44. zk., 2023ko martxoaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (315 KB - 25 orri.)
- EPUB (151 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1173
AGINDUA, 2023ko otsailaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita arte eszenikoak sustatzeko programetarako 2023ko ekitaldian dirulaguntzak emateko araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza horren ustez, egokia da arte eszenikoen esparruan prestakuntza-, sustapen- edo erakustaldi-jarduera profesionalak sustatzea ahalbidetuko duen bide bat ezartzea, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, eta, horretarako, dirulaguntzak eman daitezke arte eszenikoen sustapenean biltzen diren prozesuetarako.
Arte eszenikoetako profesionalen prestakuntza sustatuz, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza erraztuko duen bide bat ezarriz eta dantza-ikuskizunen eta kaleko arteen erakustaldia bultzatuz, sektorearen profesionalizazioan aurrera egin nahi da, eta kalitatezko kultura-eskaintza irisgarria ziurtatu herritar guztientzat.
Era berean, Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2021-2024 aldirako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zuen plan hori 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratu zen.
Hori dela eta, honako hau.
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) sustatzeko 2023ko ekitaldian egiten diren prestakuntza-, sustapen- edo erakustaldi-programa eta -jardueretarako dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak deialdi honetan jasotako modalitate bakoitzari dagozkion kapituluetan zehaztutakoak izango dira.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 825.000 euro erabiliko dira.
2.– Zenbateko oso hori honela banatuko da deialdiko lau laguntza-modalitateen artean:
a) Prestakuntzarako laguntzen modalitate bat:
– 160.000 euro arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako.
b) Sustapenerako laguntzen modalitate bat:
– 160.000 euro arte eszenikoak sustatzeko proiektuetarako.
c) Erakustaldirako laguntzen bi modalitate:
– 255.000 euro arte eszenikoen kaleko erakustaldietarako programak garatzeko.
– 250.000 euro SAREA dantza-zirkuitua garatzeko.
3.– Hargatik eragotzi gabe modalitate bakoitzean adierazitako zenbatekoak, eskabiderik aurkeztu ez delako, ezarritako betekizunak bete ez direlako edo aurkeztu diren eskabideen kalitatea behar bestekoa ez delako modalitateetako batean ezarrita dagoen zenbatekoa agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak edo, hala badagokio, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, arrazoituta, beste modalitate batean ezarritako zenbatekoa handitzea proposatuko dio Kulturako sailburuordeari, betiere modalitate hartzailea ebatzi gabe badago oraindik. Horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira: atal berean dagoen modalitateak izango du lehentasuna, artikulu honen 2. puntuan egindako sailkapenaren arabera. Dirua ezin bada modalitate batetik bestera eraman, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko osoaren eta hasierako zenbatekoaren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da proposatutako igoera onartu dela.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.
1.– Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, artikulu honetan ezarritako betekizunak betetzeaz gain, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten direnak ere betetzen dituztenek.
2.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Betekizun hori nahitaezkoa izango da pertsona edo erakunde onuradun izateko, eta, beraz, dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da betekizuna betetzen den.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera. Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango dio, eta, hala eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden agiriak edo beste edozein administraziok egindakoak ez ekartzeko; horrela, Administrazioak agiri horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu.
3.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak:
a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratibo edo penalen bat edo dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren bat duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, sexuaren bereizkeriaren ondoriozko debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean xedatutakoarekin.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden pertsona eta erakundeek.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:
– Aurrez aurre, leku hauetan aurkeztuko dira eskabideak: Zuzenean Zerbitzuan, hitzordua aldez aurretik eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean); EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta bulegoetan.
– Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.
Eskabidea eta agiriak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, arestian aipatutako helbide elektronikora sartuta.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan daude eskuragarri:
– Arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033315
– Arte eszenikoak sustatzeko proiektuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033316
– Arte eszenikoen kaleko erakustaldietarako programak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033317
– SAREA dantza-zirkuitua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033318
Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
5.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
9.– Eskabidearekin batera, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten diren agiriak ere aurkeztu beharko dira.
10.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek aukera dute proiektu bat baino gehiago aurkezteko laguntza-modalitate bakoitzean, baina proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza eskatzaile eta laguntza-modalitate bakoitzeko Horrelakoetan, balorazio onena lortzen duenari emango zaio, eta ezetsi egingo dira eskatzaile horrek egin dituen gainerako eskabideak.
5. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen), eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.
– Eskabidean eta agirietan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du pertsona edo erakunde eskatzaileak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzea, bai eta erakustaldietarako bi laguntza-modalitateetan ebazpen-proposamena egitea ere.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek eskabidea elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko diote interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
8. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko, erakustaldietarako laguntza-modalitateetan izan ezik. Hona kideak:
a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.
b) Batzordekideak: Arte eszenikoekin lotutako profesionalen eta agindu honen xede den arloan aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da Balorazio Batzordeko idazkaria, Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatuta. Besteak beste, idazkariari dagokio Balorazio Batzordearen jardueren legezkotasun formala eta materiala zaintzea. Ez da Balorazio Batzordeko kide izango, eta hitza izango du, baina botorik ez.
3.– Balorazio-batzorde bakoitzaren osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, batzordea eratu aurretik, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, interesdunek errekusaziorako eskubidea baliatu ahal izan dezaten, legez ezarritako kasu eta baldintzetan.
4.– Balorazio-batzordeak eratzen direnean, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 3.9 artikuluan ezarritakoa beteko da.
5.– Batzorde horiek, modalitate bakoitzean ezarritako adjudikazio-irizpideetan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena helaraziko diote Kulturako sailburuordeari, eta bertan adieraziko dute zer dirulaguntza ematea proposatzen den, eta adieraziko dute zer pertsona edo erakunde proposatzen diren onuradun izateko, zer puntuazio lortu den balorazio-fasean, zer jarduera egiteko proposatzen den dirulaguntza ematea eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, baita ezetsitako eskabide guztiak eta horiek ezetsi izanaren arrazoiak ere.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeek laguntza-modalitate bakoitzari buruz egindako proposamena ikusita (erakustaldietarako laguntza-modalitateen kasuan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egindako proposamena), deialdi honetan modalitate bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenak emango ditu Kulturako sailburuordeak.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Aipatutako jakinarazpenak egiteaz gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi honen agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere horren ondorioz ez badira gainditzen agindu honetan aurreikusitako mugak eta diruz lagundutako jardueraren bat gainfinantzatuta gertatzen ez bada. Mugak gainditu edo gainfinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da emandako dirulaguntza.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu eta helburu berberarentzat edo proiektu edo helburu horren zati batentzat emandako edozein dirulaguntzarekin, izan dirulaguntza izenduna edo izan musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte edo liburu eta literatura arloetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein dirulaguntza.
11. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztu den baldintzetan gauzatzea.
c) Estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak eskuratu badira, eta jasotako laguntza horrek helburu bera badu, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
d) Dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.
f) Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte pertsona edo erakunde onuradunek.
12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:
a) Dirulaguntzaren % 75 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.
b) Gainerako % 25a, betiere 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eta behar bezala justifikatu ondoren diruz lagundutako jarduera osoa, 13. artikuluan eta modalitate bakoitzari dagokion artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin bat etorriz.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Hala badagokio, onuradunak eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.
3.– Pertsona edo erakunde onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ hirugarrenak.
13. artikulua.– Justifikazioa: modua eta tokia.
1.– Dirulaguntza hauen onuradun diren pertsona edo erakundeek, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta betiere 2024ko martxoaren 31 baino lehen, modalitate bakoitzari dagozkion agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:
– Aurrez aurre, leku hauetan aurkeztu ahal izango dira justifikazioak: Zuzenean Zerbitzuan, hitzordua aldez aurretik eskatuta, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidearen bidez, edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta bulegoetan.
– Justifikazioak, halaber, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira, gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, arestian aipatutako helbide elektronikora sartuta.
4.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 4.4 artikuluan zehaztutako helbidean.
14. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).
II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETAKO PROFESIONALEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZA
16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako 2023ko ekitaldian egiten diren jarduerak laguntzeko dira.
2.– Hauek dira modalitate honetan jasotzen diren jarduera zehatzak:
a) Etengabeko prestakuntzako ikastaro edo tailerrak.
b) Berariazko prestakuntzako ikastaro edo tailerrak.
c) Profesionalen ikerketara eta etengabeko prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak.
d) Entrenamendu jarraituko espazioak profesionalentzat.
3.– Berariaz kanpoan geratzen dira honako jarduera hauek:
– Praktika edo prestakuntza eszenikoa aisialdiko jarduera gisa.
– Berariazko lanbide-aurreko ikastaroak, arautuak izan zein ez.
– Arte eszenikoen sektoreko profesionalentzat zabalik ez dauden ikastaro edo tailerrak.
17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluko betekizunak betetzeaz gain, honako betekizun hauek ere betetzen dituztenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan: administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, baina ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
Beste administrazio baten erregistroren batean inskribatutako erakundeek eratze-eskritura eta estatutuak egiaztatu beharko dituzte, bai eta dagokien erregistro publikoetan inskribatuta daudela ere.
c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 4. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbideetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Horren bidez jakinaraziko dute ea aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta honetan "de minimis" araubideari lotutako beste laguntzarik jaso duten, agindu honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera. Halakorik jaso badute, laguntzaren jatorria, xedea eta zenbatekoa zehaztu beharko dituzte.
2.– Proiektuari buruzko agiriak.
a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehatza.
b) Dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo erakundearen ibilbideari buruzko memoria.
c) Irakasle-taldearen ibilbideari buruzko memoria.
d) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033315.
e) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiri osagarriak.
3.– Honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko agiri elektronikoek, erabilitako bidea edozein dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa):
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Bestela, ahal dela, pdf formatuan aurkeztuko dira.
b) Aurkeztutako dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.
c) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da agirian, bertan kontsultatu ahal izateko.
19. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu Balorazio Batzordeak:
a) Baloratu beharreko programaren interesa, batez ere programa Euskadiko arte eszenikoetako profesionalen beharretara egokitzen den kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 25).
b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).
c) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala (% 15).
d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak prestakuntza-programak egiten duen esperientzia (% 15).
e) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki kontuan hartuta aurrekontuaren egokitasuna eta inplikatutako enpresa-baliabideak (% 10).
f) Euskara erabiltzea ikastaro, material edo zerbitzuetan (% 10).
g) Emakumeen parte-hartzea jardueren arduradunen artean (% 5).
2.– Balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da zenbateko ekonomiko osoa, ezarritako irizpideen arabera, betiere jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu banaketa proportzional horren arabera.
20. artikulua.– Laguntzen mugak.
Pertsona edo erakunde onuradunari gehienez emango zaion dirulaguntza 20.000 euro izango da, edo aurrekontuaren % 70.
21. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.
b) Diruz lagundutako jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantzea, ahalik eta banakatuena, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033315.
Diru-sarreren atalean, besteak beste, honako datu hauek zehaztu beharko dira:
– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.
– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033315.
– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.
c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033315.
d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.
e) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.
3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.
23. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz.
2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira pertsona edo erakunde onuradunak prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea eta sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK
24. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoak sustatzeko programak garatzeko dira, arte eszenikoen konpainien eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzarekin egin badira 2023ko ekitaldian.
2.– Hauek egon daitezke lankidetza-programa horien artean:
a) Sentsibilizazio-jarduerak.
b) Publikoekiko bitartekaritza-jarduerak.
c) Prestakuntza-jarduerak (kanpoan geratzen dira profesionalei zuzendutako prestakuntza-jarduerak).
d) Arte eszenikoak sustatzeko programak, konpainia egoiliar batek garatuta.
25. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluko betekizunak betetzeaz gain, honako betekizun hauek ere betetzen dituztenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
– Produkzio eszenikoan lan egitea eta azken 5 urteetan gutxienez 2 ikuskizun estreinatuta izatea.
– Prestakuntza-jarduera nagusi den arte eszenikoak sustatzeko proiektuetan, pertsona edo erakunde eskatzaileek ez dute aurreko baldintza bete behar izango baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan hezkuntzarekin lotutako epigrafe batean alta emanda badaude.
26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan: administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, baina ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
Beste administrazio baten erregistroren batean inskribatutako erakundeek eratze-eskritura eta estatutuak egiaztatu beharko dituzte, bai eta dagokien erregistro publikoetan inskribatuta daudela ere.
c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan:
– Azken 5 urteetan 2 ikuskizun estreinatu izanaren egiaztagiria.
2.– Proiektuari buruzko agiriak.
a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehatza.
b) Aurkeztutako proiektuaren laburpen-fitxa: memoriaren laburpena eta dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo erakundearen ibilbidearen laburpena, arte eszenikoen sustapenaren arloan aurreko urteetan garatu dituen antzeko lankidetza-programak jasotzen dituena.
c) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033316.
d) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiri osagarriak.
3.– Honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko agiri elektronikoek:
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Gainerako agiriak, ahal dela, pdf formatuan aurkeztuko dira.
b) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da agirian, bertan kontsultatu ahal izateko.
27. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu Balorazio Batzordeak:
a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Horretarako, proiektua bere osotasunean hartuko da kontuan, inplikatutako baliabideak, proposatutako jarduerak edo horien hartzaileak kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 40).
b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).
c) Pertsona edo erakunde eskatzaileak antzeko programak egiten duen esperientzia (% 15).
d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki kontuan hartuta aurrekontuaren egokitasuna eta inplikatutako enpresa-baliabideak (% 10).
e) Euskara erabiltzea ikastaro, material edo zerbitzuetan (% 10).
f) Emakumeen parte-hartzea jardueren arduradunen artean (% 5).
2.– Balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da zenbateko ekonomiko osoa, ezarritako irizpideen arabera, betiere jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu banaketa proportzional horren arabera.
28. artikulua.– Laguntzen mugak.
Hautatutako proiektu bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu honako muga hauek:
– 25.000 euro, 35.000 euroko edo gehiagoko aurrekontua duten proiektuetan.
– 10.000 euro, 35.000 eurotik beherako aurrekontuetan.
– Edonola ere, ez dute aurrekontuaren % 70 gaindituko.
29. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.
b) Diruz lagundutako jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantzea, ahalik eta banakatuena, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033316.
Diru-sarreren atalean, besteak beste, honako datu hauek zehaztu beharko dira:
– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.
– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.
– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.
c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033316.
d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.
e) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.
3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.
4.– Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko espazio eszenikoaren programazioarekin lotutako gastuak.
5.– Proiektuari egotzitako pertsona edo erakunde onuradunaren langileen kostuek, guztira, ezin izango dute guztizko kostuaren % 30 gainditu.
Proiektuan parte hartzen duten langileen kostuak ezartzeko, orduko kostua modu pertsonalizatuan kalkulatuko da, eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu-kopuruari dagokion zatia egotziko da.
31. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz.
2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak. Tailerrak edo antzeko prestakuntza-prozesuak egotekotan, kanpo geratzen da, halaber, irakasleen kontratazioa.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
IV. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOEN KALEKO ERAKUSTALDIETARAKO PROGRAMA
32. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak EAEko konpainiek aire zabaleko espazio publikoetan 2023. urtean antzeztutako arte eszenikoen (antzerkia, dantza eta zirkua) erakustaldi-programak garatzeko dira.
2.– Honako betekizun hauek bete behar dituzte erakustaldi-programa horiek:
a) Biztanle-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko antzerki-, dantza- edo zirku-ikuskizunak programatuko dira:
– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.
– 20.000 eta 10.001 biztanle arteko herrietan: lau ikuskizun.
– 10.000 eta 5.001 biztanle arteko herrietan: hiru ikuskizun.
– 5.000 eta 1.001 biztanle arteko herrietan: bi ikuskizun.
– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.
b) Diruz lagunduko diren ikuskizunak bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten konpainia profesionalek antzeztuko dituzte. Biztanle-tarteen arabera eskatzen den gutxieneko ikuskizun-kopurua betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainien ikuskizunak ere hartu ahal izango dira kontuan.
c) Berariaz aire zabaleko espazio publikoetan erakusteko diseinatu diren ikuskizunak bakarrik sartuko dira.
d) Ezin izango da sarrerarik kobratu ikuskizunak ikusi ahal izateko.
e) Jaietan programatutako bi ikuskizun ere sartu ahal izango dira gehienez.
3.– Hauek kanpoan geratuko dira:
a) Tradiziozko ekitaldiei lotutako emanaldiak.
b) Beste herri batzuetan antzezteko moduko diseinua ez duten ekoizpenak.
c) Soilik musikalak diren emanaldiak.
33.– artikulua. Erakunde onuradun izateko betekizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte udalek, kuadrillek, mankomunitateek eta kontzejuek edo horien tokiko erakunde autonomoek, tokiko enpresa-erakunde publikoek eta sozietate publikoek, baldin eta haien kapital soziala titulartasun publikokoa bada eta, 3. artikuluko betekizunak betetzeaz gain, beste betekizun hauek ere betetzen badituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
a) Antzezleku egokiak, seinaleztatuak eta mugatuak izatea, indarrean dagoen legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztenak; erantzukizun zibileko aseguru bat izatea programatzen diren ikuskizunetarako, eta lokal egokiak izatea kamerino eta aldagela gisa erabiltzeko.
b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen arduradun bat izatea.
34. artikulua.– Dirulaguntzen banaketa.
255.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da laguntza-modalitate honek barne hartzen dituen 5 biztanle-tarteen artean:
a) 65.000 euro 20.000 biztanletik gorako herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
b) 55.000 euro 20.000 eta 10.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
c) 50.000 euro 10.000 eta 5.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
d) 75.000 euro 5.000 eta 1.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
e) 10.000 euro 1.000 biztanletik beherako herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
35. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Pertsona edo erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Aurkezten den proiektuaren memoria.
c) Aurkeztutako programan sartutako emanaldi guztien zerrenda.
36. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira. Horretarako, 32.2 artikuluan zerrendatutako biztanle-tarte bakoitzean, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, kontuan hartuta aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua, haien arteko beheranzko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.
2.– Prozedura bakoitzean lehentasun-hurrenkera hori ezarri ondoren, honela adjudikatuko dira laguntzak:
a) Lehenengo fasean, aurkeztutako programan sartutako gehienez hiru ikuskizuni dagozkien laguntzak adjudikatuko dira, harik eta, hala badagokio, prozedura horretako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Aurkezpen-ordenaren arabera aukeratuko dira ikuskizunak.
b) Baldin eta lehenengo fase honetan ez bada agortzen biztanle-tarteren batera bideratutako zenbatekoa, honela jokatuko da:
– Hasiera batean, biztanle-tartearen aurrekontu-zuzkidura agortu delako kanpoan geratu ahal izan diren proiektuen lehen hiru emanaldietarako dirulaguntzak adjudikatzeko erabili ahal izango da soberan dagoen kopurua.
– Bigarren une batean, oraindik ere aurrekontu-zuzkidura badago agortu gabe, diruz lagun daitezkeen hiru emanaldien muga gainditu ahal izango da, lehenengo geratu den eskabidetik hasita, kontuan hartuta aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua, eta muga unitate batean handituta; horrela hurrenez hurren, aurkeztutako emanaldi guztiak diruz laguntzen diren arte edo aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte.
Bigarren fase honetan, aurkeztutako eskabideen lehentasun orokorra hartuko da kontuan.
37. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.
1.– Emanaldi bakoitzari dagozkion dirulaguntzak aurkeztutako ikuskizunen ordainsariaren arabera (BEZa barne) kalkulatuko dira. Ordainsari gisa ulertuko da kontratatutako alderdiak bere jarduketagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.
a) 2.000 euro baino gutxiagoko ordainsaria duten ikuskizunak antzezten laguntzea: ordainsariaren % 30 (% 35 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
b) 2.000 eta 3.500 euro arteko ordainsaria duten ikuskizunak antzezten laguntzea: ordainsariaren % 35 (% 40 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
c) 3.500 euro baino gehiagoko ordainsaria duten ikuskizunak antzezten laguntzea: ordainsariaren % 40 (% 45 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
2.– Nolanahi ere, ez dira muga hauek gaindituko:
a) Ikuskizun bakoitzeko dirulaguntza inoiz ez da izango 3.000 eurotik gorakoa (3.200 euro ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
b) Erakunde onuradun bakoitzari gehienez 10.000 euro emango zaizkio.
c) Ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagundu ahal izango da diruz.
38. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Dirulaguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren gauzatzea, betetze-maila eta ebaluazioa jaso behar baitira.
b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztietarako kontratuak. Kontratu horietan jaso beharko da kontratatutako erakundeak betebeharra duela lege-, zerga- eta lan-betebeharrak betetzeko.
c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.
d) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
V. KAPITULUA
SAREA DANTZA-ZIRKUITUA
39. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Eusko Jaurlaritzak 2023. urtean sustatutako SAREA dantza-zirkuitua garatzeko dira.
Dantza-zirkuituko antzokien zerrenda osoa I. eranskina dago jasota.
40. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte SAREA dantza-zirkuituko antzokietako programazioetan ikuskizunen batekin parte hartzen duten dantza-konpainiek, baldin eta, 3. artikuluko betekizunak betetzeaz gain, beste betekizun hauek ere betetzen badituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Eskabidea aurkezten den unean jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea; eta, pertsona juridikoen kasuan, dantza-jardueren garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
41 artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza horietarako, guztira, 250.000 euro erabiliko dira.
42. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan:
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria, bai eta haren ordezkaritza-ahalordea egiaztatzeko agiria ere.
– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.
2.– Proiektuari buruzko agiriak.
a) Dantza-zirkuituan sartutako emanaldi guztien zerrenda.
b) Dantza-zirkuituko antzokiak kudeatzen dituen erakunderen batekin kontratatutako emanaldien kostua egiaztatzeko, kontratuak, aurrekontratuak, kontratua egiteko promesak edo zuzenbidean balioa duen beste edozein betebehar-dokumentu aurkeztu behar da.
43. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.
1.– Emanaldi bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, jarraian adierazitako ehunekoak aplikatuko dira aurkeztutako programan bildutako ikuskizunen ordainsarien gainean (BEZa barne). Ordainsari gisa ulertuko da kontratatutako alderdiak bere jarduketagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko konpainiak: ordainsariaren % 45 arte, gehienez 2.500 euro emanaldiko (% 50 baldin eta kontratatutako ikuskizunaren koreografoa emakumea bada).
b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainiak: ordainsariaren % 40 arte, gehienez 3.000 euro emanaldiko, dantza-zirkuituan egindako emanaldi-kopuruaren arabera.
– Zirkuituan emanaldi bakarra: ordainsariaren % 30.
– Zirkuituan bi emanaldi: ordainsariaren % 35.
– Zirkuituan hiru emanaldi edo gehiago: ordainsariaren % 40.
2.– Antzoki batean ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagundu ahal izango da diruz.
3.– Aurreko puntuan ezarritako zenbatekoei aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko ez badago, laguntzak hainbanatu egingo dira, aurreko puntuan ezarritako irizpideetatik abiatuta eskabide bakoitzari dagozkion dirulaguntzen arabera.
44. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztietarako kontratuak. Kontratu horietan jaso beharko da kontratatutako erakundeak betebeharra duela lege-, zerga- eta lan-betebeharrak betetzeko.
b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen II. kapituluan jasotako laguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua, «de minimis» laguntzen tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352 zk., 2013.12.24koa). Laguntza hauek «de minimis» moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Diru-kopuru horretatik beherako dirulaguntzek ez daukate eraginik merkataritzan, eta ez dituzte lehia-baldintzak desitxuratzen; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen III., IV. eta V. kapituluetan jasotako laguntzek ez dituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintzak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak.
1.– Datu pertsonalen inguruko tratamendu guztiek beteko dituzte datu pertsonalen babesari buruzko araudian xedatutako eskakizunak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin –3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena–.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
2. artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu-baliabiderik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Aipatutako ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, pertsona edo erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 21a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.