41. zk., 2023ko otsailaren 28a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (187 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1086
EBAZPENA, 2023ko otsailaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2022ko azaroaren 11n, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabidea aurkeztu zuen, Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko azaroaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko aukera.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Loiolako Lorategi Hiria LO.01 hirigintza-eremuak Plan Berezia du, 2016an onartutakoa, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatzeko. Gerora, Donostiako HAPOren aldaketa bat onartu zen, Hirigintza Arau Orokorrei buruzkoa. Aldaketa horretan oinarrituta, a.30 Eraikuntza irekiko bizitegi-erabilerako lursailetan, 3. eta 4. kategoriako merkataritza-erabilerak ezartzea berariaz aurreikusi beharko da arau partikularrean edo plangintza xehatuan.
Kontuan izanik indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez dituela definitzen eremuan baimendutako edo bateragarriak diren merkataritza-erabileren kategoriak, Plan Bereziaren aldaketa honen xede nagusia da «a.30.2/LO.01» bizitegi-partzelaren eraikuntza, erabilera eta jabariaren ordenantza partikularrei buruzko 22. artikulua aldatzea, hain zuzen, lurzati horretan 3. kategoriako merkataritza-erabilera ezartzeko aukera berariaz jasotzeko, eta etorkizuneko egikaritze-unitatean supermerkatu bat ezartzeko aukera ez mugatzeko.
Horrez gain, Plan Bereziaren Aldaketak indarrean dagoen Plan Berezian antzemandako akats materialak konpontzen ditu, eta zehaztasun handiagoz definitzen dira eraikinaren elementu konfiguratzaileak, hala nola «a.30.1/LO.01» lurzatiaren estalkiaren inguratzailea egokitzea eta gehieneko gisa definitzea. Bestalde, «a.30.3/LO.01» lurzatiaren azalera 6 m2(s) handitu da sestra azpiko eraikigarritasuna egokitzeko, sestra gaineko azalera erabilera publikora bideratuz, eta eraikina aldameneko lurzatitik bereizteko kota finkatu da.
Ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba aztertzen du, baztertu egiten da kokapen-alternatiba eta proposatutako antolamendu-alternatiba garatzen da Azterlan honen xede den Plan Bereziaren proposatutako aldaketan planteatzen diren jarduketek ez dute jarduketa garrantzitsurik ekarriko indarrean dagoen Plan Berezian aurreikusitakoen aldean, eta, beraz, ez dute ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik sortuko. Indarrean dagoen plangintzaren aurrean (0. aukera), Plan Bereziaren erredakzioaren ondoriozko akatsak zuzentzeaz gain, eraikuntzaren parametroak eta lurzati antolatuak atzemandako premia berrietara egokitzen dituzte.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne hartuta: Plan Bereziaren antolamendu-eremua hiri-lurzoru finkatuko lurzati bat da, 66.896 m2-koa. Ez dakar aldaketarik lurzoruaren sailkapenean, ezta kalifikazioan ere. Planaren helburu nagusia lurzatian erabilera-aukerak handitzea da. Planaren eta hura garatzen den eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, Plana ezartzeak ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo ingurumen-efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Horrenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko efektu nabarmenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.
e) Ingurumenaren arloan, Plana egokia den ala ez Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.
2.– Efektuen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren aldaketaren xede den eremua «LO.01 Loiolako Lorategi Hiria» hirigintza-eremua da, hiri-lurzoru finkatuan, eta 66.896 m2-ko azalera du. Eremu hori Loiola auzoan dago, Urumea ibaiaren ondoan, eta muga hauek ditu: Urumearen ibilgua ipar-ekialdean, Euskotrenen trenbidea hego-ekialdean, Donostiako saihesbidea ipar-mendebaldean eta Hernaniko errepidea hego-mendebaldean.
Eremuko fauna lurzoruaren eta haren ingurunearen artifizializazio-mailak baldintzatzen du, eta, beraz, aztertutako eremuan dauden fauna-espezieak hiri-eremuetako espezie tipikoak baino ez dira. Alabaina, kontuan izan behar da eremua bat datorrela Mediterraneoko ferra-saguzarraren (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremuarekin eta musker berdexkaren (Lacerta schreiberi) Lehentasunezko Banaketa Eremuarekin. Horrez gain, eremutik hurbil dagoen Urumea ibaiaren zatia bisoi europarraren (Mustela lutreola) Lehentasunezko Banaketa Eremuan dago (kontserbaziorako kudeaketa-plan bat du), baita kolakaren (Alosa alosa) Interes Bereziko Eremuan ere (espezie hori Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan sartuta dago, eta bakantzat katalogatuta dago EAEn, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera), bai eta EAEn kaltebera gisa katalogatuta dagoen txirritxo txikiaren (Charadrius dubius) eremuan ere.
Eremuaren ipar-ekialdeko muga bat dator Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren mugaketarekin, eta, beraz, babes-zorgunearen lerroak haren ondoko lurrak hartzen ditu, eremuaren barruan.
Eremuaren garapena baldintzatzen duen ezaugarri nagusietako bat gaur egun duen uholde-arriskua da; izan ere, Plana aldatzeko eremua 10 urteko errepikatze-denboretarako urpean gera daitezkeen eremuen barruan eta lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan geratzen da. Plan Bereziak dagoeneko jasotzen ditu inpaktu hori murrizteko aurreikusitako jarduketak, eta Plan Bereziaren Aldaketak, a.30.3 lurzatiaren sestra azpiko eraikigarritasuna azalera handitzearekin (6 m2) egokitzea planteatzen badu ere, uste da horrek ez duela aldaketa esanguratsurik ekarriko aipatutako arriskuarekin alderatuta.
Kutsatuta egon daitezkeen 6 kokagune identifikatu dira eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daudenak.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan Planaren eremuaren inpaktu akustikoaren azterketa jasotzen da. Horren arabera, «LO.01 Loiolako Lorategi Hiria» eremuko HAPBrako 2014ko otsailean egindako azterlan akustikoaren arabera, ondorioztatu zen ez direla betetzen hiru ebaluazio-aldietarako ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuak (eguna, arratsaldea eta gaua). Baina azterketa-eremu osoa Babes Akustiko Bereziko Eremuan (BABE) sartzen da, «hego-mendebaldeko eremuan», eta dagokion Zonako Plana garatu da, Urumeako Zonako Plana.
Deskribatutakoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondoriozko efektu posibleak lotuta egongo dira eraikin berriak urbanizatzeko eta eraikitzeko obra osagarrien erabilera berria ezartzearekin. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar. Hori guztia, hiri-eremu batean. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako analisi akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, eta kontuan hartuta Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela, zeinak Planaren eremuan aplikatu beharreko Zonako Plan bat duen, ez da aurreikusten proposatzen diren jarduketen ondorioz ingurumen-eragin esanguratsurik izango denik eremuaren kalitate akustikoan, betiere aipatutako Zonako Planaren zehaztapenak garatzen badira eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasotako barneko espazioetarako kalitate akustikoko helburuak (hezkuntza- edo kultura-erabilera) betetzea bermatzen bada.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan zehaztapenak ezarri dira, Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
– Ur-gaietan kontuan hartu beharrekoak: Plana ezartzearen ondorioz garatuko den urbanizazio-proiektuak, Loiolako Lorategi Hiria LO.01.1 egikaritze-unitatearen etorkizuneko urbanizazio-proiektuari buruz egindako kontsultari erantzunez, URA Agentziak egindako txostenean xedatutakoa bete beharko du. Beste zehaztapen batzuen artean, urbanizazio-proiektuaren garapena justifikazio hidrauliko batean oinarritu beharko da, egungo uholde-arriskua eta uholde-arriskuari buruzko araudia betetzeko aurreikusitako babes-neurriak kontuan hartuta, eta arreta berezia jarri beharko da ur-xaflak izan ditzakeen goraguneei dagokienez.
– Intereseko landaredia babesteko neurriak:
• Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ahal dela ez da landarerik moztuko, ez garbituko.
• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareen kasuan, landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
• Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira, haltzadi kantauriarraren ezaugarriak lehenetsita.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak. Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
• Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
• Ustiatzeko zarata: kanpoko eta barneko inguruneetarako aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.
• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketak efektu kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren lau urteko gehieneko epean, Donostiako (Gipuzkoa) «Loiolako Lorategi Hiria LO.01» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 6a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.