Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2023ko martxoaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1130

AGINDUA, 2023ko otsailaren 22koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua dutenak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak egiteko laguntzak –Bikaintek programa–.

Transferentzien Bitariko Batzordearen Osoko Bilkurak, 2008ko abenduaren 11n, ikerketa eta garapen zientifiko eta teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko erabakia hartu zuen. Ikertzaileak euskal enpresa-sarean sartzen laguntzeko helburua presente egon da Sailaren politika zientifiko-teknologikoaren jarraibideetan, hasiera-hasieratik gaur egunera arte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean adierazitako lan-ildoetako bat izaten jarraitzen baitu.

Ikertzaileak kontratatzeko laguntza-programen lehen aurrekaria Ikertu programa izan zen, Berrikertuk programak ordeztu zuena. 2018an, Bikaintek programa bilakatu zen, eta planteamendu berri bat egin zen I+G proiektuak gauzatzeko ikertzaileak sartzea sustatzeko jardueran, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agente jakin batzuetan doktore ikertzaileak sartzeko eta doktore industrialak egiteko laguntzen deialdiaren bidez.

2021ean, Bikaintek xedapen orokor gisa abiarazi zen, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hori 2014ko ekainaren 26ko L 187 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra), eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin lerrokatuta dago. Plan hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak I+G+B bultzatzeko garatutako politika eta jarduera guztiak integratzen eta koordinatzen dituen erreferentzia-esparrua.

2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana hiru zutabe estrategikotan oinarritzen da: Bikaintasun Zientifikoa, Lidergo Teknologiko Industriala eta berrikuntza irekia, eta elementu nagusi bat, talentua, aurrekoak kohesionatzen dituena, 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatutako erronka sozialak planteatzen dituena eta lehentasun estrategiko berriak definitzen dituena: Industria Adimenduna, Energia Garbiagoak eta Osasun Pertsonalizatua. Era berean, zeharkako hiru trakzio-ekimen proposatzen ditu: mugikortasun elektrikoa, zahartze osasuntsua eta ekonomia zirkularra. Hori guztia, hiru trantsizioei aurre egiteko: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala. Gainera, talentu ikertzailearen sustapena, bereziki emakumeen artean, planaren oinarri estrategikoetan ezarritako lau helburu operatiboetako bat da.

Bikaintek bat dator, halaber, Europatik datozen dokumentuekin, hala nola Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparruarekin (2022ko urriaren 19an onartua), Batzordearen jakinarazpenarekin (Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Batzordearen Gomendioarekin), bai eta doktoregoko ikasketa ofizialak arautzen dituen estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiarekin ere (kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzea du xede). Gidalerro horiek nabarmentzen dute beharrezkoa dela I+G+b gizarte-sektore guztietan sustatzea, bereziki industria eta enpresen doktoregoan lankidetzan arituz, berrikuntzarako eta etorkizunerako estrategietan funtsezko zeregina izan dezaten.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak aitortzen du doktoreen ikerkuntza-eginkizuna, haien osaera arautzen eta eguneratzen duen tresnari esker (109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa). Dekretu horren III. eranskinean, Sareko eragileen tipologia desberdinetarako adierazleen aginte-taulak eta eragile mota bakoitzak bete behar dituen baldintza espezifikoak zehazten dira, eta ezartzen da zentro teknologikoen, ikerketa kooperatiboko zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategoriak dituzten eragileek doktore-titulua duten gutxieneko pertsona kopuru bat izan behar dutela plantillan.

Bikainteken ariketen esperientziak erakusten du baja eman zaiela azken urteetan aurkeztutako eskabideei. Horregatik, eta joera horri buelta emateko, agindu berriarekin aldatu egiten dira enpresa txiki eta ertainentzako laguntzen intentsitateak, kategorien araberako salbuespenen araudiak baimentzen duen gehienekora doituta, eta kendu egiten da zentro teknologikoek eta ikerketa kooperatiboko zentroek enpresa baten finantzaketa izateko betebeharra, doktoregaiak parte hartzen duen I+G proiektuan.

Nolanahi ere, talentua atxiki nahi da, doktoregoko ikasleak EAEko enpresa-inguruneetan I+G proiektuak garatzeko baldintzetan kokatuz eta, aldi berean, euskal industria-sarearen lehiakortasuna eta nazioartekotzeko gaitasuna handitzen lagunduz.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzea du helburu. Laguntza horien bidez, doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatu, eta industria-doktoregoak egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan, EAEn ekoizpen-instalazioren bat duten enpresetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetan. Hala, EAEko ekoizpen-sarearen lehiakortasuna areagotu ahalko da, talentua kontratatuz.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Honako jarduera hauek lagunduko dira diruz:

a) Doktore-titulua duten ikertzaileen kontratazioa, entitate onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuetan lan egiteko.

b) Industria-doktoregaiak prestatzea, 2030eko ZTBParen lehentasun estrategikoekin lerratutako industria-ikerketako proiektu batean parte har dezaten, zeina haien doktorego-tesiaren esparrua izango baita.

2.– Arau honen babesean, aldi berean beste lan-lotura bat indarrean duten pertsonen kontratuak ez dira diruz lagunduko.

3. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

Bi laguntza-lerroen kasuan, dirulaguntzak emateko bi prozedurak norgehiagokakoak izango dira; honela, eskabideei ebaluazio-irizpideak aplikatuta, lortutako puntuazioen araberako zerrenda bana egingo da, eta laguntzak hurrenkerari jarraituz esleituko dira horretara bideratutako funtsak agortu arte, kontuan izanik, betiere, 22. eta 34. artikuluetan ezartzen diren gutxieneko puntuazioak gainditu beharko direla dirulaguntza lortzeko.

4. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Laguntzek aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete behar dute, eta erregelamendu horretako 25. artikuluan daude sartuta.

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onartu duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

5. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honako hauek definitu dira:

ZTBES sareko eragileak: 109/2015 Dekretua, 2015eko ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa.

Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak (IKZ): Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan zentro horien erregistroan inskribatuta badaude.

Zentro teknologikoak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan zentro horien erregistroan inskribatuta badaude.

Jabetza industrialeko eskubideak: Arau hauetan xedatutakoak: 24/2015 Legea, uztailaren 24koa, Patenteei buruzkoa eta hori betearazteko Erregelamendua onartzen duen 316/2017 Errege Dekretua, martxoaren 31koa; 174/2001 Legea, abenduaren 7koa, Markei buruzkoa; 20/2003 Legea, uztailaren 7koa, Diseinu Industrialaren Babes Juridikoari buruzkoa; 11/1988 Legea, maiatzaren 3koa, Produktu Erdieroaleen Topografien Babes Juridikoari buruzkoa; eta, horrela badagokio, 55/2002 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoa.

Jabetza intelektualeko eskubideak: apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoak.

Enpresa: irabazi-asmoa duen pertsona juridikoa, haren araubide juridikoa edozein dela ere, laguntza-eskabidea aurkezteko unean baliozkoa eta guztiz eratua dagoena, eta jarduera nagusia merkatura bideratutako ondasunak eta zerbitzuak ekoiztea duena.

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituenak Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, I. eranskinean bereizten ditu enpresa-kategoriak definitzen dituzten efektiboak eta gutxienekoak:

Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen (ETE) kategorian 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak sartzen dira, baldin eta haien urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez bada edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez bada.

ETEen kategorian, enpresa txikia da 50 langile baino gutxiago dituena eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik beherakoa duena.

Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo lotuta badago, horrela eratutako enpresa-taldeak bete beharko ditu aurreko baldintzak.

Krisian dauden enpresak: Europako Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioaren 2.2 apartatuan horrela definitutakoak (Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideen gaineko Komunikazioa). Komunikazio hori Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean (C249) argitaratu zen, 2014ko uztailaren 31n.

Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuko diruz laguntzeko moduko gastuen portzentajean adierazita. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira. Laguntzaren intentsitate gordina erakunde onuradun bakoitzaren arabera kalkulatuko da.

I+G proiektuak: agindu honen ondorioetarako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuen Laguntzei buruzko Esparru Komunitarioan (2014/C 198/01) definitzen denaren arabera, I+G proiektuak izango dira ikerketa eta garapeneko kategoria bat edo batzuk hartzen dituzten jarduerak: Oinarrizko Ikerketa, Ikerketa Industriala eta Garapen Esperimentala, Esparruan ere hala definituak.

Ikerketa industrialeko proiektuak: honetara bideratutako proiektuak: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean. Horretarako, heldutasun teknologikoaren mailari buruzko definizioak izan behar dira kontuan (Technological Readiness Level, TRL); bertan, TRL 2, 3 eta 4 mailak ikerketa industrialari dagozkio.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-erakundeen multzo bat da: sarean lan eginez I+G+B jardueren mix orekatu bat garatzen dute, ikerkuntza espezializatu eta bikaina egiten dute, eta horrek eragina du Euskadiko aberastasunean eta ongizatean.

Enpresetako I+G Unitateak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan unitate horien erregistroan inskribatuta badaude.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen zenbateko osoa dagokion urteko deialdiaren ebazpenean agertuko da, eta ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, bat etorriz, betiere, kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin. Horrelakorik gertatuz gero, EHAAn jakinaraziko da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez, indarrean dagoen legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Ekoizpen-zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, non garatuko baita dirulaguntza jasoko duen jarduera.

2.– Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean edukitzea, baita dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.

3.– Jabetza industrialari eta intelektualari buruzko araudia betetzea.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritako xedatutakoarekin bat.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeko dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere; krisialdian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

6.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten entitateak, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

7.– Laguntza hauen onuradun izateko baldintzei eskabidea aurkezten denetik eta dirulaguntzaren indarraldi osoan eutsi beharko zaie.

8. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badu aurkezten ikertzailearekin duen lan-kontratua, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

2.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

3.– Hautatutako ikertzaileekin dagokion lan-kontratua sinatzea, indarrean dagoen lan-arloko legeriaren arabera eta jarduketa bakoitzerako zehazten den kontratu-iraupenarekin eta ordainsariarekin, halakorik zehazten bada.

4.– Prestakuntzan dauden ikertzaile kontratatuei beharrezkoa den laguntza ematea eta instalazioen, ekipamenduen eta baliabide materialen, prestakuntzakoen edo beren jarduera modu egokian behar duten bestelakoen erabilera ahalbidetzea.

5.– Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein inguruabar (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatu bada, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea.

6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari.

7.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea agindu honen ondorioz emandako laguntzen kargura finantzatutako kontratuen betearazpenean gertatzen diren uko-egiteak, etenaldiak eta gainerako gorabeherak, gertatu eta hamar egun balioduneko gehieneko epearen barruan.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan ezarritako betebeharrak betetzea.

9.– Behin betiko fakturak gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura izatea horiek, hamar urteko gutxieneko aldian.

10.– Diruz lagun daitezkeen kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

11.– Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak betetzea, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

12.– Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa betetzea; Berdintasun-planak eta erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzea, eta Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua ere betetzea.

13.– Laguntza hauen babesean garatzen diren proiektuek genero-ikuspegia kontuan har dezatela zaintzea.

14.– Laguntza hauen babespean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan, bioetika, animalien esperimentazioa, biosegurtasuna, segurtasun biologikoa, ingurumenaren babesa, natura-ondarea eta biodibertsitatea eta datuen babesa direla-eta indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea.

15.– Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen martxoaren 11ko Gomendioan xedatutakoari (L75 EBAO, 2005eko martxoaren 22koa) men egitea.

9. artikulua.– Dirulaguntzak metatzea.

1.– Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa (diruz lagundu daitezkeen gastuetarako) banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste dirulaguntza batzuekin batera, ezin da izan dirulaguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.

2.– Gainfinantzaketa gertatzen bada eta/edo agindu honen 20. eta 32. artikuluetan aurreikusitako laguntzaren mugak gainditzen badira, gaindikinari dagokion kopurua gutxituko zaio, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpenaren bidez.

10. artikulua.– Laguntzak ebaluatzeko eta kudeatzeko organoa.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organo batek aztertuko eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, bai eta laguntzak emateko proposamenak ere. Ebaluazio-organoaren osaera dagokion deialdian zehaztuko da.

Prozedura bakoitzean, ebaluazio-organoak, hurrenez hurren ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioan oinarrituz, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Teknologia, Berrikuntza, eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari. Bertan jasoko dira ematea proposatzen diren dirulaguntzak, eta honako datu hauek adierazi beharko dira: erakunde onuradunaren eta kontratatutako pertsonaren identitatea, diruz lagunduko den kontratuaren iraunaldia, eskatutako kostu finantzagarria, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta urteko kuoten banaketa; baita ukatzea proposatu direnak ere, horretarako arrazoiak adieraziz.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra izango da ebaluazio-organoko burua. Zuzendaritza horretako talde teknikoko bi pertsona izango dira kideak, eta horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

3.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lanak Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak izendatzen dituen langile teknikoek egingo dituzte. Bere eginkizunak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen badu, gai zehatz bakoitzean aditua den pertsonalaren lankidetza eduki ahal izango du.

4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra izango da dirulaguntza hauen organo kudeatzailea.

11. artikulua.– Deialdia eta eskabideen aurkezpena.

1.– Agindu honek araututako dirulaguntzak urtero egingo diren deialdi publikoen bidez iragarri ahal izango dira, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da deialdia, eta alderdi hauek zehaztuko ditu:

– ekitaldian dirulaguntzak emateko aurrekontu-izendapenen zenbatekoa,

– ebaluazio-organoaren osaera,

– eskabideak aurkezteko epea,

– urteko gutxieneko ordainsari gordinak,

– deialdi bakoitzean, kontratatutako pertsona bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen kostuen urteko gehieneko zenbatekoa

– mantenu-gastuak egonaldiko egun bakoitzeko, eta

– egonaldi horietarako gehieneko laguntza, ikertzaile bakoitzeko.

2.– Eskabideak aurkeztea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

3.– Betetako eskabidean, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortuaz gain, arau honen 21. eta 33. artikuluetan adierazten diren agiri euskarriak ere jasoko dira.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

7.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

8.– Dirulaguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

12. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1.– Programa honen babesean egiten diren deialdietako laguntza-lerro bakoitzerako, eta ebaluazio-organoak proposatuta, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emango du hautatutako eskabideen ebazpena, egintza bakarrean.

2.– Laguntza emateko edo ezesteko ebazpenak hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Dirulaguntza ematen zaien eskabideen zerrenda. Zerrenda horretan, eskabidea bakoitzerako, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, kontratatutako pertsonen identitatea, diruz laguntzen den kontratuaren iraunaldia, eskatutako kostu finantzagarria, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta urteko kuoten araberako banaketa.

Laguntza emateko ebazpenean, agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak bete arren, deialdi bakoitzean ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik baietsi ez diren eskabideen zerrenda ordenatua jaso ahal izango da, eta horietako bakoitzari arau honetan aurreikusitako irizpideen arabera emandako puntuazioa adierazi beharko da.

Horrela, onuradunetako batek dirulaguntzari uko egiten badio organo emailearen aurrean, jarduera bakoitzaren xedapen espezifikoetan kontratuak aurkezteko aurreikusitako epeen barruan, eta, betiere, ezetsitako eskabideetako bati gutxienez erantzuteko kreditu nahikoa askatu bada ukoarekin, dirulaguntza ematen duen organoak, beste deialdi baten beharrik gabe, dirulaguntza ematea erabakiko du puntuazio-ordenaren arabera hurrengo eskatzaileei.

Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, dirulaguntzaren proposamena onar dezaten, hamar eguneko epe luzaezinean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza emango du, eta jakinarazi egingo du.

Doktorego industrialetarako laguntzetan ere, aurrekoa aplikatuko da, hautatutako ikertzaileren batek doktorego-programa batean matrikulatzeko edo onartzeko baldintza betetzen ez badu, 35. artikuluan ezarritakoaren arabera. Betiere, ezetsitako eskabideetako bati erantzuteko adinako kreditua liberatu bada.

b) Dirulaguntza ezesten zaien eskabideen zerrenda, ezeste horren arrazoiekin batera.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dagokion prozeduraren ebazpena iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

6.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

13. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baldin eta agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, betiere.

2.– Doktore edo doktoregai industrialek parte hartzen duten proiektuei buruzko jarduketek eskabidea egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak izan behar dituzte. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, baldin eta jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira, betiere.

3.– Dirulaguntza horien babespean egindako kontratuen etenaldi horien ondorioz, dirulaguntzak ematearen baldintzak aldatu egin daitezke, beste ebazpen baten bidez. Onuradunak etenaldian egiten dituen gastuak ez dira diruz lagunduko.

Kasu horien barruan jaso ahal izango dira etenaldiak, gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerengatik gertatutakoak (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa eta abar).

4.– Agindu honen babespean egindako kontratuak iraungiz gero, laguntza emateko ebazpenean hasiera batean ezarritako epeak baino lehen, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio behar ez bezala ordaindutako zenbatekoak, baita dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak ere. Oro har, aplikatu gabeko soberakina zein den zehazteko irizpidea laguntza jaso duen kontratutik bete gabe geratu den denboraren proportzioa izango da.

5.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunak agindu honetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa edo betekizun eta betebeharretako edozein betetzen ez badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, organo eskudunak, interesduna entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du, eta, administrazio-ebazpen bidez, laguntza errebokatzea erabakiko du, baita, horrela badagokio, jasotako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzultzeko obligazioa ere, dagozkion gainerako egintzak baztertu gabe. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ez-betetzeei buruzko espedienteak.

3.– Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzeak –jarraipen- eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori–, dirulaguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeko dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta dirulaguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.

b) Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, baita jasotzeko dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

c) Laguntzak justifikatzeko dokumentazioa ez aurkezteak jaso eta justifikatu ez diren laguntzen itzulketa eragingo du, eta, horrela badagokio, jasotzeko dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galduko da.

4.– Agindu honen xede diren laguntzen onuradun diren erakundeek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea bete beharko dute.

II. KAPITULUA
DOKTOREEN IKERKETA LERROARI BURUZKO BERARIAZKO XEDAPENAK

15. artikulua.– Jarduketaren helburua.

1.– Jarduketa honen helburua laguntzak ematea da, Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan entitate onuradunen industria-ikerketako proiektuak garatzen dituzten doktore-tituludunak kontratatzeko, bai banaka, kontratatutako doktoreen aldetik, bai I+G departamentu baten barruan, entitate onuraduneko beste langileekin batera.

2.– Enpresan garatzen ari diren I+G proiektuen edo jardueren gehikuntza nabarmen bat egiteko aplikatu beharko dira laguntzak, eta eskabidean laguntzaren beharra eta sustapen-eragina justifikatu beharko dira.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren baldintzak.

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan industria-ikerketa gisa definitutako kategorian garatu beharko dira I+G jarduerak (651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

2.– Erakundearen memorian, erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute, batetik, egingo dituzten I+G jarduerak garatzeko doktore-ikertzaileak kontratatzeko beharra, eta, bestetik, laguntzaren sustapen-eragina. Eragin sustatzailea betetzen dela bermatzeko, ikerketa-proiektuak ezin izango dira hasi laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik.

3.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute entitate onuradunek ikertzaileekin formalizatzen dituzten 24 hilabeteko etengabeko kontratuek, artikulu honen 8. eta 9. apartatuetan zehaztutako laguntzaren hasiera-datatik aurrera.

4.– Kontratazioak Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-instalazio batean egin beharko dira, non garatuko baitira ikerketa-jarduerak.

5.– I+G proiektuko jarduerak garatuko dituen doktore-ikertzailea erakunde eskatzailearen plantillan egon daitezke dirulaguntzaren eskabidea aurkezten den unean, baldin eta kontratazioa aurreko ekitaldiko Bikaintek laguntzen deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren egin bada, betiere, edo ikertzaile hautagaiaren kontratua lehenago diruz lagunduta egon bada Bikainteken industria-doktoregoen lerroan eta laguntza horrek, bere garaian, erakunde eskatzailean berriz sartzea eragin bazuen.

6.– Kontratuak indarreko legeriaren arabera egin beharko dira.

7.– Kontratazioa kalitate-baldintzetan egin beharko da, kontratatutako pertsonaren profilarekin bat datorren ordainsaria bermatuz. Ildo horretan, urteko gutxieneko ordainsari gordina ezartzen da, urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean finkatuko dena.

8.– Ez dira diruz lagunduko deialdiaren aurreko 4 urteetan doktore-titulua duten langileak kontratatzeko laguntza-programetan diruz lagundutako kontratu bat izan duen ikertzaile batekin egindako kontratuak.

9.– Arau honen babespean kontratatzen diren ikertzaileek hilabete baliodun bateko gehieneko epean hasi beharko dute dagokien zentroan, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik aurrera, eta edozein kasutan, deialdiaren urteko abenduaren 31 baino lehen. Ebazpena argitaratu ondoren sartzen bada doktorea lantokian, benetan sartzen denetik hasiko da laguntzaren epea.

10.– Doktorea ebazpena argitaratu aurretik kontratatzen bada, dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntzaren epea.

17. artikulua.– Kontratatuek bete beharreko baldintzak.

Kontratatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Doktore-graduaren jabe izatea eskabidea aurkezten den unean. Doktore-titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, Espainiako unibertsitate-sisteman duen baliokidetasun-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2.– Eskaera aurkeztu aurretik, laguntza eskatzen duen erakundearekin lan-harremanik ez izatea, ezta harekin akzio- edo sozietate-loturaren bat duen beste erakunderen batekin ere, edo 16.5 artikuluan zehaztutako kasuren batean ez egotea.

3.– Laguntza eskatzen duen entitatean edo harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batean kapital-partaidetzarik ez izatea, baldin eta entitatearen zuzeneko edo zeharkako benetako kontrol-gaitasuna ematen badu.

4.– Entitate baten eskabideak hautagai gisa ez agertzea.

18. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako erakunde hauek izan daitezke kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden edo ekoizpen-instalazio bat duten enpresak.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratutako eragileak, Teknologia Zentroen, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen eta enpresetako I+G Unitateen kategorietan, eskabidea egiteko unean akreditatuta daudenak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Deialdi bakoitzean, erakunde eskatzaile batek gehienez ere doktore-titulua duten 2 pertsona kontratatzeko laguntza jaso ahal izango du, eta horietako bakoitzak proiektu edo jarduera argi eta garbi desberdina izan beharko du. Proiektuek edo jarduerek berezko izaera izan behar dute, eta ez dute beste proiektu edo jarduketa baten zatiketaren emaitza izan behar.

Urtero, honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:

a) Kostu zuzenak: ikertzaile hautagaia kontratatzeko kostuak (ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, urteko kuota hobaridunak kenduta, halakorik bada).

b) Zeharkako kostuak. Diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.

20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Honako hauek izango dira, proiektuan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko gisa, dirulaguntzaren gehieneko intentsitateak:

(Ikus .PDF)

2.– Diruz lagundu daitezkeen kostuen urteko gehieneko zenbatekoa, kontratatutako pertsona bakoitzeko, urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean ezarriko da.

21. artikulua.– Eskabideen edukia.

Erakunde eskatzaileek elektronikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, honako eduki hauekin:

1.– Erakunde eskatzailearen dokumentazioa:

a) Erakundea identifikatzeko datuak.

b) Erakundearen memoria, honako datu hauek jasotzen dituena:

– Jarduera nagusiaren eta jarduera garatzen duen ekoizpen-sektorearen deskribapen laburra.

– Negozio-bolumena eta lortutako emaitzak.

– Aurrekariak I+G arloan.

– Enpresak dituen produkzio-bitartekoak.

– Giza baliabideak, kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta.

c) Kontratatutako pertsonak lan egingo duen proiektuaren memoria. Memoriaren edukiak agindu honen I. eranskinean aurkeztutako eskema jarraituko du.

d) Kontratatutako langilea txertatuko den I+G lantaldearen edo ikerketa-taldearen curriculum laburra.

e) ETEa bada, onartutako azken urteko kontuen kopia.

f) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).

2.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak:

a) NANaren edo, hala badagokio, egoiliar-txartelaren fotokopia.

b) Doktore-tituluaren kopia, edo eskabidea aurkezten den datan doktore-graduaren jabe izatearen ziurtagiri akademikoarena.

Titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, tituluak Espainiako sistema akademikoan duen baliokidetasuna aurkeztu beharko da, edo hura eskatu izanaren egiaztagiria.

c) Curriculum vitaea, garatu beharreko I+G proiektuaren inguruko meritu garrantzitsuenak jasotzen dituena: proiektuaren gaiarekin lotutako lanbide-esperientzia, proiektuarekin lotutako argitalpenak eta abar.

d) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

e) Desgaitasun-ziurtagiria, horrela badagokio (% 33 edo gehiagokoa).

3.– Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena, zeina indarrean dagoen zehapen-araubide administratiboaren zein penalaren mende geratuko den, datuak faltsutzen badira, honako alderdi hauen egiazkotasunari dagokionez:

a) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

b) Ez duela ebazpen irmo baten bidez jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena.

c) Dirulaguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako presuntzioa ezar daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

d) Erakunde eskatzailea ez dagoela kondenatua laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hautakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

e) Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtsoa deklaratzeko, ez da kaudimengabetzat jo edozein prozeduratan, ez dago hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (salbu eta horretan itun batek efikazia lortu badu), ez dago esku-hartze judizialaren mende edo ez dago Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe.

f) Entitateak dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

g) Ez du eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmorik.

h) Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean ez egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badituzte, lege horretan edo Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez du erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

j) Erakundeak betetzen duela martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan (Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa) xedatutakoa; betetzen duela, halaber, berdintasun-planak eta erregistro-planak arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan eta emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa.

k) Aurkeztutako ikertzailearen eta erakunde eskatzailearen arteko lan-loturak agindu honen 17.2 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituela.

l) Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dionik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean.

m) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekuren batean; ez dagoela xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero; eta ez dela krisialdian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

n) Entitatea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; bat etorriz, betiere, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin.

o) Ez duela beste laguntzarik, dirulaguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik jaso laguntzaren xedea finantzatzen duenik eta kapitulu honetan aurreikusten diren laguntzen bateragarritasunean eragin lezakeenik. Halakorik jaso badu, horien zenbatekoa eta erakunde emailearen identitatea adierazi beharko ditu.

p) ETEa izanez gero, agindu honen 5. artikuluan jasotako definizioak betetzen dituela.

q) Ez dutela administrazio publikoekiko loturarik edo mendetasunik, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.

22. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko irizpideak.

1.– 10. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoak eskabideak aztertu eta ebaluatuko ditu, agindu honen II. eta III. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako balorazio-irizpideen eta azpi-irizpideen arabera.

2.– Euskarari buruzko apartatuan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluaren arabera, ikertzailearen euskara-gaitasuna eta hizkuntza-erabilera baloratuko dira aurkeztutako dokumentazioan. Azken 3 urteetan «Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria» lortu dutela egiaztatzen duten erakundeek E.3 irizpiderako ezarritako gehieneko puntuazioa jasoko dute. Gainerako eskabideak aurkeztutako dokumentazioaren arabera baloratuko dira.

3.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa eginda, ebaluazio-organoak proposamen bat egingo du, lortutako puntuazioen arabera ordenatuta; agindu honen II. eranskinean ezarritako gutxieneko puntuazio-atalasera iristen ez diren eskabideak ezabatzea proposatuko du, eta funtsak agortu arte laguntzak esleitzea proposatuko du.

4.– % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko eskabideak badaude, betiere horiek II. eranskinean ezarritako gutxieneko atalaseetara iritsi badira, gehienez bi laguntza emango direla bermatuko da.

5.– Puntuazio bera lortzen duten eskabideen kasuan, berdinketa ebazteko, arau honen II. eranskineko A apartatuan jasotako irizpideen balorazioan puntuazio handiena duen eskabidearen alde erabakiko da, aipatzen diren ordenaren arabera. Berdinketak bere horretan badira, enpresa txikienak aurkeztutako eskabideak izango du lehentasuna, eta, berdinketak jarraitzen badu, lehenengo egindako eskabideak izango du lehentasuna.

23. artikulua.– Kontratuak aurkeztea.

1.– Entitate onuradunek 15 egun balioduneko epea izango dute, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, doktoreekin formalizatutako lan-kontratuak aurkezteko. Epe hori igaro eta kontratu hori oraindik aurkeztu ez bada, onuradunak baldintza horri uko egiten diola ulertuko da.

2.– Kontratuak honako hauek aipatu beharko ditu:

a) Kontratatutako doktorea bere lanpostuan benetan hasi den eguna eta kontratuaren iraupena. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da gutxienez, laguntza zenbatzen hasten den egunetik aurrera, eta lanaldi osokoa izango da.

b) Lanbide-kategoria eta urteko ordainsari gordina, zeinak eskabide-inprimakian jasotakoaren berdina edo handiagoa izan beharko baitu, laguntza zenbatzen hasten den egunetik aurrera.

c) Kontratuaren baterako finantzaketa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aldetik.

24. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Justifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), gehienez ere hilabeteko epean, urte bakoitza amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztuko da, laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko:

1.– Memoria teknikoa, honako hauek jasoko dituena:

1.1.– Jarraipen zientifiko-teknikoko urteko txostena. Txosten horrek honako hauek deskribatuko ditu:

a) Proiektuaren deskribapen laburra.

b) Kontratatutako pertsonak justifikatu beharreko urtean egindako ikerketa-jarduerak eta lortutako emaitzak.

c) Ikerketa-plan eguneratua.

d) Lanaren emaitzak argitaratu edo patenteak izan badira, horien erreferentzia bat adieraziko da.

1.2.– Ikertzailearen ordu-partea (proiektuaren arduradunak eta kontratatutako pertsonak sinatuta).

2.– Memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:

2.1.– Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek zehaztuta:

a) Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordinaren eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruen kontzeptuetan banakatuta (hilero). Gizarte Segurantzaren kuotan hobariak eman badira, adierazi zenbatekoa.

b) Jarduera sustatua finantzatu duten beste laguntza edo diru-sarrera batzuk, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

2.2.– Kontratatutako pertsonaren azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatuta.

2.3.– Kontratatutako pertsonaren azken bi nominak eta ordainketa-ziurtagiriak.

2.4.– Gizarte Segurantzako azken bi RNTak (langileen izen-zerrenda).

Entitate onuradunak, Programa kudeatzen duen Zuzendaritzaren eskariz, haren esku jarriko du beharrezkoa den dokumentazio guztia, aurkeztu dituen datuak egiazkoak direla eta diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko.

25. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordaindu beharko dira: emandako dirulaguntzaren % 25 ikertzaileak atxikitze-zentrora sartu ondoren ordainduko da, % 50 lehen urtea amaitzean eta gainerako % 25a diruz lagundutako 24 hilabeteko aldia amaitzean.

2.– Dagozkion ordainketak Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez egingo dira.

3.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

4.– Doktore-titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, Espainiako unibertsitate-sisteman duen baliokidetasun-ziurtagiria aurkeztu beharko da laguntza jaso aurretik.

III. KAPITULUA
«DOKTOREGO INDUSTRIALEN» IKERKETA LERRORAKO BERARIAZKO XEDAPENAK

26. artikulua.– Jarduketaren helburua.

Jarduketa honen helburua industria-doktoregaiak egiteko laguntzak ematea da, prestakuntzan dauden ikertzaileen lan-kostuak batera finantzatuz, enpresarentzat interesgarria den industria-ikerketako proiektu bat gara dadin, zeina haien doktorego-tesiaren esparrua izango baita.

27. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren baldintzak.

1.– Prestatzen ari diren ikertzaileek (betiere, lehen ordainketa jaso aurretik doktoretza ikasketetan matrikulatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko edo pribatu bateko zentro batean) enpresa batean edo (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) egiaztatutako eragile batean -zentro teknologikoen edo ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) edo enpresetako I+G unitateen kategorian- gauzatu beharko dute industria-ikerketako proiektua.

2.– Diruz lagunduko diren kontratuek lau urteko iraupena izango dute gutxienez, doktorego-programa batean lehen matrikulazioa egiten denetik aurrera.

3.– Industria-proiektu bat garatzea izango da haien lana, zeinaren emaitza enpresa interesdunarentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiei buruzko doktorego-tesi bat izango baita, enpresak garatzen duen ikerketa-lerro baten barruan, baldin eta proposatutako jarduerak berriak badira, betiere, edo I+G jarduera arrunten parte gisa enpresak aurrera eramango ez lukeen ikerketa baten edo ikerketa-lerro baten hobekuntza, hedapena edo betearazpena badakarte. Eragin sustatzailea betetzen dela bermatzeko, ikerketa-proiektuak ezin izango dira hasi laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik.

4.– Oro har, laguntzako lehen hiru urteetan lortu beharko dute doktoregoa. Doktoregoa lortzen dutenetik aurrera, doktorego ondoko hobekuntza-aldi bat garatzeko aukera emango dien ikerketa-jarduerak egingo ditu ikertzaileak, enpresak proposatutako industria-ikerketako proiektuaren barruan. Salbuespen-gisa, doktoregoa laguntzako laugarren urtean lortu ahal izango da, baldin eta doktorego-tesiaren eboluzioak hori ziurtatzen badu, betiere. Ondorio horietarako, doktorego-gradua doktorego-tesia defendatu eta onartzeko ekitaldiaren datan lortu dela ulertuko da.

5.– Diruz lagunduko diren kontratuek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lanpostuetarako izan beharko dute.

6.– Kontratazioa kalitate-baldintzetan egin beharko da, kontratatutako pertsonaren profilarekin bat datorren ordainsaria bermatzeko. Ildo horretan, urteko gutxieneko ordainsari gordina ezartzen da, urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean finkatuko dena.

7.– Laguntza ematen duen ebazpena argitaratu ondoren sartzen bada doktoregaia lantokian, benetan sartzen denetik hasiko da laguntzaren epea.

Sartzeko data horrek 35. artikuluan kontratuak aurkezteko aurreikusten den epearen barruan egon beharko du.

8.– Doktoregaia laguntza ematen duen ebazpena argitaratu aurretik kontratatzen bada, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntzaren epea.

28. artikulua.– Prestakuntzan dauden ikertzaileen betekizunak eta eskubideak.

1.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Deialdiaren urtean doktorego-programa batean onartua izateko eskabidea aurkeztu izana eta, kontratua formalizatzeko unean, programa horretan matrikulatuta edo onartuta egotea, 35. artikuluaren arabera.

– Unibertsitateari lotutako tesi-zuzendari bat edukitzeaz gainera, enpresak edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak izendatutako proiektu-arduradun bat izango du doktoregaiak.

– Laguntza eskatzen duen entitatean edo harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batean kapital-partaidetzarik ez izatea, baldin eta entitatearen zuzeneko edo zeharkako benetako kontrol-gaitasuna ematen badu.

– Entitate bat baino gehiagoren eskabidean hautagai gisa ez agertzea.

– Doktore-tituluaren jabe ez izatea, ez Espainiako ez atzerriko ezein unibertsitateren eskutik.

– Doktorego-tesi edo antzekoren bat garatzearen bitartez doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza jaso ez izana 12 hilabete edo gehiagoko epe batean.

2.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek eskubide hauek izango dituzte:

– Beraien ikerketako prestakuntza-jardueratik eratortzen diren jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren eskubideak, eta egiten duten ekarpenaren arabera, gai horretan unean-unean indarrean dauden arauetan xedatutakoari jarraikiz.

– Kontratazio-zentroak aitortzen dizkien eta xedapen honetan ezarritakoarekin bateraezinak ez diren eskubide guztiak.

29. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako erakunde hauek izan daitezke kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Ikerkuntza industrialeko proiektu bat garatzen duten enpresak eta Enpresetako I+G Unitateak, EAEko unibertsitate publiko edo pribatu batean proiektuaren ezagutza arloko doktorego-irakaskuntzetan matrikulatutako pertsonak erabiliz. Pertsona horiek plantillakoak edo kontratazio berrietakoak izan daitezke.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen eta teknologia-zentroen kategorietakoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera egiaztatuak, betiere:

– Aurreko deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak beren plantillan sartzea, baldin eta enpresa batentzat interesgarriak diren industria-ikerketako proiektu batean parte hartzen badute eta proiektuaren ezagutza-arloko doktorego-ikasketetan matrikulatuta badaude EAEko unibertsitate publiko edo pribatu batean.

2.– Deialdi bakoitzean, enpresa eskatzaile batek, edota Enpresetako I+G Unitate batek, bi doktorego-tesirako laguntza jaso ahal izango dute gehienez. Bestalde, ZTBESn integratutako eragile bakoitzak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen eta teknologia-zentroen kategorietakoak, plantillan dituen doktoreen % 10 adina tesi egiteko laguntza jaso ahal izango du.

30. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

Agindu honen 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza eta obligazioez gain, entitate onuradunek eginbehar hauek izango dituzte:

a) Prestakuntzan dagoen ikertzailearen arduradun bat izendatzea, entitateko plantillako kideen artean.

b) Proposatutako ikertzaileak garatu beharreko I+G jardueren garapen egokia kontrolatzea, doktorego-tesia lor dezan.

c) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea kontratatutako ikertzailearen doktorego-tesia defendatu eta onartzeko egintzaren data, hogei eguneko epean gehienez, egintzaren egunetik aurrera, laguntza ematen den epearen barruan gertatzen bada.

d) Entitate onuradunak eta entitate horretan prestakuntzan dagoen ikertzailearen arduradunak, konpromisoa hartzen dute doktorego-tesiaren esparruan garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzen laguntzeko, baita hori defendatzeko ekitaldi akademikoa errazteko ere. Hala eta guztiz ere, laguntzaren epean sor litezkeen jabetza industrialeko eskubideei eta jabetza intelektuala osatzen duten ondare-izaerako eskubideei dagokienez, gaiari buruz indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

31. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Urtero, honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:

a) Kostu zuzenak: aurkeztutako ikertzailea kontratatzeko kostuak (ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, urteko kuota hobaridunak kenduta, halakorik bada).

b) Zeharkako kostuak. Diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.

c) Ikerketa-jarduera dela-eta ikertzaileek I+G beste entitate batzuetara egiten dituzten egonaldietatik eratorritako ustiapen-gastuak. Gastu justifikagarriak kontzeptu hauek jaso ahal izango ditu: ostatu- eta mantenu-gastuak eta EAEtik helmugara garraio publikoan bidaiatzeko gastuak.

Egonaldiak I+G entitate publiko zein pribatuetan egin ahal izango dira, Espainiako zein atzerriko enpresak barne, baina ez doktorego-tesia garatzen ari den entitatean edo entitateetan.

Mantenu-gastu gisa, urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean finkatuko den zenbatekoa onartuko da.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

32. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– 651/2014 zenbakiko Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, laguntzen gehieneko intentsitatea honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

2.– Kontratatutako pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren urteko gehieneko zenbatekoa urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean ezarriko da.

3.– Egonaldiak egiteko laguntzari dagokionez: prestakuntza-aldi osoan zehar kontratatutako ikertzaile bakoitzak egiten dituen (ikerketa-proiektuaren eta/edo doktorego-tesiaren garapena bultzatzea ahalbidetuko duten prestakuntza-jarduerak egin ahal izateko) egonaldiak finantzatzeko, diruz lagun daitekeen gehieneko gastu bat baimenduko da, eta urteko deialdiaren ebazpen bakoitzean finkatuko da.

33. artikulua.– Eskabideen edukia.

Entitate eskatzaileek formatu elektronikoan bete beharko dute eskabide normalizatua, zeinak eduki hauek izango baititu:

1.– Erakunde eskatzailearen dokumentazioa:

a) Erakundea identifikatzeko datuak.

b) Erakundearen memoria, honako datu hauek jasotzen dituena:

– Jarduera nagusiaren eta jarduera garatzen duen ekoizpen-sektorearen deskribapen laburra.

– Negozio-bolumena eta lortutako emaitzak.

– Aurrekariak I+G arloan.

– Enpresak dituen produkzio-bitartekoak.

– Giza baliabideak, kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta.

c) Kontratatutako pertsonak lan egingo duen proiektuaren memoria. Memoriaren edukiak agindu honen I. eranskinean adierazitako eskema jarraituko du.

d) Kontratatutako langilea txertatuko den I+G lantaldearen edo ikerketa-taldearen curriculum laburra.

e) Enpresak proiektuan interesa duela jasotzen deneko gutunaren kopia (zentro teknologikoek edo ikerketa kooperatiboko zentroek kontratatu beharreko doktoregaien kasuan).

f) ETEa bada, onartutako azken urteko kontuen kopia.

g) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiri ofizialak (sailari horiek eskatzeko baimena eman ez badio).

2.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

a) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

b) Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

c) Dirulaguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

d) Erakunde eskatzailea ez dagoela kondenatua laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hautakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

e) Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

f) Entitateak dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

g) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

h) Entitate eskatzailea ez egotea merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badituzte, lege horretan edo Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

j) Erakundeak betetzen duela martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan (Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa) xedatutakoa; betetzen duela, halaber, Berdintasun-planak eta erregistro-planak arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan eta Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa.

k) Ikerkuntza kooperatiboko zentroen (IKZ) eta teknologia-zentroen kasuan, proposatutako ikertzaileak ez duela lan-arloko kontratu-loturarik erakunde eskatzailearekin, aurreko deialdiko eskabideak itxi baino lehen hasitakoa.

l) Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dionik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean.

m) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean; ez dagoela xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero; eta ez dela krisialdian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

n) Entitatea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

o) Ez duela beste laguntzarik, dirulaguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik jaso laguntzaren xedea finantzatzen duenik eta kapitulu honetan aurreikusten diren laguntzen bateragarritasunean eragin lezakeenik.

p) ETEa izanez gero, agindu honen 5. artikuluan jasotako definizioak betetzen dituela.

q) Ez dutela administrazio publikoekiko loturarik edo mendetasunik, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.

3.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak:

a) NANaren edo, hala badagokio, egoiliar-txartelaren fotokopia.

b) Unibertsitate-tituluaren ziurtagiri akademiko ofiziala. Bertan, lortutako kalifikazioak eta horiek lortu diren datak adieraziko dira. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota jaso behar du.

Ikasleak atzerrian egin baditu ikasketak, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, zinpeko itzulpena, hura EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehienezko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den irakasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan espediente akademikoaren batez besteko nota zein den adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du.

c) Curriculum vitaea, erakunde kontratugileak proposatutako lanpostuarekin lotutako merezimendu garrantzitsuenak azpimarratuta, lan arloari nahiz arlo zientifikoari dagokionez; eskabidearen unean, eguneratuta egon beharko du. Ikerketa-esperientzia egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira.

d) Proiektuarekin lotutako doktorego-tesiaren memoria: prestatzen ari den ikertzaileak egin beharreko jarduerak eta zereginak, aurreikusitako laguntzaren lau urteak kontuan hartuta; laguntzaren iraunaldian zehar egitea aurreikusten diren egonaldien justifikazioa eta aurrekontuak, zein urtetan egingo diren adierazita.

e) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

f) Desgaitasun-ziurtagiria, horrela badagokio (% 33 edo gehiagokoa).

4.– Kontratatutako pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:

a) Doktore-tituluaren jabe ez dela, ez Espainiako ez atzerriko ezein unibertsitateren eskutik.

b) Doktorego-tesi edo antzekoren bat garatzearen bitartez doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza jaso ez duela 12 hilabete edo gehiagoko epe batean.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidearen urtean EAEko fakultate batean doktorego-ikastaro batean matrikula formalizatzeko duen asmoari buruz.

34. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko irizpideak.

1.– 10. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoak eskabideak aztertu eta ebaluatuko ditu, agindu honen II. eta III. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako balorazio-irizpideen eta azpi-irizpideen arabera.

2.– Euskarari buruzko apartatuan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluaren arabera, ikertzailearen euskara-gaitasuna eta hizkuntza-erabilera baloratuko dira aurkeztutako dokumentazioan. Azken 3 urteetan «Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria» lortu dutela egiaztatzen duten erakundeek E.3 irizpiderako ezarritako gehieneko puntuazioa jasoko dute. Gainerako eskabideak aurkeztutako dokumentazioaren arabera baloratuko dira.

3.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa eginda, ebaluazio-organoak proposamen bat egingo du, lortutako puntuazioen arabera ordenatuta; agindu honen II. eranskinean ezarritako gutxieneko puntuazio-atalasera iristen ez diren eskabideak ezabatzea proposatuko du, eta funtsak agortu arte laguntzak esleitzea proposatuko du.

4.– % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko eskabideak badaude, betiere horiek II. eranskinean ezarritako gutxieneko atalaseetara iritsi badira, gehienez bi laguntza emango direla bermatuko da.

5.– Puntuazio berdina lortzen duten eskabideen kasuan, berdinketa ebazteko, artikulu honetako lehen apartatuan jasotzen diren irizpideen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskabidearen alde erabakiko da, irizpide horiek aipatzen diren hurrenkeraren arabera, eta berdinketak bere horretan irauten badu, lehenengo aurkeztutako eskabidearen alde.

35. artikulua.– Kontratuak aurkeztea eta prestakuntzan dauden ikertzaileak lanean hastea.

1.– Entitate onuradunek 15 egun balioduneko epea izango dute, laguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik aurrera, prestakuntzan dauden ikertzaileekin formalizatutako lan-kontratuak laguntza ematen duen organoan aurkezteko. Epe hori igaro eta kontratu hori oraindik aurkeztu ez bada, onuradunak baldintza horri uko egiten diola ulertuko da.

Kontratuarekin batera, aurkeztu beharko da deialdiaren urtean doktorego-programa batean lehen matrikula formalizatu izanaren edo doktorego-programa batean onartua izanaren egiaztagiria, doktorego-programaren ardura duen unitateak edo, halakorik ez bada, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emandakoa.

2.– Kontratuak lau urte iraun beharko du gutxienez, laguntza kontatzen hasten den egunetik, 27.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta lanaldi osokoa izan beharko du. Urteko ordainsari gordina 27.6 artikuluan aipatutakoa adinakoa edo handiagoa izango da. Kontratuan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren industria-doktoratuentzako laguntzen baterako finantzaketa aipatu beharko da.

3.– Prestatzen ari diren ikertzaileak, beren industria-ikerketako proiektua agindu honen babespean finantzatzen bada, hilabete baliodun bateko gehieneko epean hasi beharko dute dagokien zentroan, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik aurrera, eta edozein kasutan, deialdiaren urteko abenduaren 31 baino lehen.

36. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Justifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), gehienez ere hilabeteko epean, urte bakoitza amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztuko da, laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko:

1.– Memoria teknikoa, honako hauek jasoko dituena:

1.1.– Jarraipen zientifiko-teknikoko urteko txostena. Txosten horrek honako hauek deskribatuko ditu:

a) Proiektuaren deskribapen laburra.

b) Kontratatutako pertsonak justifikatu beharreko urtean egindako ikerketa-jarduerak eta lortutako emaitzak.

c) Ikerketa-plan eguneratua.

d) Lanaren emaitzak argitaratu edo patenteak izan badira, horien erreferentzia bat adieraziko da.

1.2.– Ikertzailearen ordu-partea (proiektuaren arduradunak eta kontratatutako pertsonak sinatuta).

2.– Memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:

2.1.– Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek zehaztuta:

a) Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordinaren eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruen kontzeptuetan banakatuta (hilero). Gizarte Segurantzaren kuotan hobariak eman badira, adierazi zenbatekoa.

b) Jarduera sustatua finantzatu duten beste laguntza edo diru-sarrera batzuk, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

2.2.– Kontratatutako pertsonaren azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatuta.

2.3.– Kontratatutako pertsonaren azken bi nominak eta ordainketa-ziurtagiriak.

2.4.– Gizarte Segurantzako azken bi RNTak (langileen izen-zerrenda).

2.5.– Dagokion doktorego-programan, urteko matrikula egin izanaren egiaztagiria.

2.6.– Aurreikusitako egonaldiak egin badituzte: bidaia- eta ostatu-gastuei dagozkien frogagiriak.

Entitate onuradunak, Programa kudeatzen duen Zuzendaritzaren eskariz, haren esku jarriko du beharrezkoa den dokumentazio guztia, aurkeztu dituen datuak egiazkoak direla eta diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko.

37. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzaren urtaldi bakoitzari dagokion zenbatekoa aurretiaz ordainduko da, oso-osorik.

2.– Lehen ordainketa, laguntzaren lehen urteari dagokiona, ikertzailea atxikitze-zentrora sartu ondoren egingo da. Bigarren ordainketa, bigarren urtaldiari dagokiona, lehen urtaldiaren justifikazio partziala jaso eta aztertu ondoren izapidetuko da. Hirugarren ordainketa, hirugarren urtaldiari dagokiona, bigarren urtaldiaren justifikazio partziala jaso eta aztertu ondoren izapidetuko da. Laugarren ordainketa, laugarren urtaldiari dagokiona, aurreko urtaldiaren justifikazioa jaso eta aztertu ondoren izapidetuko da.

3.– Dagozkion ordainketak Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez egingo dira.

4.– Eskabidean jasotzen den doktorego-programan matrikula urtero formalizatu izanaren egiaztagiria ezinbesteko baldintza izango da kontratuak jarraitzeko eta dagokion urteko laguntza ordaintzeko.

5.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan doktoreak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzak –Bikaintek Programa–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 22a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
MEMORIA TEKNIKORAKO GIDA

1.– Proiektuaren izenburua.

2.– Helburuen deskribapena.

3.– Artearen egoera.

4.– Ekarpen zientifiko-teknikoa gaur egungo artearen egoerari dagokionez (berrikuntzaren osagaia eta proiektuak aurre egin dion erronka teknologikoa).

5.– Proiektuaren TRL.

6.– Proiektuaren egitura: jarduerak eta zereginak, mugarriak eta jarduketen egutegia.

7.– Ikerketa-talde teknikoa.

8.– Proiektua garatzeko ekipamendua eta baliabide materialak.

9.– Proiektuaren aurrekontu-banakapena.

10.– Proiektuak eragindako emaitzen jabetza intelektuala eta industriala kudeatzea.

11.– Arrisku teknologikoa: erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko gaitasunaren analisia eta proiekturako planteatzen diren emaitzak lortzea.

(Ikus .PDF)

12.– Proiektuaren genero-alderdiak aztertzea, emaitza bi sexuei egokitzen zaiela bermatzeko.

13.– Espero diren emaitzak, eta horiek enpresaren lehiakortasunaren eta berrikuntza-gaitasunaren hobekuntzan duten eragina. Hauek dira aztertu beharreko alderdiak:

a) Ekonomikoak.

b) Sozialak.

c) Ingurumena.

14.– Laguntzaren eragin sustatzailearen justifikazioa.

Europako Batzordearen Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluaren arabera, estatuaren laguntzek efektu pizgarria izan behar dute, eta erakunde onuradunaren jokabidea aldarazi, bere I+G jarduera areagotu dezan.

Dirulaguntzen ondorioz laguntza-hartzaileak I+G jarduerak areagotu dituela frogatzeko, interesdunek analisi bat aurkeztu beharko dute, eta bertan konparatu beharko dituzte dirulaguntza jasotzearen eta ez jasotzearen ondoriozko egoerak. Horretarako, jarraian aipatzen diren irizpideetako bat edo batzuk justifikatu beharko dira:

a) Proiektuaren irismena.

b) Proiektuaren aurrekontua.

c) Proiektua gauzatzeko epeak.

15.– Proiektua 2030eko ZTBParekin lerrokatzea.

a) Proiektua espezializazio adimenduneko arloetan txertatzea.

b) Proiektua zeharkako trakzio-ekimenetan txertatzea.

c) Proiektuan oinarrizkoak diren zeharkako teknologiak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala