Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2023ko martxoaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1316

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 22koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez berriz ere ontzat ematen da «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua».

Aprobatu beharreko eraikuntza-proiektuan definitutako obrak Gipuzkoako probintzian kokatzen dira, Donostiako udal-mugartean, eta, zehazkiago, Easo plazaren inguruetan.

Proiektu hau Donostialdeko metroa, zehazki Mirakontxa-Easo bide-tartea, eraikitzeko proiektuaren informazio publikoaren prozesuan jasotako alegazioetako bati erantzuteko sortu da. Donostiako Udalak aurkeztutako alegazioak agerian uzten zuen Aiete auzoa ez zegoela konektatuta aipatutako proiektuan definitutako trenbide-azpiegitura berriarekin.

Proiektu honetan planteatu beharreko soluzioa azpiegitura osagarri bat izango litzateke, Aieteko bizilagunei metro-zerbitzua «hurbiltzea» ahalbidetuko lukeena, Easo geltokiaren bitartez, zehazki, Amara geltokiko trenbide-zabaltzaren mendebaldean azaleratzen den kanoiaren bitartez.

Donostialdeko metroaren proiektuan diseinatutako kanoiak gainazalerako irteera bikoitza aurreikusten du Autonomia eta Osasuniturri kaleetan. Alabaina, Aieteko bizilagunak azpiegitura berritik urrun samar geratzen dira. Proiektu honek arazoari konponbidea ematen dio igogailu baten bidez. Igogailu horrek Osasuniturri kalera irteten den kanoira ematen du, eta bat egiten du mendi-mazela berean kokatutako San Roke kalearekin. Bien artean ia 30 metroko kota-aldea dago.

Aiete auzotik metro-zerbitzurako sarbide-denbora nabarmen murriztea ahalbidetuko duten bitarteko mekanikoen bidezko konexioa proposatzen da. Osasuniturri kaleko igogailuaren (Donostialdeko metroaren proiektuan sartua) eta handik hurbilen dagoen San Roke kaleko bihurgunearen arteko oinplanoko distantzia 70 metrokoa da ozta-ozta. Alabaina, Donostiako kaleetan zehar bi puntuen arteko ibilbidea oinez egiteko 250 metro igo beharra dago, eta, tarte batzuetan eskailera mekanikoak izan arren, bi puntuak mekanikoki konektatuko balira nabarmen murritz litekeen denbora behar da horretarako.

Alternatiben azterketan egindako analisiaren ondoren, eraikuntza-proiektuan Easo geltokiaren eta San Roke kalearen arteko konexio-soluzioa garatzearen aldeko hautua egin da, Osasuniturri kalean bitarteko geraleku bat sartuta, pasabide baten bidez San Roke kalearekin konektatzen den igogailu bakar bat eraikita.

Azpiegitura berria erabilgarria izango da bai metroaren erabiltzaileentzat bai Autonomia kaletik San Roke kalera edo alderantziz joan nahi duten inguruko bizilagunentzat.

Aurreikusitako igogailua gehienez ere 21 pertsona hartzeko edukierarekin planteatzen da, eta pasabidearen ardatzaren arabera orientatutako 180 graduko sarbideekin.

Metroaren erabiltzaileen ibilbidea zuzenekoa da Osasuniturri kaletik zein San Roke kaletik. Kontu eginda oinezkoaren ibilera-abiadura 1,4 m/s (5km/h) dela eta igogailuaren abiadura 1,60 m/s (instalazioen proiektuak adierazten duenaren arabera), San Roke kaletik metroaren kanoirainoko ibilbidea egiteko denbora zenbatetsia 73 segundokoa da.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua milioi bat zortziehun eta hogeita hamabost mila seiehun euro eta zazpi zentimokoa (1.835.600,07) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bi milioi seiehun eta berrogeita hiru mila eta laurogei euro eta berrogeita hamalau zentimokoa (2.643.080,54) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi berrehun eta lau mila hirurehun eta hirurogeita lau euro eta zortzi zentimo (2.204.364,08 ) BEZik gabe.

Obrak egiteko hamar (10) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

«Easoko geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua» Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2022ko azaroaren 22ko Ebazpenaren bidez onartu zen.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen «Easoko geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua»-k erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko otsailaren 8an.

Gerora, eraikuntza-proiektuaren aurrekontua zuzentzeko beharra ikusi da, eta, beraz, aurrekontu berri bat idatzi da horretarako, eta «Easoko geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua» onartu da berriro, ebazpen honen bidez.

Proiektu berri honetan sartutako aldaketak proiektuaren aurrekontuari buruzkoak baino ez dira, eta, beraz, 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez jendaurrean jarritako Eraginpeko Ondasun eta Eskubideen Zerrendari ez zaiola eragiten, ezta aldatzen ere.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Easo geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua» berriz ere onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, bi milioi seiehun eta berrogeita hiru mila eta laurogei euro eta berrogeita hamalau zentimokoa (2.643.080,54) da, eta obrak egiteko epea hamar (10) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 22an.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala