Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2023ko martxoaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1396

ERABAKIA, 2022ko abenduaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza ezartzeko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza ikasi ahal izateko plangintza ezartze aldera, errektoreordetza honetatik beharrezko erabakiak bultzatu dira 2023-2024 ikasturtean ikasketa horiek martxan jartzeko.

Hori dela eta, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak hala proposatuta, eta unibertsitateko Graduko Batzordeak aldeko txostena eman ondoren 2022ko abenduaren 1ean egindako bileran, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza eskuratzeari buruzko arautegia eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Erabaki hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Leioa, 2022ko abenduaren 15a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARAUTEGIA, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO (UPV/EHU) HEZKUNTZA, FILOSOFIA ETA ANTROPOLOGIA FAKULTATEKO HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO GRADU BIKOITZA ESKURATZEARI BURUZKOA

1. artikulua.– Helburua.

1.1.– Arautegi honen helburua da ikasketa programa bat zehaztea ikasleek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Gradu Bikoitzeko ikasketa planeko irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programazio horren kudeaketa Hezkuntza, Gipuzkoako Filosofia eta Antropologia Fakultateari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen laugarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

2.1.– Arautegi hau ezarriko zaie Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Gradu Bikoitzaren (aurrerantzean «gradu bikoitza») ikasketa programan Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak emango dituen ikasketei.

2.2.– Gradu bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Lehen Hezkuntzako Gradua eta Haur Hezkuntzako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.

2.3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademiko eta betearazlea.

3.1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Gradu Bikoitzeko zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio, eta batzordean ordezkaritza izango dute Gipuzkoako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko zuzendaritza taldeak eta Haur Hezkuntzako Graduak eta Lehen Hezkuntzako Gradukoak.

3.2.– Gradu Bikoitzeko Koordinatzaile bezala arituko da eta dagozkion lanak egingo ditu gradu bikoitzeko irakasleen artean hautatutako irakasle batek edo Dekanotzako kide batek, zentroak berak aukeratuta.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

4.1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako koordinatzaileak.

– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Gradu Bikoitzeko koordinatzailea.

– Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitzeko moduluetako koordinatzaileen artean aukeratutako bi kide.

– Gradu bikoitzeko ikasleen ordezkari bat.

– Gipuzkoako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko zuzendaritza taldeko ordezkari bat, dekanoak proposatua.

4.2.– Batzorde Akademikoko idazkaria izango da gradu bikoitzeko moduluetako koordinatzaileetako bat. Moduluko koordinatzaileak ohiko graduetan bezala aukeratuko dira, hau da: graduko irakasgaietako irakasleen artetik aukeratuko dira.

4.3.– Batzorde Akademikoko burua izango da Gipuzkoako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko zuzendaritzaren ordezkaria.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

5.1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoa gradu bikoitzaren zuzendaritzaz arduratuko da. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

– Gradu bikoitzaren koordinazio akademikoa.

– Gradu Amaierako Lanetarako proposamenak baliozkotzea, bai ikastegiko irakasleek egindakoak, bai erakunde lankideek egindakoak (halakorik balego).

– Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko Kalitate Batzordearekin koordinazioan.

5.2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta. Era berean, Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez hala eskatzen dutenean ere bilera egin ahal izango da.

5.3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, ikastegiko zuzendariak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

6.1.– Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

– Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

– Beste zeregin batzuk, Batzorde Akademikoak emandakoak edo UPV/EHUko arautegiek titulazioko koordinatzaileari esleitzen dizkiotenak.

7. artikulua.– Graduan sartzeko baldintzak eta irizpideak.

7.1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.

7.2.– Gradu bikotzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da bi graduetako gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena, kasu honetan Lehen Hezkuntzako Graduari eta Haur Hezkuntzako Graduari dagozkien gai espezifikoenak.

8. artikulua.– Matrikula eta tituluak.

8.1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Gipuzkoako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateari atxikita dago.

8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

8.3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.

8.4.– Gradu bikoitz honetako programazioa gainditu ondoren, titulua eskatzen duten ikasleek bi tituluen tasak ordaindu beharko dituzte: Haur Hezkuntzako Graduko tituluarena eta Lehen Hezkuntzako Graduko tituluarena.

9. artikulua.– Ebaluazioa.

9.1.– Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.

10. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.

10.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa programa arautegi honen I. eranskinean dago jasota.

10.2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 60 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.

10.3.– Hirugarren mailatik gora, ikasleak ikasketa programa honetako «n» mailako irakasgaietan matrikulatu ahal izango dira (n-2) mailako irakasgai guztiak gaindituta badituzte.

10.4.– Ikasturtea amaitzean, ikasleek ikasturte bakoitzeko kreditu guztien % 65 izan behar dituzte gaindituta gutxien dela. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zazpi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.

10.5.– Aurreko puntuko (10.4) baldintzaren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Lehen Hezkuntzako Graduan edo Haur Hezkuntzako Graduan jarraitu ahal izango dute ikasleek, beraiek aukeratutakoan. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko idazkaritzan. Ikasle horiek fakultateak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.

Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Haur Hezkuntzako Gradura edo Lehen Hezkuntzako Gradura pasatzeko.

10.6.– Lehen Hezkuntzako Graduko eta Haur Hezkuntzako Graduko tituluak lortzeko, kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

11. artikulua.– Arautegia onartzea.

11.1.– Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honetan jasotakoari jarraitu beharko diote, eta jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arautegi orokorrari.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari behar diren egokitzapenak egiteko arautegi honi.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ahalmena ematen zaio errektoreorde eskudunari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Arautegi hau 2023-2024 ikasturtean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala