Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2023ko martxoaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1142

29/2023 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoko langileen ordainsarien 2023rako igoerak onartzeko Erabakia argitaratzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2023ko otsailaren 14an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoko langileen ordainsarien 2023rako igoerak onartzen dituen Erabakia onartu zuen, eta hari behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoko langileen ordainsarien 2023rako igoerak onartzen dituen Erabakiaren testua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 21EKO 29/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAN DIHARDUTEN LANGILEEN ORDAINSARIEN 2023. URTEKO IGOERAK ONARTZEN DITUENA

2023rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19. artikuluan ezartzen dira sektore publikoan diharduten langileen gastuen arloko jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa.

19. artikulu horren Bi.1 apartatuaren arabera, 2023an, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izango dute % 2,5etik gorako igoera orokorrik izan, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, alderatutako bi aldiak homogeneoak izanik, bai langile kopuruari, bai horien antzinatasunari erreparatuta.

Autonomia-erkidegoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen 19. artikuluak arautzen du zer ordainsari ordainduko zaizkien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileei.

19.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe sektore publikoan diharduten langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak, 2023. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek ezin izango dute % 2,5etik gorako hazkunde orokorrik izan 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko. Ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.

19.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak izango dira aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak, administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.

19. artikuluaren 13. eta 14. apartatuek ezartzen dute lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen eta behin-behineko langileen 2023ko ekitaldirako ordainsariek ezin izango dutela % 2,5etik gorako gehikuntzarik izan, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.

22.1 artikuluak igoera bera aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta sektore publikoko partzuergoetako zuzendarien ordainsarietarako.

19.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, ordainsari osagarriek ezin izango dute % 2,5etik gorako hazkunde orokorrik izan 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, hargatik eragotzi gabe, programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz egin daitezkeen aldaketak.

Lan-araubideko langileei dagokienez, 19.9 artikuluaren arabera, 2023an soldata-masak % 2,5eko gehikuntza izan dezake gehienez, 2022ko ekitaldirako ezarritakoaren aldean.

Azkenik, Ertzaintzako langileen ordainsariak 20. artikuluan arautzen dira, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluari baitagokio uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 115.1.a) artikuluan araututako kategoria-maila bakoitzari dagokion lanpostu-osagarriaren urteko zenbatekoa zehaztea.

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio ezartzea, urtero, zer arau eta gidalerro bete behar diren aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zerbitzuko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta administrazio horien zerbitzuko gainerako langileen soldata-baldintzak.

Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baimentzea, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden urteko guztizko ordainsarien % 2,5eko igoera orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko entitate publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako lan-kontratudunak ez diren langileentzat, baita lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekoentzat eta behin-behineko langile eta zuzendaritza-kideentzat ere.

Bigarrena.– Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:

a) Soldata eta hirurteko gisa, 2023ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):

(Ikus .PDF)

b) 2023ko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzeko, honako kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko kontzeptu gisa:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 122.2.a) artikuluan ezarritakoarekin, hau izango da 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa 2023. urtean, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona:

(Ikus .PDF)

Laugarrena.– Honako hau izango da Ertzaintzako kategoria bakoitzean 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2023. urtean:

(Ikus .PDF)

Bosgarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, % 2,5 igoko dira 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.

Seigarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– Behin-behineko langileen ordainsariak % 2,5 igoko dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

Zortzigarrena.– Justizia Administrazioan diharduten langileen ordainsariak berariazko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan diharduten langile lan-kontratudunen ordainsariak % 2,5 igoko dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Hamargarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako enteetan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masak ezin izango dira % 2,5 baino gehiago igo 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2023ko soldata-masaren gehieneko muga, zeina negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko baita nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoen arabera arautuko dira, eta, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, haien zenbateko indibidualak ezin izango dira % 2,5 baino gehiago igo 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.

Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala