32. zk., 2023ko otsailaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (123 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
789
AGINDUA, 2023ko otsailaren 2koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, B motako makinen enpresa operadoreek beren baimenen % 20 ustiapen-itxaropeneko egoeran edukitzeko epea luzatzen duena.
B motako makinen enpresa operadoreek ostalaritza-establezimenduetan ustiatzen dituzte batez ere beren makinak, eta, beraz, ostalaritza-industriaren egoerak zuzenean eragiten dio B motako makinen sektorearen egoerari.
Ostalaritzaren sektoreak, eta, beraz, B motako makinenak, bereziki jasan ditu COVID-19aren pandemiaren ondoriozko murrizketen ondorioak, eta ostalaritzako establezimendu asko itxi egin dira. Horrek esan nahi du nabarmen murriztu direla B motako makinen enpresa operadoreek beren makinak ustia ditzaketen establezimenduak. Egoera horren aurrean hartutako aldi baterako neurrien artean, enpresa operadoreek ustiapen-itxaropeneko egoeran izan ditzaketen ustiapen-baimenen ehunekoa % 20ra igotzea dago. Neurri honen indarraldia 2023ko otsailaren 16an amaituko da.
Autonomia-erkidego batzuetan ostalaritzak pandemiaren aurreko mailak berreskuratu dituen arren, Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik ez da susperraldi hori gauzatu. Hala ere, kontuan hartu behar da 2022an ezinbesteko beste egoera bat gertatu dela, eta egoera horren iraupena eta ondorioak, oraingoz, nekez baloratu daitezkeela: energiaren eta gainerako horniduren prezioa igotzearen ondorioz, ostalaritzaren sektorean kostuak izugarri igo dira.
B motako enpresa operadoreen sektorearen dimentsionamendua zehazteko, baieztatu behar da ostalaritzako establezimenduen egungo kopurua finkatuta dagoen edo, aitzitik, oraindik aparteko egoera batean dagoen, COVID-19aren pandemiaren eta azken urte honetako egoera ekonomikoaren ondorioz; eta, beraz, pentsatu behar da ostalaritzako establezimenduen kopurua berreskuratuko dela, eta, horrela, B motako makinen sektorea berreskuratzen saiatuko dela. Beraz, ezinbesteko egoera batean gaude, eta, horregatik, komeni da B motako makinen enpresa operadoreek oraingoz ez murriztea haien tamaina, harik eta ostalaritzaren sektorearen etorkizuna argitu arte.
Horregatik, ostalaritza-sektorea berreskuratuz gero, B motako makinen enpresa operadoreen berreskuratze-aukerak zaintzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren Erregelamendu Orokorraren 115.8 artikuluak ematen duen aukera baliatuz (Erregelamendu hori uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onartu zen, eta otsailaren 8ko 19/2022 Dekretuaren bidez aldatu),
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2023ko irailaren 30era arte luzatzea B motako makinen enpresa operadoreek beren baimenen % 20 ustiapen-itxaropeneko egoeran eduki ahal izateko epea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 2a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.