44. zk., 2023ko martxoaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 10 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
1153
26/2023 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, botikategien baimentze-prozedurari, baldintzei eta funtzionamendu-araubideari buruzkoa.
Azaroaren 28ko 500/1995 Dekretuan, botikategiak baimentzeko prozedura eta funtzionatzeko baldintzak eta araubidea ezarri zituen eta lehendabiziko aldiz arautu zituen establezimendu sanitario horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.
1.– Erregulazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legean jasotako xedapenen garapena da. Zioen azalpenean ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei farmazia-arreta egokia eta homogeneoa bermatzea da lege horren helburu nagusia. Horretarako, sendagairako irispideak arina eta lasterra izan behar du eta, ondorioz, botikategiek, farmazia-bulegoen osagarri diren banaketa-establezimendu diren aldetik, xede horretarako behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak izan behar dituzte. Bestalde, sendagaia behar bezalako kontrol- eta informazio-bermeekin eman behar zaio erabiltzaileari eta, azkenik, zentzuz banatuta egon behar dute, biztanleria osoari ematen zaion farmazia-arreta homogeneo hori bermatuta gera dadin.
Alde horretatik, botikategien funtzionamendurako baimenaren, baldintzen eta araubidearen gaineko prozedura funtsezko tresna bat izan da helburu horiek lortzeko.
2.– Hala ere, 500/1995 Dekretuan jasotako erregulazioa onartu zenetik igaro den denbora, urte hauetako esperientzia eta zer gizarte-errealitatetan aplikatu behar den kontuan hartuta, araua hobeto idazteko eta interpretatzeko aukerak daudenez, komeni da dekretu berri bat onartzea, aurrekoa indargabetuta eta alderdi garrantzitsu batzuk argituta.
3.– Alderdi horien artean, bereziki aipatu behar da hau: 500/1995 Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 14.1 eta 25.1 artikuluetan xedatutakoa garatzeko eman zen. Artikulu horietako lehenengoaren arabera, «ez da baimenduko farmazia-bulegorik 800 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, eta, behar denean, farmazia-arreta 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera emango da». Bestalde, 25. artikuluak hau xedatzen du:
«1.– 800 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan, edo dagoeneko farmazia-bulegoa baduten udalerrietan, baina urruntasunagatik, establezimendu hurbilenarekiko komunikazio-zailtasunengatik edo aldi baterako biztanle-pilaketengatik, udalerriotako auzo edo inguru batzuetan farmazia-arretarako establezimendu eta zerbitzu sanitarioren bat egotea komeni bada, botikategi/botikin bat ezartzea baimendu ahal izango da».
Horiek horrela, azaroaren 28ko 500/1995 Dekretua indarrean jarri zenetik igaro diren urteotan bi artikulu horiei buruz egin den interpretazioan oinarrituta, ez da botikategirik baimendu farmazia-bulegorik ez duten 800 biztanle baino gehiagoko udalerrietan. Interpretazio horrek hau ekarri du praktikan: 800 biztanletik gorako udalerriak egotea botikategirik eta farmazia-bulegorik gabe, eta hori, logikarik gabea ez ezik, lehen aipatu dugun 11/1994 Legearen asmoaren kontra-kontrakoa ere bada, autonomia-erkidegoko herritar guztiei farmazia-arreta egokia eta homogeneoa bermatu behar baitzaie.
Argi dago, farmazia-bulegoa eta 800 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek botikategia ere izan badezakete (25. artikuluan adierazitako egoeretan), are arrazoi gehiagorekin izan beharko luketela botikategiak jartzeko aukera farmazia-bulegorik ez duten 800 biztanle baino gehiagoko udalerriek. Horretaz gain, kontuan izan behar da 800 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan farmazia-bulegorik jarri ezin izateak ez duela esan nahi, «a sensu contrario», 800 biztanle baino gehiagoko udalerrietan farmazia-bulegoak bakarrik jar daitezkeenik.
4.– Bestalde, 500/1995 Dekretua indargabetuta, administrazio-prozedura arinago bat diseinatu nahi da, izapideak murriztuko baitira eta urteotan esperientziak azalarazi dituen gehiegizko epe administratiboak laburtuko baitira, betiere prozedura horretako parte-hartzaileek eta, bereziki, botikategi bat sortzeko baimena eskatu nahi duten farmaziako profesionalek dauzkaten berme juridikoak kaltetu gabe.
5.– Era berean, berme horiek babesteko, beharrezkotzat jotzen da prozedura erregulatzen duen arauak nolabaiteko lehentasun-ordena ezartzea, botikategi berriak sortzeko eta irekitzeko aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebazteko prozesua gardena eta objektiboa izan dadin.
6.– Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dekretu honek arautzen duen prozedura osatzen duten izapideak udalek edo farmazia-elkargokideek bete behar dituztenez, ulertu behar dugu nahitaezkoa dela haiek guztiek administrazio honekin duten harremana bitarteko elektronikoen bidezkoa izatea, izapidetzeko modu bakar eta esklusibo gisa.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25. eta 33. artikuluekin bat etorriz, kasuan kasuko kide anitzeko elkargoei eta profesionalen elkarteei entzun ondoren, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Botikategiak.
1.– Botikategia da farmazia-bulego bati lotutako establezimendu sanitarioa, zeinaren bidez aldez aurretik ekintza-plan batean definitutako farmazia-arreta bermatzen baitzaio kolektibitate jakin bati.
2.– Botikategiaren bidez, funtzio hauek beteko dira:
a) Sendagaiak eta produktu sanitarioak kontserbatu, zaindu eta banatzea.
b) Agintari sanitarioek edo kasuan kasuko farmazia-korporazioak arlo hauetan sustatzen dituzten programetan laguntzea: farmazia-asistentziaren kalitate-bermea, arreta sanitario orokorraren kalitate-bermea, osasuna sustatu eta babestea, gaixotasuna prebenitzea eta hezkuntza sanitarioa.
c) Sendagaien erabilera indibidualaren kontrolean laguntzea, kontrako efektu posibleak hautemateko eta farmakozainketako organismo arduradunei jakinarazteko.
d) Farmazia-aholkua ematea, sendagaien arrazoizko erabilerari buruzko informazioa emanda.
e) Profesional sanitarioekin koordinatuta jardutea, sendagaiaren arloko prestakuntza eta informazioa ematea eta pazienteei tratamendu farmakologikoen jarraipena egiten laguntzea.
f) Preskribatu eta emandako errezetak zaindu eta kontrolatzea, baita hala behar duten dokumentu sanitarioak ere.
2. artikulua.– Botikategiekiko lotura.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, kasu hauetan eman daiteke botikategia jartzeko baimena:
a) Farmazia-bulegorik ez duten udalerrietan.
b) Farmazia-bulegoa duten 800 biztanle baino gehiago duten udalerrietan, baldin eta auzo edo inguru jakin batzuetan farmazia-arretarako establezimendu eta zerbitzu sanitario mota hori egotea komeni bada urruntasunagatik, establezimendu hurbilenarekin komunikatzeko zailtasunengatik edo aldi baterako biztanle-pilaketengatik.
2.– a) apartatuan aurreikusitako kasuan, botikategi bakoitza farmazia-eremu bereko bulego bati atxikita egongo da.
3.– b) apartatuan aurreikusitako kasuetan, botikategiak udalerri bereko farmazia-bulego bati lotuta egongo dira.
4.– Baimendu daiteke farmazia-bulego berak botikategi bat baino gehiago lotuta izatea.
3. artikulua.– Botikategi motak.
Dekretu honen babesean baimentzen diren botikategiak iraunkortzat joko dira, biztanle-pilaketengatik baimentzen direnak izan ezik, horiek baimen-ebazpenean zehazten den aldirako izango baitira.
4. artikulua.– Botikategien funtzionamendu-baldintzak.
1.– Botikategia kokatuko den lokala horretarako baino ez da erabiliko.
2.– Botikategia izango den lokalak gutxieneko 12 metro koadroko azalera erabilgarria eduki beharko du, eta erabiltzaileei arreta emateko gunea eta biltegia bereizita egongo dira.
3.– Erabiltzaileei arreta emateko guneak bide publikotiko sarbide zuzena eta librea izango du, eta oztopo arkitektonikoen arloan indarrean dagoen araudia bete beharko du.
4.– Neurri bereziak behar dituzten sendagaiak eta produktu sanitarioak zaindu eta mantentzeko behar diren elementuez hornituta egon beharko dute botikategiek.
5.– Botikategia lotuta dagoen farmazia-bulegoaz baino ez da hornituko, eta farmazialari titularrak, arduradunak, ordezkoak edo ondokoak egingo ditu sendagaiak zaindu, kontserbatu eta emateko lanak, jendearentzat zabalik dagoen bitartean.
6.– Botikategia astean gutxienez 5 orduz egongo da zabalik jendearentzat.
5. artikulua.– Lokaleko seinaleak.
1.– Botikategiaren fatxadan «Botikategia» hitza duen errotulu bat egongo da, eta gaztelaniaz «Botiquín».
2.– Halaber, sarrerako atearen ondoan ikusgai jarri beharko dira, euskaraz eta gaztelaniaz, zein den jendeari arreta emateko ordutegia, zein egunetan zabaltzen den, nola deitzen den farmazialari arduraduna eta zein helbidetan dagoen loturako farmazia-bulegoa.
II. KAPITULUA
BOTIKATEGIA INSTALATZEA EGOKIA DEN ZEHAZTEKO PROZEDURA
6. artikulua.– Espedientea hastea.
1.– Botikategi bat baimentzeko prozedura hasi aurretik, Farmazia Zuzendaritzak botikategia instalatzea egoki den ebatzi beharko du.
2.– Botikategia instalatu nahi den tokiko udalak edo toki-erakunde eskudunak eskatuta emango da ebazpen hori.
7. artikulua.– Farmazia-bulegorik gabeko udalerrietarako aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Farmazia-bulegorik gabeko udalerri batean botikategi bat instalatzea egoki den ebatzi behar bada, eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Udalaren edo toki-erakunde eskudunaren aldeko erabakia, botikategia instalatzea egokia den ebazteko eskaerari buruzkoa.
b) Udalerri eskatzaileak botikategia instalatzeko lokal bat duelako adierazpena, lokalaren ezaugarriak eta ekipamendua, eta farmazialari interesdunari baimendutako erabilera-baldintzak barnean hartuta.
c) Lokal horren eta farmazia-eremuko farmazia-bulegoen arteko distantziaren zehaztapena.
d) Udalerriko edo eskualdeko ezaugarri soziosanitarioei buruzko informazioa, asistentzia mediko-sanitarioa berariaz adierazita.
8. artikulua.– Urrun egon edo komunikatzeko zailtasunak izanez gero aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Urruntasuna edo komunikazio-zailtasunak direla kausa, auzo edo inguru jakin batean botikategi bat instalatzea egoki den ebatzi behar bada, eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Udalaren edo toki-erakunde eskudunaren aldeko erabakia, botikategia instalatzea egokia den ebazteko eskaerari buruzkoa.
b) Udalak edo toki-erakundeak emandako ziurtagiria, zeinaren bitartez egiaztatu behar baita erreferentziako eremua udalerriko gainerako eremuetatik bereizitako nukleo edo auzo bat dela eta hurbilen dauden farmaziekin komunikatzeko zailtasuna justifikatzen duten arrazoiak daudela.
c) Teknikari eskudun batek idatzitako planoa, proposatutako inguru edo auzoaren mugak argi eta garbi zehaztuta.
d) Udalerri eskatzaileak erreferentziako inguru edo auzoan botikategia instalatzeko lokal bat duelako adierazpena, lokalaren ezaugarriak eta ekipamendua eta farmazialari interesdunari baimendutako erabilera-baldintzak barnean hartuta.
e) Lokal horren eta udalerriko farmazia-bulegoen arteko distantziaren zehaztapena.
f) Urrun egonez gero, farmaziarik hurbilena botikategia kokatuko den lokaletik 2 kilometrora baino gehiagora dagoela egiaztatzen duen agiria.
g) Udalak berak edo behar den toki-erakundeak emandako egiaztagiria, non adieraziko baita eskaera egin den unean indarrean dagoen erroldaren arabera inguru edo auzo horretan gutxienez 800 biztanle daudela erroldatuta.
9. artikulua.– Aldi baterako biztanle-pilaketako kasuetan aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Aldi baterako biztanle-pilaketagatik botikategi bat instalatzea egoki den ebatzi behar bada, aurreko artikuluaren a), b), c) eta d) paragrafoetan aurreikusitako dokumentazioaz gain, eskabidearekin batera honako hau aurkeztu beharko da:
a) Zuzenbidean aitortutako edozein moduren bidez, urtean gutxienez ondoz ondoko bi hilabetetan inguru edo auzo horretako biztanleria urteko gainerako biztanle kopurua baino gutxienez 1.500 biztanle baino gehiagokoa dela egiaztatzen duen agiria.
b) Botikategia kokatuko den lokala farmazia-bulegotik edo hurbilen dagoen botikategitik 2 kilometrora baino gehiagora dagoela egiaztatzen duen agiria.
10. artikulua.– Dokumentazioa osatzeko errekerimendua.
Aurreko artikuluetan adierazitako dokumentuetatik baten bat falta bada, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio nahitaezko dokumentazio hori 10 eguneko epean aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
11. artikulua.– Egokitasunaren gaineko ebazpena.
1.– Aurkeztutako dokumentazioa dagokion «farmazialarien elkargo ofizial»ari helaraziko zaio, 10 eguneko epean iritzi arrazoitua eman dezan.
2.– Aurkeztutako dokumentazioa, «farmazialarien elkargo ofizial»aren txostena eta dagokion farmazia-eremuko edo auzoko asistentzia mediko-sanitarioari buruzko txostena aztertu ondoren, Farmazia Zuzendaritzak desegokitzat jotzen badu botikategia baimentzeko prozedura hastea, erabaki hori eskatzaileari helaraziko zaio, beharrezkotzat jotzen diren arrazoibide eta dokumentuekin batera, 10 eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
3.– Aurkezten diren alegazioak aztertu ondoren, Farmazia Zuzendaritzak ebazpen espresua emango du, aurreko paragrafoan aipatutako alegazio-epea amaitu eta hamabost eguneko epean.
4.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzari.
5.– Botikategia instalatzea egoki dela behin betiko erabaki ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik bakarrik aldatu ahal izango da erabaki hori.
III. KAPITULUA
BOTIKATEGIA BAIMENTZEKO PROZEDURA
12. artikulua.– Hasiera.
1.– Botikategi bat instalatzea egoki dela adierazten duen ebazpenak, halaber, botikategia baimentzeko prozedura hasteko erabakia jasoko du, botikategia kokatuko den farmazia-eremua edo udalerria eta deialdiaren gainerako ezaugarriak ere adierazita.
2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hilabeteko epea hasiko da botikategia atxikitzeko interesa duten farmazia-bulegoen titularrek eskabideak aurkez ditzaten. Era berean, ebazpen hori dagokion «farmazialarien elkargo ofizial»ari jakinaraziko zaio, elkargokideen artean zabal dezan.
3.– Botikategia sortzea baimentzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Plano edo krokis bat, teknikari eskudun batek ziurtatua, non adieraziko baita botikategia instalatuko den lokalaren kokalekuaren eta titulartasuneko farmazia-bulegoaren arteko distantzia.
b) Botikategia lehenengoz instalatzen bada, lokalaren xehetasun-planoak, teknikari eskudun batek idatziak. Lokal hori aldez aurretik botikategi edo farmazia-bulego gisa erabili bada, nahikoa izango da dekretu honen eskakizunetara egokitzen dela egiaztatzea.
c) Botikategiaren funtzionamendu-plana, hauek barnean hartuta:
– Botikategiaren jendearentzako arreta-ordutegiaren proposamena.
– Botikategian arreta farmazeutikoa emateko aurreikusitako langileria, lotuta dagoen farmazia-bulegoan ematen den arretari kalterik egin gabe.
– Lotuta dagoen farmazia-bulegoarekiko koordinazioa, sendagaien eta produktu sanitarioen hornidurari, pazienteen jarraipenari eta programa sanitarioen ezarpenari dagokienez.
– Sendagaiak eta produktu sanitarioak emateko erantzun-epeak eta -modalitateak.
d) Behar den tasaren ordainagiria.
13. artikulua.– Izapideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Eskabideak aurkezteko eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaituta, Farmazia Antolamenduko Zerbitzuak eskabideak eta haiekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta baloratuko ditu.
Ondoren, Farmazia Antolamenduko Zerbitzuak lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du farmazialari interesdunen artean. Lehentasun-hurrenkera hori eratzeko, zerrenda honetako irizpideak beteko dira –garrantzi handienekotik txikienekora adierazita daude–:
a) Botikategiaren funtzionamendu-plana, aurreko artikuluaren 3. paragrafoko c) apartatuaren arabera proposatua. Dekretu honen 4.6 artikuluan adierazitako gutxieneko ordutegia luzatzea proposatzen bada, jendearentzako arretarako astean 2,5 orduko modulutan egin beharko dira luzapen horiek.
b) Botikategia dagoen lokalaren eta titulartasuneko farmazia-bulegoaren arteko distantzia.
c) Farmazia-bulegoak bigarren botikategirik lotuta ez izatea.
d) Aurreko irizpideetako bat ere ez bada nahikoa erabakia interesdun baten edo bestearen alde hartzeko, botikategia kokatuko den farmazia-eremuan denbora gehien daraman farmazia-bulegoaren titularrak izango du lehentasuna.
2.– Balorazio eta lehentasun-hurrenkera horien berri emango zaie eskatzaileei, 10 eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin ahal izateko.
3.– Egindako alegazioak aztertu ondoren, Farmazia Zuzendaritzak lehentasun-hurrenkera horretan lehenengo postuan dagoen farmazia-bulegoaren titularrari jakinaraziko dio inguruabar hori, eta hilabeteko epea emango dio, beharrezkoa bada, teknikari eskudunak botikategirako lokalari buruz idatzitako obra-proiektua aurkezteko, dekretu honetan zehaztutako ezaugarrien arabera.
4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea igarotakoan, farmazialari horrek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkeztu, deialdian parte hartzen jarraitzeari uko egiten diola ulertuko da. Kasu horretan, Farmazia Zuzendaritzak aurreko apartatuetan adierazitako modu berean jokatuko du artikulu honetako lehen paragrafoan aipatutako lehentasun-ordenan hurrena den farmazia-bulegoaren titularrarekin.
5.– Botikategia jarri behar den farmazia-eremuko farmazia-bulegoen titular batek ere ez badu hura sortzeko baimen-eskabiderik egiten, orduan bakarrik eskaini ahal izango zaie sortzeko baimen hori ondoko farmazia-eremuetan kokatutako farmazia-bulegoen titularrei.
14. artikulua.– Distantzien neurketa.
Dekretu honen ondorioetarako, farmazia-bulegoaren eta botikategirako lokalaren arteko distantzia neurtu behar bada, azaroaren 15eko 430/1994 Dekretuan ezarritakoa hartuko da kontuan. Farmazia-bulegoen eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko osasun-zentroen arteko distantziak finkatzen ditu dekretu horrek, baita distantzia horiek neurtzeko prozedura ere.
15. artikulua.– Botikategia sortzeko baimena.
1.– Aurkeztutako dokumentazioa egokia den ala ez egiaztatu ondoren, Farmazia Zuzendaritzak ebazpena emango du, farmazialari interesduna hautatu eta botikategia sortzeko baimena emateko edo ukatzeko.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzari.
3.– Sortzeko baimena eman dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 12. artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu, bi hilabete igaro eta Farmazia Zuzendaritzak ebazpen espresurik eman ez badu.
4.– Botikategia sortzeko baimena emateko, funtzionamendu-baimena lortu beharko da.
16. artikulua.– Botikategiaren funtzionamendu-baimena.
1.– Botikategia sortzeko baimena eman ondoren, hilabeteko epea emango zaio farmazialariari Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 32.b) artikuluan adierazitako funtzionamendu-baimena eska dezan.
2.– Farmazia Zuzendaritzak emango du funtzionamendu-baimena, sortzeko baimena emateko oinarri izan ziren baldintzak eta eskakizunak bete direla egiaztatu ondoren.
3.– Funtzionamendu-baimena eman dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta eskabidea aurkeztu zenetik 2 hilabete igaro eta Farmazia Zuzendaritzak dagokion ebazpena eman ez badu.
4.– Artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako epea igaro eta interesdunak funtzionamendu-baimena eskatu ez badu berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, ohartaraziko zaio ezen, eskabide hori egin gabe beste hilabete igaro ondoren, botikategia sortzeko baimena emateko baldintza zen betekizuna ez duela bete ulertuko dela, eta baimen hori ondoriorik gabe geratuko dela. Hala bada, Farmazia Zuzendaritza dekretu honen 13.1 artikuluan aipatutako lehentasun-ordenan hurrena den farmazia-bulegoaren titularrari zuzenduko zaio, bere izenean botikategia sortzeko eta jardunean jartzeko behar diren baimenak lor ditzan, dagozkion izapideak egin ondoren.
5.– Farmazialariari egotz ezin dakiokeen arrazoiren batengatik ezin izan badu funtzionamendu-baimena epe barruan eskatu, epea amaitu baino lehen hori eragozten dioten inguruabarren egiaztagiriak eman beharko ditu. Bestalde, Farmazia Zuzendaritzak epe horren zenbaketa etetea erabaki ahal izango du, harik eta hura eragiten duten arrazoiak desagertzen diren arte; nolanahi ere, etenaldi hori ezin izango da inoiz 2 hilabetetik gorakoa izan.
17. artikulua.– Botikategia jendeari zabaltzea.
1.– Funtzionamendu-baimena jakinarazi eta hurrengo 10 egunean zabaldu beharko dio interesdunak botikategia jendeari. Denboraldiko botikategia bada, funtzionamendua baimentzen duen ebazpenean zehaztuko da noiz zabalduko zaion jendeari botikategia.
Jendearentzat zabaltzen den egunean, behar besteko baliabide tekniko eta materialez hornituta egon beharko du.
2.– Jendeari noiz zabalduko zaion jakinarazi beharko die interesdunak Farmazia Zuzendaritzari eta behar den «farmazialarien elkargo ofizial»ari, ireki baino lehen.
18. artikulua.– Botikategian obrak egitea eta botikategia lekualdatzea.
Botikategia lekuz aldatzeko eta botikategian obrak egiteko, dagokion administrazio-baimena lortu beharko da.
IV. KAPITULUA
BOTIKATEGIAREN BAIMENA AZKENTZEA
19. artikulua.– Baimena azkentzeko egoerak.
1.– Botikategiaren baimena azkentzeko arrazoiak hauek dira:
a) Farmazialariak uko egitea.
b) Proposatutako funtzionamendu-plana ez betetzea.
c) Lotuta dagoen farmazia-bulegoa eskualdatzea.
d) Lotuta dagoen farmazia-bulegoaren titularra hiltzea, erretiratzea edo ezgaitzea, edo absentzia-deklarazio judiziala.
e) Lehen farmazia-bulegorik ez zeukan udalerri batean farmazia-bulego bat irekitzea eta jardunean jartzea.
f) Isolatutako inguru edo auzoan 800 biztanle erroldatu izateari uztea.
2.– Farmazia Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez azkenduko da baimena.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzari.
4.– Azkentzea erabaki ondoren, eta artikulu honen lehen paragrafoko e) eta f) letretan aurreikusitako kausak salbu, botikategia sortzeko baimena emateko prozedurarako deialdia egingo da berriz ere, dekretu honen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.
20. artikulua.– Farmazia-bulegoaren titularrak uko egiteagatik azkentzea.
1.– Farmazialariak, botikategiaren arduradun izateari uko egiten badio, Farmazia Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio ardura utzi baino 3 hilabete lehenago, gutxienez.
2.– Botikategiaren arduradun gisa jarraitzeari uko egiteko asmoa jakinarazi ondoren, Farmazia Zuzendaritzak horren berri emango dio dagokion udalari, baita farmazia-eskualdeko edo udalerriko gainerako farmazialariei ere, kasuaren arabera.
21. artikulua.– Funtzionamendu-plana ez betetzeagatik azkentzea.
1.– Farmazialariak proposatutako funtzionamendu-plana betetzen ez bada, Farmazia Zuzendaritzari dagokio botikategia azkentzeko ebazpen-proposamena farmazialari arduradunari helaraztea, hamar eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
2.– Alegazioak aztertu ondoren, Farmazia Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzari.
22. artikulua.– Farmazia-bulegoa eskualdatzeagatik azkentzea.
1.– Botikategi bat lotua duen farmazia-bulego bat eskualdatzen bada, farmazia-bulegoak eskualdatzeko prozedura ezartzen duen martxoaren 16ko 166/1999 Dekretuaren 8.1 eta 20.1 artikuluetan adierazitako eskualdatze-baimenak botikategiaren baimena azkentzea ekarriko du.
2.– Farmazia Zuzendaritzak farmazia-bulegoa eskualdatzeko asmoaren berri jakin ondoren, botikategirik ez izateak udalerri, auzo edo inguruetako farmazia-arretan luzaz eraginik ez izateko, Farmazia Zuzendaritzak, egoera aztertu ondoren, botikategia sortzeko deialdia egin ahal izango du berriro.
3.– Farmazia-bulego baten zati zatiezin bat beste titularkide bati eskualdatzen bazaio, botikategiak farmazia-bulego horri lotuta egoten jarraituko du, salbu eta farmazialari eskuratzaileak berariaz uko egiten badio.
23. artikulua.– Farmazia-bulegoaren titularraren heriotzagatik azkentzea.
1.– Botikategiaren farmazialari arduradunaren heriotza, erretiroa, ezgaikuntza edo absentzia-deklarazio judiziala gertatuz gero, botikategiaren baimena azkendu egingo da, hargatik eragotzi gabe botikategia lotuta dagoen farmazia-bulegoaren arduradunak, baimen berriari buruzko prozedura izapidetzen den bitartean, botikategiaren arduradun gisa jarraitu ahal izatea.
2.– Farmazia Zuzendaritzak botikategiaren farmazialari arduradunaren heriotzaren, erretiroaren, ezgaikuntzaren edo absentzia-deklarazio judizialaren berri jakin ondoren, zuzendaritza horrek, egoera aztertu ondoren, botikategia sortzeko deialdia egin ahal izango du berriro.
3.– Botikategia baimendu ondoren, aurreko farmazia-bulegoarekin farmaziaren arduradunaren bitartez behin-behinean izandako lotura ere azkenduko da.
24. artikulua.– 19. artikuluaren e) eta f) letretan aurreikusitako arrazoiengatik azkentzea.
1.– Dekretu honen 19.1 artikuluko e) letran aurreikusitako kasuetan, farmazia-bulegoaren funtzionamendu-baimenak botikategia behin betiko ixtea ekarriko du, eta Farmazia Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez erabaki beharko da, dekretu honen 19.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Dekretu honen 19.1 artikuluko f) letran aurreikusitako kasuan, egiaztatu beharko da eremu edo auzo isolatuan erroldatutako biztanle-kopurua murriztu egin dela, 800 biztanletik behera.
3.– Kausak desagertu direla egiaztatu ondoren eta eraginpeko farmazialariari entzun ondoren, Farmazia Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau ez zaie aplikatuko botikategi berriak irekitzeko prozedurei, baldin eta indarrean jarri baino lehenago hasita bazeuden. Prozedura horiek izapidetu eta ebazteko, azaroaren 28ko 500/1995 Dekretuak ezartzen duena beteko da (botikategiak baimentzeko prozedura eta funtzionamendu-baldintzak eta -araubidea ezartzen dituen dekretua).
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da azaroaren 28ko 500/1995 Dekretua, botikategiak baimentzeko prozedura eta funtzionamendu-baldintzak eta -araubidea ezartzen dituena.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.