32. zk., 2023ko otsailaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (272 KB - 13 orri.)
- EPUB (1015 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
793
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 13koa, Industriako sailburuordearena, Elkartek-2022 Programako laguntzak onartzeko II. fasea ebazten duena.
Eragile zientifiko-teknologikoek eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkeztu dituzte 2022ko Elkartek programaren II. faseko deialdiari heltzeko. Horiek guztiak aztertu egin dira.
AURREKARIAK
Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak publiko egin zuen, 2022ko irailaren 21eko Ebazpenaren bidez, 2022 ekitaldiko II. faserako deialdia, zeinak dirulaguntzak esleituko baitzien I. fasean aukeratutako proiektuei (proiektuon aukeraketa 2022ko uztailaren 14ko Ebazpenaz egin zuen Industria sailburuordeak).
2022ko azaroaren 2ko Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpenaren bidez, publikotasuna eman zitzaion 2022ko deialdia finantziatzera bideratutako baliabide ekonomikoen handitzeari.
Laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu partidetatik aterako dira.
Eragile zientifiko-teknologikoek eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkeztu dituzte, Elkartek programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Elkartek programan diruz laguntzeko modukotzat hartzen dira elkarlaneko oinarrizko ikerketaren proiektuak, industria-ahalmen handia duten ikerketa-proiektuak eta interes berezikoak diren ekintza osagarriak, baldin eta 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritako baldintzak eta esparruak betetzen badituzte.
Agindu horretako 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoen arabera emango zaizkie dirulaguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.
Ebaluazio Organoak, Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz, aurkeztutako eskaeren balorazioa egin du eta ebazpen-proposamena helarazi dio Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari.
Proposamenean dirulaguntza emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda dago, eta honako hauek adierazten ditu bakoitzari buruz: ebaluazioan lortutako puntuak, onartutako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira.
Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2022ko azaroaren 30eko EHAAn publikatu den Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko azaroaren 15eko Arauaren bitartez, Industria sailburuordea, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ordezko izendatzen da Elkartek programaren 2022ko deialdiko II. fasea ebazteko.
Aipatu diren legezko manuak eta, oro har, aplikatzekoak diren bestelako xedapenak aztertu ondoren, Industria sailburuordeak, 2022ko azaroaren 15eko Aginduak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Diruz lagundutako proiektuen zerrendan jasotzen diren entitate onuradunei dagozkien laguntzak ematea. Agiri hori deskargatzeko eta kontsultatzeko zure proiektura sartu behar duzu helbide honetan http://www.spri.eus/laguntzak/elkartek/.
Bigarrena.– Elkartek deialdira aurkeztu zenuen proiektuaren emaitza jakinaraztea ebazpen honen I. eranskinean.
Hirugarrena.– Proiektuak diruz laguntzeko behin betiko gutxieneko nota 65 puntutan finkatzea.
Elkartek programako 2022ko deialdirako ezarritako aurrekontu-kreditu guztiak kontuan izanda, I. fasea ebazten zuen 2022ko uztailaren 14ko Ebazpenean finkatzen zen 67 puntuko nota errebisatu eta II. fasean laguntza jasoko duten proiektuak, 65 puntu edo gehiago dituzten proiektuak izango dira.
Laugarrena.– 2022. urterako eman den eta itzuli beharrik ez dagoen dirulaguntzaren % 50 ordaintzeko agintzea.
Ebazpen hau jakinarazi eta hamabost egun igarotakoan egingo da ordainketa, baldin eta onuradunak berariaz uko egin ez badio.
Emandako dirulaguntzak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen den Bermeen eta Itzulketen Araubide Orokorraren menpe egongo dira (dekretu horrek arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako dirulaguntzen bermeen eta itzuleren araubide orokorra eta finkatzen ditu kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintza, araubide eta betebeharrak).
Horrenbestez, baldin eta aurreratutako zenbatekoa 180.303,63 euro baino handiagoa bada, erakunde onuradunak aurkeztu beharko du finantza-erakunde baten abal bat edo Administrazioak nahikotzat jotzen duen beste bermeren bat, aurreratutako ordainketa jaso baino lehen.
Bosgarrena.– Lehenengo urteko sariaren gainerako partea zein ondoko urteetako sariak, baldintza hauekin ordainduko dira: aldez aurretik justifikatu beharko da, agirien bidez, diruz lagundutako ekitaldi bakoitzeko jarduerak egin direla, betiere urtea amaitu eta hurrengo lauhilekoan.
Seigarrena.– Ebazpen honekin batera doaz urteko justifikazio-kontua aurkezteko argibideak.
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen ez dionez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 13a.
Industriako sailburuordea,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.