Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2023ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
673

8/2023 DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, Asociación Cultural Academia Vasca de Derecho izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Asociación Cultural Academia Vasca de Derecho izeneko elkarteak aitormen hori emateko eskatu du. Bere ustez, elkartea onura publikokoa dela aitortzea merezi du interes orokorra sustatzen duelako, egiten dituen jardueren bitartez; besteak beste, prestakuntza- eta dibulgazio-hitzaldiak antolatzea; testu juridiko eta historikoak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea; euskal zuzenbideari buruzko berariazko prestakuntza-ikastaroak ematea; sarbide libreko web-orriak sortu eta mantentzea; euskarazko eta gaztelaniazko hiztegi eta glosario juridikoak sortu, mantendu eta eguneratzen laguntzea; euskara juridikoa sustatzea; eta legelariei eta, oro har, herritarrei laguntza eta aholkularitza ematea euskal zuzenbidearen arloan.

Asociación Cultural Academia Vasca de Derecho izeneko elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/B/10621/2003), 2003ko uztailaren 4an emandako Ebazpena dela bide.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Eratu zenetik, Asociación Cultural Academia Vasca de Derecho izeneko elkarteak bere jarduerak bere helburu nagusia lortzera bideratzen ditu, hau da, zientzia juridikoak eta, bereziki, euskal zuzenbidearekin lotutakoak, aztertu, ikertu eta zabaltzea. Hori guztia Espainiako Konstituziotik, Euskal Herriko Autonomia Estatututik eta autonomia- eta foru-organoek emandako arauetatik abiatuta, bai eta doktrina juridikotik, jurisprudentzia aplikagarritik eta usadio eta ohitura tradizionaletatik eta indarrean daudenetatik abiatuta ere.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Cultural Academia Vasca de Derecho izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/10621/2003 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urtarrilaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala