44. zk., 2023ko martxoaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (134 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1170
EBAZPENA, 2023ko otsailaren 23koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia –Bikaintek programa–.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduak Bikaintek programako laguntzak arautzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan I+G proiektuak garatzeko, doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez (2022ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zk.).
Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen deialdia egiten da –Bikaintek programa–, 2023ko ekitaldirako.
Laguntzen deialdia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 16ko eta 2022ko irailaren 7ko Aginduen bidez aldatu. Planak hiru urteko indarraldia du.
Horregatik guztiagatik, aipatutako aginduaren 12. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2023ko ekitaldirako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea. Agindu horrek arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzak –Bikaintek programa–.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluko helburura, 5.670.000 euroko baliabide ekonomikoak bideratutako dira.
Doktore titulua duten pertsonak kontratatuz erakunde onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuen lerrorako aurrekontua 2.610.000 eurokoa da. 2023ko ekitaldiko ordainketa-kreditua 652.500 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, 1.305.000 euro 2024an, eta 652.500 euro 2025ean.
Industria-doktoregaien lerrorako aurrekontua 3.060.000 eurokoa da. 2023ko ekitaldian, ordainketa-kreditua 750.000 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, 780.000 euro 2024an, 780.000 euro 2025ean, eta 750.000 euro 2026an.
2.– Programa hau burutzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.
Zenbateko horiek handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi baino lehen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren I+G+b arloko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honetako gainontzeko izapideak kudeatzeko bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxaren helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2022/bikaintek-2022/web01-s2kono/eu.
Bertan eskaera izapidetzeko jarraibideak eta eskabide-formularioetara sartzeko estekak daude eskuragarri. Eskaera-formularioetan aurki daitezke erantzukizunpeko adierazpenak eta dokumentu-ereduak.
Eskabidea egin eta geroko izapideak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne), bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira. Espedientean sartzeko, honako atarira jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
3.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko apirilaren 25ean amaituko.
4. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.
2023ko ekitaldian aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, bai eta laguntzak emateko proposamena egiteko ere, I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen dituen Aginduaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoa eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatu eta doktorego industrialak egiteko Bikaintek Programaren barruan, eta Alberto Fernández González Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendaria izango da burua. Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Leire Madariaga Gangoiti, izango da ordezkoa.
Honako hauek izango dira bokalak: Xabier Domínguez López de Lacalle (ordezkoa: Gonzalo Martínez Martínez), eta Joseba Beldarrain Agirre. Azken horrek ebaluazio-organoko idazkari-lanak egingo ditu (ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé).
5. artikulua.– Urteko gutxieneko ordainsariak eta diruz lagun daitezkeen kostuen eta egonaldien zenbatekoak.
1.– Doktore-titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 32.000 eurokoa izango da, eta industria-doktoregaiak sortzeko, 20.000 eurokoa.
2.– Kontratatutako pertsona bakoitzeko, diruz lagundu daitezkeen kostuen urteko gehieneko zenbatekoa ez da 60.000 eurotik gorakoa izango tituludun doktoreak kontratatzeko lerroan, eta 40.000 eurotik gorakoa industria-doktoregoen lerroan.
3.– Industria-doktoretzak egiteko ildoan, prestakuntza-aldi osoan egin beharreko egonaldietarako diruz lagun daitekeen gehieneko gastua 12.000 eurokoa da. Atal honetan, diruz lagundu daitezkeen mantenu-gastuak ez dira 50 eurotik gorakoak izango egonaldiko egun bakoitzeko.
4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuraduna administrazio honetako dagokion datu-basean agertu beharko da. Bertan alta emateko, edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 23a.
Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.