Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2023ko martxoaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1395

22/2023 DEKRETUA, otsailaren 14koa, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent) sortu eta erakunde horretako lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Laugarren industria-iraultzaren hasiera eta eboluzioa eta eguneroko bizitzan horrek daukan eragina gizartearen kontzeptua aldatzen ari dira, hots, industria-eredu batetik neurri handi batean teknologian, konektagarritasunean eta digitalizazioan oinarritutako eredu batera igaro da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gizarte-eredu berri horren teknologia-funtsa bihurtu dira, izan ere, eredu horretan, gizarteak ezagutzaren transformazioa eskatzen du.

Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen helburua da ezagutzan oinarritutako gizarte honen erronkei aurre egitea eta lanbide-heziketako sistema bat bultzatzea, egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala aurre egingo diena. Izan ere, sistema horren bidez, zailtasun handiak dituzten inguruneetan pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duen eredua lortu nahi da.

Legeak lanbide-heziketako eredu konbinatua ezartzen du –zeinak testuinguru berri bat berekin baitakar–, heziketa integratuaren, berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren bidez. Izan ere, lege horren 3.2.c) artikuluan ezartzen denez, honako hauek izango dira, besteak beste, lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuak: berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetzarako gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.

Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, legean bertan ezarritako helburuak lortzeko, lanbide-heziketako eskumenak dituzten sailek beharrezkoak diren aholkularitzako organismo teknikoak izango dituzte, erregelamenduz ezartzen den mendekotasunarekin.

Bestalde, Lanbide Heziketaren VI. Euskal Planaren misioa da giza garapen jasangarri eta inklusibo baterantz aurrera egitea, pertsonen talentua bultzatuz, ingurune produktibo, teknologiko, digital eta adimentsuago batetik eratorritako erronkei erantzungo dieten ikaskuntza-eredu aurreratuak txertatuz eta EAEko Lanbide Heziketa pertsonei beren enplegagarritasuna hobetzen eta EAEko enpresei lehiakortasun handiago baterantz aurrera egiten lagunduko dien eraldaketa- eta berrikuntza-eragile gisa sendotuz, betiere kontuan izanik inor ezin dela atzean geratu, eta Basque Country 2030 Agendaren ildotik garapen jasangarria indartuz eta sustatuz.

Horretarako, beharrezkoa izango da ikaskuntza-kontzeptuetan eboluzionatzea, hau da, konpetentzian oinarritutako prestakuntza talentuan oinarritutako prestakuntza bilakatzea. Talentua, hain zuzen ere, ikaskuntzaren eremu desberdin bat da. Eremu horretan sartzen dira, besteak beste, pentsamendu eraikitzailea eta sormenezkoa, adimen sortzailea eta exekutiboa eta pertsonen balioak.

Testuinguru horretan, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent) ikaskuntza-metodologia batzuk ezarri behar ditu, lanbide-heziketa ikasten duten pertsonak ezagutzaren eta lan-antolakuntzaren eremuetan gertatuko diren aldaketei aurre egiteko gai izan daitezen. Halaber, bultzatu behar du profesionalek parte-hartze aktibo eta gogoetatsua izan dezaten gero eta konplexuagoak diren lan-testuinguruetan, eta ahalbidetu behar du zeharkako konpetentziak garatzea, adibidez, diziplina anitzeko taldeetan lan egitea, aldaketari arin egokitzea eta arazo konplexuak konpontzea. Era berean, sorkuntza sustatuko du, ziurgabetasun-testuinguruetan egoera berriei aurre egiteko, baita ekintzailetza ere.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eginkizunak eta jarduera-esparruak zehazten ditu, IV. tituluko III. kapituluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, berriz, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa arautzen ditu, II. tituluko I. kapituluan, eta, zehazki, lanpostuen zerrendetan zehaztu beharreko baldintzak arautzen ditu (haien oinarrizko printzipioak eta haiek prestatzeko bete beharreko prozedura).

Ildo horretatik, lege horren 5. artikuluak lanpostu-zerrenden gutxieneko edukia zein izango den xedatzen du: lanpostuaren izena; irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua; lanpostua betetzeko beharrezkoak diren baldintzak eta, horien artean, nahitaez, izendatutako hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data; lanpostu bakoitzari zein talde, kidego edo eskala edo lan-arloko kategoria dagokion; eta, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izanez gero, lanpostuari dagokion berariazko osagarria eta lanpostua betetzeko sistema.

2/1993 Legearen 4.l) artikuluak, berriz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.h) artikuluarekin bat –6/1989 Legeak Eusko Jaurlaritzari ematen dio lanpostu-zerrendak onartzeko eskumena–, hezkuntza-gaien eskumena duen sailari ematen dio irakasleen lanpostu-zerrendak proposatzeko ahalmena.

Lanpostu-zerrenda hau prestatzeko, otsailaren 13ko 25/2001 Dekretuaren bidez ezarritako irizpideei jarraitu zaie –25/2001 Dekretua, Ikerketarako eta Irakaskuntzaren Laguntza Zerbitzuetako (ISEI, Berritzegune eta IIHII) lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko berariazko araubidea finkatzen duena–.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainerako kontsulta-organo interesdunekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 14an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Institutua sortzea eta haren izaera zehaztea.

1.– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent) sortzen da, organismo tekniko gisa. Organismo horren helburu nagusia hau da: ikaskuntza-eredu metodologiko aurreratuen ikerketa aplikatua, garapena, inplementazioa eta transferentzia, lanbide-heziketako ikasleek talentua gara dezaten; izan ere, talentu hori eskatutako enplegagarritasun-betekizunetara egokitzen laguntzen duten konpetentzia profesional eta pertsonaletan adierazten da.

2.– Institutua lanbide-heziketako aholkularitza ematen duen organismo teknikoa da, eta, alde organikotik, hezkuntza-gaien eskumena duen sailaren barruan lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari adskribatuta dago; hau da, alde organiko eta funtzionaletik, haren mendean beteko ditu dekretu honek zehazten dituen eginkizunak.

2. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko (iTlent) lanpostuen zerrenda onartzen da, eta lanpostu horiek betetzeko baldintzak finkatzen dira, dekretu honen I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

3. artikulua.– Xedeak eta eginkizunak.

1.– Hauek dira Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) xedeak:

Ekintzara bideratutako adimen- eta pentsamendu-ereduak sustatzea: pentsamendu kritikoa, pentsamendu eraikitzailea, sormenezko pentsamendua, adimen emozionala, adimen sortzailea eta adimen exekutiboa, besteak beste.

Talentuaren mapa ezartzea lanbide-heziketan.

Egungo eta etorkizuneko ikaskuntza-metodologiak aztertu, ezarri eta hedatzea, sortuko diren berrizanei aurrea hartzeko.

Ikasteko baliabide berrien erabilera bultzatzea; alegia, ezarritako metodologiekin bat datozen baliabideak eta talentuaren garapena aldezten dutenak.

Lanbide-heziketako irakasleen eta ikasleen kultura ekintzailea sustatzea, lehentasuna emanez norberaren ekintzailetza bultzatzeari.

2.– Horretarako, Institutuak eginkizun hauek beteko ditu eremu funtzional hauetako bakoitzean:

a) Ikaskuntza-metodologien gaineko ikerketa aplikatuaren eremua.

1) Talentuaren testuingurua egituratu eta definitzea lanbide-heziketan.

2) Konpetentzian oinarritutako prestakuntzatik talentuan oinarritutako prestakuntzarako eboluzioa eta proiekzioa garatzea.

3) Pentsamendu- eta adimen-eredu desberdinak aztertzea, lanbide-heziketa ikasten duten pertsonen konpetentzia hobetzeko eta talentua sustatzeko.

4) Erreferentziak sortzea, eta lanbide-heziketarako ikaskuntza-esparru berriak bultzatzea.

5) Une bakoitzean ikaskuntza-prozesuak errazteko tresna berriak gehitzea, lanbide-heziketa ikasten duten pertsonen prestakuntza hobetzeko.

b) Ikaskuntza aurreratuak ezartzeko eremua.

1) 4.0 balioak sustatu eta indartzen dituzten ikaskuntza-prozesuak garatzea, lanbide-heziketa ikasten duten pertsonak laugarren industria-iraultzaren transformazioetara egokitu ahal izateko.

2) Lanbide-heziketan parte hartzen duten pertsonen, zentroen eta organismoen lankidetza sustatzea, ikaskuntzetan metodologia-aldaketak bultzatzeko –hots, konpetentzian oinarritutako prestakuntzatik talentuan oinarritutako prestakuntzarako bidea errazteko–.

3) Ikaskuntzako metodologia aktiboetan oinarritutako heziketa-zikloak ezartzeko prozesu aurreratuak zaindu, orientatu, aholkatu eta ebaluatzea.

4) Ebaluazio-eredu jakin batzuk bultzatzea, ikasleek heziketa-ziklo osoan izandako eboluzioa lehenetsiko dutenak, proba espezifikoen kalifikazioaren gainetik.

5) STEAM kultura aldeztu, bultzatu eta indartzea Euskadiko lanbide-heziketan.

6) Kultura ekintzailea sustatzen duten ekintzak garatu eta inplementatzea.

c) Transferentzia-eremua eta lankidetza-sareak.

1) Adimen sortzailea eta adimen exekutiboa abian jar daitezen bultzatzea.

2) Ekintza batzuk sustatzea, pentsamendu kritikoa, pentsamendu eraikitzailea eta sormenezko pentsamendua bultzatu eta indartzeko.

3) Irakasleen prestakuntza indartzea, talentuaren eremu desberdinetan.

4) Institutuaren funtzioekin lotutako eremuetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 21. artikulua), gainerako organismo teknikoekin eta aholkularitzakoekin lankidetzan aritzea, lanbide-heziketaren gaiaren inguruan.

5) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.

4. artikulua.– Plan estrategikoa eta urteko plana.

1.– Plan estrategikoa urte anitzekoa izango da, eta, gutxienez, alderdi hauek bilduko ditu:

Institutuari esleitutako funtzioak betetzeko, planaren epealdian garatuko diren helburuak.

Helburu bakoitzari dagokion eginkizuna.

Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

Helburuak betetzeko kronograma.

Betetze-mailaren adierazleak.

2.– Urteko plana da, ekitaldi ekonomiko bakoitzari dagokionez, plan estrategikoaren betearazpena garatzen duen dokumentua.

3.– Plan estrategikoa eta urteko plana hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzaren titularrak onartuko ditu.

5. artikulua.– Antolaketa-egitura.

Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent), berez dagozkion funtzioak betetze aldera, zuzendari exekutiboak (bera izango da burua) eta Kudeaketa Integratuaren arloko zuzendariak osatutako zuzendaritza-taldea izango du, zeinak koordinatuko baititu, batetik, Institutuko eremu funtzionalak eta, bestetik, Institutuaren proiektuak eta jarduerak behar bezala garatzeko euskarri-prozesuak.

6. artikulua.– Zuzendari exekutiboa.

1.– Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan irakaskuntza-atribuzioa duen Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidego bateko karrerako funtzionario bat arduratuko da Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) zuzendaritzaz, eta funtzio hauek izango ditu:

Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) antolamendua, funtzionamendua eta jarduna kudeatzea.

Gastuen urteko aurrekontua proposatzea eta gastuak onartzea.

Institutuko eremu funtzionalak gainbegiratzea eta koordinatzea.

Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari kudeaketa-kontuak bidaltzea, kontu horiek kontsolidatzeko eta aurrekontu-ekitaldia ixteko eta likidatzeko kontabilitate-betekizunak modu zentralizatuan betetzeko, ogasun- eta finantza-arloan eskuduna den sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera, aldizkakotasun honekin:

– Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari hasierako aurrekontua bidaltzea, onar dezan. Aurrekontu hori aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran bidali beharko dio, behar bezala beteta.

– Sei hilean behin eta, edonola ere, abenduaren 31ko dataz, kudeaketa-kontuak egitea, lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordeak onar ditzan.

Plan estrategikoaren eta urteko planaren zirriborroak lantzea, Kudeaketa Integratuaren arloko zuzendariarekin lankidetzan, lanbide-heziketako eskumenak dituen sailburuordeak onar ditzan.

Plan estrategikoa eta urteko plana ebaluatzea, Kudeaketa Integratuaren arloko zuzendariarekin lankidetzan, eta ebaluazio-txostena aurkeztea lanbide-heziketako eskumenak dituen sailburuordetzaren titularrari.

Talentuaren Euskal Institutuak gauzatutako ekintzei buruzko txostenak aurkeztea Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta Lanbide Heziketaren Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten gainerako organismoei.

Talentuaren Euskal Institutuaren urteko planari buruzko nahitaezko txostenak egitea, baita hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak eskatzen dizkion txostenak ere.

Talentuaren Euskal Institutuaren ordezkari modura jardutea izaera bereko beste organismo batzuekiko harremanetan eta trukeetan –organismo horiek Estatukoak, Europar Batasunekoak nahiz beste herrialde batekoak izan–, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta prozedura operatiboak erkatu, ezagutarazi eta hobetzeko.

Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent) egingo dituen argitalpen, publizitate-kanpaina eta bestelako esku-hartzeen betearazpena eta garapena gainbegiratzea.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion ekintzak inplementatzea, baldin eta Institutuaren eremu funtzionalari badagozkio eta Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa garatzekoak badira.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak eskatzen dizkion gainerako ekintzak egitea.

2.– Dekretu honen 9. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratzen den pertsona izendatuko da zuzendari exekutibo.

7. artikulua.– Kudeaketa Integratuaren Arloa.

1.– Eginkizun hauek izango ditu Kudeaketa Integratuaren Arloak:

Talentuaren Euskal Institutuari adskribatutako giza baliabideak eta baliabide materialak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko beharrezkoak diren prozesuak definitzea, koordinatzea eta, hala badagokio, betearaztea.

Funtzionamendu-kanalak eta -dinamikak ezartzea, Talentuaren Euskal Institutuaren proiektuak eta jarduerak garatzen dituzten pertsonen arteko komunikazioa eta ezagutzaren kudeaketa bermatzeko.

Institutuan lantzen diren eremu funtzionaletako ekintzak eta eremuok osatzen dituzten taldeak koordinatzea.

Ikaskuntza-prozesuekin lotutako prestakuntza-, pilotaje- eta transferentzia-ekintzen aintzatespena kudeatzea.

Nazioarteko proiektuetako partaidetza sustatzea eta dinamizatzea, proiektuok Institutuaren helburuei balioa dakarkien heinean, arreta berezia eskainita Europako proiektuei.

Beste xedapen arauemaile batzuen bidez esleitutako edo lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agindutako gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2.– Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan irakaskuntza-atribuzioa duen Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidego bateko funtzionario bat izango da arloko zuzendaria, eta eginkizun hauek izango ditu:

Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea eta kudeatzea.

Arloari adskribatuta dauden pertsonen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzea, berez dagozkien proiektuak eta jarduerak betetze aldera.

Institutuak beste ente eta erakunde batzuekin dituen proiektu eta jardueretan laguntzea.

Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

Lankidetzan aritzea plan estrategikoaren eta urteko planaren betearazpenari buruzko nahitaezko txostenak eta Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion gainerako nahitaezko txostenak prestatzeko.

Bere kudeaketa-arloan egindako esku-hartzeen urteko memoria idaztea.

Institutuan sortutako dokumentazioa artxibatzeaz eta zaintzeaz arduratzea.

8. artikulua.– Aurrekontua eta kontratazioa.

1.– Hezkuntza-arloaren eskumena duen sailak Institutuari esleitu zaizkion funtzioak betetzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa kontsignatuko du urtero bere aurrekontuan.

2.– Zentroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboa izango da kontratazio-organoa, betiere kontratuak txikiak badira, administrazio publikoetako kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Era berean, zuzendari exekutiboak izango du dagokion gastua baimentzeko eskumena.

Obra-kontratuei dagokienez, lehenbailehen egikaritu behar diren konponketa errazeko obrak edo kontserbazio- eta mantentze-obrak egiteko kontratuak izan beharko dira, profesional eskudunak egindako proiektu teknikorik behar ez dutenak.

Gainerako kontratuak egiteko, eskaera aurkeztu beharko dio hezkuntza-arloan eskumena duen saileko kontratazio-organoari, hura baita eskuduna halako kontratazio-espedienteak ireki eta bideratzeko, sailen egiturari buruzko dekretuaren arabera.

3.– Kudeaketa zentralizatuko zerbitzu eta horniduren kontratazioa ez da zuzendari exekutiboaren eskumena.

9. artikulua.– Institutuko langileak eta ITlent-en Balorazio Batzorde Iraunkorra.

1.– Institutuko langileak hautatzeko eta haiek behin-behinean edo behin betiko adskribatzeko, otsailaren 19ko 2/1993 Legeak ikerketarako eta irakaskuntzaren laguntza zerbitzuetako langileei buruz 33. artikuluan xedatzen duena beteko da (2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzkoa).

2.– Balorazio Batzorde Iraunkorra sortzen da, organo eskudunari lankidetza eta aholkularitza emateko, eginkizun hauei dagokienez: aurrez azaldu diren jarduketak egiteko; merezimenduak eta, hala badagokio, proba praktikoak, memoriak edo elkarrizketa pertsonalak baloratzeko, Institutuko lanpostuak betetze aldera; eta, behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeari begira, egindako lana baloratzeko.

3.– ITlent-en Balorazio Batzorde Iraunkorra kide anitzeko organoa da, eta lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari adskribatuta dago. Aurreko apartatuan azaldu diren helburuak eta funtzioak beteko ditu, eta kide hauek osatuko dute: lehendakari bat, lehendakariorde bat, bokal bat eta idazkari bat (azken horrek hitza izango du, baina botorik ez).

Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, espezialitate-printzipioaren arabera. Hauek dira Balorazio Batzorde Iraunkorreko kide izateko baldintzak: Institutuan adskripzio mugagabea izatea, karrerako funtzionario izatea eta aktiboan egotea parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa izatea beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Institutuan adskripzio mugagabea izanik aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen behar adina pertsonarik ez badago Balorazio Batzorde Iraunkorreko kargu guztiak betetzeko, aukera egongo da lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzako laguntza-organismoetan adskripzio mugagabea dutenak izendatzeko, baldin eta karrerako funtzionarioak badira eta aktiboan badaude parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa badute beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Balorazio Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzean, ordezkoak ere izendatuko dira, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horietarako, lau kide edo gutxiagoko organoetan, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek ordezkaritza izatea.

4.– Batzordeko kideak esku hartzetik abstenituko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude, eta horren berri emango diote hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari, abstentzioaren arrazoiak adieraziz eta horiek agiri bidez justifikatuz.

Horrez gainera, interesdunek errekusatu egin ditzakete urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden batzordekideak, eta, horretarako, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzara jo beharko dute. Ondorio horietarako, Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Batzordekideak izendatu dituen organoak abstentzioa edo errekusazioa onartuz gero, ordezkoak jardungo du.

5.– Batzordeak honela jardungo du, lanpostuak betetzeko prozedurak edo behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeko prozedurak baloratzeko funtzioak bete behar dituenean: hezkuntzaren arloko sail eskudunaren titularrak agindu baten bidez araututako irizpideen eta prozeduraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluan eta artikulu honetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu horretan zehaztuko da zer balorazio-erreferente erabiliko diren eta zer irizpide objektibo kontuan hartuko diren behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana baloratzeko; balorazio-erreferenteak Institutuaren jarduera planifikatzeko eta antolatzeko tresnei lotuta egongo dira nahitaez.

Behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana urtean behin balora daiteke, aipaturiko erreferenteak eta irizpideak erabiliz, eta balorazio hori aintzat hartuko da hiru urtean behingo eta sei urtean behingo balorazioetan.

Urteko balorazio hori borondatezkoa izango da balorazioaren xede diren langileentzat, eta ez du berez ondorio kaltegarririk izango haientzat, harik eta aldi baterako adskripzioa berritzeko hiru urteko epea eta behin betiko adskripziorako sei urteko epea igaro arte.

10. artikulua.– Ondarea.

Institutuak erabilgarri izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarearen zati izanik, hezkuntza-arloko sail eskudunari adskribatuta dauden eta hark Institutuaren eskura jartzen dituen ondasunak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorrita, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent) laguntza emateko langileak izan ahal izango ditu zailtasun berezia duten proiektuak edo kualifikazio berezia eskatzen dutenak garatzeko, betiere proiektuek lotura badute lege horretan jasotzen den lanbide-heziketako eredu konbinatuaren atalen batekin. Langile horiek zerbitzu-eginkizunetan jardungo dute, dagozkien eginkizunak aurrera eramateko, lanpostua betetzeko berariaz egingo den deialdiaren bidez. Horretarako, aurrekontu-kontsignazioak egon beharko dira onartuta dagokion aurrekontu-legean.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorrita, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent) lanbide-heziketako ikastetxe integratuen autonomia-erregimena izango du, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duen irailaren 8ko 168/2015 Dekretuaren bidez argitaratutako lanpostuen zerrendako plazen eta egungo aldaketatik eratorrien arteko baliokidetasuna dekretu honen II. eranskinean ezartzen da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Desagertutako Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuaren (IDEATK) baliabide materialak eta pertsonak Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutura (iTlent) adskribatuta geratzen dira.

Pertsonak adskribatuko dira desagertutako zentroan zituzten harreman juridiko eta baldintza berberei eutsiz.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun beteta dagoen lanposturen bat ez bada baliokidea Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) lanpostuen zerrenda berrian argitaratutako lanpostuekin, behin betiko destinoa dutela lanpostu horiek betetzen dituzten langileak mugiarazi (edo zerrendatik ezabatu) egingo dira, eta beren jatorrizko kidegoko lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartuko dute izaera horrekin, aplikatu beharreko araudiak xedatzen duen moduan; lanpostu horiek zerbitzu-eginkizunetan izendatuta betetzen dituzten langileen kasuan, zerbitzu-eginkizuna amaitu egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen da irailaren 8ko 168/2015 Dekretua, Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Indarrean dagoen legezko araudian Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuari (IDEATK) egindako aipamenak, 3. artikuluan jasotzen diren funtzioekin lotura badute, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuari (iTlent) egindakotzat ulertuko dira.

2.– Zehazki, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 2.d.j artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuari (IDEATK) egindako aipamenak Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuari (iTlent) egindakotzat ulertuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Aldatu egiten da maiatzaren 17ko 62/2022 Dekretua, zeinaren bidez Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI) sortu eta erakunde horretako lanpostuen zerrenda onartzen baita.

Aldatu egiten da maiatzaren 17ko 62/2022 Dekretuaren 11. artikulua –62/2022 Dekretua, zeinaren bidez Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI) sortu eta erakunde horretako lanpostuen zerrenda onartzen baita–, eta artikulu horren izenburua eta testua honela geratzen dira idatzita:

«11. artikulua.– Institutuko langileak eta EIEIren Balorazio Batzorde Iraunkorra.

1.– Institutuko langileak hautatzeko eta haiek behin-behinean edo behin betiko adskribatzeko, otsailaren 19ko 2/1993 Legeak ikerketarako eta irakaskuntzaren laguntza zerbitzuetako langileei buruz 33. artikuluan xedatzen duena beteko da (2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzkoa).

2.– Balorazio Batzorde Iraunkorra sortzen da, organo eskudunari lankidetza eta aholkularitza emateko, eginkizun hauei dagokienez: aurrez azaldu diren jarduketak egiteko; merezimenduak eta, hala badagokio, proba praktikoak, memoriak edo elkarrizketa pertsonalak baloratzeko, Institutuko lanpostuak betetze aldera; eta, behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeari begira, egindako lana baloratzeko.

3.– EIEIren Balorazio Batzorde Iraunkorra kide anitzeko organoa da, eta lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari adskribatuta dago. Aurreko apartatuan azaldu diren helburuak eta funtzioak beteko ditu, eta kide hauek osatuko dute: lehendakari bat, lehendakariorde bat, bokal bat eta idazkari bat (azken horrek hitza izango du, baina botorik ez).

Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, espezialitate-printzipioaren arabera. Hauek dira Balorazio Batzorde Iraunkorreko kide izateko baldintzak: Institutuan adskripzio mugagabea izatea, karrerako funtzionario izatea eta aktiboan egotea parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa izatea beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Institutuan adskripzio mugagabea izanik aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen behar adina pertsonarik ez badago Balorazio Batzorde Iraunkorreko kargu guztiak betetzeko, aukera egongo da lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzako laguntza-organismoetan adskripzio mugagabea dutenak izendatzeko, baldin eta karrerako funtzionarioak badira eta aktiboan badaude parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa badute beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Balorazio Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzean, ordezkoak ere izendatuko dira, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horietarako, lau kide edo gutxiagoko organoetan, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek ordezkaritza izatea.

4.– Batzordeko kideak esku hartzetik abstenituko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude, eta horren berri emango diote hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari, abstentzioaren arrazoiak adieraziz eta horiek agiri bidez justifikatuz.

Horrez gainera, interesdunek errekusatu egin ditzakete urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden batzordekideak, eta, horretarako, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzara jo beharko dute. Ondorio horietarako, Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Batzordekideak izendatu dituen organoak abstentzioa edo errekusazioa onartuz gero, ordezkoak jardungo du.

5.– Batzordeak honela jardungo du, lanpostuak betetzeko prozedurak edo behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeko prozedurak baloratzeko funtzioak bete behar dituenean: hezkuntzaren arloko sail eskudunaren titularrak agindu baten bidez araututako irizpideen eta prozeduraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluan eta artikulu honetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu horretan zehaztuko da zer balorazio-erreferente erabiliko diren eta zer irizpide objektibo kontuan hartuko diren behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana baloratzeko; balorazio-erreferenteak Institutuaren jarduera planifikatzeko eta antolatzeko tresnei lotuta egongo dira nahitaez.

Behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana urtean behin balora daiteke, aipaturiko erreferenteak eta irizpideak erabiliz, eta balorazio hori aintzat hartuko da hiru urtean behingo eta sei urtean behingo balorazioetan.

Urteko balorazio hori borondatezkoa izango da balorazioaren xede diren langileentzat, eta ez du berez ondorio kaltegarririk izango haientzat, harik eta aldi baterako adskripzioa berritzeko hiru urteko epea eta behin betiko adskripziorako sei urteko epea igaro arte».

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Aldatu egiten da martxoaren 3ko 34/2020 Dekretua, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) arautzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Aldatu egiten da martxoaren 3ko 34/2020 Dekretuaren 14. artikulua –Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) arautzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena–, eta artikulu horren izenburua eta testua honela geratzen dira idatzita:

«14. artikulua.– Zentroko langileak eta Tknikaren Balorazio Batzorde Iraunkorra.

1.– Zentroko langileak hautatzeko eta haiek behin-behinean edo behin betiko adskribatzeko, otsailaren 19ko 2/1993 Legeak ikerketarako eta irakaskuntzaren laguntza zerbitzuetako langileei buruz 33. artikuluan xedatzen duena beteko da (2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzkoa).

2.– Balorazio Batzorde Iraunkorra sortzen da, organo eskudunari lankidetza eta aholkularitza emateko, eginkizun hauei dagokienez: aurrez azaldu diren jarduketak egiteko; merezimenduak eta, hala badagokio, proba praktikoak, memoriak edo elkarrizketa pertsonalak baloratzeko, Zentroko lanpostuak betetze aldera; eta, behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeari begira, egindako lana baloratzeko.

3.– Tknikaren Balorazio Batzorde Iraunkorra kide anitzeko organoa da, eta lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari adskribatuta dago. Aurreko apartatuan azaldu diren helburuak eta funtzioak beteko ditu, eta kide hauek osatuko dute: lehendakari bat, lehendakariorde bat, bokal bat eta idazkari bat (azken horrek hitza izango du, baina botorik ez).

Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, espezialitate-printzipioaren arabera. Hauek dira Balorazio Batzorde Iraunkorreko kide izateko baldintzak: Zentroan adskripzio mugagabea izatea, karrerako funtzionario izatea eta aktiboan egotea parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa izatea beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Zentroan adskripzio mugagabea izanik aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen behar adina pertsonarik ez badago Balorazio Batzorde Iraunkorreko kargu guztiak betetzeko, aukera egongo da lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzako laguntza-organismoetan adskripzio mugagabea dutenak izendatzeko, baldin eta karrerako funtzionarioak badira eta aktiboan badaude parte hartuko duten hautaketa-prozeduraren edo lan-balorazioaren xede diren pertsonei eskatu zaien sarbideko titulazio bereko edo goragoko irakasleen kidego batean, eta esperientzia praktikoa badute beteko diren edo bete diren funtzioetan.

Balorazio Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzean, ordezkoak ere izendatuko dira, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horietarako, lau kide edo gutxiagoko organoetan, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek ordezkaritza izatea.

4.– Batzordeko kideak esku hartzetik abstenituko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude, eta horren berri emango diote hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari, abstentzioaren arrazoiak adieraziz eta horiek agiri bidez justifikatuz.

Horrez gainera, interesdunek errekusatu egin ditzakete urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden batzordekideak, eta, horretarako, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzara jo beharko dute. Ondorio horietarako, Balorazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten pertsonen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Batzordekideak izendatu dituen organoak abstentzioa edo errekusazioa onartuz gero, ordezkoak jardungo du.

5.– Batzordeak honela jardungo du, lanpostuak betetzeko prozedurak edo behin-behineko adskripzioa berritu eta adskripzio mugagabea lortzeko prozedurak baloratzeko funtzioak bete behar dituenean: hezkuntzaren arloko sail eskudunaren titularrak agindu baten bidez araututako irizpideen eta prozeduraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluan eta artikulu honetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu horretan zehaztuko da zer balorazio-erreferente erabiliko diren eta zer irizpide objektibo kontuan hartuko diren behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana baloratzeko; balorazio-erreferenteak Institutuaren jarduera planifikatzeko eta antolatzeko tresnei lotuta egongo dira nahitaez.

Behin-behineko adskripzioa dutenek egindako lana urtean behin balora daiteke, aipaturiko erreferenteak eta irizpideak erabiliz, eta balorazio hori aintzat hartuko da hiru urtean behingo eta sei urtean behingo balorazioetan.

Urteko balorazio hori borondatezkoa izango da balorazioaren xede diren langileentzat, eta ez du berez ondorio kaltegarririk izango haientzat, harik eta aldi baterako adskripzioa berritzeko hiru urteko epea eta behin betiko adskripziorako sei urteko epea igaro arte».

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala