ikastegiko batzarrei eta egoitza beste campus batean duten ikastegien ataleko batzarrei dagokie.

b) Unibertsitateko klaustroa berritu eta gehienez ere 2 hilabeteren epean aukeratuko da.

5.– Campuseko ikastegi bakoitzeko eta egoitza beste Campus batean duten ikastegi ataletako ikasleen ordezkariak honetara hautatuko dira:

a) Campuseko ikastegietako ikasle kontseiluek eta egoitza beste campus batean duten ikastegien ataletako ikasle kontseiluek hautatuko dituzte ikasleak, beren kideen artetik izendatuta.

b) Campuseko ikastegietako ikasle kontseiluren batek edo egoitza beste campus batean duten ikastegien ataletako ikasle kontseiluren batek campuseko batzarrean ikasleen ordezkaria izendatuko ez balu, campuseko idazkaritzak campuseko ikasleen kontseiluari eskatuko dio ordezkari hori izenda dezan. Honela gertatuta, campuseko ikasleen kontseiluak ordezkaritza horri dagokion ikastegi edo irakasguneko ikasleen kontseiluko kide direnen artean izendatu ahal izango du hautatu beharreko ordezkaria. Ikasleen kontseilurik ez balego, hautaketa ikastaroko ordezkarien artean egin liteke.

6.– Campuseko administrazio eta zerbitzuetako langileen sektoreko ordezkariak hautatzea honela egingo da:

a) Campuseko lurralde eremuari dagozkion AZPko kideak izango dira hautesle.

b) Aldi baterakoak ez diren AZPko kideak izango dira hautagarri.

c) Sektore honetako ordezkarien hauteskundeetarako deialdia, oro har, unibertsitate klaustrorako ordezkariak aukeratzearekin batera egingo da.

9. artikulua.– Hauteskunde xedapenak.

1.– Campuseko Batzarrean ordezkaritza duten sektoreetako ordezkarien hauteskundeetarako deialdia Campuseko errektoreordeak egingo du, Campuseko Batzarrak aldez aurretik hala erabakita, arautegi honetan ezarritakoarekin bat etorrita. Deialdirako erabakiak finkatuko du hauteskunde egutegia.

2.– Sektoreetako hautagai zerrendak, halakorik behar denean, Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztuko dira, eta kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izan beharko dute, hautagai guztiek sinatuta. Hautagaitzek sektorean bete beharreko postuen laurdena edo gehiago betetzeko behar besteko kideen kopurua izango dute, gutxienez bi direla, eta emakumeen eta gizonen presentzia, ordena alternatiboan, orekatua bermatu beharko dute, salbu eta Hauteskunde Batzordearen ustetan behar bezala justifikatutako arrazoi oinarridun eta objektiboengatik ezinezkoa denean. Horretarako, batzorde horrek UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren bigarren xedapen gehigarria hartuko du kontuan, horretarako, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzari txostena eskatu ahal izango diolarik.

3.– Campuseko errektoreordea edo berori ordezka lezakeen pertsona izango dira Campuseko batzarrerako ordezkarien hauteskundeetarako hauteskunde batzordeko buru eta, boto eskubidea duen hauteskunde sektore bakoitzeko bana ordezkarik eta berorien ordezkoak osatuko dute, guztiak zozketa bidez izendatuta zein bere hauteskunde sektoreko kideen artean.

4.– Hauteskunde mahaia, halakorik eratu behar denean, aukeratu beharreko hauteskunde sektore bakoitzeko kide batek osatuko du –bere ordezkoekin batera–, Hauteskunde Batzordeak egindako zozketa publiko bidez izendatu izendatuta, hautagaitzak aurkezteko fasea amaitu ondoren. Hauteskunde Batzordeko burua edo berori ordezka lezakeena izango da mahaiburu. Idazkari gisa arituko da mahaiaren beraren erabakiaz izendatuko dena. Hautagaiek ezin izango dute hauteskunde mahaian parte hartu, ahal den guztietan. Bestelakoetan, hauteskunde batzordeak hartuko ditu egokit leritzekeen neurriak. Kasu guztietan oro, hauteskunde mahaia, gutxien direla, 3 pertsonak osatuko dute, zein bere ordezkoarekin.

5.– Hauteskundeak deitzen diren egunetik aurrera antolatu ahal izango dira hauteskunde informazioko bilerak edo ekitaldiak. Hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatzen direnetik aurrera eskatu ahal izango da botoa jendaurrean, ez lehenago. Hauteskunde batzordeak sektore guztietako hautagai zerrendetako ordezkariekin adostuko du kanpainaren garapena, prozesuan parte hartzen duten pertsona guztien berdintasuna bermatuz.

10. artikulua.– Campuseko Batzarreko kideak izendatzea, ordezkari izaera galtzea, ordezkaria aldatzea eta ordezkatzea.

1.– Campuseko batzarreko kideak izendatzea:

a) Campuseko Batzarreko berezko kideen izendapena automatikoki egingo da, betetzen duten kargurako izendapenaz batera –horren kariaz baitira batzarkide–.

b) Campuseko zuzendaritza taldeko 3 kideak campuseko errektoreordeak izendatuko ditu.

c) Campuseko batzarreko sektoreetako hautetsiak sektore bakoitzeko hauteskunde prozesua amaitzen den egunetik aurrera izendatuko dira.

2.– Ordezkari izaeraren galtzea.

Kide hautatuaren izaera honako arrazoi hauengatik galduko da:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskunde prozesua baliogabetzea.

c) Agintaldia iraungitzea.

d) Dimisioa ematea.

e) UPV/EHUko edo hautatu zuten ikastegi, sail, institutu edo sektoreko kide izateari uztea.

f) Ondoz ondoko hiru bileratara edo elkarren segidarik gabeko seitara arrazoirik gabe ez joatea, ikaslearen ordezkaritzaren kasuan izan ezik. Hauen kasuan, UPV/EHUko Ikasleen Arautegia aplikatuko zaio, bertan ezartzen baita ordezkaritza galduko dela, justifikatu gabe, elkarren segidako bi bileratara edo elkarren segidarik gabeko lautara ez joateagatik. Bertaratzeko desenkusa campuseko idazkariari jakinarazi beharko zaio posta elektronikoaz edo erregistro bidez bidalitako idazki bidez, ahal den neurrian, batzarraren bilera egin baino gutxienez 24 ordu lehenago.

3.– Batzarkideak aldatzea eta ordezkatzea.

a) Errektoreordea, campuseko gerenteordea, campuseko idazkaria, campuseko ikastegietako dekanoak eta zuzendariak, beste campus batean egoitza duten ikastegien ataletako koordinatzaileak eta campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendariak alda eta ordezka ditzake, legeak hartarako eskumenik emana duenak.

b) Batzarreko kide hautatuaren izaera pertsonala da. Hala ere, hautagai zerrendako ordezkoak kide hautatu bat ordezkatu ahal izango du, hura kanpoan dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean. Ordezkapena gauzatu ahal izateko, egoera horietakoren batean dagoen kide hautatuak campuseko errektoreordeari jakinarazi beharko dizkio ordezkoak ordezkatzeko alegatzen dituen inguruabarrak, batzarraren bilera egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Campuseko errektoreordeak, alegatutako arrazoiak ikusita, erabakiko du ordezkapena onartu edo ez. Ordezkapena gauzatu ondoren, ordezkoak titularren lekuan jardungo dira, eskubide guztiekin –botoa emateko eskubidea barne–.

c) Kide hautatuen ordezkapena egingo da titularren hutsunea gertatzen denean, eta hautagai zerrenda bereko hurrengo hautetsiak beteko du. Campuseko idazkariari jakinaraziko zaizkio lanpostu hutsa eta proposatutako ordezkapena. Bidezkoa dela egiaztatu ondoren, ordezkapenak ondorioak izango diru egun horretatik aurrera.

LAUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN FUNTZIONAMENDUA

11. artikulua.– Bilerak.

1.– Campuseko batzarra urtean bi aldiz bilduko da, gutxienez, eskola aldian.

2.– Campuseko batzarrak ezohiko bilera egin ahal izango du campuseko errektoreordeak hala erabakitzen duenean edo kideen laurdenak, gutxien dela, eskatzen duenean. Azken kasu horretan, idazki bat bidaliko zaio –erregistro orokorraren bidez– campuseko errektoreordeari, ezohiko batzarra egiteko eskatuz, batzarra eskatu eta, beranduen, zazpi egun natural iragan baino lehenago egin beharko delarik.

12. artikulua.– Bileraren deialdia.

1.– Deialdia campuseko idazkariak egingo du, Arabako Campuseko errektoreordearen aginduz.

2.– Campuseko Batzarrerako deialdia idatziz egingo da eta ohiko zein ezohiko bilkuretarako izan daiteke.

a) Ohiko bilkurarako deialdia 4 egun baliodun lehenago egingo da gutxienez, eta, aurretik, «deialdi oharra» egin beharko da, bilkura egin baino, gutxienez, 7 egun natural lehenago.

b) Ezohiko bilkurak gutxienez 48 ordu lehenago deitu ahal izango dira.

3.– Deialdiaren idazkiak honako hauek jasoko ditu:

a) Lehenengo eta bigarren deialdien eguna, ordua eta lekua; egun berean egingo direnak, bien artean 30 minututako aldea egonda –bai ohiko bilkuretarako, bai ohiz kanpokoetarako–.

b) Gai zerrenda. Aztertu beharreko gaien zerrenda jasoko du. Ohiko bilkura bada, aurreko bilkurako akta onetsiz hasiko da zerrenda, eta galdera eskeen txanda batekin itxiko da. Ezohiko bilkura bada, gai zerrendak ez du bi puntu horietako bat ere jasoko. Aztertu beharreko gaien artean, halakorik balegokio, gutxienez batzarkideen % 20k abalatutako eskaera guztiak sartu beharko dira. Eskaera horiek campuseko errektoreordeari bidali beharko zaizkio –erregistro orokorraren bidez– bileraren deialdia egin aurretik, eta, horrekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) Oinarrizko dokumentazioa, bilkuran eztabaidatu beharreko gaien oinarri izan behar duena, ahal dela bitarteko elektronikoen bidez bidalitakoa. Edonola ere, dokumentazio hori campuseko errektoreordetzaren egoitzan eta kasuan kasuko webgunean ere eskuragarri izango dute batzarkideek, deialdiaren egunetik aurrera.

4.– Deialdia batzarkide guztiei bidaliko zaie arautegi honetan horretarako ezarritako epean. Era berean, Arabako Campuseko iragarki taula elektronikoan eta webgunean argitaratuko da, unibertsitate komunitatearen bertaratzeko eta zuzeneko entzunaldirako eskubidea bermatuz.

13. artikulua.– Batzarraren eraketa.

1.– Batzarra balioz eratuko da lehenengo deialdian, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratu badira, batzarburua eta idazkaria barne direla.

2.– Bete beharreko quorumik lortzen ez bada, batzarra bigarren deialdian eratuko da, baldin eta, lehenengo deialditik 30 minutu igaro ondoren, gutxienez kideen herena bertaratu dela egiaztatzen bada. Horrelakoetan, heren bateko quoruma mantendu beharko da bilera osoan, ezinbestekoa delarik errektoreordea eta idazkaria edo legez ordezka ditzaketenak bertan egotea.

3.– Campuseko idazkariaren ausentziaren kasuan, campuseko errektoreordeak askatasunez izendatuko du batzarkideetako bat, deitutako bilkuran idazkari lanak egin ditzan.

14. artikulua.– Eztabaidan parte hartzea.

1.– Batzarkide guztiek dute hitza erabiltzeko eskubidea gai zerrendako puntu bakoitzean.

2.– Campuseko errektoreordeak bileraren garapen ordenatua ziurtatuko du, eta edozein unetan eten ahal izango du, horretarako arrazoi nahiko eta justifikaturik egonez gero. Honelakoetan, bilerari berriz ekiteko eguna, ordua eta lekua finkatuko ditu, bertaratutakoak jakinaren gainean daudela ulertuta. Nolanahi ere, bilerari hurrengo bi egun baliodunetan berrekin beharko zaio.

3.– Eztabaidan parte hartu nahi bada, campuseko errektoreordeari eskatu behar zaio hitza. Hitzetan ari den pertsonari ezin izango zaio eten, salbu eta campuseko errektoreordea ez bada, egoki leritzokeena argi diezaion, eztabaidatutako gaira itzuli, ordenara deitu edo hitza modu justifikatuan kentzeko.

4.– Hala dagokionean, campuseko errektoreordeak txanda bat eman ahal izango du eztabaidetan, egindako aipamenengatik erantzuteko.

5.– Batzarreko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako:

a) Aztergaien zerrenda betetzen dela ziurtatzea.

b) Erregelamendua behar bezala aplikatzen dela bermatzea.

c) Eztabaidari amaiera ematea eskatzeko.

d) Bilkura behin behinean bertan behera utzi edo eteteko eskatzea.

e) Eztabaida atzeratzea edo jarrai dadila eskatzea.

6.– Edozein batzarkidek ahal izango du:

a) Gai zerrendan sartutako puntuei buruzko proposamenak egin.

b) Gai zerrendako puntuei buruzko interpelazioak eta galderak aurkeztu.

c) Gai zerrendaz kanpoko puntuei buruzko interpelazioak eta galderak aurkeztu. Honelakoetan, idazki bat bidaliko zaio –erregistroaren bidez– campuseko errektoreordeari, batzarra egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Kasu horretan, galde eta eskeen txandan erantzungo zaie interpelazioei eta/edo galderei.

7.– Batzarreko edozein kidek aurkeztu ahal izango ditu unibertsitateko gaiei buruzko interpelazioak eta galderak, bere ekimenez edo unibertsitate erkidegoko edozein kideren ekimenez, galde-eskeen txandan, arloan arloko eskumena duenak erantzun ditzan.

8.– Unibertsitateko kideak, hala nahi izanez gero, joan ahal izango dira campuseko batzarrera –hitza bai, baina botorik gabe–, aretoaren edukieraren mugen barruan, betiere campuseko errektoreordeari zuzendutako idazki baten bidez eskatzen badute, bilera egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Nolanahi ere, errektoreordeak mugatuta deitu ahal izango du bilkura osoa edo punturen bat, edo hala adierazi ahal izango du bileraren hasieran edo bileraren egozein unetan. Hitz txanda bakarra emango zaie esku hartzeko eskaerei erabaki proposamenak zuzenean eragindakoak badira.

9.– Errektoreordeak batzarkide ez lirateken pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, egoki baleritzo, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duten gaiei buruzko iritzi edo informazio interesgarriak eman ditzaten. Honelakoetan, aktetan jaso behar da bileran izandako gonbidatuen zerrenda. Gonbidatuek ez dute inola ere botoa emateko eskubiderik izango.

15. artikulua.– Erabakien hartzea.

1.– Honako hauek izango ahal dira erabakigai:

a) Aztergaien zerrendan ageri diren gaiak.

b) Aztergaien zerrendan sartzen ez diren gaiak, baldin eta batzarkide guztiak bertan badaude eta presakotzat jotzen badira bertaratutakoen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

c) Batzarrak ezin izango du sail edo institutu jakin bati buruzko erabakirik hartu, zuzendariaren edo, hala badagokio, campuseko koordinatzailearen zuzeneko entzunaldirik izan gabe. Horretarako deialdia egin beharko zaie –batzarkideei egiten zaien bezala– interesdun diren aztergaien zerrendako puntuei dagokienez.

2.– Erabakiak bozketa publikoaren bidez hartuko dira, salbu eta batzarreko edozein kidek isilpeko bozketa eskatzen badu. Erabakiak pertsona jakin batzuei eragiten dienean, bozketa isilpekoa izango da beti.

3.– Botoa baiezkoa, ezezkoa, zuria edo bozketak berak eskatutako edukiarekin eman daiteke, batzarkideak abstenitu ahal izango direlarik.

4.– Erabakiak honela hartuko dira:

a) Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, honako arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Honen ondorioz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen baleude, boto gehien lortuko lukeena onartuko litzateke. Bi proposamen baino gehiago baleude, onartuko litzateke emandako botoen gehiengo soila lortuko lukeena; edota, bigarren botazioan, boto gehien lortuko lukeena lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bien artetik.

b) Berdinketaren emaitza duten bozketen kasuan, beste bozketa bat egingo da, eta berdinketak jarraitzen badu, campuseko errektoreordearen kalitatezko botoak erabakiko du.

16. artikulua.– Bileren aktak.

1.– Campuseko idazkariak bilkura bakoitzaren akta jaso eta egingo du, non jasoko baitira:

a) Bilera non eta noiz egin zen.

b) Aztergaien zerrenda.

c) Parte hartzaileak.

d) Aurkeztu eta bozkatu beharreko proposamenak.

e) Aztertu eta eztabaidatutako gaien zerrenda laburra.

f) Hartutako erabakiak, bozketaren forma eta emaitzarekin eta akordioaren hitzez hitzeko edukiarekin.

g) Batzarkideren batek berariaz eskatzen dituen idazkiak edo adierazpenak. Horretarako, hitz hartzeren bat jasotzea nahi dutenek jendaurrean adierazi beharko dute, eta idazkariari idatziz eman beharko diote dagokion idazketa, kasuan kasuko puntua amaitu baino lehen, edo, hala balegokio, errektoreordeak zehaztutako epean. Idazkariak testu horiek irakurriko ditu, batzarreko gainerako kideek horren berri izan dezaten.

2.– Batzarkideek aktan jaso ahal izango dute beren abstentzioa edo hartutako erabakiaren aurkako botoa, bai eta hori justifikatzen duten arrazoiak ere. Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta jasota geratzen bada aurkako jarrera adierazi dutela. Horrela, botazioa isilpekoa denean, botazioaren unean boto txartela eman beharko zaio organoko idazkariari, edo abstenitzeko asmoa adierazi, aktan jakinarazi beharko direlarik.

3.– Idazkariak sinatuko ditu aktak, campuseko errektoreordearen oniritziarekin, eta campuseko batzarraren bilkura berean edo hurrengo ohiko bilkuran onartuko dira. Batzarkideek aldaketak proposatu ahal izango dituzte aktan, berori onartzeko unean, eta, aldaketa onartu ezean, aldaketa proposamenaren testua eranskin gisa erantsiko zaio aktari.

4.– Akta onartu ondoren, erabakien testu osoa helaraziko zaie UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari eta Arabako Campuseko ikastegi eta atalei, unibertsitate komunitatea jakinaren gainean egon dadin, betiere Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia errespetatuz.

BOSGARREN TITULUA
BATZARRAREN BATZORDE ESKUORDETUAK

17. artikulua.– Batzarraren batzorde eskuordetuak eratzea.

1.– Batzarrak batzordeak sortu ahal izango ditu, eta eginkizun jakin batzuk beren esku utzi ahal izango ditu, behar bezala justifikatuta, hala nola, besteak beste, campuseko batzarraren eskumenei buruzko proposamenak aztertu eta/edo egitea. Eginkizun horiek batzarrak berretsi beharko ditu beti.

2.– Batzordeak, hala balegokie, ikasturte bakoitzeko campuseko batzarraren lehenengo ohiko bilkuran berretsiko dira.

3.– Helburu zehatz batekin sortutako batzordeak, berariaz kontrakorik xedatu ezean, emandako egitekoa bete ondoren iraungi egingo dira.

18. artikulua.– Batzordeen osaera.

1.– Campuseko errektoreordea edo berori ordezka lezakeena edo campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko kide bat izango da batzordeburu, baldin eta batzordearen eginkizunak kargudun horietakoren baten edo batzuen berariazko erantzukizun arloarekin zerikusia badu, bai eta campuseko gerenteordearen kasuan ere.

2.– Batzordeak, gutxien dela, campuseko batzarreko sektore bakoitzeko bana ordezkarik osatuko ditu, batzarkide izaerarik beharrezkoa ez delarik horretarako. Campuseko batzarrak zehaztuko du sektore bakoitzeko kide kopurua, batzordeari esleitutako egitekoa zein den. Batzordeetan parte hartu ahal izango dute beste gizatalde batzuetako kideek, batzordeari esleitutako eginkizunek hala justifikatuta. Nolanahi ere, parte hartzeko aukera bermatuko zaie batzordearen jardunak eragin litzaketen sektore eta kolektibo guztiei.

3.– Batzorde bakoitzak idazkari bat izendatuko du bere kideen artean, eta idazkari horri dagokio bilerak deitzea –batzordeko buruak proposatuta– eta bileren akta egitea. Horretarako, campuseko gerenteordetzaren zerbitzuen laguntza eskatu ahal izango du.

19. artikulua.– Batzordeetako kideak hautatzea.

Campuseko batzarraren bilkura batean hautatuko dira batzordeetako kideak, prozedura honen arabera:

1.– Campuseko ikastegietako dekano eta zuzendarien eta, egoitza beste campus batean duten ikastegien ataletako koordinatzaileen sektorearen ordezkariak talde hautagaitzen bidez hautatuko dira.

2.– Gainerako sektoreen hautagaitzak banakakoak izango dira.

3.– Hautagarri izango dira batzordearen sektore bakoitzean campusaren eremuari dagokien sektoreetako kideak.

4.– Hautesle izango dira campuseko batzarrean sektore bakoitzak dituen ordezkariak.

5.– Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu, hala balegokie, botazioaren bidez. Banakako hautagaien zerrenden kasuan, emandako botoak ezingo du izan sektore horretako ordezkarien gehieneko kopurua baino izen gehiagoren aldeko babesa.

6.– Berdinketa gertatuz gero, beste botazio bat egingo da; orduan ere berdinketa izanez gero, zozketa egingo da segituan.

7.– Sektoreren batean ez bada aurkezten behar beste hautagai, campuseko batzarrak beteko ditu leku hutsak kasuan kasuko sektoreko kideak izendatuta.

8.– Batzordeko kideren batek lekua utziko balu, boto gehien eskuratu zituen bere taldeko hurrengo hautagaiak beteko luke bere postua. Inor ez balego, taldekoen artetik aukeratuko litzateke.

9.– Batzordeak, oro har, campuseko batzarraren maiztasun berarekin berrituko dira.

20. artikulua.– Batzordeetako kideak izendatzea, ordezkari izaera galtzea, ordezkaria aldatzea eta ordezkatzea.

Berariaz kontrako xedapenik ezean, erregelamendu honetako 10. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, campuseko batzarreko kideen jarduna arautzen duten printzipioen baliokidea delarik.

21. artikulua.– Batzordeen bilerak eta horien funtzionamendua.

1.– Batzordeburuak deituta edo batzordekideen gehiengoak eskatuta bilduko dira batzordeak, batzordeak berak erabakitako aldizkakotasunarekin.

2.– Saio ohiko baterako deialdia idatziz egin beharko da, bilera egin baino 72 ordu lehenago beranduen.

3.– Batzordearen bilera deialdiaren idazkiak, berariaz kontrakorik xedatu ezean, arautegi honek campuseko batzarraren bilkuretarako deialdia egiteko 12.3 artikuluan ezarritakoen pareko printzipioak bete beharko ditu.

4.– Batzordeburuak bileretarako deia egin ahal izango die, beren izaera eta/edo esperientzia profesionalagatik, batzordeari aholku eman diezaioketen pertsonei.

5.– Batzordeak baliozkotasunez eratu ahal izango dira, legezko kide kopuruaren herena bertaratuz gero. Quorum hori saio osoan zehar mantendu beharko da. Edonola ere, batzordeburuak eta idazkariak edo, bestela, beren ordezko legalek egon beharko dute beti bertan.

6.– Eztabaidan parte hartzea, berariaz kontrako xedapenik ezean, erregelamendu honetako 14. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, campuseko batzarreko kideen jarduna arautzen duten printzipioen baliokidea delarik.

7.– Erabakiak hartzea, berariaz kontrako xedapenik ezean, erregelamendu honetako 15. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, campuseko batzarreko kideen jarduna arautzen duten printzipioen baliokidea delarik.

8.– Bileren aktak egiteko, berariaz kontrakorik xedatu ezean, arautegi honen 16. artikuluan campuseko batzarraren bileren aktetarako ezarritako jarraibideak hartuko dira kontuan. Aktak campuseko idazkaritzari bidaliko zaizkio, gordailuan izan ditzan.

9.– Batzordeek aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko diote campuseko batzarrari, organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.

SEIGARREN TITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA

22. artikulua.– Batzorde iraunkorra.

1.– Eginkizunak.

Honako hauek dira batzorde iraunkorraren eginkizunak:

a) Hitzarmenen sinatzea onartu, campuseko batzarraren eskumenekoak badira.

b) Informatuko ditu unibertsitateko gobernu organo orokorren aurrean, campusaren txostena ezinbestean behar duten eta, campusari eragiten dioten gaiak.

Batzorde iraunkorrak urgentzia eta efizientzia printzipioen arabera jardungo du eta hartuko ditu erabakiak.

2.– Osaera.

Campuseko batzarreko kide hauek osatuko dute batzorde iraunkorra:

– Campuseko errektoreordea.

– Campuseko idazkaria.

– Campuseko gerenteordea.

– Campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendari bat.

– Campuseko ikastegietako dekanoen eta zuzendarien, eta beste campus batean egoitza duten ikastegien ataletako koordinatzaileen sektoreko hiru ordezkari.

– Campuseko batzarreko gainerako sektoreetako bana ordezkari.

3.– Hautaketa.

Arabako campuseko batzarraren batzorde iraunkorra osatuko duten kideen hautaketa honetara egingo da:

a) Arabako Campuseko errektoreordeak campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendaria izendatuko du.

b) Sektoreek zein bere ordezkariak aukeratuko dituzte, erregelamendu honen 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

ZAZPIGARREN TITULUA
CAMPUSEKO EUSKARA BATZORDEA

23. artikulua.– Euskara batzordea.

1.– Estatutuetan agindutakoa betez, Arabako campusak euskara batzorde bat izango du iraunkortasunez.

2.– Campuseko euskara batzordeko burua campuseko zuzendaritza taldeko kide bat izango da. Gainerako kideak, berriz, izango dira ikastegietako zuzendaritza taldeetako bana ordezkari, edo beraiek izendatutako pertsonak; ikasleen ordezkari bat, campuseko ikasleen kontseiluak izendatua; eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkari bat, campuseko batzarreko kide izango diren administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek izendatua; gizon eta emakumeen arteko presentzia orekatua lortzen ahaleginduz.

3.– Campuseko euskara batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, kontuan hartuta campusaren egoera eta UPV/EHUren plangintza orokorra, bai eta unibertsitate proiekzioko eta/edo prestakuntzako hainbat jarduera sustatu ere.

4.– Euskara batzordeak aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko dio campuseko batzarrari, organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.

ZORTZIGARREN TITULUA
ZENTSURA MOZIOA CAMPUSEKO ERREKTOREORDEARI

24. artikulua.– Prozedura.

1.– Campuseko batzarrari dagokio, kasuan kasu, campuseko errektoreordea kargutik kentzea proposatzea, zentsura botoa onartuz; horretarako ezohiko bilkuran egingo delarik, campuseko batzarkideen herenaren ekimenez deituta eta kideen bi herenen gehiengoz onartuta.

2.– Zentsura mozioa erregistroaren bidez aurkeztuko da campuseko errektoreordetzan eta ezohiko batzar horretan eztabaidatu eta bozkatuko da.

3.– Ekimena onartuko balitz, errektoreari bidaliko zaio campuseko errektoreordea kargutik kentzeko proposamena.

4.– Ekimena atzera botako balitz, mozioa aurkeztu duten kideek ezin izango lukete besterik aurkeztu urtebete pasatu arte, botazioa egin denetik kontatzen hasita.

BEDERATZIGARREN TITULUA
ARAUTEGIAREN ERAGINKORTASUNA

25. artikulua.– Arautegiaren aplikatzea eta interpretatzea.

Campuseko errektoreordeari dagokio Campuseko Batzarraren Arautegia betetzea eta betearaztea eta, zalantzarik egonez gero, interpretatzea, UPV/EHUko Zerbitzu Juridikoen aholkularitzapean, behar izatekotan.

26. artikulua.– Araubide subsidiarioa.

1.– Arautegi honetan espresuki jasota ez dagoen guztirako, subsidiarioki baliatuko da UPV/EHUren gobernu kontseiluaren arautegian zehaztutakoari.

2.– Campuseko batzarrerako hauteskundeak arautegi honetan ezarritakoarekin bat etorrita eta, eremu honetan aplikatzekoak diren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren aginduen arabera arautuko dira.

3.– Campuseko errektoreordeari dagokio erabakitzeko eskumena Campuseko Batzarraren Arautegia betetzen ez denean.

HAMARGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

27. artikulua.– Erreformatzeko ekimena.

1.– Arautegia aldatzeko prozesuaren ekimena campuseko errektoreordeak edo, gutxienez, campuseko batzarreko kideen laurden batek hartu ahal izango du.

2.– Erreforma ekimena gauzatzeko, idazki bat aurkeztu beharko zaio erregistro orokorraren bidez Arabako Campuseko errektoreordeari. Idazki horretan, adierazi beharko da nahitaez nortzuk diren campuseko batzarkide proposatzaileak eta arautegirako hautabidezko testua.

3.– Campuseko errektoreordeak batzarkide guztiei bidaliko die arautegiaren hautabidezko testua eta, gutxienez, hamabost eguneko epea irekiko da zuzenketa partzialak aurkezteko. Zuzenketa horiek erregistroaren bidez bidaliko zaizkio campuseko idazkariari. Zuzenketek lotura zuzena izan beharko dute hautabidezko testuaren edukiarekin, eta gehitu, ezabatu edo aldatzekoak izan daitezke.

28. artikulua.– Erreforma ekimenaren eztabaida.

1.– Proposamena aurkeztu eta, gehienera ere, hilabete biren epean, campuseko errektoreordeak biltzeko deia egingo dio campuseko batzarrari, proposatzen den aldaketaz erabakia hartzeko.

2.– Campuseko errektoreordeak edo, hala badagokio, erreforma ekimena sinatzen dutenetako batek aurkeztu eta defendatuko du arautegiaren hautabidezko testua, eta campuseko batzarrak bozkatuko du.

3.– Ondoren, zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira, ordezko testuaren artikuluetan sartzeko hurrenkerari jarraiki. Eztabaidan zehar, zuzenketa bakoitzerako proposatu ahal izango dira adostasunezko testuak eta/edo zuzenketa teknikoak edo estilozkoak, eta proposatzaileek kendu edo aldatu ahal izango dituzte.

4.– Gehiengo osoz onartutako zuzenketak gehituko zaizkio hautebidezko testuari.

5.– Zuzenketen eztabaida eta bozketa amaitu ondoren, testu alternatiboak –onartutako zuzenketak barne– aurrera egingo du campuseko batzarraren gehiengo osoaren aldeko botoa lortzen badu.

29. artikulua.– Arautegiaren aldaketa onartzea.

Campuseko batzarrak onartutako testu alternatiboa bidaliko zaie UPV/EHUren zerbitzu juridikoei, dagokion txosten juridikoa egin dezaten, campuseko batzarrak behin betiko onartu aurretik.

30. artikulua.– Aldaketa atzera botatzea.

Arautegia aldatzeko proiektu bat atzera botata, proposatzaileek ezin izango dute erreforma ekimen berri bat aurkeztu, gutxien dela, urtebeteko epean, aldatzeko azken ekimena atzera bota zeneko egunetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Arabako Campuseko Batzarraren orain arteko arautegia, 2017ko otsailaren 3ko EHAAn argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala