44. zk., 2023ko martxoaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 17 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1172
AGINDUA, 2023ko otsailaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2023ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerekin eta horien zabalkundearekin loturiko egitekoak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, zeinak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baitu.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, jardun-arlo gisa ezarrita dituen eskudantziak betez, egoki deritzo arlo pribatuak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan sustatzen eta garatzen dituen ekintzei laguntzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Neurri horren bitartez, batez ere sustatu nahi dira ikerlana, artelanen ekoizpena, arte garaikidearen zabalkundea eta euskal artisten sorkuntza-lana, eta, gainera, ahalbidetu nahi da haien zeregin artistikoaren errekonozimendua jaso dezatela.
Esandakoagatik guztiagatik, beharrezkoa iruditu zaigu tresna egokia jartzea, alde batetik, dirulaguntzak emateko prozesuan objektibotasun, konkurrentzia eta publikotasun printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funts publikoak egoki erabili diren ziurta dezan. Hortaz, diseinatutako laguntza-esparrua nahikoa zabala da era horretako jarduerak zorroztasunez bete nahi dituzten pertsonek dirulaguntza hauek jaso ahal izan ditzaten. Alde horretatik, bi muga baino ez dira jartzen: aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako berariaz ezarritako diru-kopurua eta deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideak.
Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/)
Dirulaguntza-programa honi araudi hau aplikatzen zaio: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta haren garapen-erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Agindu honen xedea da 2023. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako dirulaguntzak emateko baldintzak ezarri eta horretarako deialdia egitea, ondoren datozen artikuluetan ezartzen denaren arabera.
2.– Deialdi honetan bildutako laguntzak emateko, laurehun eta laurogei mila (480.000) euro izango dira, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dauden aurrekontuko partiden kargura.
2. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu honen kargura dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte aginduan aurreikusten diren jarduerak burutzen dituzten pertsona fisikoek edo juridiko-pribatuek, betiere agindu hau argitaratzean Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude edo helbidea edo egoitza soziala bertan badute.
2.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak egunean izatea. Baldintza horiek betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da baldintzak betetzen direla.
3.– Ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu honako hauek:
a) Nagusiki kapital publikoa duten entitate pribatuek, ezta ere fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetako partaidetza nagusiki publikoa duten entitateek.
b) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat ezarrita duten pertsona edo entitateek, ezta ere horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik dutenek ere, sexu-diskriminazioa dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenak xedatutakoaren arabera.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasotako beste debekuren bat duten pertsonek edo entitateek.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen modalitateak eta jarduerak.
1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea.
Arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan arte garaikideko ekitaldiak eta adierazpenak antolatzea (erakusketak, lehiaketak, topaketak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak eta abar), horien helburua bada Euskadin bizi diren artistak sustatzea eta ezagutaraztea eta Euskadin arte garaikidea sustatzea. Jarduketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egingo dira.
Modalitate honetan ez da lagunduko jaialdiak antolatzea, ezta urteko programazioak egitea ere.
2.– Argitalpenen modalitatea.
Arte plastiko eta ikusizkoen eremuan euskarri desberdinetan argitalpenak egitea, haien xedea Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada.
3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea.
Arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza-ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: artelanak ekoiztea eta ikerketa garatzea.
4.– Proiektu bakoitza modalitate eta laguntza bakarrean aurkeztu ahalko da.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoen banaketa.
1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea: 55.000 euro.
2.– Argitalpenen modalitatea: 135.000 euro.
3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: 290.000 euro, honako dirulaguntza eta zenbateko hauetan banatuta:
a) 5.000 euroko 22 dirulaguntza.
b) 8.000 euroko 18 dirulaguntza.
c) 12.000 euroko 3 dirulaguntza.
4.– Modalitate bakoitzean izendaturiko baliabideak soil-soilik arlo horietan baloratutako eskabideetara bideratuko dira, bertan ezarritako prozedura eta irizpideen arabera.
5.– Hala ere, sustapen-zabalkundearen modalitatean eta argitalpenen modalitatean, eskabide ezagatik, betekizunak ez betetzeagatik edo, 14.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko kalitate- eta bideragarritasun-baldintzak betetzen dituen proiekturik ez egoteagatik, modalitateetako bati ezarritako diru kopurua ahitzen ez bada, diru hori beste modalitateari ezarri zaion kopurua handitzera pasa liteke. Horren aipamena Balorazio Batzordeak Kulturako sailburuordeari aurkezten dion ebazpen-proposamenean jasoko da, eta publiko egingo da laguntza emateko ebazpenaren bidez.
6.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean izendaturiko baliabideak soil-soilik modalitate horretan aurkeztu diren eskabideetara bideratuko dira, dirulaguntzaren zenbatekoa kontuan hartuta.
Hala ere, 5. puntuan aipaturiko egoerak direla-eta zenbateko batean ezarritako laguntza guztiak esleitzen ez badira, laguntza horiei dagokien diru kopurua beste zenbatekoetako proiektuetara bideratuko da, baldin eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Esleipena lehentasun-ordenaren arabera egingo da, diru kopurua agortu arte.
5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Pertsona fisikoek bide hauek dituzte eskabideak aurkezteko:
– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu edo bulegoetan.
– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoa erabiliz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa–ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, hala jasotzen du-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.
3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honen 4. apartatuan zehaztu den helbide elektronikoa erabiliz, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoen aurrean.
4.– Izapideei buruzko argibideak –bide presentzialekoak zein bide elektronikokoak–, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak helbide elektroniko hauetan eskura daitezke:
Sustapen-zabalkundearen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094721
Argitalpenen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094722
Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094723
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak hemen egin behar dira bide elektronikoa erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Pertsona eta entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta atxikitako dokumentuak. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
7.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, modu elektronikoan; horretarako ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
8.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar bestetan, dirulaguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien adostasuna beharko, hala xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
9.– Dirulaguntza eskatzen duten pertsona fisikoek berariaz aurka egin diezaiokete deialdiaren organo kudeatzaileak administrazio eskudunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla eta nortasun- eta bizileku-datuak betetzen direla egiaztatzeari. Kasu horretan, eskatzaileek aurkeztu beharko dute dagokion ziurtagiria. Aukera hori eskabidean sartuko da, bai bide presentziala erabiltzen dutenean, bai bide elektronikoa erabiltzen dutenean.
10.– Organo kudeatzaileak 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, edo, hala badagokio, parte hartzen duen administrazioari edo fundazioaren ondarerako baliabideak jarri dituenari.
11.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrien baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidean jasoko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira honako hauek:
– Beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuei xede bererako eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak.
– Aurtengo ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako de minimis araubidearen mendeko laguntzak.
– Pertsona edo entitate eskatzaileak ez izatea ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.
– Eskabidean eta atxikitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak izatea, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaera-orria sinatuta, zeina eskuragarri egongo baita 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.
2.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
a) Pertsona fisikoa izanez gero:
– Eskatzailearen nortasuna egiaztatzea: nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo antzeko agiriren bat.
– Eskatzaileak bizilekua agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan daukala egiaztatzea: erroldatze-ziurtagiria.
Egiaztagiriak aurkeztuko dira, soil-soilik, eskatzaileak berariaz aurka egiten badio organo kudeatzaileak datu horiek jasotzeari.
b) Pertsona juridikoa izanez gero:
– Eraketa-eskritura, estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria. Agiriok aurkeztea ez da beharrezkoa izango baldin eta elkartea, fundazioa edo kooperatiba inskribatuta badago dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan. Eskabidea egiteko formularioan erregistroko datuak zehaztuko dira.
– Legezko ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren kopia, ahalordetze-eskritura edo dagokion organoak egindako egiaztagiria.
– Identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartela.
c) Indarrean den ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan enpresek de minimis araubideko laguntzak jaso badituzte, horri buruzko adierazpena jasoko dute eskaera-orrian.
3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:
a) Proiektuaren laburpen-fitxa, 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Proiektuaren memoria, honako hauek jasoko dituena:
– Proiektuaren deskribapen zehatza, helburuak azalduko dituena (zer egin nahi den), bai eta horretarako erabiliko diren ekintza zehatzak ere.
– Programa edo lan-plana, egutegi osoa, proiektua garatzeko faseak. Proiektua 2023. urtearen barruan gauzatu beharko da.
– Jarduera burutzeko aukeratutako espazioak (sustapen-zabalkundearen modalitateko proiektuetan bakarrik).
– Argitalpenaren banaketa-plana (argitalpenen modalitateko proiektuetan bakarrik).
– Proiektua erakusteko aurreikuspen-plana eta egindako kontaktuak (sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, 12.000 euroko proiektuetan bakarrik).
– Euskararen erabilera proiektua gauzatzerakoan.
c) Pertsona eskatzailearen curriculuma. Argitalpenen modalitatean eta sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, eskatzaileak aurretik egindako lanak sartu ahal izango dira.
d) Proiektuaren aurrekontu banakatua eta xehatua, adieraziko dituena aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak eta eskatzen den diru kopurua. Horretarako erabili behar den eredua 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri.
e) Proiektu berarentzat eskatu diren beste dirulaguntzen gaineko adierazpena eta haien egoera, eskaera-orrian jasoko dena.
Proiektuari dagokion dokumentazioa (3a, 3b, 3c eta 3d ataletan jasotakoa), ahal dela, formatu elektronikoan aurkeztuko da.
4.– Aurkeztu behar diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izango dituzte, alde batera utzita bide telematikoak edo presentzialak erabili diren:
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
b) Memoria dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.
c) Curriculuma dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.
d) Aurkezten den dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 MB izango da.
e) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, eta helbide hori dagokion dokumentuan jarri beharko da.
9. artikulua.– Dokumentazioa ikuskatzea eta akatsak zuzentzea.
1.– Tramitazio elektronikoan nahiz presentzialean ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, bide elektronikoa erabiliz zuzen dezatela eskatuko zaie eta, ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoak eta mugak.
1.– Dirulaguntzak lehiaketaren bidez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 14. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen arabera lehentasun-ordena ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, balorazioaren ordena eta puntuazioaren arabera, modalitaterako jarritako aurrekontu-kreditua agortu arte.
2.– Baldin eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan 11. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak biltzen badira, kendu egingo dira gastu horiek, zehazteko onartutako guztizko aurrekontua edo eskatutako zenbatekoa, hori izango baita dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.
3.– Sustapen-zabalkundearen modalitatean, esleituko den diru kopurua lortutako puntuazio-ehunekoari dagokion aurrekontuaren ehuneko zatia izango da. Proiektu bakoitzeko emango diren diru kopuruak ez dira izango eskatutako zenbatekoa baino handiagoak, ezta 20.000 euro baino handiagoak ere. Horrez gain, ez dira izango eskatutako zenbatekoaren % 50 baino txikiagoak.
4.– Argitalpenen modalitatean esleituko den diru kopurua eskatutako guztizkoaren adinakoa izango da, eta ez da izango 14.000 euro baino handiagoa argitalpenetarako eta 6.000 euro baino handiagoa web-orrietarako.
Laguntza jasotzeko modua duen azken proiektuak oso-osorik dagokiona jasotzerik ez duenean ordurako nahikoa diru-zuzkidurarik geratzen ez dagoelako, bakarrik emango zaio dirulaguntza, baldin eta eman dakiokeen laguntzaren zati horrek proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu. Ildo horretan, bideragarritzat joko da esleituko den kopurua eskatutako guztizkoaren % 85 baino handiagoa bada. Arrazoi horrengatik argitalpenen modalitateari ezarri zaion diru kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakinak erabiliz sustapen-zabalkundearen modalitateari ezarritako kopurua handitu ahal izango da.
5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, kasu bakoitzeko esleituko den diru kopurua izango da eskatzaileak modalitate horretan finkatuta daudenen artean eskatu duenaren adinakoa.
6.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezin izango zaio eman pertsona edo entitate eskatzaile berberari dirulaguntza bat baino gehiago, eta sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateetan, berriz, bi dirulaguntza baino gehiago. Guztira, hiru modalitateetan, gehienez bi dirulaguntza eman ahal izango zaizkio pertsona edo entitate bakoitzari.
Horrez gain, sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezingo zaie laguntzarik eman aurreko bi deialdietan –hau da, 2021ekoan eta 2022koan– sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean dirulaguntzak jaso dituzten pertsonei.
11. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.
1.– Diruz laguntzeko gastutzat honako hauek joko dira: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira, eta deialdi honetan eta laguntzak emateko edo aldatzeko ebazpenetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.
2.– Edozein kasutan, agindu honen harira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.
3.– Sustapen-zabalkundearen modalitatean, dirulaguntzak proiektuaren gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:
– Gastu teknikoak, jarduera garatu eta ekoiztekoak (ekipamendu teknikoa alokatzea, ekitaldirako espazioa alokatzea, garraio-, muntaketa- eta itzulpen-zerbitzuak kontratatzea...).
– Jardueran parte hartzen duen pertsonal artistikoaren edota kolaboratzailearen gastuak (hizlari, artista eta irakasleen ordainsariak, bidaia- eta ostatu-gastuak...).
– Jarduera edo ekitaldiaren promozio-, publizitate- eta zabalkunde-gastuak (kartelak, txartelak, webguneak, komunikazio-gastuak...) eta proiektuarekin lotutako argitalpenenak (diseinua, inprimatzea-edizioa, itzulpenak).
– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuak: jardueraren kudeaketa-, koordinazio- eta zuzendaritza-lanak.
– Egitura-gastuak, jarduerak iraun bitartean: lokala alokatzea, kontsumoak, bestelako gastu arruntak.
Modalitate honetan, kostuei dagokienez alderdi hauek hartuko dira kontuan:
– Inbertsio-gastuak kanpoan geratuko dira.
– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuek (kudeaketa-, koordinazio-, zuzendaritza-lanak) ez dute guztizko aurrekontuaren % 25 gaindituko.
– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuak eta egitura-gastuek ez dute guztizko aurrekontuaren % 40 gaindituko.
– Kontuan hartuko dira soilik jarduerak sortzen dituen bidaia-, ostatu- eta dieta-gastu espezifikoak. Hori dela eta, jardueraren ekintza zehatz bati lotuta egongo dira –memorian zehaztuko da–, ekintza gauzatzen den denboran egingo dira eta aurrekontuan adierazi eta zehaztuko dira. Inolaz ere ez dira aintzat hartuko joan-etorrien eta dieten gastu arruntak.
– Eskatzailea pertsona juridikoa bada, antolaketa- eta produkzio-taldeari egotz dakizkiokeen bidaia-, ostatu- eta dieta-gastuek ez dute guztizko gastuen % 5 gaindituko, eta, aurreko puntuan zehaztutakoak beteko dituzte.
4.– Argitalpenak euskarri ezberdinetan. Dirulaguntzak proiektuaren gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:
– Argitalpenak: diseinu grafikoa, materialak prestatzea eta egokitzea, autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak...), itzulpenak, ISBN, inprimatzea-edizioa, eta zabalkundea.
– Web-orriak: diseinua eta programazioa, web-domeinuaren alta eta ostatatzea (hosting), autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak...) eta itzulpenak.
Ez dira aintzat hartuko kostu hauek: inbertsio-kostuak, jardueraren kudeaketa- eta koordinazio-gastuak, artelanak ekoizteko gastuak, artisten ordainsariak, dietak, joan-etorriak eta bestelako gastu arruntak.
5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, dirulaguntzak erabiliko dira proiektua egitean sortzen diren ikerketa-kostu hauek eta artelana egiteko kostu hauek ordaintzeko:
a) Zuzeneko ekoizpen-gastuak: ekoizpenerako erabilitako materialak eta zerbitzuak, laguntzaren zenbateko osoaren % 100eraino:
– Proiektua ekoizteko material eta lanabesak.
– Obra ekoiztearekin zuzenean loturiko joan-etorrien, ostatuaren eta garraioaren gastuak. Gastu horiek nahitaezkoak izan behar dute proiektua garatu ahal izateko, beraz, proiektua gauzatzeko denboran egingo dira. Horrez gain, memorian adieraziko dira gastuok, eta aurrekontuan zehaztuko. Ez dira aintzat hartuko ohiko joan-etorrietarako gastuak, ez eta dieta-gastuak ere.
– Zerbitzuen kontratazioa.
– Artisten ordainsariak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).
– Artelana edo proiektua ekoizteak sorrarazitako beste gastu espezifiko eta zuzeneko batzuk.
Ez dira aintzat hartuko honako gastu hauek: inbertsio-gastuak; hainbat material erostea: liburuak, fotokopiak edo bulegoko materiala; artelanaren promozioarekin edota zabalkundearekin lotutako gastuak; artelanaren ekoizpenarekin bat ez datozen erakusketen edo bestelako jarduketen ekoizpen-gastuak.
b) Egitura-gastuak:
– Estudioa edo lokala alokatzea, hala badagokio; kontsumoak: argia, ura, telefonoa, Internet eta gasa; langileen nominak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik); beste gastu arrunt batzuk (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).
– Egitura-gastuak proiektuaren iraupenarekiko proportzionalak izango dira: bi hilabeteri dagozkion egitura-gastuak 5.000 euroko laguntzetan; hiru hilabeteri dagozkionak 8.000 euroko laguntzetan eta lau hilabete eta erdiri dagozkionak 12.000 euroko laguntzetan.
– Egitura-gastuak gehienez laguntzaren zenbateko osoaren % 20 artekoak izango dira, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eta % 30 artekoak, eskatzailea pertsona juridikoa bada.
c) Sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuko kostuak:
– Kontzeptua ulertuko da sorkuntza suspertzeari begira bideratutako proiektuaren kostu osoaren ehuneko gisa; alegia, zenbateko horrek laguntza emango dio artistaren sormen-lanari, zeharkako euskarri gisa.
– Eskatzailea pertsona fisikoa (artista) denean bakarrik aplikatuko da.
– Kostuok laguntzaren zenbateko osoaren % 60 artekoak izango dira: gehienez 3.000 euro, 5.000 euroko proiektuetarako; 4.800 euro, 8.000 euroko proiektuetarako; eta 7.200 euro, 12.000 euroko proiektuetarako.
6.– Sustapen-zabalkundearen eta sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan, onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera; azpikontratu guztien prezioen baturak diruz lagundutako jardueraren % 100 egin dezake. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Argitalpenen modalitatean, onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu beharko du jardueraren % 100, azpikontratu guztien prezioak batuta.
Azpikontratu bakoitzak garatutako lana edo eskainitako zerbitzua jasoko ditu, eta horiek aurrekontuko ataletan jasotako kontzeptuekin bat etorri behar dute.
Ezin izango dira azpikontratatu egitura-gastuak, ez eta sorkuntza-dedikazioari dagozkion kostuak ere.
Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin eta bestelako baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proiektu bera egiteko edo proiektuaren zatiren bat egiteko emandako dirulaguntzekin, laguntza horiek dirulaguntza izendunen zein zeharkakoen aginduen babesean emandakoak izan, nahiz musikaren, arte eszenikoen, liburugintzaren, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta sormenezko industrien alorretako aginduen babesean emandakoak izan. Berariaz adierazten da Bitartez eta ekoizpen editorialaren deialdietako dirulaguntzekiko bateraezintasuna.
13. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera egiteko epea.
Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren jarduerak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta abenduaren 31 baino lehen bukatu behar dira.
14. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko eta baloratzeko irizpideak.
Dirulaguntzak emateko eta bakoitzaren diru kopurua finkatzeko, irizpide hauek batera betetzea baloratuko da:
1.– Sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateak:
a) Garatuko den jarduerak dituen elementuen interesa eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Irizpide horretarako, arlo hauek izango dira kontuan:
– Ekimenak arte eta kultura aldetik duen garrantzia, interes maila eta haren garapenean gordeko den koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 40, gehienez).
– Jarduerak arte garaikidearen zabalkundean duen eragin kulturala eta sormen garaikidearekiko herritarren sentsibilizazioari egiten dion ekarpena. Proiektuaren helburua artisten katalogoa egitea bada edo arte garaikideko ekitaldietan parte hartzea, jarduerak eskatzailearentzat zer-nolako sustapen-interesa duen baloratuko da (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).
b) Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).
c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerarekiko. Atal honetan, aurrekontuak aurkeztutako jarduerarekin duen egokitasuna baloratuko da: aurrekontuaren guztizkoa, proposatzen diren kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):
– Proiektuan parte hartzen duten profesional eta kolaboratzaileak emakumeak izatea (% 5, gehienez).
– Proiektuak gaiaren eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen berdintasunari egiten dion ekarpena (% 5, gehienez).
e) Proiektuan euskarak duen presentzia (gehieneko puntuazio orokorraren % 10, gehienez).
2.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea:
a) Garatuko den jarduerak dituen intereseko elementuak eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Irizpide horretarako, arlo hauek izango dira kontuan:
5.000 eta 8.000 euroko laguntzetan:
– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta haren garapenean gordeko den koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 45, gehienez).
– Ekimenak berrikuntzari egiten dion ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
12.000 euroko laguntzetan:
– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta haren garapenean gordeko den koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 35, gehienez).
– Proiektua erakusteko aurreikuspen-plana eta egingo diren kontaktuak (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
– Ekimenak berrikuntzari egiten dion ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
b) Pertsona fisikoak edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den eremuan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).
c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerarekiko. Atal honetan, aurrekontuak aurkeztutako jarduerarekin duen egokitasuna baloratuko da: aurrekontuaren guztizkoa, proposatzen diren kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):
– Sormenezko proiektuan emakumeek parte hartzea (% 5, gehienez).
– Proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen berdintasunari egiten dion ekarpena (% 5, gehienez).
e) Proiektuan euskarak duen presentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).
3.– Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia edo gehiago lortzen duten proiektuak gutxieneko kalitate- eta bideragarritasun-baldintzak betetzen dituztela joko da. Beraz, modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.
15. artikulua.– Balorazio-batzordeak.
1.– Bi batzorde osatuko dira: bata sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateetarako, eta bestea sorkuntza-ekoizpenerako.
2.– Hauek izango dira balorazio-batzordeetako kideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.
– Bokalak: Kulturako sailburuordeak agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik izendatutako 3, 4 edo 5 bokal.
3.– Batzordeetako idazkari-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu; Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatuko du pertsona hori, zeinak bileretan hitza izango baitu, baina botorik ez.
4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
5.– Balorazio-batzordeen osaera EHAAn argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
6.– Nolanahi ere, errespetatu egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstenitzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.
7.– Balorazio-batzordeen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, ebazpen-proposamenak egitea eta proposamen horiek Kulturako sailburuordeari aurkeztea.
8.– Balorazio-batzordeek proposa dezakete proiektu bakar bat ere ez onartzea edo aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzea, baldin eta ondorioztatzen badute aurkeztutako eskaeren kalitatea ez dela nahikoa edota beste baldintzaren bat betetzen ez dutela.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio deialdi honetako dirulaguntzak emateko ebazpenak egitea –modalitateko bana–, balorazio-batzordeen ebazpen-proposamenak aztertuta.
2.– Ebazpenetan propio jaso beharko dira, batetik, pertsona onuradunak, eta, bestetik, ukatutako eta baztertutako eskabideen zerrenda, ukatzeko eta baztertzeko arrazoia zein izan den adierazita. Dirulaguntza jaso duten pertsonen kasuan, dagozkien zenbatekoak ere adieraziko dira, bai eta agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere, ematen diren dirulaguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.
3.– Ebazpenak dirulaguntzen eskatzaileei banaka jakinaraziko zaizkie, gehienez ere bost hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera. Banakako jakinarazpena egiteaz gainera, esleipen-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Nolanahi ere, jakinarazpen-datatzat hartuko da interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena.
4.– Ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Adierazitako epea jakinarazpenik egin gabe igarotzen bada, eskaerak ez-onartutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan aurreikusita dauden ondorioetarako.
6.– Ebazpenetan adieraziko da programa honen babesean emandako dirulaguntzek de minimis izaera dutela, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan oinarrituta (EBAO L 352, 2013-12-24koa).
7.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak emateko hasi dituen eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiek. Halaber, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, baldin eta, itzulketa-prozedura bat amaitu ondoren, horretarako ebazpena eman bada.
17. artikulua.– Jakinarazpena egitea, tramitazio presentzialean edo telematikoan.
1.– Izapideak presentzialki eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera; kasu bakoitzean ezarritako epea zenbatzen hasiko da jakinarazpena egintzat jo eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egindakotzat joko da interesdunak edo, hala badagokio, behar bezala identifikatutako ordezkariak eskuratzen duenean. Jakinarazpena ez-onartutzat joko da, interesdunak edo behar bezala baimendutako ordezkariak haren edukia eskuratzen ez badu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.
18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunek hamabost eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso duten egunetik aurrera, ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten, dirulaguntza onartua izan dela ulertuko da.
b) Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren altari buruzko agiria aurkeztea, laguntza jaso duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu.
c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.
e) Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuko dizkion agiri guztiak haren eskura jartzea, diruz lagundutako proiektuak egoki gauzatzen direla bermatzeko egokitzat jotzen dituen ikuskapenak egiteko.
f) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eskumenak egikarituz dirulaguntzari buruz eskatzen dion informazio guztia ematea.
g) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo ente publiko edo pribatuek emanda.
h) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz eta argi aipatzea, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitaratzen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan, dirulaguntza jaso dutela jakinarazteko ebazpena jasotzen dutenetik aurrera.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.
19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Agindu honen kargura emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, prozedura honi jarraituz:
a) Emandako dirulaguntzaren % 75, Kulturako sailburuordeak emandako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, Aginduaren 18. artikuluan jasotzen den epea agortu eta berariaz dirulaguntzari uko egin ez bazaio.
b) Gainerako kopurua 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, 20. artikuluaren arabera dirulaguntza justifikatzeko eskatzen diren agiriak aurkeztu ondoren.
Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak beteta ez baditu, Gizarte Segurantzakoak egunean ez baditu edo dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean, eta, betiere, justifikatzeko azken eguna 2024ko martxoaren 10a izanik:
a) Burututako jardueraren memoria zehatza: garapena eta ebaluazioa.
b) Egindako jardueren kostuari buruzko txosten ekonomiko justifikatzailea, honako hauek adierazita:
– Diruz lagunduriko jarduera gauzatzeko izan diren diru-sarrera eta gastuen balantzea, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-ereduaren arabera.
– Jardueraren gastuei buruzko zerrenda sailkatua. Eredua 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri.
– Proiektuaren guztizko gastuak justifikatzeko agiriak: fakturak, langileen nominak eta alokairuaren kontratuak, hileroko ordainketa-agiriekin batera.
– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean soilik, eta sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuari egozteko moduko gasturik badago, laguntzaren onuradun den pertsona sortzailearen erantzukizunpeko adierazpena, proiektuan izandako sorkuntza-dedikazioaren kostu osoa adierazten duena.
c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako emandako bestelako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda.
d) Diruz lagunduriko jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunaren ale bat, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita agertzen delarik.
2.– Exekuzioaren behin betiko aurrekontuko gastu-kontzeptuetan aurrekontu onartuarekiko desbideratzeak egotea onartu ahal izango dira, baldin eta erabat justifikatutako arrazoiak badaude eta diruz lagun daitezkeen gastuei buruz 11. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.
3.– Pertsona fisikoek justifikazio-agiriak aurkezteko bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango dute:
– Bide presentziala erabiliz gero, justifikazio-agiriak Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu eta organoen aurrean.
– Bide elektronikoa erabiliz gero, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean aurkeztu ahal izango dira.
4.– Pertsona juridikoek justifikazio-agiriak aurkezteko bide elektronikoa erabili beharko dute, aurreko puntuan esandako helbide elektronikoa erabiliz.
5.– Justifikazio-agiriak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz nola tramitatu behar diren azaltzen duten argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude ikusgai, agindu honen 6.4 artikuluan aipaturiko helbidean.
21. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Likidazioa.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskuratu bada, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatiren bat, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honek ezartzen dituen obligazioak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa, hala badagokio, horretarako ezarri den epearen barruan ez itzultzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan jasotako ez-betetzeak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b), c), d), e) f) eta g) letretan aurreikusitakoak.
e) Salbuespen gisa, jardueraren egikaritzearen ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko joera dagoela eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
2.– Artikulu honen aurreko apartatuan aurreikusitako kasuak ez-betetzeak dira, eta, beraz, halakorik gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Dirulaguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 Erregelamenduan oinarrituta (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua luzatzen duena). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Hori dela eta, aribideko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jaso diren de minimis araubideko dirulaguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.
1.– Datu pertsonalen tratamenduek xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak) –3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena–.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 15a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.